Saltatu edukira

Datu guztiak al ditugu?

Datu guztiak al ditugu?

«Ergela eta lotsagarria da gai bati buruz datu guztiak entzun aurretik erantzutea» (ES 18:13NWT).

KANTAK: sn 43, sjj 95

1, 2. a) Zer gaitasun landu behar dugu, eta zergatik? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

 BENETAKO kristauok informazioa aztertu eta ondorio zuzenetara heltzeko gaitasuna landu behar dugu (Es 3:21-23; 8:4, 5). Hori egiten ez badugu, Satanasek eta bere munduak gure pentsaera aldatzeko arrisku handiagoan egongo gara (Ef 5:6; Kol 2:8). Noski, datu guztiak baditugu bakarrik iritsiko gara ondorio zuzenetara. Esaera Zaharrak 18:13⁠ak (NWT) dioen bezala, «ergela eta lotsagarria da gai bati buruz datu guztiak entzun aurretik erantzutea».

2 Artikulu honetan, datuak lortzeko eta ondorio egokietara heltzeko ditugun hainbat erronka aztertuko ditugu. Gainera, Biblia printzipio eta pasarte batzuk ikusiko ditugu. Hauek informazioa zehaztasunez aztertzeko dugun gaitasuna hobetzen lagunduko digute.

EZ SINETSI «ESATEN DEN GUZTIA»

3. Zergatik jarraitu behar dugu Esaera Zaharrak 14:15⁠eko Biblia printzipioa? (Ikusi hasierako irudia)

3 Gaur egun, informazioz josten gaituzte. Interneten, telebistan eta beste komunikabide batzuetan amaigabeak diruditen ideia pila bat zabaltzen dituzte. Jende askok lagun eta senideek intentzio onarekin bidalitako posta elektroniko, mezu eta berri mordoa jasotzen du. Bestalde, oso ohikoa da informazio okerra eta datu faltsuak nahita zabaltzea. Horregatik, kontuz ibili eta entzuten eta irakurtzen duguna adi-adi aztertu behar dugu. Zer Biblia printzipiok lagunduko digu? Esaera Zaharrak 14:15⁠ak dio: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak».

4. Nola laguntzen digu Filipoarrei 4:8, 9⁠ak irakurtzen duguna ondo aukeratzen, eta zergatik da beharrezkoa informazio zuzena izatea? (Ikusi « Datu guztiak izaten laguntzen diguten iturriak» taula ere).

4 Erabaki onak hartzeko datu fidagarriak behar ditugu. Beraz, kontu handiz aukeratu behar dugu irakurriko dugun informazioa (Irakurri Filipoarrei 4:8, 9). Ez genuke denborarik galdu behar Interneten berriak argitaratzen dituzten zalantzazko webguneetan, ezta posta elektronikoz edo mezuz heltzen zaigun oinarririk gabeko informazioa irakurtzen ere. Oso garrantzitsua da, bereziki, apostatek bultzatutako webguneak baztertzea. Izan ere, beraien helburua Jainkoaren zerbitzarien fedea suntsitzea eta egia faltsutzea da. Informazio kaltegarri guzti honek erabaki txarrak hartzera eramango gaitu. Sekula ez gutxietsi informazio faltsu honek gure buru-bihotzetan izan dezakeen eragina (1 Tm 6:20, 21).

5. Zer txosten faltsu entzun zuten israeldarrek, eta zer eragin izan zuen beraiengan?

5 Informazio faltsuan sinesteak oso ondorio txarrak ekarri ditzake. Adibidez, aztertu dezagun Moisesen garaian gertatu zena. Promestutako lurraldea ikertzera bidalitako 12 espioietatik 10⁠ek txosten txarra ekarri zuten (Zen 13:25-33). Gertatutakoa kontatzerakoan esajeratu egin zuten eta, ondorioz, Jehobaren herria erabat desanimatu zen (Zen 14:1-4). Zergatik? Espioien gehiengoak txosten txarra ekarri zuenez, kontatu zutena egia izango zela pentsatu zutelako agian. Ez zuten Josue eta Kaleb gizon fidagarrien txosten ona entzun nahi izan (Zen 14:6-10). Datu guztiak lortu eta Jehobarengan konfiantza izan beharrean, txosten txarrean sinestea aukeratu zuten. Hori bai ergelkeria!

