Saltatu edukira

Beti behar al dira Bibliako aginduak?

Beti behar al dira Bibliako aginduak?

Beti behar al dira Bibliako aginduak?

GAZTEA zinenean, seguraski zure gurasoek arau asko jarri zizkizuten. Hazten zindoazen heinean, arau hauek zure onerako jartzen zizkizutela konturatu zinen. Eta orain, heldua izanik, nahiz eta zure gurasoak obeditzera behartuta ez zauden, oraindik beraiek erakutsitako arau batzuk jarraitzen dituzu.

Gure zeruko Aitak, Jehobak, Bibliaren bidez hainbat agindu zehatz ematen dizkigu. Adibidez, idolatria, sexu moralgabekeria, adulterioa eta lapurreta debekatzen ditu (Irteera 20:1-17; Eginak 15:28, 29). Espiritualki hazten garen heinean, Jehobak ematen dizkigun agindu hauek gure onerako direla eta ez direla astunegiak konturatzen gara (Efesoarrei 4:15; Isaias 48:17, 18; 54:13).

Hala ere, egoera askotarako Jehobak ez digu arau zehatzik eman. Horregatik batzuen ustez, egoera hauetan bakoitzak nahi duena egin dezake. Hurrengoa esaten dute: «Benetan garrantzitsua balitz, Jainkoak arau zehatz bat emango liguke».

Horrela pentsatzen dutenek, askotan erabaki txarrak hartzen dituzte eta gero damutu egiten dira. Ez dute ulertzen Bibliak legeak izateaz gain, Jainkoaren pentsaera ulertzen ere laguntzen digula. Biblia aztertzean, Jehobaren arabera ona eta txarra dena ikasten dugu. Hau egitean, kontzientzia trebatzen dugu eta honek erabaki onak hartzen laguntzen digu. Honela, Jehoba pozten dugu eta zoriontsu gara erabaki onak hartzen ditugulako (Efesoarrei 5:1).

Biblia-eredu paregabeak

Biblian, erabaki onak hartu eta Jehoba poztu zuten pertsona askoren ereduak azaltzen dira. Kasu askotan, zer egin esaten zuten araurik ez zeukaten. Aztertu dezagun adibidez Joseren eredua. Potifarren emazteak berarekin sexu-harremanak eduki nahi izan zituenean, Jehobak oraindik ez zuen adulterioaren aurkako legerik eman. Hala ere, nahiz eta arau zehatzik ez egon, Josek bazekien adulterio eginez gero, bere kontzientziaren eta Jainkoaren aurka bekatu egingo zuela (Hasiera 39:9). Argi dago Josek Edengo pasartea ezagutzen zuenez, adulterioa Jainkoaren pentsaera eta nahiaren aurka zegoela ulertzen zuela (Hasiera 2:24).

Ikus dezagun beste adibide bat. Eginak 16:3⁠aren arabera, Paulok Timoteo erdaindu egin zuen berarekin misio bidaietara eraman aurretik. Gero, 4. bertsetak dioen moduan, «igarotzen ziren hirietan, Jerusalemgo apostoluen eta arduradunen erabakiak» ematen zituzten jakitera. Baina, aipatzekoa da, erabaki horien artean dagoeneko kristauek erdaintzeko beharrik ez zutela zegoela (Eginak 15:5, 6, 28, 29). Orduan, zergatik erdaindu zuen Paulok Timoteo? «Inguru haietako juduengatik, denek baitzekiten aita greziarra zuela». Paulok ez zuen bere erruz inork estropezu egiterik nahi. Gainera, kristauek egiten zutena berri onak entzuteko oztopo ez izatea ere nahi zuen (2 Korintoarrei 4:2; 1 Korintoarrei 9:19-23).

Paulok eta Timoteok antzeko erabaki asko hartu zituzten. Erromatarrei 14:15, 20, 21 eta 1 Korintoarrei 8:9-13; 10:23-33 bezalako aipuak irakurtzen ditugunean, Paulo gauza batzuk egiteari uzteko prest zegoela ikusten dugu, nahiz eta hauek egitea berez gaizki ez egon. Zergatik? Egiten zuena inorentzat Jehoba zerbitzatzeko oztopo izaterik ez zuelako nahi. Eta Paulok ondorengoa esan zuen Timoteori buruz: «Ez dut, izan ere, beste adiskide minik, ni neu bezala zuen gauzez benetan arduratzen denik; nor bereaz axolatzen dira denak eta ez Jesu Kristorenaz. Baina ezagutzen duzue Timoteoren jokaera jatorra eta nola egin duen lan nirekin seme batek aitarekin bezala, berri onaren zerbitzuan» (Filipoarrei 2:20-22). Zer-nolako eredu bikaina jarri zuten bi kristau hauek guretzat! Agindurik ez zegoenean ez zuten nahi zutena egiten. Horren ordez, besteei Jehoba zerbitzatzen lagunduko zieten erabakiak hartzen zituzten.

