Probetxugarria al da zure aisialdia?
Probetxugarria al da zure aisialdia?
«Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin» (EF 5:10).
1, 2. a) Bibliako zein pasartek erakusten dute Jehobak guk bizitzaz gozatzea nahi duela? b) Aisialdia Jainkoaren oparia denez, nola erabili nahi dugu?
BIBLIAKO hainbat pasartetan, Jehobak guk bizitzaz gozatzea nahi duela ikusten dugu. Adibidez, 104. Salmoa 14, 15ak hurrengoa dio Jainkoari buruz: «Lurretik laborea ateratzen du eta gizakiaren bihotza alaitzen duen ardoa, aurpegia distiratsu egiten duen olioa eta giza indarrak berritzen dituen ogia». Jehobak landareak haztea eragiten du guk bizitzeko behar dugun janaria izan dezagun. Baina ez digu bizirauteko behar duguna soilik ematen. Ardoa, adibidez, elikagaia izateaz gain, gure bihotza ere alaitzen du (Koh 9:7; 10:19). Argi dago Jehobak guk pozik bizitzea nahi duela (Eg 14:16, 17).
2 Beraz, ez ginateke errudun sentitu behar denbora libreaz gozatzen dugunean. Izan ere, txoriak eta loreak ikusteak, esaterako, zoriontsu egiten gaitu (Mt 6:26, 28; Sal 8:4, 5 [8:3, 4, NWT]). Bizitza zoriontsua izatea Jainkoaren oparia da (Koh 3:12, 13). Ondorioz, aisialdia Jainkoaren opari bezala ikusten badugu, berari pozten dion moduan erabiliko dugu. a
Aisialdirako askatasuna, baina muga batzuekin
3. Zergatik esan dezakegu egokiak diren aisialdi mota desberdinak daudela?
3 Entretenimenduari buruz ikuspuntu orekatsua duen kristauak bakoitzak bere aisialdia aukeratzeko eskubidea duela ulertzen du, baina muga batzuekin. Gai hau hobeto ulertzeko, entretenimendua janariarekin konparatu dezakegu. Janari mota batzuk munduko toki batzuetan oso gustukoak dira, baina beste leku batzuetan guztiz desatseginak. Entretenimenduarekin gauza bera gertatzen da. Aisialdi mota bat munduko leku batzuetan dibertigarria izan daiteke, baina beste leku batzuetan aspergarria. Leku berean bizi diren kristauek ere gustu desberdinak dituzte. Adibidez, batzuei liburu bat irakurtzea gustatzen zaie, baina beste batzuei aspergarria iruditzen zaie. Batzuei bizikletan ibiltzea gustatzen zaie, baina beste batzuei nekagarria iruditzen zaie. Horregatik, janariarekin bezala, egokiak diren aisialdi mota desberdinak daudela onartzen dugu (Erm 14:2-4).
4. Zergatik jarri behar dizkiogu mugak aukeratzen dugun entretenimenduari? Jarri adibide bat.
4 Gure aisialdia aukeratzeko askatasuna dugu, baina entretenimendu mota batzuk kaltegarriak izan daitezke. Bueltatu gaitezen janariaren adibidera. Janari desberdina jatea gustatzen zaigun arren, inoiz ez genuke ustelduta dagoen janaririk probatuko. Horrek ez luke zentzurik izango eta gure osasunarentzat kaltegarria izango litzateke. Era berean, entretenimendu mota desberdina aukeratu dezakegun arren, ez dugu arriskutsua, biolentoa edo moralgabea den aisialdirik aukeratu nahi. Hau bezalako aisialdia Biblia printzipioen aurka doa eta arriskutsua izan daiteke gure osasun fisiko eta espiritualarentzat. Beraz, entretenimendu motaren bat aukeratu aurretik, Jainkoari atsegin izango zaion ala ez kontuan izan beharko genuke (Ef 5:10). Nola egin dezakegu hau?
