Saltatu edukira

Adindunak gurekin ari dira elkarlanean gure pozerako

Adindunak gurekin ari dira elkarlanean gure pozerako

«Zuekin elkarlanean […] zuen pozerako» (2 KO 1:24).

1. Korintoarrei buruzko zer berrik poztu zuen Paulo?

 55. URTEA zen eta Paulo Troasen zegoen, baina ezin zituen korintoarrak burutik kendu. Urte hartan bertan, korintoarrek elkarren artean eztabaidak izan zituzten. Horregatik, aita batek erakutsiko lukeen maitasunarekin, Paulok gutun bat bidali zien beraien jarrera zuzentzeko aholkatuz (1 Ko 1:11; 4:15). Gainera, bere laguna zen Tito ere bidali zien eta honen zain gelditu zen Troasen, txostena entzuteko desiatzen. Baina Tito ez zen itzuli eta honek asko nahigabetu zuen Paulo. Zer egingo zuen? Itsasontzia hartuz Mazedoniara joan zen eta, bere pozerako, han topatu zuen. Titok Korintoko anai-arrebek bere aholkuari ondo erantzun ziotela esan zion eta bera ikusteko desiatzen zeudela. Txosten hau entzutean, Paulo «oraindik gehiago poztu» zen (2 Ko 2:12, 13; 7:5-9).

2. a) Zer idatzi zien Paulok korintoarrei fedea eta pozari buruz? b) Zer galdera aztertuko ditugu?

2 Handik gutxira, Paulok bigarren gutuna idatzi zien korintoarrei. Bertan esan zien: «Banuen gogoa, ez, noski, zuen sinesmena neure menpe eduki nahi dudalako –sinesmenean sendo baitzaudete–, zuekin elkarlanean jarduteko baizik, zuen pozerako» (2 Ko 1:24). Zer esan nahi izan zuen Paulok? Zer eragin izan beharko luke gaur egungo adindunengan?

GURE FEDEA ETA GURE POZA

3. a) Zer esan nahi zuen Paulok «sinesmenean sendo baitzaudete» idatzi zuenean? b) Nola jarraitzen dute adindunek Pauloren eredua gaur egun?

3 Paulok gure adoraziorako bi gauza ezinbestekoak direla esan zuen: fedea eta poza. Fedeari buruz, Paulok idatzi zuen: «Ez, noski, zuen sinesmena neure menpe eduki nahi dudalako –sinesmenean sendo baitzaudete». Hitz hauekin, Paulok Korintoko anai-arrebak beraien fedeari esker leialak zirela aitortu zuen eta ez berarengatik edo beste batzuengatik. Eta, gainera, ez zuen beraien fedea kontrolatzeko beharra, ezta desira ere. Korintoko anai-arrebak leialak izango zirela konfiatzen zuen, ondo dagoena egin nahi zutelako (2 Ko 2:3). Gaur egun, adindunek Pauloren eredua jarraitzen dute anai-arrebek Jainkoa zerbitzatzeko duten fedean eta motibazioan konfiantza izanez (2 Ts 3:4). Kongregazioan arau zehatzak jarri ordez, Bibliaren printzipioak eta Jainkoaren erakundeak ematen duen gida jarraitzen dute. Azken finean, ez dira beraien anai-arreben fedearen jabeak (1 P 5:2, 3).

4. a) Zer esan nahi zuen Paulok «zuekin elkarlanean» ari gara «zuen pozerako» esan zuenean? b) Nola imitatzen dute Pauloren jarrera gaur egungo adindunek?

4 Paulok ere honakoa esan zuen: «zuekin elkarlanean» ari gara «zuen pozerako». Hitz hauekin berari eta bere gertuko lankideei buruz ari zen. Nola dakigu hau? Gutun berdinean hauetako bi aipatu zituen honakoa idatziz: «Guk, Silvanok, Timoteok eta nik neuk» Jesu Kristori buruz hots egin dizuegu (2 Ko 1:19). Gainera, Paulok bere gutunetan bere lankideei buruz hitz egiten zuenean, nortzuei buruz ari zen? Bere lagun minei buruz. Adibidez: Apolo, Akila, Priska, Timoteo, Tito eta beste batzuk (Erm 16:3, 21; 1 Ko 3:6-9; 2 Ko 8:23). Beraien pozerako elkarlanean ari zirela esatean, Paulok honakoa ziurtatu zien korintoarrei: Bera eta bere lankideak ahal zuten guztia egingo zutela kongregazioko anai-arreben poza handitzeko. Eta hau da, hain zuzen ere, gaur egungo adindunen desioa. Ahal duten guztia egiten dute anai-arrebei Jehoba pozik zerbitzatzen laguntzeko (Sal 100:2; Flp 1:25).

5. Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta zertan hausnartu beharko genuke?

5 Duela gutxi, gogo biziz predikatzen duten leku desberdinetako anai-arrebei honakoa galdetu zitzaien: «Adindunen zein hitz eta ekintzek lagundu dizute poztasuna handitzen?». Beraien erantzunak aztertzean, konparatu ditzagun guk erantzungo genuenarekin. Are gehiago, hausnartu dezagun zer egin dezakegun gure kongregazioan poztasuna handitzeko.

«GORAINTZIAK […] NIRE PERSIDE MAITEARI»

6, 7. a) Nola imitatu dezakete adindunek Jesusen, Pauloren eta Jainkoaren beste zerbitzari batzuen eredua? b) Zergatik handitzen da anai-arreben poztasuna beraien izenak gogoratzen ditugunean?

6 Anai-arreba askok esaten dute beraien poztasuna handitzen dela adindunek interes pertsonala erakusten dutenean. Adindunek interesa erakusteko modu garrantzitsu bat Dabid, Elihu eta Jesusen eredua imitatzea da (Irakurri 2 Samuel 9:6; Job 33:1; Lukas 19:5). Hauetako bakoitzak benetako interes pertsonala erakutsi zuen besteen izena erabiliz. Paulo apostoluarentzat ere bere anai-arreben izenak gogoratzea eta erabiltzea oso garrantzitsua zen. Erromatarrei idatzitako gutunaren amaieran 25 anai-arreba baino gehiago agurtu zituen beraien izena erabiliz. Adibidez, honakoa idatzi zuen: «Goraintziak […] nire Perside maiteari» (Erm 16:3-15).

7 Adindun batzuei zaila egiten zaie kongregazioko anai-arreben izenak gogoratzea. Hala ere, ahalegintzen direnean, honakoa esaten diote anai-arrebari: «Zu inportantea zara niretzat» (Ir 33:17NWT). Adindunek asko handitu dezakete anai-arreben poztasuna Talaiako ikasketan edo beste bileratan iruzkinak ematerakoan, beraien izenak gogoratu eta erabiltzen dituztenean (Konparatu Jn 10:3).

JAUNARENGATIK LAN ASKO EGIN DU

8. Nola imitatu zuen Paulok Jehoba eta Jesusen eredua?

8 Gure anai-arreben poztasuna handitzeko beste modu bat zintzotasunez zoriontzea da, Paulok egin zuen bezala. Horregatik, bere anai-arreben poztasunaren alde lan egiteko desioa azaldu zuen gutun berdinean, honakoa ere idatzi zuen: «Harro nago zuengatik» (2 Ko 7:4). Ziur hitz hauek Korintoko anai-arrebak animatu zituela. Beste kongregazio batzuei ere antzeko sentimenduak adierazi zizkien (Erm 1:8; Flp 1:3-5; 1 Ts 1:8). Izan ere, Erromako kongregazioari zuzendutako gutunean Perside arreba aipatu ondoren, Jaunarengatik lan asko egin zuela esan zuen (Erm 16:12). Ziur Paulok esandakoa asko poztu zuela Perside arreba. Besteak zoriontzean, Jehoba eta Jesusen eredua jarraitu zuen Paulok (Irakurri Markos 1:9-11; Joan 1:47; Ap 2:2, 13, 19).

