AZALEKO GAIA
Denbora zentzuz erabiltzeko aholkuak
«Denbora gehiago izango banu...». Zenbatetan esan duzu hau? Nolabait denborak guztiok berdintzen gaitu. Aberatsek ez dute behartsuek baino gehiago eta inork ezin du denbora biltegiratu. Joaten denean, betirako joan da. Horregatik da hain garrantzitsua denbora ondo erabiltzea. Ikus ditzagun jende askori denbora ondo erabiltzen lagundu dioten lau ideia edo estrategia.
1. estrategia: Ondo antolatu
Lehentasunak ezarri. Bibliak honako aholkua ematen digu: «Garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu» (Filipoarrei 1:10, NWT). Egin beharreko gauzen zerrenda bat presta ezazu eta bana itzazu hiru ataletan: garrantzitsuak direnak, berehala egin beharrekoak eta bai garrantzitsuak bai berehala egin beharrekoak direnak. Gogoan izan badirela garrantzitsuak diren eginkizunak, baina berehala egin beharrekoak ez direnak, esaterako, afarirako janaria erostea. Edo badira berehala egin behar direla diruditenak, baina hain garrantzitsuak ez direnak, adibidez, gustukoen duzun telesaioa hasieratik ikustea.
Aurretik pentsatu. Kohelet 10:10ak dio: «Aizkora kamutsarekin, zorrozten ez baduzu, lan handiagoa egin beharko». Eta, ondoren, horrela jarraitzen du: «Joka ezazu buruz, ahaleginari onura ateratzeko». Zer ikasten dugu? Aizkora erabili aurretik zorroztu behar den bezala, egin beharrekoa aldez aurretik pentsatzean, denbora hobeto erabili ahal izango duzula. Premiazkoak ez diren eginkizunak beranduagorako edo bertan behera utz itzazu. Izan ere, eginkizun hauek denbora eta indarra kentzen dute. Eta eginkizunen bat uste baino lehen bukatu baduzu, zergatik ez duzu zerrendako beste bat aurreratzen? Aldez aurretik pentsatzen baduzu, gauza gehiago egitea lortuko duzu, lanean hasi aurretik bere aizkora zorrozten duen gizon zuhurrak bezala.
Sinpletu zure bizimodua. Garrantzitsuak ez diren edo denbora asko kentzen dizuten gauzei ezetz esaten ikasi. Jarduera edo besteekin hitzordu gehiegi izateak alferrikako estresa eragin dezakete, baita poza lapurtu ere.
2. estrategia: Denbora lapurtzen duten gauzak baztertu
Ez itzazu gauzak gerorako utzi eta ez zaitez zalantzatia izan. «Haizeari begira dagoenak ez du ereiten, ezta lainoei begira dagoenak ere uztarik biltzen» (Kohelet 11:4). Honen arabera, eguraldi egokienari itxaroten dion baserritarrak bere lana behin eta berriz atzeratzen du. Baina horrek denbora lapurtzen dio, baita gauzak egiteko gaitasuna txikitu ere, ez baitu ereiten eta uzta biltzen. Era berean, bizitzan gertatuko denaren zalantzek gure erabakiak gerorako uztera eraman gaitzakete edo erabaki bat hartu aurretik xehetasun guztiak jakin behar ditugula pentsa dezakegu. Noski, badaude ondo hausnartu beharreko erabakiak. Izan ere, Esaera Zaharrak 14:15ak zentzudunak «nondik ibiliko aztertzen» duela dio. Baina egia da kasu gehienetan gertatuko denaren zalantzak egongo direla (Kohelet 11:6).
Ez izan perfekzionista: Bibliak «goiko jakinduria [edo Jainkoarena] [...] arrazoitsua» dela esaten du (Santiago 3:17, NWT). Noski, gauzak ondo egiteko nahia izatea zoriontzekoa da. Baina perfekzionista izateak dezepziora eta porrot egitera eraman gaitzake. Adibidez, hizkuntza berri bat ikasten ari den norbaitek akatsak egiteko prest egon behar du, hauetatik ikasiko duela onartuz. Bestalde, perfekzionista denak gauzak gaizki esateari beldur dio eta honek aurrera egiten eragozten dio. Espero ditugun gauzekin arrazoitsuak izatea askoz ere hobea da. «Zuhurtzia apaltasunaren lagun» dela dio Esaera Zaharrak 11:2ak. Are gehiago, apala denak eta bere mugak onartzen dituenak ez dio bere buruari garrantzi gehiegi ematen eta akatsak egiten dituenean barre egiten du.
«Gauzak ez dituzu diruarekin ordaintzen, zure denborarekin baizik» (El arte de vivir. Sé feliz, nadie te está mirando).
