Saltatu edukira

Nola mantendu alkohola kontrolpean?

Nola mantendu alkohola kontrolpean?

Nola mantendu alkohola kontrolpean?

TONY izeneko gizon batek bere bizitzan arazo asko izan zituen gehiegi edaten zuela onartu nahi ez zuelako. Itxuraz, eragin handirik izan gabe asko edan zezakeenez, guztia kontrolpean zuela uste zuen. Zergatik zen okerra bere ikuspuntua?

Alkoholak gauzak argi ikusten uzten ez ziolako. Tony konturatu ala ez, bere garuna ez zen bere kondizio fisiko, mental eta emozionala ondo kontrolatzeko gai, alkoholaz gainezka zegoelako. Geroz eta gehiago edan, orduan eta gutxiago konturatzen zen alkoholak berarengan zuen eragin handian.

Ikuspuntu oker hori izatera eraman zuen beste arrazoi bat alkohola edateko zuen desira kontrolaezina zen. Allen izeneko gizon batek ere, hasiera batean, ez zuen onartzen alkoholarekin arazo bat zuenik. Berak esaten du: «Edaten nuela ezkutatzen nuen, eta aitzakiak jarriz, gehiegi edateari inportantzia kentzen nion. Nire helburu bakarra edaten jarraitzea zen». Besteek Tony eta Allen alkoholikoak zirela jakin arren, bi gizon hauek euren burua engainatzen zuten hau dena normala zela esanez. Zerbait egin behar zuten beraien edateko ohiturak kontrolatzeko. Baina, zer?

Aldaketak egiteko prest egon!

Gehiegi edateari utzi dioten pertsona askok Jesusen honako hitz hauek obedituz aldatzea lortu dute: «Horregatik, zure eskuineko begiak estropezu eginarazten badizu, gorputzetik atera eta urruti bota ezazu. Hobe duzu gorputzeko atal bat galtzea, eta ez zure gorputz osoa Gehennara jaurtia izatea» (Mateo 5:29NWT).

Jesusek ez zuen esan nahi gure gorputza torturatu behar dugunik. Horren ordez, Jehobarekin dugun adiskidetasuna kaltetu dezakeen edozer gauza baztertu egin behar dugula edo egiteari utzi behar diogula esan nahi zuen. Egia da aldaketa hauek egitea zaila izan daitekeela, baina alkoholaz abusatzera eraman gaitzaketen pentsamendu eta ekintzetatik babestuko gaitu. Beraz, beste batzuek alkohol gehiegi edaten duzula esaten badizute, gutxiago edateko pausoak eman. a Edaten duzuna kontrolatzeko gai ez bazara, alkohola zure bizitzatik kentzeko prest egon. Hau zaila eta mingarria izan arren, zure bizitza ez kaltetzen lagundu zaitzake.

Alkoholikoa ez izan arren, asko edaten duzula konturatu al zara? Hala bada, zer aholku praktiko jarraitu ditzakezu alkohola kontrolpean mantentzeko?

Non aurkitu laguntza

1. Sarritan eta bihotzez otoitz egin. Bibliak honako aholkua ematen die Jainkoaren nahia egin nahi dutenei: «Gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez. Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez» (Filipoarrei 4:6, 7). Zer eskatu behar duzu otoitzean barne bake hau lortzeko?

Zintzotasunez onartu alkoholarekin arazo bat duzula eta zuk zeuk egin behar dituzula aldaketak, ez beste inork. Kontatu Jehobari arazoari aurre egiteko egingo duzuna. Modu horretan, kontsolamendua bilatzeko eta arazo serioagoak saihesteko egiten dituzun esfortzuak bedeinkatuko ditu. «Bere hutsegiteak ezkutatzen dituenak ondoren txarra izango du, aitortu eta damutzen denak errukia lortuko» (Esaera Zaharrak 28:13). Jesusek, gainera, honela otoitz egiteko esan zigun: «Ez utzi gu tentaldian erortzen, eta gorde gaitzazu gaiztoarengandik» (Mateo 6:13). Otoitz egin ondoren, zer egin beharko zenuke? Non aurkitu ditzakezu zure otoitzen erantzunak?

