Bibliak bizitzak aldatzen ditu
ZERGATIK erabaki zuen poligamoa eta Jehobaren lekukoen aurkaria zen gizon batek Lekuko izatea? Zerk bultzatu zuen artzain mendekostear bat sinesmenez aldatzera? Zerk lagundu zion haurtzaro latza izan zuen eta sentimendu negatiboak zituen emakume bati Jehobarengana hurbiltzen? Zergatik egin zen Jehobaren lekuko heavy-metalaren zale sutsu bat? Irakurri itzazu ondorengo bizipenak.
«Orain senar hobea naiz» (RIGOBERT HOUETO).
JAIOTZE-URTEA: 1941
JATORRIZKO HERRIALDEA: BENIN
HISTORIA: POLIGAMOA ETA JEHOBAREN LEKUKOEN AURKARIA
NIRE IRAGANA:
Beningo Cotonou hirikoa naiz. Katolizismoan hezi ninduten arren, ez nintzen askotan elizara joaten. Garai hartan, poligamia legala zenez, katoliko askok emazte bat baino gehiago zuten. Ni ere lau emazterekin ezkondu nintzen.
1970ean iraultza hasi zenean, herrialdearen onerako izango zela pentsatu nuen. Beraz, honen alde jarri eta politikan murgildu nintzen. Iraultzaileei ez zitzaizkien Jehobaren lekukoak gustatzen politika kontuetan neutralak zirelako, eta nik ere pertsegitu egiten nituen. 1976an, herrialdetik misiolariak bota zituzten eta ziur nengoen ez zirela inoiz itzuliko.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Iraultza 1990ean amaitu zen eta zur eta lur gelditu nintzen Jehobaren lekukoen misiolariak itzuli zirela ikustean. Agian Jainkoa beraien alde zegoela pentsatzen hasi nintzen. Garai hartan, lana aldatu nuen eta nire lankide berrietako bat Jehobaren lekukoa zen. Denborarik galdu gabe, bere sinesmenei buruz hitz egiten hasi zitzaidan. Adibidez, Jehoba Jainko maitekor eta zuzena dela esaten duten Biblia bertset batzuk erakutsi zizkidan (Deuteronomioa 32:4; 1 Joan 4:8). Ezaugarri horiek asko erakarri ninduten. Beraz, Jehoba gehiago ezagutu nahi nuenez, biblia-ikastaroa onartu nuen.
Laster, Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi nintzen. Txundituta nengoen han ikusi nuen maitasun handiarekin. Bertan, ez zuten arraza edo klase sozialen artean bereizketarik egiten. Lekukoekin zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta argiago neukan Jesusen benetako jarraitzaileak zirela (Joan 13:35).
Jehoba zerbitzatu nahi banuen, eliza katolikoa utzi behar nuela konturatu nintzen. Hau ez zen pauso erraza, besteek esango zutenaren beldur nintzelako. Baina denborarekin eta Jehobaren laguntzarekin, eliza uzteko ausardia lortu nuen.
Hala ere, bazen egin behar nuen beste aldaketa handi bat. Biblian, Jainkoak ez duela poligamia onartzen ikasi nuen (Hasiera 2:18-24; Mateo 19:4-6). Bere begietara, nire lehen ezkontza bakarrik zen onargarria. Beraz, ezkontza hori legalki erregistratu nuen eta beste emazteei etxetik joateko eskatu nien. Noski, beraien behar materialez arduratzen jarraitu nuen. Denborarekin, nire emazte ohietako bi Lekuko egin ziren.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Nire emazteak katolikoa izaten jarraitzen duen arren, Jehoba zerbitzatzeko nire erabakia errespetatzen du. Bion arabera, orain senar hobea naiz.
Lehen, politikaren bidez gizartea hobetu nezakeela uste nuen, baina ez zen hala izan. Orain badakit Jainkoaren Erreinuak bakarrik konpondu ditzakela munduko arazoak (Mateo 6:9, 10). Asko eskertzen diot Jehobari bizitza zoriontsua izaten erakutsi didalako.
«Aldaketak egitea ez zen erraza izan» (ALEX LEMOS SILVA).
JAIOTZE-URTEA: 1977
JATORRIZKO HERRIALDEA: BRASIL
HISTORIA: ARTZAIN MENDEKOSTEARRA
NIRE IRAGANA:
São Paulo estatuko Itu hiriko auzo batean hazi nintzen. Gure auzoa delitu-tasa altua izateagatik ezaguna zen.
