Bibliak bizitzak aldatzen ditu
Bibliak bizitzak aldatzen ditu
NOLA aurkitu zuen biziaren zentzua zoritxarreko haurtzaroa izan zuen emakume gazte batek? Nola bihurtu zen errebelde politikoa eta biolentoa zen gizon bat berri onen zabaltzaile? Erantzuna jakiteko, irakurri beraien bizipenak.
«Maitasuna eta goxotasuna sentitzeko irrikan nengoen» (INNA LEZHNINA).
JAIOTZE-URTEA: 1981
JATORRIZKO HERRIALDEA: ERRUSIA
HISTORIA: ZORITXARREKO HAURTZAROA
NIRE IRAGANA: Gurasoak gorrak ziren eta ni ere gor jaio nintzen. Nire bizitzako lehen sei urteak oso zoriontsuak izan ziren. Baina, orduan, gurasoak dibortziatu egin ziren. Nahiz eta oso txikia izan, dibortzioak zer esan nahi zuen ulertu nuen eta horrek asko mindu ninduen. Dibortzioa eta gero, aita eta anaia zaharrena Troitsk-en gelditu ziren eta ama eta biok Chelyabinsk-era joan ginen bizitzera. Denborarekin, ama berriro ezkondu zen. Aitaordea alkoholikoa zen eta askotan ama eta biok jotzen gintuen.
1993an, aitarekin bizitzera joan zen anaia kuttuna ito egin zen. Istripu hura shock handia izan zen familia osoarentzat. Ama edaten hasi zen eta berarengandik ere tratu txarrak jaso nituen. Bizitza hobe baten bila hasi nintzen eta maitasuna eta goxotasuna sentitzeko irrikan nengoen. Horregatik, eliza desberdinetara joan nintzen kontsolamendu bila, baina ez nuen inon ere aurkitu.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: 13 urte nituenean, Jehobaren lekukoa zen gelakide batek Bibliako pasarte batzuei buruz hitz egin zidan. Noe eta Job bezalako biblia-pertsonaiei buruz ikasteaz asko disfrutatu nuen. Nahiz eta zailtasunak izan, beraiek Jainkoa zerbitzatzen jarraitu zuten. Laster, Lekukoekin Biblia aztertzen eta beraien bileretara joaten hasi nintzen.
Biblia aztertzen hasi nintzenean, egia zoragarriak ikasi nituen. Jainkoak izena duela jakiteak asko hunkitu ninduen (83. Salmoa 18, NWT). Txundituta gelditu nintzen Bibliak «azken egunetan» zehatz-mehatz zer egoera egongo zen aurresan zuela jakitean (2 Timoteori 3:1-5). Asko emozionatu ninduen berpizkundeari buruz ikasteak. Pentsa, anaia berriro ikusiko dut! (Joan 5:28, 29).
Hala ere, guztiek ez zuten nire poztasuna konpartitzen. Ama eta aitaordeari ez zitzaizkienez Jehobaren lekukoak gustatzen, nik Biblia aztertzen uzteko ahalegin handiak egin zituzten. Baina asko gustatzen zitzaidan ikasten ari nintzena eta ez nengoen amore emateko prest.
Ez zen erraza izan familiaren oposizioari aurre egitea. Gainera, beste zorigaitz bat gertatu zitzaidan. Nirekin bileretara etortzen zen nire anaia gazteena ere ito egin zen. Baina Lekukoak beti egon ziren nire ondoan. Beraiekin aurkitu nuen bizitza osoan zehar bila ibili nintzen maitasun eta goxotasuna. Banekien hau zela egiazko erlijioa eta 1996an Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA: Sei urte daramatzat Dmitry izeneko gizon zoragarri batekin ezkonduta. Biok batera Jehobaren lekukoen San Petersburgoko sukurtsalean zerbitzatzen dugu. Denborarekin, gurasoek nire sinesmenekiko zuten jarrera hobetu egin zen.
Oso eskertuta nago Jehoba ezagutzeagatik! Bera zerbitzatzeak nire bizitzari benetako zentzua eman dio.
«Galdera askok kezkatzen ninduten» (RAUDEL RODRÍGUEZ RODRÍGUEZ).
JAIOTZE-URTEA: 1959
JATORRIZKO HERRIALDEA: KUBA
HISTORIA: ERREBELDE POLITIKOA
NIRE IRAGANA: Habanan (Kuba) jaio nintzen eta oso behartsua zen auzo batean hazi nintzen. Bertan, kaleko borrokak oso ohikoak izaten ziren. Hazten joan nintzen heinean, judo eta beste borroka kiroletara zaletu nintzen.
