Saltatu edukira

Nola erakusten du maitasuna kanporatzearen antolaketak?

Nola erakusten du maitasuna kanporatzearen antolaketak?

«SEMEA kanporatua izan zela esan zenean, nire bizitza osoa bertan behera erori zela zirudien», gogoratzen du Julianek. «Seme zaharrena zen eta oso harreman estua genuen. Gauza asko egiten genituen elkarrekin. Seme eredugarria izan zen beti, baina bat-batean gaizki jokatzen hasi zen. Nire emazteak, askotan, ezin zion negarrari eutsi eta nik ez nekien nola kontsolatu. Behin baino gehiagotan galdetzen genion geure buruari guraso bezala zertan huts egin ote genuen».

Zergatik esan daiteke kanporatzearen antolaketa maitekorra dela, hainbeste min eragiten badu? Zein arrazoi ematen ditu Bibliak horrelako erabaki drastikoa hartzeko? Zerk eramaten du norbait kongregaziotik kanporatua izatera?

KANPORATUA IZATEKO BI BALDINTZA

Bi baldintza bete behar dira Jehobaren lekuko bat kanporatua izateko. Lehenengoa, bataiatutako Lekuko batek bekatu larri bat egitea, eta bigarrengoa, ez damutzea.

Jehobak gugandik perfekzioa espero ez duen arren, guk bere arau moral gorenak betetzea espero du. Adibidez, Jehobak sexu moralgabekeria, idolatria, lapurreta, estortsioa, hilketa eta espiritismoa bezalako bekatu larriak debekatzen ditu (1 Ko 6:9, 10; Ap 21:8).

Argi dugu Jehobaren arauak arrazoitsuak direla eta gu babesten gaituztela. Nori ez zaio gustatzen pertsona baketsu, zintzo eta fidagarriren artean bizitzea? Horixe da gure anaiarte espiritualean aurkitzen dugun giroa. Hau geure burua Jehobari eskaini genionean bere arauen arabera biziko ginela promestu geniolako da posible.

Baina, zer gertatzen da bataiatutako kristau batek, giza ahulezia dela eta, bekatu larri bat egiten badu? Iraganean, Jehobaren zerbitzari leial batzuek ere bekatu larriak egin zituzten, baina Jehobak ez zituen automatikoki baztertu. Dabid erregea hauetako bat izan zen. Dabidek adulterio egin eta hilketa bat eragin zuen. Hala ere, Natan profetak honakoa jakinarazi zion: «Jaunak […] barkatzen dizu bekatua» (2 Sm 12:13).

Jainkoak Dabiden bekatua barkatu zuen bihotzez damutu zelako (Sal 32:1-5). Era berean, gaur egun, bekatu larri bat egin duen kristau bat damutzen bada eta gaizki dagoena egiteari uzten badio, orduan, ez da kongregaziotik kanporatua izango (Eg 3:19; 26:20). Baina benetako damua erakusten ez badu, epaiketa batzordeko adindunek kanporatu egin beharko dute.

Hasiera batean, norbait kanporatua izatearen erabakia drastikoa edo krudela dela pentsatu genezake, batez ere gertuko norbait bada. Hala ere, Jehobaren Hitzak arrazoi onak ematen dizkigu erabaki hau maitekorra dela pentsatzeko.

KANPORAKETAREN EMAITZA ONAK

Jakinduria bere emaitzengatik frogatua izango zela esan zuen Jesusek (Mt 11:19). Damutu ez den norbait kanporatzea erabaki zuhurra da eta emaitza onak ekartzen ditu. Ikus ditzagun hiru:

Jehobaren izena ohoratzen da. Jehobaren lekukoak garenez, egiten dugunak jendeak Jehobari buruz pentsatzen duen iritzian eragina du (Is 43:10). Esaterako, seme baten jokaerak jendeak bere gurasoei buruz duen iritzian eragina izango du. Era berean, gure jokaerak besteek Jehobari buruz duten iritzian eragina izango du. Beraz, gure jarrera eredugarria bada, jendeak Jehobari buruz ongi hitz egingo du. Antzeko zerbait gertatu zen iraganean. Ezekielen garaian, esaterako, inguruko herrialdeek Jehobaren izena judutarrekin lotzen zuten (Ez 36:19-23).

Moralgabea den zerbait egingo bagenu, Jainkoaren izen santua zikinduko genuke. Paulo apostoluak hurrengoa aholkatu zien kristauei: «Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei. Aitzitik, dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian. Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta» (1 P 1:14-16). Jarrera garbi edo santuak Jainkoaren izenari ohorea ematen dio.

Jehobaren lekuko bat gaizki dagoena egiten ari bada, azkenean bere lagun eta ezagunak gertatzen ari dena jakitera iritsiko dira. Kasu honetan, Jehobak bere arau santuak betetzen dituen herri garbi bat duela erakusten du kanporaketak. Ikus dezagun adibide bat. Suitzan gizon bat bilera aretora joan zen eta kongregazioaren parte izan nahi zuela esan zuen. Zergatik? Bere arreba moralgabekeriagatik kanporatua izan zelako. Gizonak jarrera txarrik onartzen ez zuen erakunde baten parte izan nahi zuela esan zuen.

Kongregazioko anai-arrebak babesten ditu. Paulo apostoluak damutzen ez ziren bekatariak kongregazioan mantentzearen arriskuaz ohartarazi zien korintoarrei. «Legamia pixka batek ore guztia altxatzen» duen bezala, bekatari batek inguruko pertsonengan eragin txarra izan dezakeela azaldu zuen Paulok. Gero, aholkatu zien: «Bota gaiztoa zeuen artetik» (1 Ko 5:6, 11-13).