Oso biolentoa eta moralgabea nintzen eta, gainera, drogekin trafikatzen nuen. Denborarekin, bizimodu horrekin jarraitzen banuen, espetxean edo hilerrian amaituko nuela konturatu nintzen. Beraz, bizimodu hura utzi eta Eliza Mendekostearrekoa egin nintzen. Aurrerago, elizako artzain izatera iritsi nintzen.
Elizako artzain izanda, jendeari lagundu ahalko niola pentsatzen nuen. Irrati programa bat ere banuen, eta inguruan oso ezaguna nintzen. Baina pixkanaka-pixkanaka eliza ez zela jendeaz arduratzen konturatu nintzen, eta are gutxiago Jainkoaz. Elizaren helburu bakarra dirua biltzea zela iruditzen zitzaidan. Beraz, eliza uztea erabaki nuen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzenean, beste erlijioekin konparatuta oso desberdinak zirela konturatu nintzen. Bi gauzek txundituta utzi ninduten. Alde batetik, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu behar direla esateaz gain, maitasun hori erakutsi egiten zuten. Eta beste aldetik, ez ziren politikan sartzen, ezta gerrara joaten ere (Isaias 2:4). Bi gauza horiek erabat konbentzitu ninduten. Benetako erlijioa aurkitu nuen, bizira daraman bidea (Mateo 7:13, 14).
Jehoba pozteko aldaketa handiak egin behar nituela konturatu nintzen. Familia hobeto zaindu behar nuen eta apalagoa izan behar nintzen. Aldaketak egitea ez zen erraza izan, baina Jehobaren laguntzarekin lortu nuen. Nire emaztea aldaketekin harrituta zegoen. Ni baino lehenago hasi zen Biblia aztertzen, baina orain aurrerapausoak azkarrago egiten ari zen. Laster biok Jehobaren lekuko izan nahi genuela erabaki genuen, eta egun berean bataiatu ginen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Nire emazteak eta biok asko disfrutatzen dugu gure hiru seme-alabei Jehobaren lagunak izaten laguntzen. Familia zoriontsua gara. Asko eskertzen diot Jehobari bere Hitzean dagoen egiara erakarri izana. Bibliak jendearen bizitzak aldatzen ditu, eta ni horren froga argia naiz.
«Garbi, bizirik eta bakean sentitzen naiz» (VICTORIA TONG).
JAIOTZE-URTEA: 1957
JATORRIZKO HERRIALDEA: AUSTRALIA
HISTORIA: HAURTZARO LATZA
NIRE IRAGANA:
Newcastle-n hazi nintzen, Hegoaldeko Gales Berria. Zazpi anai-arrebetatik zaharrena naiz. Gure aita alkoholikoa eta bortitza zen. Eta ama ere bortitza zen gurekin. Amak jo egiten ninduen eta garrasi egiten zidan. Behin eta berriz gaiztoa nintzela eta infernura joango nintzela esaten zidan. Mehatxu horrek izugarri beldurtzen ninduen.
Askotan amak eskolara joaten uzten ez zidaten zauriak egiten zizkidan. 11 urte nituenean, agintariek gobernuko egoitza batera eraman ninduten eta beranduago komentu batera. 14 urterekin, komentutik ihes egin nuen; eta etxera itzuli nahi ez nuenez, Sydney-ko kaleetan bizitzen hasi nintzen.
Kaleetan bizi nintzen bitartean, drogak hartzen, alkohol gehiegi edaten, pornografia ikusten eta neure burua prostituitzen hasi nintzen. Behin, asko izutu ninduen zerbait gertatu zitzaidan. Gau-klub baten jabearen apartamentuan bizitzen ari nintzen. Gau batean, bi gizon etorri ziren. Klubaren jabeak logelara bidali ninduen, baina hiruren arteko elkarrizketa entzun ahal izan nuen. Bi gizon horiei saldu nahi ninduen. Itsasontzi batean ezkutatu eta Japoniara eramango ninduten taberna batean lan egiteko. Izuaren izuz, balkoitik salto egin eta korrika alde egin nuen laguntza bila.