Aztertu dezagun gure eredu nagusia, Jesu Kristo. Mendiko Hitzaldian, argi azaldu zuen Jehobaren legeak obeditu baino gehiago egin behar dugula. Jehobak arau hori emateko arrazoian hausnartu behar dugu. Horrela, egoera desberdinak izan arren, erabaki onak hartuko ditugu (Mateo 5:21, 22, 27, 28). Jesusek, Paulok, Timoteok eta Josek ez zuten pentsatu, arau zehatzik ez zegoenez, nahi zutena egin zezaketenik. Bazekiten bi agindu nagusienak Jainkoa maitatzea eta besteak maitatzea zirela. Beraz, arau horiek obeditzen zituztela erakusten zuten erabakiak hartu zituzten (Mateo 22:36-40).

Nola hartu ditzakegu guk erabaki onak?

Argi dago ez dugula Biblia dokumentu legal bat balitz bezala irakurri behar, egin behar dugun guztia zehatz-mehatz azaltzea esperoz. Jehoba oso pozik dago berak nahi duena egiten saiatzen garenean, nahiz eta agindu zehatzik ez egon. Izan ere, Jainkoak egin behar duguna beti esan beharrean, bere nahia «bereizi» dezakegu (Efesoarrei 5:17; Erromatarrei 12:2). Zergatik egiten du zoriontsu honek Jehoba? Bera poztea, gure nahiak betetzea baino nahiago dugula erakusten dugulako. Bere maitasuna asko eskertzen dugula ere erakusten du. Ondorioz, berak erakusten digun maitasun berdina besteei erakustera bultzatuta sentitzen gara. (Esaera Zaharrak 23:15; 27:11). Gainera gure erabakiak Biblian oinarritzen baditugu, osasun espiritual eta fisiko hobea izango dugu.

Ikusi dezagun orain nola hartu ditzakegun erabaki onak ondorengo egoeretan.

Aisialdia aukeratzean

Imajinatu dezagun gazte batek talde baten musika entzun nahi duela. Musika atsegin du, baina badaki letrek gauza moralgabeei buruz hitz egiten dutela eta hitz itsusiak dituztela. Gainera, taldea bere musikan biolentzia bultzatzeagatik ezaguna da. Gazteak Jehoba maite duenez, honen pentsaera eta sentimenduak kontuan izan nahi ditu. Nola bereizi dezake kasu honetan Jainkoak duen ikuspuntua?

Galaziarrei idatzitako gutunean, Paulo apostoluak giza grinetatik sortzen diren egintzak eta espirituaren fruituaren ezaugarriak aipatzen ditu. Azken hauen artean, maitasuna, poza eta bakea daude besteak beste. Baina, zer ezaugarri daude giza grinetatik sortzen diren egintzen artean? Paulo dio: «Giza grinetatik sortzen diren egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua, idolatria, sorginkeria, etsaigoak, haserreak, bekaizkeria, gorrotoak, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak, ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak. Eta lehen esan nizuena diotsuet berriro ere: Horrela jokatzen dutenek ez dute Jainkoaren erreinua ondare jasoko» (Galaziarrei 5:19-23).

Jarri dezagun arreta zerrendako azken hitzean: «horrelakoak». Paulok ez zituen aipatu giza grinetatik sortzen diren egintza guztiak. Beraz, ez genuke hurrengoa arrazoitu behar: «Bibliaren arabera Pauloren zerrendatik kanpo dagoen edozer egin dezaket». Horren ordez, bereizmena erabiliz, Pauloren zerrendan ez dauden baina «horrelakoak» diren egintzak zeintzuk diren jakiten saiatu beharko ginateke. Norbaitek, nahita, «horrelakoak» diren gauzak egiten baditu eta ez bada damutzen, ez ditu Jainkoaren Erreinuaren bedeinkapenak jasoko.

