Saltatu edukira

Nola iritsi zitzaigun Biblia?

Nola iritsi zitzaigun Biblia?

Nola iritsi zitzaigun Biblia?

Biblia gaur egun arte osorik iritsi izana izugarrizko miraria da. Orain dela 1900 urte baino gehiago amaitu zen idazten. Irauten ez duten materialetan idatzi zen, adibidez, papiro landarez eginiko orrietan eta animalien larruaz eginiko pergaminoetan. Gaur egun gutxi batzuk hitz egiten duten hizkuntzetan idatzi zen. Gainera, gizon boteretsuak, enperadoreak eta buruzagi erlijiosoak barne, ahal zuten guztia egin zuten Biblia suntsitzeko.

NOLA lortu zuen aparteko liburu honek denboran zehar irautea eta munduko libururik ezagunena bihurtzea? Ikus ditzagun lagundu zuten bi gauza.

Kopia asko egotea

Israeldarrek Bibliaren idazki zaharrenak babestu zituzten. Idazki originalak kontserbatu eta hauen kopia ugari egin zituzten. Israelgo erregeei hurrengoa agindu zitzaien: «Errege-agintea hartzean, lege hau kopiaraziko du beretzat, apaiz lebitarren zainpean egongo den liburutik» (Deuteronomioa 17:18).

Israeldar askok idazki hauek irakurtzea maite zuten, Jainkoaren hitza zirela onartuz. Horregatik idazkien kopiak ondo prestatutako eskribauek egiten zituzten kontu handiz. Hauetako bat Jainkoa zerbitzatzen zuen Esdras izeneko eskribaua zen. Berari buruz hurrengoa idatzia dago: «Lege-maisua [“eskribau trebea”, NWT] zen, Jaunak, Israelgo Jainkoak, Moisesen bitartez emandako legean aditua» (Esdras 7:6). Masoretek Hebrear Idazkiak, edo «Itun Zaharra», kopiatu zuten K.o. VI. eta X. mendeen artean. Akatsik ez egiteko hizki guztiak zenbatzen zituzten. Etsaiek Biblia suntsitzeko ahalegin handiak egin arren, kontu handiz eginiko kopiek testuaren zehaztasuna mantentzea eta kontserbatzea lortu zuten.

Adibidez, K.a. 168. urtean Siriako Antioko IV.a agintariak, Palestinako Hebrear Idazkien ale guztiak suntsitzen saiatu zen. Judutar historia batek dio: «Aurkitzen zituzten legearen eskuizkribu guztiak apurtu eta erretzen zituzten». The Jewish Encyclopediak dio: «Agindu hau jaso zuten ofizialek zorrotz bete zuten euren lana [...]. Liburu sakratu bat edukitzeak [...] heriotza zigorra ekartzen zuen». Baina Palestinako eta beste herrialde batzuetako judutarrek eskuizkribuen kopiak kontserbatzea lortu zuten.

Idazki Grekoen, edo «Itun Berriaren», idazleek euren idazkiak amaitu eta gutxira, beraiek idatzitako gutun, profezia eta gertakizun historiko inspiratuen kopia ugari egin ziren. Adibidez, Joanek bere ebanjelioa Efeson, edo bertatik gertu, idatzi zuen. Baina ebanjelio honen kopia baten zati bat Egipton aurkitu zen, hau da, Efesotik ehundaka kilometrotara, eta adituek diote kopia hau Joanek bere idatzia amaitu eta 50 urte pasa baino lehen egin zela. Aurkikuntza honen arabera, argi dago urruneko kristauek garai horretako idazki inspiratuen kopiak zituztela.

Kopia hauek hain zabalduta egoteak Kristo ondorengo mendeetan zehar Jainkoaren Hitza kontserbatzen erraztu zuen. Ikus dezagun adibide bat, K.o. 303. urteko otsailaren 23⁠ko egunsentian gertatu zena. Diokleziano erromatar enperadoreak eliza baten ateak behera botatzea eta Idazki Santuen kopiak erretzea agindu zien bere soldaduei. Dioklezianok uste zuen kristauen Idazki Santuak suntsitzen bazituen, kristautasuna suntsituko zuela. Hurrengo egunean, Erromatar Inperio osoko Bibliaren kopia guztiak jendaurrean erretzea agindu zuen. Hala ere, Bibliaren kopia batzuk kontserbatu eta hauen kopia gehiago egin ziren. Izan ere, Dioklezianok egindako jazarpenetik gutxira egindako grekerazko bi Biblien zati luzeak kontserbatu dira gaur egun arte. Bat Erroman dago eta bestea Londreseko Liburutegi Britainiarrean, Ingalaterran.

