Saltatu edukira

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Zergatik utzi zion 60 urte baino gehiagoko emakume batek idoloak gurtzeari? Zerk bultzatu zuen apaiz sintoista bat santutegia utzi eta kristau egitera? Nola izan zen adoptatua izandako emakume bat abandonu sentimenduei aurre egiteko gai? Ikus dezagun zer esaten duten.

«Orain ez naiz idoloen esklabu» (ABA DANSOU).

JAIOTZE-URTEA: 1938

JATORRIZKO HERRIALDEA: BENIN

HISTORIA: IDOLO ADORATZAILEA

NIRE IRAGANA: So-Tchahoué izeneko herrixkan hazi nintzen, laku baten ondoan dagoen eremu zingiratsu batean. Herritarrak arrantzaleak dira eta behiak, ahuntzak, ardiak, txerriak eta txoriak ere hazten dituzte. Errepiderik ez dagoenez, jendeak txalupak eta kanoak erabiltzen ditu batetik bestera joateko. Etxeak normalean egur eta belarrez egiten dituzte eta, batzuetan, adreiluz. Nahiz eta jende gehiena behartsu izan, ez dago hirietan bezainbesteko deliturik.

Haurra nintzela, aitak nire ahizpa eta biok komentu batera bidali gintuen eta, han, fetitxismo erlijioso tradizionala irakatsi ziguten. Haztean, Dudua-ren adoratzaile bihurtu nintzen. Hau Joruba herriaren Oduduwa jainkoaren beste izen bat da. Santutegi txiki bat eraiki nion jainko honi eta sakrifizioak eskaintzen hasi nintzen: ñameak, palma-olioa, barakuiluak, oilaskoak, usoak eta beste animalia batzuk. Sakrifizio haiek garestiak ziren eta, askotan, nuen ia diru guztia erabiltzen nuen haietarako.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Biblia aztertzen hasi nintzenean, Jehoba benetako Jainko bakarra dela ikasi nuen, baita ez dituela adorazioan idoloak erabiltzea onartzen ere (Irteera 20:4, 5; 1 Korintoarrei 10:14). Egin behar nuenaz konturatu nintzen. Beraz, irudi guztiak bota nituen eta idoloen adorazioarekin zerikusia zuen guztia kendu nuen etxetik. Aztiengana jotzeari utzi nion eta ez nuen gehiago tribu eta hileta errituetan parte hartu.

Ez zen erraza izan niretzat 60 urte baino gehiagorekin horrelako aldaketak egitea. Familia, lagunak eta bizilagunak nire kontra jarri ziren eta iseka egiten zidaten. Baina Jehobari otoitz egin nion zuzena dena egiteko indar eske. Esaera Zaharrak 18:10⁠eko hitzek kontsolatu ninduten. Horrela diote: «Jaunaren izena, gotorleku sendo; bertara joan eta babesten da zintzoa».

Jehobaren lekukoen bileretara joateak ere asko lagundu zidan. Han, kristau maitasuna ikusi nuen eta Lekukoak Bibliako arau moralen arabera bizitzen saiatzen zirela ikusteak txunditu ninduen. Honek guztiak Jehobaren lekukoek benetako erlijioa praktikan jartzen dutela konbentzitu ninduen.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Biblia-printzipioak praktikan jartzeak seme-alabekin dudan harremana hobetzen lagundu dit. Gainera, zama handi bat kendu didatela sentitzen dut. Lehen, nuen guztia sekula lagundu ez zidaten idoloentzat erabiltzen nuen. Orain, ordea, Jehoba adoratzen dut eta badakit arazo guztiak betirako konponduko dituela (Apokalipsia 21:3, 4). Oso pozik nago dagoeneko ez naizelako idoloen esklabu; Jehobaren esklabu naiz! Berarekin seguru eta babestuta sentitzen naiz.

«Haurtzarotik Jainkoaren bila ibili nintzen» (SHINJI SATO).