Hortaz, Jehobak gorroto duena bereizi behar dugu. Zaila al da hori egitea? Demagun medikuak fruta eta barazki gehiago jateko, eta pastelak, izozkiak eta horrelakoak saihesteko aholkatzen digula. Zaila izango al litzateke madalenak jan behar ditugun ala ez jakitea? Itzuli gaitezen berriro giza grinetatik sortzen diren egintza eta espirituaren fruituaren ezaugarrietara. Gazteak entzun nahi duen musika bietako zer zerrendari dagokio? Ez du maitasuna, onginahia edo bere buruaren jabe izatearekin zer ikusirik, ezta espirituaren fruituaren beste ezaugarriekin ere. Beraz, ez dugu agindu zehatz bat behar Jehobak musika mota hori gustuko ez duela jakiteko. Printzipio bera da aplikagarria irakurtzen dugunarekin, pelikulekin, telebista saioekin, bideo-jokoekin, webguneekin eta horrelakoekin.

Zer itxura izango dugun aukeratzean

Biblia-printzipioek nola jantzi eta apainduko garen erabakitzen ere lagundu gaitzakete. Hauek kristau bakoitzari itxura egokia izaten laguntzen diote. Arlo hauetan erabakiak hartzen ditugunean, Jehoba pozteko aukera dugu. Orain arte ikusi dugun bezala, Jehobak agindu zehatz bat ez emateak ez du esan nahi bere zerbitzariek egiten dutena axola ez zaionik. Jendea lekuaren arabera modu desberdinetan janzten da eta denborarekin modak aldatu egiten dira. Hala ere, Jainkoaren oinarrizko printzipioek bere zerbitzariak edozein garaitan eta edozein lekutan gidatzen dituzte.

Adibidez, 1 Timoteori 2:9, 10⁠ak dio: «Emakumeei dagokienez, dabiltzala egoki jantzita, lotsaz eta eratsu atondurik; ez daitezela apain orrazkera nabarmenez, urrez, harribitxiz edota soineko aberatsez, egite onez baizik, jainkozale diren emakumeei dagokienez». Beraz, kristau gizon-emakumeek beraien eremuko jendearentzat zer itxura den errespetagarria pentsatu beharko lukete. Hau oso garrantzitsua da. Izan ere, gure itxurak jendeak Bibliari buruz duen ikuspuntuan eragina izan dezake (2 Korintoarrei 6:3). Eredugarria den kristauak ez lioke gehiegizko garrantzia eman behar bere eskubideei edo gustuei. Zergatik? Ez duelako besteentzako oztopo izan nahi (Mateo 18:6; Filipoarrei 1:10).

Gure itxurako zerbaitek besteak oztopatzen dituela konturatzen bagara, Pauloren antzera aldaketak egin beharko genituzke besteei Jehoba zerbitzatzen laguntzeko. Paulok esan zuen: «Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala» (1 Korintoarrei 11:1). Eta Jesusi buruz beste hau idatzi zuen: «Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu». Paulok kristauoi eman zigun zuzenbidea argia da: «Fede heldua dugunok fede heldugabekoen ahuleziak eraman behar ditugu, geuri atsegin zaiguna bilatu gabe. Saia gaitezen guztiok lagun hurkoari atsegin ematen, ona eta fedean hazteko lagungarri zaiona bilatuz» (Erromatarrei 15:1-3).

Bereizmena garatu

Nola garatu dezakegu bereizmena agindu zehatzik ez dagoenean ere Jehoba pozteko? Biblia egunero irakurriz, hau aztertzeko ohitura izanez eta irakurtzen dugunari buruz hausnartuz. Baina bereizmena ez dugu egun batetik bestera garatuko. Haur bat pixkana hazten den bezala, heldutasun espiritualera heltzeko eta bereizmena garatzeko denbora behar da; ez da berehala ikusten. Beraz, pazientzia behar dugu; ez dugu etsi behar berehalako hobekuntzarik ikusten ez badugu. Bestalde, denbora pasatzeak soilik ez du gure bereizmena garatuko. Esan bezala, denbora pasa behar dugu Jainkoaren Hitza aztertzen eta ikasitakoa ahal dugun heinean praktikan jartzen (Hebrearrei 5:14).

Jainkoaren aginduek gure obedientzia jartzen dute proban; bere printzipioek ordea, berari diogun maitasuna eta bera pozteko dugun desira. Jehoba zenbat eta gehiago zerbitzatu, orduan eta gehiago imitatuko ditugu bera eta Jesus. Jainkoa poztuko duten erabakiak hartzeko Biblia erabili nahiko dugu. Gure erabaki guztiekin Jehoba pozten dugun heinean, gure zoriontasuna ere handitzen dela ikusiko dugu.

[Irudiak]

Nahiz eta janzteko erak desberdinak diren tokitik tokira, arropa aukeratzerakoan biblia-printzipioak jarraitu behar ditugu