Saltatu edukira

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Zerk bultzatu zuen rastafari bat bere rastak moztera eta txurienganako aurreiritziak baztertzera? Zerk lagundu zion droga trafikatzaile batzuentzat lan egiten zuen gazte biolento bati bere bizimodua aldatzen? Ikus dezagun beraiek diotena.

«Aurreiritziak baztertu nituen» | HAFENI NGHAMA

ADINA: 34

JATORRIZKO HERRIALDEA: ZAMBIA

HISTORIA: RASTAFARIA

NIRE IRAGANA: Zambiako errefuxiatu esparru batean jaio nintzen. Gerra garaian, amak Namibiatik ihes egin zuen eta Hego-mendebaldeko Afrikako Herriaren Erakundean (SWAPO) afiliatu zen. Erakunde honen helburua, garai horretan Namibian agintzen ari zen Hego Afrikako erregimenaren aurka borrokatzea zen.

Nire lehen hamabost urteak hainbat errefuxiatu esparrutan igaro nituen. SWAPO esparruetako gazteei erakundean aurrea hartzeko prestatzen zitzaien. Erakunde honek gure askatasuna lortuko zuela pentsatzen genuen. Politikan doktrinatzen gintuzten eta pertsona txuriak gorrotatzen irakasten ziguten.

Hamaika urterekin, esparruko kristau elizan konfirmazioa egin nahi izan nuen. Eliza honetan, katolikoak, luteranoak eta anglikanoak biltzen ziren, besteak beste. Apaizak konfirmazioa ez egiteko esan zidan. Honek asko desanimatu ninduen eta ateo egin nintzen. Hamabost urte nituenean, reggae musika asko gustatzen zitzaidan eta Afrikako beltzen aurkako injustiziak amaitzea nahi nuenez, rastafari mugimenduan murgildu nintzen. Rastak utzi nituen, marihuana erretzen nuen, haragia jateari utzi nion eta beltzen askatasuna sutsuki defendatzen nuen. Hala ere, bizimodu moralgabea izaten, film biolentoak ikusten eta hitz itsusiak erabiltzen jarraitu nuen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: 1995⁠ean, hogei urte nituenean, nire bizitzarekin zer egin nahi nuen pentsatzen hasi nintzen serioski. Aurkitzen nituen rastafari argitalpen guztiak aztertzen nituen. Hauetako liburu batzuek Biblia aipatzen zuten, baina ez nuen ulertzen zer esan nahi zuten. Beraz, Biblia nire kabuz irakurtzea erabaki nuen.

Lagun rastafari batek Jehobaren lekukoek argitaratutako Biblia aztertzeko liburu bat eman zidan. Berehala, liburu hau Bibliarekin batera aztertzen hasi nintzen. Denborarekin, Jehobaren lekukoekin harremanetan jarri eta, beraien laguntzarekin, geroz eta gehiago ikasten joan nintzen. Baina beraiekin Biblia aztertzen hasi aurretik, aldaketa asko egitea erabaki nuen.

Esfortzu handiarekin, erretzeari eta mozkortzeari utzi nion (2 Korintoarrei 7:1). Nire itxura hobetu nuen, rastak moztu nituen, eta pornografia eta film biolentoak ikusteari eta hitz itsusiak erabiltzeari utzi nion (Efesoarrei 5:3, 4). Denborarekin, txurien aurkako aurreiritziak baztertu nituen (Eginak 10:34, 35). Hau lortzeko, arrazakeria bultzatzen zuen musika entzuteari utzi behar izan nion eta aurreko bizimoduarekin jarraitzera bultzatzen ninduten lagunak utzi behar izan nituen.

Aldaketa horiek egin ondoren, Jehobaren lekukoen bilera areto bat bilatu nuen eta Biblia ikastaro bat eskatu nuen. Jehobaren lekuko izateko bataiatzea erabaki nuenean, nire familiari ez zitzaion batere gustatu. Amak ez zuen ni Lekuko izaterik nahi; beste edozein erlijio kristau aukeratzeko, baina Lekuko ez izateko eskatu zidan. Gainera, gobernuko goi-mailako funtzionario zen osaba bat etengabe nire aurka gaizki esaka zebilen hartu nuen erabakiagatik.

Hala ere, Jesusen irakaspen eta eredutik asko ikasi nuen, eta irakaspen hauek praktikan jartzeak familiaren oposizioari eta burlei aurre egiten lagundu zidan. Lekukoek irakasten dutena Bibliak dioenarekin konparatzean, egiazko erlijioa aurkitu nuela argi ikusi nuen. Adibidez, Bibliak besteei predikatzeko esaten du eta Lekukoek halaxe egiten dute (Mateo 28:19, 20; Eginak 15:14). Gainera, ez dira politikan murgiltzen (146. Salmoa 3, 4; Joan 15:17, 18).