Ikasle ona nintzenez, gurasoek unibertsitatera joatera animatu ninduten. Bertan, nire herrialdeko sistema politikoak aldaketak behar zituela pentsatzen hasi nintzen, eta horregatik, honen aurka altxatzea erabaki nuen. Gelakide batek eta biok polizia bat eraso genuen bere pistola kendu nahian. Erasoaren ondorioz, zauri larriak eragin genizkion buruan. Eraso honengatik, kartzelara eraman gintuzten eta fusilatuak izatera epaitu gintuzten. 20 urte baino ez nituen eta dagoeneko hiltzear nengoen!
Nire zeldaren bakardadean, exekuzio-pelotoiaren aurrean nola jokatuko nuen pentsatzen hasi nintzen. Ez nuen inolako beldurrik erakutsi nahi. Baina aldi berean, galdera askok kezkatzen ninduten: Zergatik dago horrenbeste injustizia munduan? Bizitza hau al da dagoen guztia?
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Heriotza zigorra kartzelan 30 urte egotearekin aldatu ziguten. Momentu horretan ezagutu nituen Jehobaren lekuko batzuk. Lekukoak beraien sinesmenengatik zeuden kartzelatuak. Txundituta nengoen Lekukoen jarrera ausarta eta baketsuarengatik. Nahiz eta kartzelan egotea ez zuten merezi, ez zeuden haserre, ezta saminduta ere.
Lekukoek Jainkoak gizadiarentzat helburu bat duela irakatsi zidaten. Biblia erabiliz, Jainkoak Lurra paradisu bihurtuko duela erakutsi zidaten, delitu eta injustiziarik gabe. Gainera, Lurra pertsona onez beteta egongo dela eta hauek egoera ezin hobean betirako biziko direla ikasi nuen (37. Salmoa 29).
Asko gustatzen zitzaidan Lekukoekin ikasten ari nintzena, baina nire izaera, beraienarekin konparatuta, oso desberdina zen. Politikan neutrala izatea edo beste masaila eskaintzea ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Beraz, Biblia nire kabuz irakurtzea erabaki nuen. Biblia irakurtzen bukatu nuenean, Jehobaren lekukoak lehen mendeko kristauen jarrera bera duten bakarrak direla konturatu nintzen.
Biblia aztertzean, nire bizitzan aldaketa handiak egin behar nituela konturatu nintzen. Adibidez, nire hizkera aldatu behar nuen, hitz itsusiak erabiltzeko ohitura nuelako. Erretzeari ere utzi behar nion eta politikan neutrala izan behar nuen. Aldaketa hauek egitea ez zen batere erraza izan, baina Jehobaren laguntzarekin, pixkanaka lortu nuen.
Aldaketa zailenetariko bat nire jenio txarra kontrolatzea izan zen. Oraindik ere Jehobari autokontrola izateko eskatzen diot otoitzean. Bibliako aipu batzuek asko lagundu didate, adibidez, Esaera Zaharrak 16:32ak: «Hobe eroapena adorea baino, nor bere buruaren jabe izatea hiriak menderatzea baino».
1991n, Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen. Urez betetako kupel batean bataiatu ninduten kartzelan. Hurrengo urtean, preso batzuk askatuak izan ginen eta Espainiara bidali gintuzten bertan familia genuelako. Espainiara iritsi eta segituan, Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi nintzen. Lekukoek ongi etorri beroa eman zidaten eta urtetan ezagutuko banindute bezala sentiarazi ninduten. Beraiek bizimodu berria hasten lagundu zidaten.
NIRE ONERAKO IZAN DA: Orain gizon zoriontsua naiz eta Jainkoa zerbitzatzen dut nire emaztea eta alabekin batera. Nire denbora gehiena besteei Bibliari buruz irakasten igarotzen dut. Batzuetan atzera begiratu eta hiltzear zegoen gazte hura etortzen zait burura. Hortaz, asko eskertzen dut orain dudan guztia. Bizirik egoteaz gain, itxaropena dut. Paradisuan egoteko desiratzen nago. Bertan, justiziak garaituko du eta «ez da gehiago heriotzarik izango» (Apokalipsia 21:3, 4).
[Iruzkina]
«Jainkoak izena duela jakiteak asko hunkitu ninduen»
[Irudia]
Senarra eta biok zeinu-hizkuntzako argitalpenak partekatzeaz gozatzen dugu