9. Zergatik handitzen da poztasuna kongregazioan hitz animagarriak eman eta jasotzen ditugunean?

9 Gaur egungo adindunentzat ere oso garrantzitsua da anai-arrebengatik sentitzen duten estimua hitzez adieraztea (Es 3:27; 15:23). Hau egiten dutenean, anai-arrebei honakoa esaten diete: «Egin duzuna ikusi dut eta zutaz arduratzen naiz». Zalantzarik gabe, anai-arrebek adindunen hitz animagarriak entzuteko beharra dute. 55 urte inguru dituen arreba batek askoren iritzia adierazi zuen honakoa esanez: «Lantokian oso gutxitan zoriontzen naute. Giroa hotza eta lehiakorra da. Horregatik, kongregazioaren alde egin dudanagatik adindun batek zoriontzen nauenean, indarberrituta eta animatuta sentitzen naiz. Nire zeruko Aitak maite nauela sentitzen dut». Bi seme-alaba hezten ari den eta guraso bakarra den anaia bat berdin sentitu zen. Duela gutxi, adindun batek zintzotasunez zoriondu zuen. Zer eragin izan zuen honek anaiarengan? Honakoa dio: «Adindunaren hitzek benetako bultzada eman zidaten!». Beraz, zintzotasunez zoriontzean, adindunek anai-arrebak animatzen dituzte eta euren poztasuna handitzen dute. Ondorioz, anai-arrebek bizirako bidean nekatu gabe jarraitzeko indar gehiago izango dituzte (Is 40:31).

ZAINDU JAINKOAREN KONGREGAZIOA

10, 11. a) Nola jarraitu dezakete adindunek Nehemiasen eredua? b) Zerk lagunduko die adindunei sendotze-bisitetan dohain espiritualen bat ematen?

10 Kongregazioaren poztasuna handitzeko eta interes pertsonala erakusteko, adindunek beste gauza garrantzitsu bat egin dezakete: Aurrea hartu animoa behar dutenei hitz animagarriak esateko (Irakurri Eginak 20:28). Adindunek hau egiten dutenean, antzinako artzain espiritualak imitatzen dituzte. Adibidez, ikus dezagun Nehemias arduradun leialak egin zuena bere anai-arreba judutarren fedea ahuldu zela ikusi zuenean. Bibliako pasarteak dio berehala joan eta animatu zituela (Ne 4:8 [4:14, NWT]). Gaur egun, adindunek berdina egiten dute: Anai-arrebengana joaten dira, hau da, aurrea hartzen dute beraien fedea sendotzeko. Hau lortzeko, egoerak uzten badu, anai-arrebak euren etxeetan bisitatzen dituzte. Adindunek sendotze-bisita hauek egiten dituzte anai-arrebei dohain espiritualen bat emateko asmoz (Erm 1:11). Zerk lagunduko die adindunei bisitetan helburu hau lortzen?

11 Sendotze-bisita bat egin baino lehen, adindun batek bisitatuko duen anai-arrebari buruz pentsatzeko denbora hartu behar du. Zer zailtasun ditu anai-arrebak? Zer hitzek animatu edo sendotu dezakete? Zer Bibliako aipu edo pertsonaien bizipenek lagundu ahal diote bere egoeran? Honelako galderetan aldez aurretik pentsatzeak elkarrizketa esanguratsu bat izaten lagunduko dio adindunari, azaleko elkarrizketa bat saihestuz. Sendotze-bisita hauetan, adindunak hitz egiten uzten die anai-arrebei adi-adi entzuten dien bitartean (St 1:19-20 [1:19, NWT]). Arreba batek honakoa esan zuen: «Oso animagarria da adindun batek bihotzez entzuten duenean» (Lk 8:18).

Aldez aurretik prestatzean, adindunek sendotze-bisitetan dohain espiritualak eman ahal dituzte.

12. Nork behar du animoa kongregazioan eta zergatik?

12 Nork eskertuko luke sendotze-bisita bat jasotzea? Paulok adindunei «artalde osoa» zaintzeko esan zien. Izan ere, kongregazioko anai-arreba guztiok behar dugu animoa jasotzea, baita urte askotan zehar leialki predikatu duten berri-emaile eta aitzindariek ere. Zergatik behar dute hauek artzain espiritualen laguntza? Batzuetan, mundu gaizto honen presioengatik espiritualki sendo daudenak ere nekatuta sentitu daitezkeelako. Dabid erregearen bizitzaren gertakari batek erakusten du zergatik behar dugun batzuetan adiskide baten laguntza.

ABIXAI DABID LAGUNTZERA ETORRI ZEN

13. a) Dabiden zer egoeraz aprobetxatu zen Ixbi-Benob? b) Zergatik ahal izan zuen Abixaik Dabid lagundu?