6. Zergatik ez ginateke harritu behar Jehobaren herriaren aurka eskandaloa sortzen duen informazioa entzutean?

6 Kontu handia izan behar dugu bereziki Jehobaren herriari buruzko informazioa heltzen zaigunean. Ez dugu inoiz ahaztu behar Satanas Jainkoaren zerbitzari leialen salatzailea dela (Ap 12:10). Horregatik, Jesusek aurkariak gure kontra «gezurrez gaizki-esaka» ibiliko zirela ohartarazi zuen (Mt 5:11). Abisu hau serio hartzen badugu, ez gara harrituko Jehobaren herriaren aurka eskandaloa sortzen duen informazioa entzuten dugunean.

7. Mezuren bat bidali aurretik, zer hartu behar dugu kontuan?

7 Gustatzen al zaigu lagunei eta senideei mezuak bidaltzea? Berri interesgarri bat ikusi edo bizipen harrigarri bat entzuten dugunean, argitaratzen lehena izan nahi duen kazetaria bezalakoak al gara? Hala bada, informazio hori bidali aurretik hau galdetu beharko genioke geure buruari: «Ziur al nago bidaltzera noana egia dela? Datu guztiak al ditut?». Ziur ez bagaude, nahi gabe anai-arreben artean informazio faltsua zabaltzen ariko ginateke agian. Zalantza baduzu, ez zapaldu bidaltzeko botoia, ezabatu ezazu.

8. Zer egin dute aurkari batzuek lurralde batzuetan, eta nola ibili gaitezke haiekin elkarlanean konturatu gabe?

8 Mezuak azkarregi birbidaltzeak badu beste arrisku bat. Lurralde batzuetan gure lana mugatuta edo debekatuta dago. Lurralde horietako gure aurkariek beldurra sortarazteko eta gure artean dugun konfiantza hausteko informazioa zabaldu dezakete. Ikusi dezagun zer gertatu zen Sobietar Batasunean. KGB izenarekin ezaguna zen polizia sekretuak zurrumurruak zabaldu zituen. Oso ezagunak ziren hainbat anaiek Jehobaren herria saldu zutela esan zuen poliziak. Tamalez, askok informazio faltsu hori sinetsi zuten eta, ondorioz, Jehobaren erakundetik aldendu ziren. Beranduago, zorionez, batzuk itzuli egin ziren, baina beste batzuk ez ziren sekula bueltatu. Euren fedeak huts egin eta hondoa jo zuen (1 Tm 1:19). Zer egin dezakegu guri horrelakorik ez gertatzeko? Ez dugu informazio negatiboa edo oinarririk gabekoa zabaldu behar. Ez gaitezen inozoak edo sineskorrak izan. Ziurtatu datu guztiak ditugula.

DATU GUZTIAK EZ DITUEN INFORMAZIOA

9. Zer beste erronka egon daiteke informazio zehatza lortzeko garaian?

9 Ondorio zuzenetara heltzeko beste erronka bat berri batzuk ez direla guztiz egia edo ez dutela informazio guztia esaten da. Gogoratu, erdi-egia batek erabat engainatu gaitzake. Zer egin dezakegu horrelako berriek engainatu ez gaitzaten? (Ef 4:14).

10. Nola iritsi ziren israeldarrak euren artean ia-ia gerra bat hastera, eta nola lortu zen hori ez gertatzea?

10 Aztertu dezagun zer gertatu zen Josueren egunetan Jordan ibaiaren mendebaldean bizi ziren israeldarrekin (Jos 22:9-34). Ibaiaren ekialdean bizi ziren israeldarren inguruko txosten bat jaso zuten. Ruben eta Gaden leinukoek eta Manasesen leinu erdikoek aldare handi eta ikusgarri bat eraiki omen zuten ibaiaren ondoan. Txostenaren zati hori egia zen, baina ez zuen informazio guztia. Txosten horretan oinarrituta beraien anai-arrebak Jehobaren aurka errebelatu zirela ondorioztatu zuten. Beraz, mendebaldeko israeldarrak bildu eta ekialdekoak erasotzea erabaki zuten (Irakurri Josue 22:9-12). Zorionez, erasoa martxan jarri aurretik gizon fidagarri batzuk bidali zituzten datu guztiak lortzeko. Zer jakin zuten? Aldare hura ez zutela sakrifizioak eskaintzeko eraiki, oroigarri bezala baizik. Horrela, etorkizunean denek jakingo zuten Jehobaren zerbitzari leialak izan zirela. Zein eskertuta egongo ziren mendebaldeko israeldarrak datu guztiak lortzeaz ziurtatzeagatik eta horrela beraien anai-arrebak ez hiltzeagatik!