5. Nola egon gaitezke ziur gure aisialdia Jainkoaren gustukoa den ala ez?
5 Gure aisialdia probetxugarria izateko eta aldi berean Jehobaren gustukoa izateko, bere Hitzaren printzipioekin bat egin behar du (Sal 86:11). Honetaz ziurtatzeko, zer, noiz eta norekin motako galderak egin ahal dizkiogu geure buruari. Sakondu dezagun hiru galdera hauetan.
Zer ezaugarri ditu?
6. Zer entretenimendu mota baztertu behar dugu, eta zergatik?
6 Aisialdi mota bat aukeratu aurretik, lehenik hurrengo galdera egin beharko genioke geure buruari: Zer?, hau da, «Zer-nolako entretenimendu mota da?». Kristauok bi multzotan bereizten dugu aisialdia: lehen multzoko aisialdiari ezetz esaten diogu eta bigarren multzokoari, agian. Zer aisialdi mota dago lehenengo multzoan? Mundu gaizto honetan, Jainkoaren printzipio eta arauen aurka argi eta garbi doan entretenimendu asko dago (1 Jn 5:19). Egiazko kristauok guztiz baztertzen dugu aisialdi mota hau. Entretenimendu mota hau sadismo, demonismo, homosexualitate, pornografia eta biolentziaz josita dago, edo ekintza gaizto eta moralgabeak goratzen ditu (1 Ko 6:9, 10; irakurri Apokalipsia 21:8). Bakarrik gaudenean ere, entretenimendu hau baztertzen dugunean, Jehobari gaizkia gorrotatzen dugula erakusten diogu (Erm 12:9; 1 Jn 1:5, 6).
7, 8. Nola jakin dezakegu gure aisialdia Jehobari atsegin zaion ala ez? Jarri adibide bat.
7 Hitz egin dezagun orain bigarren multzoko aisialdiari buruz. Multzo honen parte diren entretenimendu motak ez daude Bibliak espreski kondenatzen dituen ekintzekin zuzenean lotuta. Orduan, nola jakin dezake kristau batek aukeratuko duen entretenimendua Jainkoari atsegin zaion ala ez? Biblia printzipioak arretaz aztertuz (Es 4:10, 11). Era horretara, kontzientzia garbia izaten lagunduko dion erabaki bat hartuko du (Ga 6:5; 1 Tm 1:19). Nola lortu dezake hau? Pentsatu honetan: plater berri bat probatu aurretik, zer osagai nagusi dituen jakin nahi izaten dugu. Modu berean, aisialdi mota bat aukeratu aurretik, honen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren jakin beharko genuke (Ef 5:17).
8 Jarri dezagun adibide bat. Anai-arreba askori kirolak gustatzen zaizkie. Izan ere, kirolak dibertigarriak eta emozionanteak izan daitezke. Baina, zer gertatzen da kirol batzuek hurrengo «osagaiak» badituzte, esaterako, leia basatia, gehiegizko arriskua, lesioak, neurrigabeko ospakizunak edo ospakizun nazionalistak? Erakartzen al gaituzte ezaugarri hauek dituzten kirolak? Hausnartu dezagun honetan: agian gure jarrera Jehobaren ikuspuntuarekin, eta predikatzen dugun maitasun eta bake mezuarekin bat ez datorrela ikusten dugu. Ondorioz, beharbada aisialdi mota hori baztertzea erabakiko dugu (Is 61:1; Ga 5:19-21). Bestalde, aukeratu dugun aisialdiak Jehobak atsegin dituen «osagaiak» baditu, guretzat probetxugarria izan daiteke (Ga 5:22, 23; irakurri Filipoarrei 4:8).
Noiz egingo dut?
9. Aipatu zer uzten duen agerian hurrengo galderak: «Noiz egingo dut?».
9 Zure buruari egin behar diozun bigarren galdera hurrengoa da: Noiz?, hau da, «Noiz egingo dut? Zenbat denbora pasako dut horretan?». Zer galderak gure motibazioak zeintzuk diren agerian uzten du, baita guretzat ondo eta gaizki dagoena ere. Noiz galderak, aldiz, guretzat benetan garrantzitsua dena agerian uzten du, hau da, gure lehentasunekin lotuta dago. Nola jakin dezakegu gure aisialdiari beharrezkoa den garrantzia baino gehiago ematen ari diogun ala ez?