3. estrategia: Orekatsua eta errealista izan
Lana eta aisialdia orekan mantendu. «Hobe da eskukada bat atseden, bi eskukada lan gogor eta haizeari segika ibili baino» (Kohelet 4:6, NWT). Askotan, lanaren menpe dagoenak bere lan gogorraren fruituaz gozatzeko ez du denbora eta energiarik. Alferrak, ordea, nahiago du bere denbora «bi eskukada» atsedenean alferrik galtzea. Bibliak orekatsu izatera animatzen gaitu, hau da, gogor lan egitera eta lanaren fruituaz gozatzera. Izan ere, hau «Jainkoaren dohaina da» (Kohelet 5:18 [5:19, NWT]).
Nahiko lo egin. Bibliako idazle batek honakoa esan zuen: «Bakean etzaten naiz eta berehala lokartzen» (4. Salmoa 9 [4:8, NWT]). Heldu gehienek gauero zortzi bat ordu lo egitea behar dute fisikoki, emozionalki eta mentalki indarberritzeko. Mentalki indarberritzearen inguruan, lo egitea denbora ondo erabiltzeko modua da, kontzentrazioa eta memoria hobetzen dituelako. Honek, aldi berean, ikastea errazten du. Lo gutxi egiteak, aldiz, ikastea oztopatzen du eta istripuak izatea, akatsak egitea eta azkarrago haserretzea eragiten du.
Helburu errealistak jarri. «Hobe begiek ikusten dutenaz gozatu, desiren atzetik noraezean ibiltzea baino» (Kohelet 6:9, NWT). Zer ikasten dugu? Zuhurra denak ez die desirei bere burua kontrolatzen uzten, bereziki desira horiek errealistak ez badira edo betetzeko ezinezkoak badira. Horregatik, publizitateak eta kredituak erraz lortzeko eskaintzak ez ditu liluratzen. Horren ordez, lortu dezakeenarekin, hau da, bere «begiek ikusten dutena[rekin]» pozik egoten ikasten du.
4. estrategia: Jarraitu balio moral onak
Aztertu zure balio moralak. Balio moralek ona, garrantzitsua eta merezi duena zer den ikusten laguntzen digute. Bizitza gezi bat izango balitz, balio moralek gezi hau zuzentzeko erabiliko genukeen uztaia irudikatuko lukete. Balio onek, beraz, bizitzan lehentasun egokiak ezartzen laguntzen digute, baita denbora ondo erabiltzen ere. Non aurki ditzakegu horrelako balioak? Jende askok Bibliara jotzen du goreneko jakituria duen liburu bat dela onartzen duelako (Esaera Zaharrak 2:6, 7).
Egin maitasuna zure baliorik nagusiena. Kolosarrei 3:14ak maitasuna «elkartasun betearen lokarria» dela dio. Ezin dugu benetan zoriontsu eta emozionalki seguru izan maitasunik gabe, bereziki, familia giroan. Hau alde batera uzten dutenak, agian aberastasunei edo karrera profesionalari lehentasuna emanez, ez dira zoriontsu izango. Ez da harritzekoa, hortaz, Bibliak maitasuna baliorik nagusiena dela esatea. Eta ehunka aldiz aipatzen du (1 Korintoarrei 13:1-3; 1 Joan 4:8).
Behar espiritualak asetzeko denbora hartu. Geoff izeneko gizonak emazte maitekorra, bi seme-alaba, lagun onak eta osasun-langile gisa atsegin zuen lana zituen. Baina, lanean, askotan sufrimendua eta heriotza aurrez aurre ikusten zituen. «Horrelakoa izan behar al luke bizitzak?», galdetzen zion bere buruari. Egun batean Jehobaren lekukoek argitaratutako biblia-argitalpenak irakurri eta bere galderen erantzunak aurkitu zituen.
Geoffek ikasten ari zena bere emazte eta seme-alabei azaldu zien eta hauei ere interesa piztu zitzaien. Beraz, familia osoa Biblia aztertzen hasi zen. Honek euren bizitza aberastu zuen eta denbora hobeto erabiltzen lagundu zien. Gainera, sufrimendurik gabeko mundu batean betirako bizitzeko esperantza zoragarria eman zien (Apokalipsia 21:3, 4).
Geoffen bizipenak Jesu Kristok esandakoa gogorarazten digu. Jesusen arabera, «bihotzez behartsu direnak», hau da, beraien behar espiritualak onartzen dituztenak, «zorionekoak» izango dira (Mateo 5:3). Erabiliko al duzu zure denbora behar espiritualak asetzeko? Beste ezerk ez dizu bizitzaz egunero-egunero disfrutatzeko behar duzun jakinduria emango.