Sydney bisitatzen ari zen gizon batekin topo egin nuen eta nire egoera azaldu nion, diru pixka bat emango zidala esperoz. Baina horren ordez, hostatu hartzen zuen tokira gonbidatu ninduen dutxatzeko eta zerbait jateko. Azkenean, berarekin gelditu nintzen eta handik urtebetera ezkondu egin ginen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzenean, sentimendu oso desberdinak izan nituen. Alde batetik, asko haserretu nintzen Satanas gaiztakeriaren sortzailea dela ikasi nuenean. Izan ere, beti irakatsi zidaten Jainkoa dela sufriarazten gaituena. Eta bestetik, lasaitasun handia hartu nuen Jainkoak ez duela jendea infernuan zigortzen jakin nuenean. Irakaspen horrek txikitatik beldurtu baitninduen.
Harrituta nengoen Jehobaren lekukoek beraien erabaki guztietan Biblia kontuan hartzen zutela ikustean. Beraien fedea bizitzen dute. Ez nintzen eraman onekoa, baina zer esan edo egiten nuen axola gabe, Lekukoek maitasunez eta errespetuz tratatzen ninduten.
Nire erronkarik handiena nituen sentimendu negatiboak gainditzea izan zen. Neure burua gorroto nuen, eta sentimendu horiek izaten jarraitu nuen bataiatu ondoren ere. Banekien Jehoba maite nuela baina, era berean, ziur nengoen berak ez zuela inoiz ni bezalako inor maitatuko.
Bataiatu eta 15 urtera dena aldatu zen. Bilera-aretoan hitzaldi batean hizlariak Santiago 1:23, 24 bertsetak aipatu zituen. Pasarte horretan, Jainkoaren hitza ispilu batekin konparatzen da. Ispilu horri esker, Jainkoak nola ikusten gaituen jakin dezakegu. Orduan neure buruari galdetzen hasi nintzaion: «Nik ikusten dudana eta Jehobak ikusten duena berdina ote da?». Hasieran, ez nuen sinetsi nahi Jehobak maitatu ahal ninduenik.
Egun batzuk beranduago, bizitza aldatu zidan aipu bat irakurri nuen. Isaias 1:18 zen eta bertan Jehobak dio: «Zatozte, erabaki dezagun auzia: zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira». Jehobak honakoa esaten zidala sentitu nuen: «Zatoz, Vicky, konpondu ditzagun bion arteko kontuak. Zu ezagutzen zaitut, baita zure bekatuak eta bihotza ere, eta maite zaitut».
Gau hartan ezin izan nuen lorik egin. Oraindik Jehobak maitatzen ninduen zalantzak nituen. Orduan, Jesusen eskaintzan pentsatzen hasi nintzen. Bat batean, Jehobak denbora askoz pazientzia handia erakutsi zidala konturatu nintzen. Modu askotan erakutsi zidan maite ninduela. Hala ere, berez, honakoa esaten ari nintzaion: «Zure maitasuna ez da niri laguntzeko nahikoa eta zure Semearen eskaintza ez da nire bekatuak barkatzeko nahikoa». Erreskatea baztertzen aritu nintzen! Baina, azkenik, Jehobaren opari honetan hausnartzean, maite ninduela sentitzen hasi nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Garbi, bizirik eta bakean sentitzen naiz. Nire ezkon-bizitza hobetu da eta oso pozik nago besteei nire bizipenekin lagundu ahal dietelako. Egunetik egunera Jehobarengandik hurbilago sentitzen naiz.
«Nire otoitzaren erantzuna zen» (SERGEY BOTANKIN).
JAIOTZE-URTEA: 1974
JATORRIZKO HERRIALDEA: ERRUSIA
HISTORIA: HEAVY-METALAREN ZALE SUTSUA
NIRE IRAGANA:
Votkinsk-en jaio nintzen, Txaikovsky musikagile ospetsua jaio zen hiri berean. Gure familia behartsua zen. Aitak ezaugarri politak zituen baina alkohol zalea zenez ez zegoen bakerik etxean.
Ez nintzen oso ikasle ona eta, urteak pasa ahala, sekula ez nintzela besteak bezain ona izango pentsatzen nuen. Bakarrik egotea nahiago nuen eta ez nuen besteengan konfiantzen. Eskolara joateak asko estresatzen ninduen. Aurkezpen bat egin behar nuenean, adibidez, ez nintzen gai ideia errazak ere azaltzeko. Derrigorrezko bigarren hezkuntzan nengoenean nire txostenean honako idatzi zuten: «Hiztegi urria du eta ez da gai pentsamenduak argi azaltzeko». Hitz horiek lur jota utzi ninduten eta oraindik gehiago sentitu nuen ez nuela ezertarako balio. Neure artean bizitzaren zentsuari buruz galdetzen hasi nintzen.