2. Lortu indarrak Jainkoaren Hitzetik. «Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa, […] eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu» (Hebrearrei 4:12). Edale amorratuak ziren askori egunero Biblia irakurtzea eta honetan hausnartzea lagungarria izan zaie. Salmogileak esan zuenaren arabera, «zorionekoa gaiztoen egitasmoei jarraitzen ez diena, […] baizik eta Jaunaren hitza atsegin duena eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena! […] Egiten duen guztia ongi zaio ateratzen» (1. Salmoa 1-3).

Allen-i Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzeak gehiegi edatearen ohitura gainditzeko indarrak eman zizkion. Berak honela dio: «Ziur nago alkohola uzteko Biblia printzipioengatik izango ez balitz, orain hilda egongo nintzatekeela».

3. Landu autokontrola. Bibliaren arabera, kristau kongregazioan mozkor izandakoak «gure Jainkoaren Espirituaren bidez» garbituak izan ziren (1 Korintoarrei 6:9-11). Nola? Autokontrola lantzeak gehiegi edateari eta parrandan ibiltzeari uzten lagundu zien. Jainkoaren espiritu santuak ezaugarri hau lantzen laguntzen digu. «Ez mozkortu, ardotik nasaikeria [“neurrigabekeria”, NWT] baitator; aitzitik, bete zaitezte Espirituaz» (Efesoarrei 5:18; Galaziarrei 5:21-23). Jesu Kristok hau promestu zuen: «Zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango [die] eskatzen diotenei». Beraz, «eskatu, eta emango dizue Jainkoak» (Lukas 11:9, 13).

Jehoba poztu nahi dutenek autokontrola landu dezakete Biblia irakurriz eta aztertuz, eta sarritan bihotzez otoitz eginez. Desanimatu beharrean, Jainkoaren Hitzean aurkitzen dugun promes hau gogoratu dezagun: «Espiritua ereiten duenak, berriz, Espirituagandik betiko bizia bilduko du. Ez gaitezen, beraz, aspertu on egiten, zeren, etsitzen ez badugu, jasoko baitugu uzta bere garaian» (Galaziarrei 6:8, 9).

4. Aukeratu lagun onak. «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen» (Esaera Zaharrak 13:20). Esaiezu zure lagunei alkohol gehiegi ez edatea erabaki duzula. Neurrigabe edateari, kontrolik gabeko festatan aritzeari eta edateko festatan ibiltzeari uztean, lagun ohiak gaizki esaka hasiko zirela ohartarazi zuen Bibliak (1 Pedro 4:3, 4). Kasu hauetan, hoberena horrelako pertsonekin duzun adiskidetasuna moztea da.

5. Erabaki zenbat edango duzun. «Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina» (Erromatarrei 12:2). Mugak ezarri itzazu Biblia printzipioetan oinarrituz, eta ez mundu honek edo zure lagunek duten iritzietan. Hau egiten baduzu, Jainkoarentzat onargarria den bizimoduaz gozatuko duzu. Baina nola jakin dezakezu zure muga zein den?

Argi pentsatzen uzten ez dizun alkohol kantitatea hartzen baduzu, gehiegi da zuretzat. Horregatik, edatea erabakitzen baduzu, ez da zuhurra muga argirik ez jartzea. Muga altuegia jartzen baduzu, erraz mozkortu zaitezke. Onest izan zeure buruarekin eta ondo pentsatu zenbat edan beharko zenukeen. Erabaki zuretzat segurua den eta neurritsua den alkohol kantitatea, eta ez ezazu hori baino gehiago edan.

6. Ikasi ezetz esaten. «“Bai” esaten duzuenean “bai” izan dadila, eta “ez” esaten duzuenean, “ez”» (Mateo 5:37NWT). Nahiz eta intentzio onekin egin, alkohola behin eta berriz edatea eskaintzen badizute, errespetuz ezetz esaten jakin. «Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gatzduna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez» (Kolosarrei 4:6).