10, 11. Nola laguntzen digu Mateo 6:33 aipuak aisialdian erabiliko dugun denbora kopurua erabakitzen?
10 Jesusek hurrengoa esan zien bere jarraitzaileei: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» (Mk 12:30). Nola erakusten dugu bizitzan dugun lehentasuna Jehoba maitatzea dela? Jesusen hurrengo aholkua obedituz: «Bilatu lehendabizi Jainkoaren erregetza eta beronen zuzentasuna, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak» (Mt 6:33, oharra). Ikusiko dugun bezala, Jesusen hitz hauek aisialdian pasako dugun denbora eta honi emango diogun garrantzia erabakitzen lagunduko digute.
11 Jesusek ez du eskatzen Erregetza bakarrik bilatzea, Erregetza lehendabizi bilatzea baizik. Logikoki, Jesusek bazekien Erregetzaz edo Erreinuaz gain, bizitzarako beharrezkoak diren beste gauzez ere arduratu behar garela, esaterako, etxebizitza, janaria, arropa, hezkuntza, lana eta aisialdia. Hala ere, Jehobaren zerbitzuak gauza hauek guztiak baino inportanteagoa izan beharko luke (1 Ko 7:29-31). Oinarrizko printzipio hau jarraitzen badugu, gure denbora inportanteena den horretan, hau da, Jehobaren zerbitzuan, pasako dugu. Orduan, aisialdiari mugak jarriko dizkiogu eta, ondorioz, probetxugarria izango da guretzat.
12. Nola aplikatu dezakegu Lukas 14:28 aipuaren printzipioa gure aisialdian?
12 Beraz, aisialdi motaren bat aukeratu aurretik, gastuen kontuak atera beharko genituzke, hau da, entretenimendu mota horretan zenbat denbora igaroko dugun ikusi beharko genuke (Lk 14:28). Ondoren, gure denbora aisialdi horretan erabiltzea merezi duen ala ez erabaki behar dugu. Aisialdi horrek Biblia ikasketa pertsonala eta familia adorazioa egitea, bileretara joatea edo predikatzea bezalako ardurak ondo betetzea oztopatzen badigu, orduan, ez du prezio hori ordaintzea merezi (Mk 8:36). Baina, noizbehinkako entretenimendu mota batek Jehoba indarberrituta zerbitzatzen jarraitzen laguntzen badigu, orduan, gure denbora ondo inbertitu dugu.
Norekin egongo naiz?
13. Zergatik aztertu beharko genuke arretaz norekin igarotzen dugun gure denbora librea?
13 Geure buruari galdetu behar diogun hirugarren galdera honakoa da: Norekin?, hau da, «Norekin igaroko dut nire denbora librea?». Zergatik da garrantzitsua hau kontuan izatea? Gure lagunek eragin ona ala txarra izan dezaketelako gugan. Jar dezagun adibide bat. Bazkari bat askoz ere atseginagoa izaten da lagun onen artean bada. Era berean, gure aisialdia askoz ere atseginagoa izango da lagun onekin partekatzen badugu. Horregatik, guztiz ulertzekoa da gutako askori, eta bereziki gazteei, lagunekin egotea atsegin izatea. Gakoa gure denbora norekin igarotzen dugun arretaz aukeratzea da (2 Kro 19:2; irakurri Esaera Zaharrak 13:20; St 4:4).
14, 15. a) Zer eredu jarri zigun Jesusek lagun egokiak aukeratzerakoan? b) Zer galdera egin beharko genizkioke geure buruari lagunak aukeratzerakoan?