11. a) Nola bihurtu zen Mefi-Boxet injustiziaren biktima? b) Nola saihestu izan zezakeen Dabidek injustizia hura?

11 Gutako bakoitza ere injustiziaren biktima izan daiteke guri buruzko erdi-egia edo datu guztiak ez dituen informazio baten erruz. Aztertu dezagun Dabid erregearen eta Mefi-Boxeten artean gertatutakoa. Dabid eskuzabala izan zen Mefi-Boxetekin eta bere aitonaren, Saulen, lur guztiak itzuli zizkion (2 Sm 9:6, 7). Beranduago, hala ere, Dabidek Mefi-Boxeti buruzko txosten txar bat jaso zuen. Egia zen ziurtatu gabe, Mefi-Boxeti ondasun guztiak kendu zizkion (2 Sm 16:1-4). Azkenean Dabidek Mefi-Boxetekin hitz egin zuenean, bere errua onartu eta ondasunen zati bat itzuli zion (2 Sm 19:25-30, [19:24-29, NWT]). Dabid datu guztiak zituela ziurtatu izan balitz, ez zen injustizia hau gertatu izango.

12, 13. a) Zer egin zuen Jesusek berari buruzko salaketa faltsuen aurrean? b) Zer egin dezakegu norbaitek guri buruz egia ez den zerbait zabaltzen badu?

12 Eta, zer gertatzen da salaketa faltsu baten biktima bagara? Jesusi eta Joan bataiatzaileari horixe gertatu zitzaien (Irakurri Mateo 11:18, 19). Zer egin zuen Jesusek? Bere denbora eta indar guztia bere burua defendatzen erabili beharrean, jendeari bere ekintzetan eta irakaspenetan arreta jartzeko esan zion. Jesusek esan zuen bezala, «egiteek aitortzen dute […] jakinduria» (Mt 11:19).

13 Pasarte honetatik ikasgai baliotsu bat atera dezakegu. Batzuetan, agian norbait guri buruz gaizki esaka ibili edo gure izena zikintzen duten gauza injustuak esaten aritu daiteke. Zer egin dezakegu kasu horietan? Norbaitek guri buruzko gezurren bat zabaltzen badu, hoberena gezur hori inork sinetsiko ez duen moduan bizitzea da. Jesusen ereduan ikusten dugun bezala, bizimodu kristaua eramaten badugu, gure aurka esandako salaketa faltsuak gezurra direla erakutsiko dugu.

ZER IRITZI DUGU GEURE BURUARI BURUZ?

14, 15. Zergatik da arriskutsua geure buruan konfiantza handiegia izatea?

14 Ikusi dugun bezala, datu fidagarriak lortzea zaila izan daiteke. Bestalde, ondorio zuzenak lortzea zailtzen digun beste gauza bat gure inperfekzioa da. Agian, Jehoba leialki zerbitzatzen urte asko daramagu, eta pentsatzeko eta bereizteko gaitasuna landu ditugu. Agian, besteek gure zentzu onagatik asko errespetatzen gaituzte. Izan al daiteke hau tranpa bat guretzako?

15 Bai, geure buruan konfiantza handiegia badugu. Gure emozio eta ideiak gure pentsaera menperatzen hasi daitezke. Datu guztiak eduki ez arren, egoera bat ulertzen dugula pentsatzera iritsi gaitezke. Hori oso arriskutsua da! Bibliak argi dio: «Ez fio izan zeure adimenaz» (Es 3:5, 6; 28:26).