JAIOTZE-URTEA: 1951

JATORRIZKO HERRIALDEA: JAPONIA

HISTORIA: APAIZ SINTOISTA

NIRE IRAGANA: Fukuokako prefekturako herri batean hazi nintzen. Nire gurasoak oso erlijiozaleak ziren eta haurtzarotik jainko sintoistak ohoratzen irakatsi zidaten. Gazte-gaztetatik, nire salbamenean pentsatzen nuen askotan eta arazoak zituztenei laguntzeko desira handia nuen. Behin, eskolan, irakasleak hazten ginenean zer izan nahi genuen galdetu zigun. Nire gelakideek argi zuten zer izan nahi zuten, adibidez, zientzialariak. Baina nire ametsa Jainkoa zerbitzatzea zela esan nuenean, guztiek barre egin zidaten.

Bigarren hezkuntza bukatu nuenean, erlijio irakasle izateko eskola batera joan nintzen. Han apaiz sintoista bat ezagutu nuen. Bere denbora librean azal beltzak zituen liburu bat irakurtzen zuen. Behin galdetu zidan: «Sato, ba al dakizu zer liburu den hau?». Liburuaren azala ikusita, erantzun nion: «Biblia». Orduan esan zidan: «Apaiz sintoista izan nahi duen edonork irakurri beharko luke liburu hau».

Berehala Biblia bat erostera joan nintzen. Apalean bista-bistan jarri nuen. Baina, ikasketekin oso lanpetuta nengoenez, ez nuen irakurtzeko astirik izan. Ikasketak bukatu nituenean, santutegi bateko apaiz sintoista egin nintzen. Nire haurtzaroko ametsa bete zen.

Baina, laster, apaiz sintoista izatea ez zela nik uste nuena ikusi nuen. Apaiz gehienak ez ziren besteez arduratzen. Askok federik ere ez zuten. Gainera, erlijioburuetako batek honela esan zidan: «Arrakasta izan nahi baduzu, gai filosofikoei buruz bakarrik hitz egin behar duzu; fedeaz hitz egitea debekatuta dago».

Hau guztia dela eta, sintoismoarekin dezepzionatuta geratu nintzen. Santutegian jarraitzen nuen arren, beste erlijio batzuk aztertzen hasi nintzen. Baina batek ere ez zuen ezer hoberik eskaintzen. Zenbat eta erlijio gehiago aztertu, orduan eta desanimatuago sentitzen nintzen. Bazirudien ez zegoela egia irakasten zuen erlijiorik.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: 1988⁠an Biblia irakurtzera animatu ninduen budista bat ezagutu nuen. Urteak lehenago gauza bera egiteko esan zidan apaiz sintoista gogoratu nuen. Beraz, aholku hori jarraitu nuen. Biblia irakurtzen hasi bezain laster, txundituta geratu nintzen. Batzuetan, gau osoa irakurtzen igarotzen nuen egunsentira arte.

Irakurri nuenak Bibliako Jainkoari otoitz egitera bultzatu ninduen. Mateo 6:9-13⁠ko otoitzarekin hasi nintzen. Bi orduro errepikatzen nuen, baita santutegiko lanetan ari nintzenean ere.

Irakurtzen ari nintzenari buruzko galdera asko nituen. Ordurako ezkonduta nengoen eta banekien Jehobaren lekukoek jendeari Bibliari buruz irakasten ziotela. Izan ere, aurretik nire emaztea bisitatu izan zuten. Lekuko batekin kontaktuan jarri nintzen eta galderaz josi nuen. Galdera bakoitza Biblia erabiliz erantzun zuela ikusteak harritu ninduen. Gero, anaia batekin biblia-ikastaro bat izan nezan arduratu zen.

Handik denbora gutxira, Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi nintzen. Ez nekien, baina Lekukoen artean bere garaian gaizki tratatu nituen batzuk zeuden. Hala ere, ongietorri bero bat eman zidaten eta oso atseginak izan ziren nirekin.