13 Errege izendatu eta gutxira, Dabidek Goliat refatarraren aurka borrokatu zuen. Refatarrak erraldoien arraza bat ziren, baina Dabidek ausardia erakutsi eta Goliat hil egin zuen (1 Sm 17:4, 48-51; 1 Kro 20:5, 8). Urte batzuk geroago, filistearren aurkako gerra batean, Dabidek berriro ere erraldoi baten aurka borrokatu zuen. Hau ere refatarra zen, Ixbi-Benob izenekoa (2 Sm 21:16). Baina, oraingoan, erraldoiak ia Dabid hil zuen. Zergatik? Ez zen izan Dabidek bere ausardia galdu zuelako, baizik eta, indarrak galdu zituelako. Pasarteak dio nekaturik zegoela. Ahul zegoela ohartzean, Ixbi-Benobek Dabid hiltzeko aukera ikusi zuen. Baina, orduan, erraldoiak Dabid hil behar zuen momentuan, «Tzeruiaren seme Abixaik, […] erregeari laguntzera etorriz, filistearra jo eta hil egin zuen» (2 Sm 21:15-17). Azkeneko momentuan eta oso gutxigatik salbatu zen! Ziur Dabid oso eskerturik sentitu zela Abixai berataz arduratzeagatik eta bere bizia arriskuan zegoenean laguntzera azkar joateagatik. Zer ikasten dugu pasarte honetatik?

14. a) Nola gainditu ditzakegu Goliaten antzeko zailtasun erraldoiak? b) Nola lagundu ahal diete adindunek besteei euren indarrak eta poztasuna berreskuratzen? Eman adibide bat.

14 Nahiz eta Satanasek eta bere alde daudenek oztopoak jarri, Jehobaren lekukook mundu osoan zehar gure predikatze-lanarekin jarraitzen dugu. Gutako batzuek Goliaten antzeko zailtasun erraldoiak izan ditugu, baina gure konfiantza osoa Jehobaren gain jarriz gainditu ahal izan ditugu. Hala ere, batzuetan, mundu honen presioen aurkako etengabeko borrokak indarrik gabe eta desanimaturik uzten gaitu. Horrela sentitzen garenean, ahulak gara. Ondorioz, normalean gainditu ahal izango genituzkeen arazoek erorarazi gaitzakete. Horrelako momentuetan, adindun baten laguntzak poztasuna eta indarrak berreskuratzen lagundu ahal digu. Hau da askok bizi izan dutena. Adibidez, aitzindaria den 65 urte inguruko arreba batek honakoa dio: «Duela denbora bat ez nintzen ondo sentitzen eta predikatze-lanak nekatzen ninduen. Adindun bat nekatuta nengoela konturatu eta niregana hurbildu zen. Elkarrizketa animagarri bat izan genuen Bibliako pasarte baten inguruan. Eman zizkidan aholkuak praktikan jarri nituen eta honek asko lagundu ninduen. Oso eskerturik nago adinduna nitaz arduratu zelako eta laguntza eman zidalako». Bai, oso hunkigarria da gutaz arduratzen diren adindunak ditugula eta Abixai bezala gu laguntzera etortzeko prest daudela jakitea.

EZAGUTU EZAZUE «NOLAKO MAITASUN NEURRIGABEA DIZUEDAN»

15, 16. a) Zergatik maite zuten hainbeste anai-arrebek Paulo? b) Zergatik maite ditugu gure kongregazioko adindunak?

15 Kongregazioa zaintzeak lan handia eskatzen du. Batzuetan, adindunek lorik egin gabeko gauak pasatzen dituzte artaldeaz kezkaturik otoitz egiten edo anai-arrebei laguntza espirituala ematen (2 Ko 11:27, 28). Hala ere, adindunek euren ardura guztiz eta pozik betetzen dute, Paulok egin zuen bezala. Honakoa idatzi zien korintoarrei: «Nik ere oso gustura emango dut dudan eta naizen guztia zuengatik» (2 Ko 12:15). Izan ere, Paulok zien maitasunagatik ahal zuen guztia egin zuen anai-arrebak sendotzeko (Irakurri 2 Korintoarrei 2:4; Flp 2:17; 1 Ts 2:8). Ez da harritzekoa anai-arrebek Paulo hainbeste maitatzea! (Eg 20:31-38).

16 Gaur egungo Jainkoaren zerbitzariok ere, gure adindun arduratsuak maite ditugu eta hauengatik eskerrak ematen dizkiogu Jehobari gure otoitzetan. Guregatik interes pertsonala erakusten dutenean gure poztasuna handitzen da. Beraien sendotze-bisitekin indartuta sentitzen gara. Gainera, asko estimatzen dugu guri laguntzera etortzeko prest egotea munduko presioengatik nekaturik sentitzen garenean. Bai, benetan gurekin ari dira elkarlanean gure pozerako.