Adoleszente nintzenean, alkohola edaten hasi nintzen. Hasieran honek ondo sentiarazten ninduen, baina gehiegi edatean nire kontzientziak errudun sentiarazten ninduen. Nire bizitzak ez zuen zentzurik. Deprimituta sentitzen hasi nintzen eta batzuetan egunak pasatzen nituen etxetik atera gabe. Nire buruaz beste egitea ere pentsatu nuen.
Hogei urte nituenean denbora batez hobeto sentitu nintzen heavy metal musika entzuten hasi nintzelako. Musika honekin indartsu sentitzen nintzen eta musika bera entzuten zutenekin elkartu nahi nuen. Ondorioz, ilea luzatzen utzi nuen, belarriak zulatu nituen eta miresten nituen musikariak bezala janzten hasi nintzen. Pixkanaka, pertsona axolagabe eta agresibo bihurtu nintzen eta, askotan, familiarekin eztabaidak izaten nituen.
Heavy metal musika entzuteak zoriontsu egingo ninduela uste nuen, baina justu kontrakoa gertatu zen. Pertsona gaiztoagoa nintzen. Gainera gustatzen zitzaizkidan musikalariek oso gauza txarrak egin zituztela jakin nuenean, traizionatuta sentitu nintzen.
Berriro ere neure buruaz beste egitea pentsatu nuen. Baina oraingo honetan benetan zen. Geldiarazi ninduen gauza bakarra nire amak zenbat sufritu zuen pentsatzea izan zen. Asko maite ninduen eta niregatik gauza asko egin zituen. Egoera jasanezina zen. Ez nuen bizitzen jarraitu nahi, baina ezin nuen neure buruaz beste egin.
Hobeto sentitzeko Errusiako literatura klasikoa irakurtzen hasi nintzen. Horietako istorio batean, gizon batek eliza batean zerbitzatu zuen. Bat-batean, Jainkoaren eta jendearen alde zerbait egiteko desioa handia sentitu nuen. Orduan, ordura arte sekula egin ez nuen zerbait egin nuen: Jainkoari bihotz-bihotzez otoitz egin. Jainkoari bizitzari zentzua aurkitzen laguntzeko eskatu nion. Otoitz egiten ari nintzela, imajinatu ezin nuen lasaitasuna sentitu nuen. Oraindik harrigarriagoa izan zen gero gertatu zena. Bi ordu bakarrik pasa zirenean, Jehobaren lekuko batek atea jo eta biblia-ikastaro bat eskaini zidan. Nire ustez, nire otoitzaren erantzuna zen. Hau bizitza berri eta zoriontsu baten lehen eguna izan zen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Nahiz eta oso zaila izan, heavy metalarekin zerikusia zuen guztia bota nuen. Hala ere, musika hori bueltaka izan nuen buruan denbora askoz. Heavy metal musika jotzen ari ziren leku batetik pasatzen nintzen bakoitzean iraganean pentsatzen nuen. Ez nituen nahastu nahi oroitzapen txar horiek nire buru-bihotzean sartzen ari nintzen gauza onekin. Beraz, nahita saiatzen nintzen leku horietatik ez pasatzen. Gainera, iraganean pentsatzeko tentazioa nuen bakoitzean bihotz-bihotzez egiten nuen otoitz. Honi esker, «pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakea» sentitu ahal izan nuen (Filipoarrei 4:7).
Biblia aztertzen ari nintzela, kristauen eginbehar bat predikatzea zela ikasi nuen (Mateo 28:19, 20). Inoiz ez nintzela hori egiteko gai izango pentsatzen nuen. Aldi berean, ikasten ari nintzen gauza berriek zoriontasun handia eta bakea sortzen zidaten. Banekien besteek ere egia hauek ikasteko beharra zutela. Nahiz eta beldurra sentitu, besteei ikasten ari nintzenari buruz hitz egiten hasi nintzen. Nire sorpresarako, besteekin Bibliari buruz hitz egitean nire autoestimua igo zen. Gainera, Bibliak dioenean fede handiagoa izaten lagundu zidan.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Orain ezkontza-bizitza zoriontsua dut. Poztasun handia sentitu dut besteei Bibliari buruz irakasten, baita nire arreba eta amari ere. Jainkoa zerbitzatzea eta besteei berari buruz irakasteak benetako zentzua eman dio nire bizitzari.