16. Ustezko egoera honetan, zer gertatzen da jatetxe batean, eta zer ondoriotara iristen da Mikel berehala?

16 Imajinatu dezagun hurrengo egoera. Mikel izeneko esperientzia handiko adindun bat jatetxe batean dago. Zur eta lur gelditzen da Jon, bere kongregazioko beste adindun bat, mahai batean bere emaztea ez den emakume batekin dagoela ikustean. Barrezka eta ondo pasatzen ari dira. Eta gainera, besarkada goxo bat ematen ikusten ditu. Geroz eta kezkatuago dago Mikel. Dibortziatu egingo al dira? Zer gertatuko da bere emaztearekin? Eta haurrekin? Tamalez, Mikelek antzeko egoerak ikusi izan ditu. Zer sentituko zenuke honelako egoera baten lekuko izango bazina?

17. Ustezko egoera honetan, zer jakiten du Mikelek beranduago, eta zer irakasten digu honek?

17 Baina itxaron. Mikelek berehala ondorioztatu du Jon bere emazteari desleial izaten ari zaiola. Baina, ba al ditu datu guztiak? Beranduago, Mikelek Joni telefonoz deitzen dio. Nolako lasaitua hartzen duen Mikelek emakume hori Jonen arreba dela jakiten duenean. Urteak dira elkar ikusi ez dutela. Ordu batzuk bakarrik pasako zituenez hirian, afaltzeko gelditu ziren eta Jonen emazteak ezin izan zuen joan. Zorionez, Mikelek ez du inorekin honi buruz hitz egin. Zer ikasten dugu? Jehobaren zerbitzuan zenbat denbora daramagun inporta gabe, ondorioak atera aurretik datu guztiak edukitzea oso garrantzitsua dela.

18. Zer gertatu daiteke anaia edo arrebaren batekin gaizki konpontzen bagara?

18 Anaia edo arrebaren batekin ez bagara ondo konpontzen, zailagoa egingo zaigu bera tartean dagoen egoeraren bat modu objetiboan ikustea. Gure arteko desberdintasunetan bakarrik jartzen badugu arreta, berarenganako mesfidantza izaten hasi gaitezke. Ondorioz, berari buruzko komentario negatibo bat entzuten dugunean, bitan pentsatu gabe sinetsi dezakegu. Zer ikasten dugu? Anaia edo arrebaren batekin erresuminduta egoteak ondorio okerrak ateratzera eraman gaitzakeela (1 Tm 6:4, 5). Hau ez gertatzeko, ez diegu inbidia eta jeloskortasunari gure bihotzean sartzen utzi behar. Gogoratu dezagun anai-arrebak maitatzera eta bihotzez barkatzera behartuta gaudela (Irakurri Kolosarrei 3:12-14).

BIBLIA PRINTZIPIOEK BABESTU EGINGO GAITUZTE

19, 20. a) Zer Biblia printzipiok lagunduko digute jasotzen dugun informazioarekin ondorio zuzenetara heltzen? b) Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

19 Artikulu honetan ikusi dugun bezala, ez da erraza egoera batean datu guztiak lortzea eta ondorio zuzenetara heltzea. Zergatik? Jasotzen dugun informazio askok ez dituelako datu guztiak, asko erdi-egiaz josita daudelako eta, gainera, inperfektuak garelako. Zerk lagunduko digu erronka honi aurre egiten? Biblia printzipioak ezagutu eta jarraitzeak. Printzipio horietako bat gai bati buruz datu guztiak entzun aurretik erantzutea ergela eta lotsagarria dela da (Es 18:13). Beste Biblia printzipio batek honakoa gogorarazten digu: Ez dugu entzuten dugun guztia sinetsi behar aurrez egia den ziurtatu gabe (Es 14:15). Eta azkenik, beste printzipio baten arabera, Jehoba zerbitzatzen zenbat denbora daramagun axola gabe, ez dugu geure buruan konfiantza handiegirik izan behar (Es 3:5, 6). Biblia printzipioek babestu egiten gaituzte. Izan ere, ondorio zuzenak eta erabaki onak hartzeko datu eta iturri fidagarriak bilatzen laguntzen digute.

20 Baina oraindik badago beste erronka bat. Zein? Itxuragatik epaitzeko joera. Hurrengo artikuluan honakoa ikusiko dugu: Zerk eraman gaitzake akats hori egitera? Eta zerk lagunduko digu akats hori egitea saihesten?