Ikusten denez, Paulok aipatutako «gaiztoa[k]» moralgabekeria lotsarik gabe praktikatzen zuen. Gainera, kongregazioko batzuk bekatariaren jarrera zuritzen hasi ziren (1 Ko 5:1, 2). Horrelako bekatu larri bat onartuko balitz, agian beste kristau batzuek beraiek bizi ziren hiriko ohitura moralgabeak jarraituko lituzkete. Era berean, kristau batek bekatu larriak egitea onartuko balitz, agian beste kristauek garrantzia gutxiago emango liekete Jainkoaren arauei (Koh 8:11). Are gehiago, damutu ez diren bekatariak «ur azpian ezkutaturiko arrokak» bezalakoak izatera iritsi daitezke, kongregaziokoen fedea ondoratuz (Ju 4, 12NWT).

Bekataria damutzera bultzatu dezake. Etxetik alde egin zuen gazte bati buruz hitz egin zuen Jesusek. Honek familiaren herentzia guztia gastatu eta bizimodu moralgabea eraman zuen. Gazte hau, beheak jota, bere bizimodua zein hutsik zegoen konturatu zen. Honetaz konturatu eta gero, damututa, etxera bueltatzeko aurrea hartu zuen eta bere aitak pozik jaso zuen etxean (Lk 15:11-24). Jesusek aita maitekor honi buruz esandakoak Jehobaren sentimenduak hobeto ulertzen laguntzen digu. Bibliak Jehobari buruz honakoa ziurtatzen digu: «Nik ez dut atsegin gaiztoa hiltzea, jokabidez aldatu eta bizitzea baino» (Ez 33:11).

Kongregazioa familia bat bezalakoa da. Horregatik, norbait kanporatua denean, familia horren parte izateari uzten dio eta pertsona hori kongregazioaren falta somatzen hasi daiteke. Agian, bere bekatuaren ondorioak sufritzen hasten da, eta Jehoba eta anai-arreben laguna zeneko garaia zein zoriontsua zen gogoratzen du. Ondorioz, baliteke damutzea eta Jehobarengana itzultzeko nahia piztea.

Bekatari bat damutzeko maitasuna beharrezkoa da, baina baita tinko mantentzea ere. Dabidek esan zuen bezala: «Zuzenak joko banindu, maitasun leialaren ekintza izango litzateke; errieta egingo balit, nire buruan olioa bezala izango litzateke» (Sal 141:5NWT). Jar dezagun adibide bat. Pentsa dezagun neguko egun hotz batean mendira joaten den talde batean. Hauetako bat hipotermiaz sufritzen hasten da eta, ondorioz, logura sartzen zaio. Elurretan lokartuko balitz, hil egingo litzateke. Baina salbamendu taldea etorri bitartean, lagun batek noizbehinka zaplaztekoak ematen dizkio esna mantentzeko. Egia da zaplaztekoek mina eragin dezaketela, baina bere bizia salbatu dezakete. Era berean, Dabidek zuzenketa eskertu zuen, nahiz eta mingarria izan, bere onerako zela ulertu zuelako.

Kanporaketa bekatariak behar duen diziplina izan daiteke. Hamar bat urte beranduago, hasieran aipatutako Julianen semeak bere bizimodua garbitu eta kongregaziora bueltatu zen. Orain, adinduna da eta hurrengoa onartzen du: «Kanporaketak nire bizimoduaren ondorioei aurre egitera behartu ninduen. Diziplina hori behar nuen» (Heb 12:7-11).

KANPORATUA IZAN DENARI LAGUNTZEKO MODURIK ONENA

Egia da kanporaketa oso mingarria dela, baina bere helburua kanporatua izan dena Jehobarengana bueltatzea da. Denok lagundu dezakegu helburu hori betetzen.

Adindunek ahal duten guztia egiten dute damutu diren kanporatuak Jehobarengana itzultzeko.

Adindunak Jehobaren maitasuna erakusten saiatu behar dira pertsonari kanporatua izango dela jakinaraztean. Maitasunez, baina baita modu argian ere, kongregaziora itzultzeko pausoak zeintzuk diren azalduko diote. Gainera, bizimodua aldatzen ari dela erakusten duen pertsona bisitatzen dute noizbehinka, Jehobarengana bueltatzeko egin behar duena gogoraraziz. a

Familiak kongregazioari eta bekatu egin duenari maitasuna erakusten die adindunek hartutako erabakia errespetatzean. Julianek dio: «Oraindik nire semea maitatzen jarraitzen nuen, baina bere bizimoduak gure artean hesi bat altxatu zuen».

Kongregazio osoak maitasuna erakusten du kanporatua izan denarekin mota guztietako kontaktua saihestean (1 Ko 5:11; 2 Jn 10, 11). Era horretara, kongregazioko anai-arrebek, Jehobak adindunen bitartez emandako diziplinaren alde egitean, diziplina hau eraginkorragoa izatea lortzen dute. Honez gain, familia sufritzen ari denez, kongregazioak maitasun eta laguntza gehiago eman beharko lioke familiari. Azken batean, beraiek ez daude kanporatuta eta ez lirateke bakarrik sentitu behar (Erm 12:13, 15).

Julianek dio: «Kanporatzearen antolaketa beharrezkoa da, Jehobaren arauen arabera bizitzen laguntzen baikaitu. Mingarria izan arren, luzera begira emaitza onak dakartza. Nire semearekin elkartzen jarraitu izan banu, seguruenik ez zen Jehobarengana bueltatuko».

a Ikusi La Atalaya edo La Tour de Garde, 1991⁠ko apirilak 15, 21-23 orrialdeak.