Bibliaren idazki originalak oraindik aurkitu ez diren arren, Biblia osoaren edo zati desberdinen eskuz eginiko milaka kopia kontserbatu dira gaur egun arte. Batzuk oso zaharrak dira. Kopiak egin ahala, aldatu ote da testu originaletako mezua? W. H. Green adituak hurrengoa esan zuen Hebrear Idazkiei buruz: «Zalantzarik gabe esan daiteke ez dagoela aintzinako beste testurik hain zehatz transmititu denik». Sir Frederic Kenyon-ek, Bibliako eskuizkribuetan goren mailako adituak, hurrengoa esan zuen Idazki Grekoei buruz: «Idazki originalen eta kontserbatzen diren kopia zatirik zaharrenen arteko denbora-tartea hain motza da, ez duela merezi kontuan hartzea. Beraz, ez dugu zalantzarik Bibliaren mezua zintzo transmititu dela gaur egun arte. Beraz, esan dezakegu Itun Berriko liburuak egiazkoak direla eta zintzo transmititu direla frogatu dela». Hau ere esan zuen: «Ziur esan dezakegu funtsean Bibliaren testua zintzo kontserbatu dela. [...] Ezin da gauza bera esan aintzinako beste edozein libururi buruz».

Itzulpena

Biblia munduko libururik ezagunena izatearen bigarren arrazoi garrantzitsua hizkuntza askotan eskuragarri dagoela da. Hau Jainkoaren helburuarekin bat dator. Izan ere, bere nahia da nazio eta hizkuntza guztietako jendeak bera ezagutu eta «egiaren arabera eta Espirituak eraginda» bera adoratzea (Joan 4:23; Mikeas 4:2).

Ezagutzen den Hebrear Idazkien lehenengo itzulpena grekozko Hirurogeita hamarren bertsioa da, Septuaginta izenez ere ezagutzen dena. Palestinaz kanpo bizi ziren eta grekeraz hitz egiten zuten juduentzat egin zen. Jesusek bere predikatze-lana hasi baino 200 urte inguru lehenago amaitu zen. Biblia idazten bukatu zenetik mende gutxi batzuetara Biblia osoa, Idazki Grekoak barne, hizkuntza askotara itzuli zen. Baina ondoren, errege eta apaiz batzuek, jendeak Biblia eskuragarri izaten lagundu behar zutenek, kontrakoa egin zuten. Apaizek euren ardiak iluntasun espiritualean mantentzen saiatu ziren, Jainkoaren Hitza jende arruntaren hizkuntzetara itzultzen galaraziz.

Eliza eta estatuaren aurka, gizon ausart askok euren bizitza arriskatu zuten, Biblia jende arruntaren hizkuntzetara itzultzeko. Adibidez, Ingalaterrako William Tyndale-n eredua dugu. Honek Oxforden ikasi zuen. 1530⁠ean Pentateukoaren edizio bat egin zuen, hau da, Hebrear Idazkien lehenengo bost liburuena. Aurkaritza handia izan arren, Biblia hebrearretik zuzenean ingelesera itzuli zuen lehena izan zen. Jehobaren izena erabili zuen lehen itzultzaile ingelesa izan zen ere. Beste adibide bat Casiodoro de Reina aditu espainiarra da. Etengabe arriskuan zegoen, pertsegitzen zuten katolikoek hil nahi zutelako. Arrazoia? Biblia gaztelaniara itzultzen ari zela. Ingalaterrara, Alemaniara, Frantziara, Holandara eta Suitzara bidaiatu zuen bere itzulpen lana bukatzeko. *

Gaur egun Biblia gero eta hizkuntza gehiagotara itzultzen jarraitzen da eta milioika ale argitaratzen dira. Kontserbatu izanak eta libururik ezagunena bihurtu izanak, Pedro apostoluaren hitz inspiratuak egia direla frogatzen du: «Ihartzen da belarra, erortzen lorea; Jaunaren hitzak, ordea, betiko dirau» (1 Pedro 1:24, 25).

[Oin-oharra]

^ § 14 Casiodoro de Reinaren itzulpena 1569⁠an argitaratu zen eta Cipriano de Valerak berrikusi zuen 1602⁠an.

[Irudia]

Eskuizkribu masoretikoak

[Irudia]

Lukas 12:7 bertseta duen zatia: «Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio duzue».

[Irudia]

Lehen planoan dagoen orria: Errusiako liburutegi nazionala (San Petersburgo); bigarren eta hirugarren orriak: Bibelmuseum, Münster; atzealdea: © The Trustees of the Chester Beatty Library (Dublin).