Saltatu edukira

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Onartzen al dituzte Jehobaren lekukoek odol frakzioak?

Oinarrizko erantzuna Jehobaren lekukook ez dugula odolik onartzen da. Erabat ziur gaude odolaren inguruko Jainkoaren legea ez dela aldatu. Hala ere, gaur egun, odola bere lau osagai nagusietan banatu daiteke eta, era berean, osagai nagusi hauek atal txikiagotan edo frakzioetan. Beraz, kristau bakoitzak frakzio hauek onartuko dituen edo ez erabaki behar du. Baina, hau egitean, ez du tratamenduak osasunerako izango dituen alde on eta txarretan soilik pentsatu behar. Orduan, zerk izan behar du garrantzitsuena erabaki hau hartzean? Bibliak dioena obeditzea eta Jainkoa poztea.

Bibliak odolari buruz esaten duena argi dago. Beraz, aztertu ditzagun gure erabakia hartzen lagunduko diguten hainbat ideia.

Jehobak Noeri, guztion arbasoari, odola modu berezian erabili behar zela esan zion (Hasiera 9:3, 4). Beranduago, Jainkoak Israeli emandako Legeak odola santua zela azpimarratu zuen: «Nolanahiko abereren baten odola jaten duenari –israeldarra nahiz israeldarren artean bizi den etorkina izan– aurpegi emango dio Jaunak». Israeldar batek Jainkoaren legea desobeditzen bazuen, besteengan eragin txarra izan zezakeen. Horregatik, Jainkoak hori egiten zuena «herritik botako [“xahutuko”, Bible Saindua, Jean Duvoisin]» zuela esan zuen (Lebitarrena 17:10). Lehen mendean, Jerusalemen bildu ziren apostolu eta adindunek kristauok ez dugula odolik jan behar erabaki zuten. Hau egitea sexu moralgabekeria eta idolatria baztertzea bezain garrantzitsua da (Eginak 15:28, 29).

Zer esan nahi zuen garai hartan odolik ez jateak? Kristauek ez zuten odolik jan edo edaten, ezta odolustu gabeko animalia baten haragirik jaten ere. Odola gehitzen zitzaion janaririk ere ez zuten jaten, esaterako, odolkiak. Odola modu hauetan erabiltzea Jainkoaren legea haustea izango litzateke (1 Samuel 14:32, 33).

Garai hartako jende gehienak ez zuen uste odola jan edo edatea gaizki zegoenik. Hau argi azaldu zuen II. eta III. mendeetan bizi izan zen Tertuliano idazleak. Erroman pertsona batzuek hitzarmenak odola edanez baieztatzen zituztela idatzi zuen. Gainera, Tertulianoren arabera, beste batzuek anfiteatro erromatarretan hildakoen odola edaten zuten gaixotasun batzuk sendatzen zituela sinetsiz.

Gauza hauek, nahiz eta erromatar batzuek osasun arrazoiengatik egin, kristauentzat oker zeuden. Horregatik Tertulianok, kristaua zenak, hurrengoa idatzi zuen: «Ez dugu animalia odolik ere jaten». Erromatarrek odola zuen janaria erabiltzen zuten benetako kristauen leialtasuna proban jartzeko. Ondorioz, Tertulianok honakoa arrazoitu zuen: «Orduan, nolatan sinetsi dezakezue [kristauek] giza odola jateko grina dutela, beraientzat animalien odola jatea higuingarria bada?».

Gaur egun, jende askoren ustez, medikuaren gomendioz odola onartzea ez dago Jainkoaren legearen aurka. Noski, Jehobaren lekukook bizitzen jarraitu nahi dugu. Baina, era berean, odolari buruzko Jehobaren legea betetzeko asmo sendoa dugu. Beraz, nola obeditu dezakegu gaur egun lege hau?