7. Bilatu laguntza. Bilatu Jehoba maite duten adiskideen laguntza, edaten duzuna kontrolpean mantentzeko zure erabakia errespetatuko dutelako eta laguntza espirituala eman ahal izango dizutelako. «Hobe, bi elkarrekin ari izatea bakarka baino, elkartze horretatik etekin hobea aterako baitute. Bietarik bat eroriko balitz, besteak jasoko luke» (Kohelet 4:9, 10; Santiago 5:14, 16). Estatu Batuetako Alkohol Abusuaren eta Alkoholismoaren Institutu Nazionalak honako aholkua ematen du: «Alkohol gutxiago edatea batzuetan zaila izan daiteke. Horregatik, familiari eta lagunei zure helburua betetzeko laguntza eskatu».

8. Tinko eutsi zure erabakiari. «Bete ezazue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen buruak engainatuz. Baina askatasuna ematen duen lege bikaina hausnartu eta horri tinko eusten diona –ez erraz ahazten duen entzule bezala, benetako betetzaile bezala baizik–, hori zoriontsu izango da legea betez» (Santiago 1:22, 25).

Menpekotasuna gainditzen

Egia da alkoholaz abusatzen duten guztiak ez direla alkoholiko bihurtzen. Baina gehiegi, edo askotan, edaten duten batzuk alkoholaren menpe egotera iristen dira. Alkoholaren menpekotasuna fisikoa eta psikologikoa denez, laguntza espirituala jasotzea eta norberaren ahaleginak agian ez dira nahikoak izango. Horregatik, ziurrenik laguntza profesionala beharko dute. Allen-ek honakoa dio: «Alkohola uzten saiatzen ari nintzenean, abstinentziak sortutako min fisikoa ikaragarria zen. Orduan konturatu nintzen laguntza espirituala jasotzeaz gain, tratamendu medikoa ere behar nuela».

Jehoba pozteagatik edateari uzten saiatzen diren askok medikuen laguntza behar izaten dute. b Batzuek ospitaleratuak izan behar dute abstinentzia sintoma larriei aurre egiteko edo edateko desio handia gutxitzearren medikazioa jasotzeko. Mirariak egiten zituen Jainkoaren Semeak honakoa esan zuen: «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik» (Markos 2:17).

Jehoba obeditzeko arrazoi onak daude

Bibliak alkoholari buruzko aholku onak ematen ditu. Hauek egiazko Jainkoarengandik datoz eta berak orain eta betirako zoriontsuak izatea nahi du. Allen-ek duela 24 urte alkohola edateari utzi zion eta honakoa esaten du: «Zoragarria zen desberdina izan nintekeela jakitea, Jehobak nire bizimodu okerra zuzentzen lagundu nahi zidala ezagutzea, eta berak…», dio Allen-ek, malkoei eutsiz, «ulertzen eta zaintzen nauela eta behar nuen laguntza eman zidala jakitea. Hori guztia harrigarria izan da».

Alkoholarekin arazoa baduzu, agian ezin zarela aldatu pentsatu dezakezu; baina ez ezazu amorerik eman. Allen eta beste asko, zu orain zauden egoera berean egon dira. Beraiek gutxiago edatea edo edateari uztea lortu dute eta ez dira ahalegin hori egiteaz damutu, eta zu ere ez zara damutuko.

Neurriz edatea edo alkoholik ez edatea erabakitzen baduzu, gogoratu Jainkoak maite zaituela eta honako promesa egiten dizula: «Ai nire aginduei arreta jarriko bazenie! Orduan, zure bakea ibai bat bezalakoa izango litzateke, eta zure justizia itsasoko olatuak bezalakoa» (Isaias 48:18NWT).

[Oin-oharrak]

b Tratamendu zentro, ospitale eta menpekotasuna sendatzeko programa askok laguntza eskaintzen dute. Aldizkari honek ez du tratamendu zehatzik gomendatzen. Norberak aukerak arretaz aztertu eta Biblia printzipioen kontra ez dagoen erabaki bat hartu beharko du.