Bileretan, Jainkoak senarrak familiakideei maitasuna eta ohorea erakustea espero duela ikasi nuen. Ordura arte, nire apaiz-lanetan zeharo murgilduta nengoen eta emazte eta bi seme alabez ez nintzen erabat arduratzen. Santutegira etortzen zen jendeari arretaz entzuten nion; baina emazteari ez niola behin ere entzun konturatu nintzen.

Zenbat eta gehiago ikasi, Jehobarengandik orduan eta hurbilago sentitzen nintzen. Bertset askok hunkitu ninduten, besteak beste, ondorengo honek: «Jaunaren izenari hots egiten dion guztia, salbatua izango da» (Erromatarrei 10:13, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta). Haurtzarotik Jainkoaren bila ibili nintzen eta azkenik aurkitu nuen!

Lekuz kanpo sentitzen nintzen santutegian. Hasieran, sintoismoa uzten banuen, besteek pentsatuko zutenak kezkatzen ninduen. Baina beti neure buruari esan izan nion benetako Jainkoa beste toki batean aurkituko banu, sintoismoa utziko nuela. Beraz, 1989⁠ko udaberrian, nire kontzientziari jarraituz, santutegia utzi eta Jehobaren eskutan jarri nintzen.

Santutegia uztea ez zen batere erraza izan. Santutegiko erlijioburuek kritikatu eta geratzeko presionatu ninduten. Baina gogorrena gurasoei kontatzea izan zen. Euren etxera bidean, larritasunak barrena zapaltzen zidala eta hankak dardarka nituela sentitzen nuen. Bidean askotan gelditu behar izan nintzen Jehobari otoitz egin eta indarra eskatzeko.

Gurasoen etxera heltzean, hasiera batean ez nintzen gaia ateratzen ausartu eta orduak pasa nituen horrela. Azkenean, otoitz asko egin ondoren, guztia azaldu nion aitari. Benetako Jainkoa aurkitu nuela eta bera zerbitzatzeko sintoismoa utziko nuela esan nion. Nire aita zur eta lur eta triste geratu zen. Beste senide batzuk ere etxera etorri ziren ni iritziz aldarazteko asmoz. Ez nuen familia mindu nahi. Baina, aldi berean, banekien zuzenena Jehoba zerbitzatzea zela. Denborarekin, familiak nire erabakia errespetatu zuen.

Noski, santutegia uztea ez zen nahikoa; nire pentsaera ere aldatu behar nuen. Oso barneratuta nuen apaiz-bizitza. Ahazten saiatu nintzen arren, inguruan nuen guztiak nire aurreko bizitza gogorarazten zidan.

Zerk lagundu zidan oztopo hori gainditzen? Lehenik, sintoismoarekin lotutako etxeko gauza guztiak (liburuak, koadroak eta objektu garestiak) bildu eta erre nituen. Bigarrenik, Lekukoekin ahal nuen denbora guztia pasa nuen. Euren adiskidetasunari eta laguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka lehengo ohiturak ahaztu nituen.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Lehen ez nien arreta handirik ematen emazteari eta seme-alabei eta, horregatik, bakarrik sentitzen ziren. Baina Bibliak senarrentzat ematen dituen aholkuak jarraitzen hasi nintzenean, beraiekin denbora gehiago pasatzen hasi nintzen eta gure harremana estutu egin zen. Denborarekin, emaztea nirekin batera Jehoba zerbitzatzen hasi zen. Gaur egun familia osoak, gu biok, semeak, alabak eta bere senarrak, batera adoratzen dugu benetako Jainkoa.

Jainkoa zerbitzatzeko haurtzaroko ametsean eta besteei laguntzeko desiran pentsatzen dudanean, hori eta askoz ere gehiago lortu dudala konturatzen naiz. Ezin dut hitzez azaldu Jehobari diodan esker ona.

«Banekien zerbait falta zitzaidala» (LYNETTE HOUGHTING).