14 Lagunak aukeratzerako orduan, oso lagungarria izango zaigu Jesusen eredua jarraitzea. Kreazioaren hasieratik, Jesusek beti maite izan ditu gizakiak (Es 8:31). Lurrean egon zenean ere maitasuna erakutsi zien mota guztietako pertsonei (Mt 15:29-37). Hala ere, Jesusek argi zuen zein zen atsegina izatearen eta lagun mina izatearen desberdintasuna. Jendearekin orokorrean atsegina izan bazen ere, baldintza zehatz bat bete zutenen lagun min egin zen bakarrik. Zein zen baldintza hau? Jesusek honakoa esan zien bere hamaika apostolu leialei: «Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue» (Jn 15:14, etzanak gureak; ikusi Jn 13:27, 30 ere). Jesusek bera jarraitu eta Jehoba zerbitzatu zutenak bakarrik aukeratu zituen bere lagunak izateko.
15 Beraz, lagunak aukeratzen ditugunean, Jesusen hitzak kontuan hartu beharko genituzke. Pentsa dezagun hurrengo galderetan: «Erakusten al du pertsona horrek, bai hitzez, bai ekintzez, Jehoba eta Jesusen jarraibideak segitzen dituela? Biblian oinarritutako nire balio moral berak al ditu? Erreinua lehen postuan jartzera eta Jehoba leialki zerbitzatzera animatuko al nau?». Galdera hauen baiezkoa baduzu, ziur egon zaitezke zure denbora librea onak diren lagunekin pasako duzula (Irakurri 119. Salmoa 63; 2 Ko 6:14; 2 Tm 2:22).
Egokia al da gure aisialdia?
16. Zer hartu behar dugu kontuan entretenimendua aukeratzerakoan?
16 Beraz, laburbilduz, gure aisialdia probetxugarria izatea nahi badugu, aztertu ditugun hiru galderei buruz Bibliak dioena jarraitu behar dugu, hau da, zer entretenimendu mota aukeratuko dugun, noiz egingo dugun eta norekin egongo garen. Honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: Zer ezaugarri ditu? Kristau batentzat desegokia den ezer ez izateaz ziurtatu behar dugu (Es 4:20-27). Noiz egingo dugu? Denbora gehiegi kenduko ez digula ziurtatu behar dugu (1 Tm 4:8). Norekin egongo gara? Gugan eragin txarra izango duten pertsonak saihesteaz ziurtatu behar dugu (Koh 9:18; 1 Ko 15:33).
17, 18. a) Nola jakin dezakegu gure aisialdia Bibliako jarraibideekin bat datorren ala ez? b) Aisialdiarekin zerikusia duen zer erabaki hartu behar du kristau bakoitzak?
17 Gure aisialdia hiru arlo hauetariko batean Bibliak dioenarekin bat ez badator, orduan, beste aisialdi mota bat aukeratu beharko genuke. Baina, gure entretenimendua hiru arlo hauetan Bibliak dioenarekin bat badator, orduan, Jehoba ohoratuko dugu eta guretzat ona izango da (Sal 119:33-35).
18 Beraz, saiatu gaitezen aisialdi egokia aukeratzen, momentu aproposean egiten eta egokiak diren pertsonekin igarotzen. Bihotzez saiatu gaitezen Bibliako hurrengo aholkua jarraitzen: «Nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 Ko 10:31).
[Oin-oharra]
a Artikulu honetan, «aisialdi», «entretenimendu» eta «denbora libre» bezalako terminoak esanahi berarekin erabiliko ditugu gure denbora librean erlaxatzeko eta disfrutatzeko egiten ditugun jarduerez hitz egiteko.
Nola azalduko zenuke?
Nola jarri ditzakegu praktikan gure aisialdian hurrengo printzipio hauek?
• Filipoarrei 4:8
• Esaera Zaharrak 13:20
[Ikasketako galderak]
[Diagrama]
✔Zer
[Diagrama]
✔Noiz
[Diagrama]
✔Norekin
[Irudia]
Nola jarraitu dezakegu Jesusen eredua lagunak eta aisialdia aukeratzean?