[Taula]

 Kontrola galtzen ari al naiz?

Galdetu zeure buruari:

• Lehen baino alkohol gehiago edaten al dut?

• Lehen baino sarriago edaten al dut?

• Geroz eta alkohol gehiago duten edariak hartzen al ditut?

• Alkohola erabiltzen al dut estresari aurre egiteko edo arazoak ahazteko?

• Esan al dit lagun edo familia kide batek gehiegi edaten dudala?

• Edateak arazoak sortu al dizkit etxean, lanean edo bidaiatzean?

• Zaila egiten al zait aste batean alkoholik ez edatea?

• Deseroso sentitzen al naiz besteek ez edatea erabakitzen dutenean?

• Ezkutatzen al diet besteei edaten dudan alkohol kantitatea?

Galdera bati edo gehiagori baietz erantzun badiozu, ziurrenik edateko ohiturak aldatzeko pausoak eman beharko zenituzke.

[Taula]

Alkoholari buruz erabaki zuhurrak hartu

Alkohola edan aurretik, pentsatu honetan:

Gomendagarria al da niretzat alkohola edatea? Ala hobe da edaten ez badut?

Aholkua: Edatean mugarik jarri ezin baduzu, hobe duzu alkoholik ez edatea.

Zenbat edan beharko nuke?

Aholkua: Erabaki zenbat edango duzun alkoholak zure pentsatzeko gaitasunak kaltetu aurretik.

Noiz edan beharko nuke?

Aholkua: Ez edan gidatu edo zure arreta eskatzen duten ekintzak egin aurretik, jarduera erlijiosoetan parte hartu aurretik, haurdunaldian zehar, ezta zenbait medikazio hartzean ere.

Non edan beharko nuke?

Aholkua: Ez edan gomendagarriak ez diren tokietan, ezkutuan, ezta alkohola gaizki ikusten dutenen aurrean ere.

Norekin edan beharko nuke?

Aholkua: Zuregan eragin ona izan dezaketen lagun eta familia kideekin edan, eta ez alkoholarekin arazoak dituztenekin.

[Taula]

Alkoholiko batek laguntza aurkitzen du Jainkoaren Hitzean

Thailandiako Supot izeneko gizon bat edale amorratua zen. Hasieran, gauetan bakarrik edaten zuen, baina pixkanaka, goizetan edaten hasi zen, baita bazkalordutan ere. Askotan, mozkortzeko bakarrik edaten zuen. Baina gero, Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zen. Jehobak mozkorkeria ez duela onartzen ikasi zuenean, Supotek edateari utzi zion. Hala ere, denborarekin, edateko ohituran erori zen berriz. Bere familia lur jota geratu zen.

Hala ere, Supotek oraindik Jehoba maitatzen zuen eta modu egokian zerbitzatu nahi zuen. Supoten lagunek bera laguntzen jarraitu zuten eta familia berarekin denbora pasatzera eta galdutzat ez jotzera animatu zuten. Garai hartan, 1 Korintoarrei 6:10⁠eko hitz argi hauek Supoti egoeraren larritasuna ikusten lagundu zioten: «Mozkorrek [...] ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko». Edariarekin zuen arazoa gainditzeko esfortzu oso handia egin behar zuela konturatu zen.

Oraingoan, Supotek alkohola uzteko erabaki sendoa hartu zuen. Azkenean, Jainkoaren espiritu santuaren indarrarekin, Jainkoaren Hitzaren gidarekin, eta familia eta kongregazioaren laguntzarekin, Supot espiritualki sendotu zen eta alkohola edateko desira gainditu zuen. Jainkoari bere burua eskaini zionean eta bataiatu zenean, bere familia asko poztu zen. Orain, Supotek Jainkoarekin betidanik izan nahi zuen harreman estua du eta bere denbora besteei Jehobarengana gerturatzen laguntzeko erabiltzen du.