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, medikuak odol transfusioak gero eta gehiago erabiltzen hasi ziren. Baina Jehobaren lekukoek odol transfusioak Jainkoaren legearen aurka zeudela ulertu zuten eta gauza bera sinesten jarraitzen dugu. Ordudanik, odol transfusioetan aurrerakuntza asko egin dira. Gaur egun, transfusio gehienak ez dira odol osoarenak, baizik eta honen osagai nagusietako batenak: 1) globulu gorriak; 2) globulu zuriak; 3) plaketak; 4) plasma (seruma), zati likidoa. Pazientearen egoeraren arabera, medikuek globulu gorriak, globulu zuriak, plaketak edo plasma ematea erabaki dezakete. Odola bere osagaietan banatzen denez, odol unitate bakoitza hainbat paziente tratatzeko erabili daiteke. Jehobaren lekukook odol osoa edo honen lau osagai nagusiak onartzea Jainkoaren legearen aurka doala sinisten dugu. Ondorioz, odol transfusioen bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babestu gara, esaterako, hepatitisa eta HIESa.

Hala ere, odolaren lau osagai nagusi hauek atal txikiagotan edo frakzioetan banatu daitezke. Nola erabiltzen dira frakzio hauek eta zer hartu behar luke kontuan kristau batek hauek onartuko dituen ala ez erabakitzerakoan?

Odola oso konplexua da. Adibidez, plasma ia guztia ura izan arren, hormonak, gatz inorganikoak, entzimak eta mantenugaiak ditu barne. Plasmak, gainera, proteinak ditu, esaterako, albumina, koagulazio faktoreak eta gaixotasunei aurre egiteko antigorputzak. Medikuek plasman dauden proteina asko isolatu eta erabili ditzakete. Adibidez, VIII. koagulazio faktoreak hemofilia dutenen odoljarioa kontrolatzeko erabili daiteke. Bestalde, immunitatea duten pertsonen plasmatik gamma globulina atera daiteke gaixotasun batzuei aurre egiten laguntzeko. Medikuek plasman dauden beste proteina batzuk ere erabili ditzakete. Beraz, argi dago plasmaren frakzioak atera daitezkeela. *

Odoleko plasmatik hainbat frakzio atera daitezkeen bezala, odolaren beste osagai nagusietatik ere (globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak) frakzioak lortu daitezke. Adibidez, globulu zurietatik interferonak eta interleukinak atera daitezke. Hauek infekzio biral eta minbizi batzuei aurre egiteko erabiltzen dira. Plaketetatik, berriz, zauriak sendatzeko frakzioak atera daitezke. Odol frakzioetatik beste sendagai batzuk ere garatzen ari dira. Sendabide hauek ez dira odolaren osagai nagusien transfusioak, hauen frakzioenak baizik. Onartu beharko al lituzkete kristauek frakzio hauek erabiltzen dituzten medikuntza tratamenduak? Bibliak ez dituenez tratamendu hauek aipatzen, kristau bakoitzak hartu behar du erabakia bere kontzientziaren arabera jokatuz eta Jainkoa kontuan hartuz.

Kristau batzuek odoletik datorren edozer baztertzen dute, baita gaixotasunei aurre egiten laguntzen duten frakzioak ere. Beraien ustez, odola ez jatearen Jainkoaren aginduak hori esan nahi du. Jainkoak Israeli emandako Legeak odola «lurrera isuri» behar zela esaten duela arrazoitzen dute (Deuteronomioa 12:22-24). Zer zerikusi du honek odol frakzioekin? Odol frakzioak erabiltzen dituzten sendagai hauek ekoizteko odola jaso eta prozesatu egin behar da. Odola lurrera isuria izan ez denez, kristau batzuek sendagai hauek baztertzen dituzte odol osoaren edo odolaren osagai nagusien transfusioak baztertzen dituzten moduan. Euren erabakia errespetatu beharko genuke.

Beste kristau batzuek, aldiz, erabaki desberdin bat hartzen dute. Beraiek ere odol osoaren, globulu gorrien, globulu zurien, plaketen eta plasmaren transfusioak baztertzen dituzte. Hala ere, odolaren osagai nagusien frakzioak onartzea erabaki dezakete. Kasu hauetan ere, kristau bakoitzak erabaki desberdina hartu dezake. Kristau batek gamma globulina injekzioak onartu ditzake, baina, aldi berean, globulu gorri edo zurien frakzioak dituen sendagai bat baztertu dezake. Zertan oinarritzen dira kristau hauek odol frakzioak onartzeko?