NIRE ONERAKO IZAN DA: Bibliaren arauak jarraitzea oso lagungarria izan da niretzat. Adibidez, orain ez ditut marihuanan hilero ehunka dolar gastatzen. Gainera, jada ez dut aluzinaziorik, eta nire osasun mental eta fisikoak hobera egin du.

Txikitatik nire bizitzari zentzua aurkitu nahi izan diot eta azkenean lortu dut. Baina, niretzat garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Jainkoarengandik inoiz baino gertuago sentitzen naizela da (Santiago 4:8).

«Nire jenio txarra kontrolatzen ikasi dut» | MARTINO PEDRETTI

ADINA: 43

JATORRIZKO HERRIALDEA: AUSTRALIA

HISTORIA: DROGA SALTZAILEA

NIRE IRAGANA: Haurra nintzela nire familia bizilekuz aldatu zen askotan. Hainbat herri txikitan, hiri handi batean eta, denbora batez, Australiako aborigenen artean ere bizi izan ginen. Lehengusu eta osabekin oroitzapen politak gordetzen ditut elkarrekin arrantzatzen, ehizatzen, eta bumeranak eta beste hainbat gauza egiten.

Aita boxeolaria zen eta txikitatik borroka egiten irakatsi zidan. Oso biolentoa nintzen eta nerabezaroan denbora asko pasatzen nuen tabernetan edaten. Kuadrillakooi liskarretan sartzea gustatzen zitzaigun. Labanak eta beisbol bateak erabiltzen genituen hogei pertsona edo gehiagoko taldeei eraso egiteko.

Dirua irabazteko, drogak saldu eta besteek lapurtutako gauzak saltzen nituen. Droga trafikatzaileentzat lan egiten nuen eta, suzko armak erabiliz, trafikatzaileen bezeroak euren zorrak ordaintzera behartzen nituen. Nire helburua hiltzailea izatea zen eta hurrengo leloa nuen: Besteak hil itzazu beraiek zu hil aurretik.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Gogoratzen dut txikitan Jehobaren lekukoei buruz entzun izana. Hogei urte inguru nituenean, amari Jehobaren lekukoei buruz galdetu nion eta bi egun beranduago, Dixon izeneko Lekuko batek gure atea jo zuen. Berarekin hitz egin ondoren, bileretara gonbidatu ninduen. Hau izan zen bileretara joan nintzen lehenengo aldia eta hogei urte beranduago bileretara joaten jarraitzen dut. Nituen galdera guztiak Bibliarekin erantzun zizkidaten.

Asko poztu ninduen jakiteak Jehoba gutako bakoitzaz arduratzen dela, baita gaizki jokatzen dutenez ere (2 Pedro 3:9). Nahiz eta pertsona guztiak nitaz ahaztu, Jehoba nitaz beti arduratuko den Aita maitekor bat dela ikasi nuen. Zein pozik jarri nintzen beharrezko aldaketak egiten banituen Jehobak nire bekatu guztiak barkatuko zizkidala jakiteaz. Efesoarrei 4:22-24⁠ko hitzek eragin handia izan zuten nigan. Bertan, «giza izaera zaharra» eranztera eta «giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua», janztera animatzen zaigu.

Denbora behar izan nuen nire bizimodua aldatzeko. Aste barru osoa drogarik hartu gabe pasa nezakeen, baina asteburua iristean, lagunekin egotean berriro ere kontsumitzen hasten nintzen. Nire bizimodua aldatu nahi banuen, lagunak utzi behar nituela konturatu nintzen. Beraz, beste estatu batera bizitzera joatea erabaki nuen. Lagun batzuek bidaia nirekin egitea eskatu zidaten eta onartu egin nuen. Baina, orduan, bidaian zehar marihuana erretzen hasi ziren eta niri ere eskaini zidaten. Marihuana uztea erabaki nuela esan nien eta bidaia beraiek gabe jarraitu nuen. Beranduago, lagun hauek, pistolak erabiliz, banku bat lapurtu zutela jakin nuen.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Lagun haiek utzi ondoren, aldaketak egitea askoz errazagoa egin zitzaidan. 1989⁠an Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen eta, horren ondoren, arreba eta gurasoak Jehoba zerbitzatzen hasi ziren.

Hamazazpi urte daramatzat ezkonduta eta hiru seme-alaba zoragarri ditut. Nire jenio txarra kontrolatzen ikasi dut, baita ni haserrearazten saiatzen direnean ere. Ez hori bakarrik, «nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea» maitatzen ere ikasi dut (Apokalipsia 7:9). Jesusen hurrengo hitzak egia direla ikusi dut: «Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete; horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte» (Joan 8:31, 32).

[Iruzkina]

Arrazakeria bultzatzen zuen musika entzuteari utzi behar izan nion.

[Iruzkina]

Kuadrillakooi liskarretan sartzea gustatzen zitzaigun. Labanak eta beisbol bateak erabiltzen genituen hogei pertsona edo gehiagoko taldeei eraso egiteko.