JAIOTZE-URTEA: 1958

JATORRIZKO HERRIALDEA: HEGOAFRIKA

HISTORIA: ABANDONU SENTIMENDUAK

NIRE IRAGANA: Erdi mailako familiaz osatutako meatze herri batean jaio nintzen, Germiston-en. Han ez zegoen delitu askorik. Nire gurasoek, ezingo nindutela zaindu pentsatuz, adopzioan utzi ninduten. 14 egun baino ez nituenean, bikote maitekor batek alabatzat hartu ninduen. Haiek nire benetako gurasoak zirela pentsatuz hazi nintzen. Baina, ez zirela jakitean, abandonu sentimenduak izaten hasi nintzen. Beraiekin ez nuela inongo loturarik eta ez nindutela benetan ulertzen iruditzen zitzaidan.

16 bat urterekin, dantza egiteko eta zuzeneko musika entzuteko tabernetara joaten hasi nintzen nire lagunekin. 17 urterekin erretzen hasi nintzen. Hezurretan zeuden tabako iragarkietako modeloak bezalakoa izan nahi nuen. 19 urte bete nituenean, Johannesburgera joan nintzen lan egitera. Laster, okerreko jendearekin ibiltzen hasi nintzen. Berehala hasi nintzen hitz itsusiak erabiltzen eta aste bukaeretan asko edaten eta erretzen.

Hala ere, ariketa fisiko asko egiten nuen. Squashera eta futbolera jokatzen nuen eta aerobic egiten nuen. Nire karrera profesionalean ere gogor lan egin nuen, informatikako industrian izen ona lortuz. Ondorioz, ekonomikoki eroso bizi nintzen eta askorentzat pertsona arrakastatsua nintzen. Baina, ez nintzen batere zoriontsu. Izan ere, galduta sentitzen nintzen eta desilusionatuta nengoen nire bizitzarekin. Barne-barnean, banekien zerbait falta zitzaidala.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Biblia aztertzen hasi nintzenean, Jehoba Jainko maitekorra dela ikasi nuen. Maitasun hori bere Hitza emanez ere erakutsi digula ikasi nuen. Gure pausoak gidatzeko idatzi digun gutun bat bezalakoa da Biblia (Isaias 48:17, 18). Jehobaren gida maitekorrari etekina ateratzeko aldaketa handiak egin behar nituela konturatu nintzen.

Hasteko, lagunak aldatu behar izan nituen. Esaera Zaharrak 13:20⁠an hausnartu nuen: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen». Beraz, printzipio hori jarraituz, nire lagunak zirenak atzean utzi nituen eta Jehobaren lekukoak ziren lagunak egin nituen.

Hala ere, erronkarik handiena erretzeari uztea izan zen. Adikzio horri aurre egiten ari nintzela, ia 14 kilo gizendu nintzen! Nire autoestimuarentzat kolpe gogorra izan zen hura eta 10 urte behar izan nituen irabazitako kilo horiek galtzeko. Baina banekien erretzeari uztea erabaki zuzenena zela. Jehobari otoitz egiten nion behin eta berriro eta berak eman zidan adikzio hori gainditzeko indarra.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Osasun hobea dut orain. Gainera, kontent nago. Dagoeneko ez nabil lan onak, maila sozialak eta aberastasunak dakarten zorion iheskorraren atzetik. Horren ordez, nire senarrarekin batera, Bibliako egiez besteei hitz egiteaz gozatzen dut. Ondorioz, hiru lankide ohiri lagundu diet Jehoba zerbitzatzen. Bestalde, nire adopzio gurasoei, hil aurretik, lurrean gertatuko den berpizkundeaz hitz egin ahal izan nien.

Jehobarengandik gertu egoteak abandonu sentimenduei aurre egiten lagundu dit. Mundu-mailako anaiarte baten parte sentitzen naiz. Orain ama, aita, anaia eta arreba asko ditut (Markos 10:29, 30).

[Irudia]

Jehobaren lekukoen artean kristau maitasuna ikusi dut

[Irudia]

Sintoismoa praktikatzen nuen santutegia