1990⁠eko ekainaren 1⁠eko La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkariaren aleko «Irakurleen galderak» atalean ideia interesgarri bat aipatu zen. Plasman dauden proteinak (frakzioak) haurdun dagoen emakume baten odoletik jaio gabeko bere haurraren odolera igarotzen dira. Honela, amak haurrari gaixotasunetatik babestuko duen immunoglobulina ematen dio. Aldi berean, jaio gabeko haurraren globulu gorriak zahartzen direnean, hauen atal bat amaren gorputzera igaro eta kanporatuak dira. Beraz, odol frakzio batzuk modu naturalean pertsona batetik bestera igarotzen dira. Horregatik, kristau batzuek odolaren osagai nagusien frakzioak onartu ditzaketela ulertzen dute.

Kristau guztiek ez dute erabaki bera hartzen odol frakzioen inguruan. Esan nahi al du honek hartzen dugun erabakiak ez duela garrantzi handirik? Ez. Erabaki serioa da. Izan ere, oinarrizko printzipio bat kontuan hartu behar dugu. Bibliak hurrengoa agintzen die kristauei: «Ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak» (Eginak 15:29). Beraz, Jehobaren lekukook ez dugu odol osoaren eta bere osagai nagusien transfusiorik onartzen. Honetaz gain, odolaren osagai nagusien frakzioak onartuko dituen ala ez erabaki aurretik, kristau bakoitzak gaia ongi aztertu eta Jehobari otoitz egin behar dio.

Jende asko edozein tratamendu onartzeko prest dago momentuan mesedegarri izango zaiola iruditzen bazaio, nahiz eta osasunerako arriskuak izan. Horixe da, esaterako, odolarekin lotutako tratamenduekin gertatzen dena. Baina kristauok badakigu osasun fisikoa baino gauza garrantzitsuagoak daudela. Noski, Jehobaren lekukook osasun tratamendu ona jaso nahi dugu. Baina onartzea edo baztertzea erabaki baino lehen, ongi pentsatzen dugu. Horregatik, odolarekin lotutako tratamenduak aztertzerakoan, Jainkoak esaten duena eta Biziaren Iturriarekin dugun harremana kontuan hartzen dugu (36. Salmoa 10 [36:9, NWT]).

Salmogileak zuen konfiantza berbera dugu: «Bai, Jainko Jauna dugu eguzki eta babeski, Jaunak egiten mesede eta ohore, hark ez zoriona ukatzen prestu jokatzen dutenei. Jaun ahalguztiduna, zorionekoa zuregan konfiantza duena!» (84. Salmoa 12, 13 [84:11, 12, NWT]).

[Oin-oharra]

^ Ikusi «Irakurleen galderak» artikulua La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkariaren 1978⁠ko ekainaren 15⁠eko alean eta 1994⁠ko urriaren 1⁠eko alean. Industria farmazeutikoak odolik ez duten produktu sintetikoak garatu dituzte. Hauek iraganean erabiltzen ziren odol frakzioen ordez erabili daitezke.

[Taula]

MEDIKUARENTZAKO GALDERAK

Ebakuntza edo osasun tratamendu batean odolarekin lotuta dagoen sendagairen bat erabiltzeko aukera balego, galdetu honakoa:

Ba al dakite parte hartuko duten osasun langile guztiek, Jehobaren lekuko izanik, ez dudala odol transfusiorik jaso nahi (odol osoa, globulu gorriak, globulu zuriak, plaketak edo plasma) edozein egoera dela ere?

Eman nahi dizuten sendagaiak plasma, globulu gorriak, globulu zuriak edo plaketak dituela uste baduzu, honakoa galdetu:

Ekoiztua izan al da sendagaia odolaren osagai nagusiren batekin? Horrela bada, azalduko al didazu zer osagai dituen?

Odoletik ekoiztutako sendagai honen zer kopuru jasoko dut eta nola?

Frakzio hau onartzen badut, zer osasun arrisku dago?

Frakzio hau onartzen ez badut, zer beste tratamendu jaso dezaket?

Gaiari buruz hausnartu ondoren, noiz azaldu ahal dizut nire erabakia?