Bibliak bizitzak aldatzen ditu
Bibliak bizitzak aldatzen ditu
ZER izan zen Eskoziako enpresari batentzat bere karrera profesional arrakastatsua baino baliotsuagoa? Zerk lagundu zion Brasilgo gizon bati bizimodu moralgabea eta kokaina uzten? Nola gainditu ahal izan zuen Esloveniako gazte batek gehiegi edateko ohitura? Irakurri beraiek esaten dutena.
«Nire bizitzak paregabea zirudien» | JOHN RICKETTS
JAIOTZE-URTEA: 1958
JATORRIZKO HERRIALDEA: ESKOZIA
HISTORIA: ENPRESARI ARRAKASTATSUA
NIRE IRAGANA: Familia dirudun batean hazi nintzen. Nire aita Britainiako armadako ofiziala zenez, hainbat tokitan bizi izan ginen, adibidez, Eskozian, Ingalaterran, Alemanian, Kenyan, Malaysian, Irlandan eta Zipren. Zortzi urte nituenetik, Eskoziako hainbat barnetegitan egon nintzen eta, denborarekin, Cambridge unibertsitatean graduatu nintzen.
Hogei urte bete nituenetik hasita, petrolio industrian zortzi urtez lan egin nuen. Hasiera batean Hego Amerikan, beranduago Afrikan eta azkenik Australia Mendebaldean. Australian inbertsio konpainia bat sortu nuen, eta denborarekin, saldu egin nuen.
Salmenta horretatik irabazitako diruari esker, 40 urterekin jubilatu nintzen. Denbora librea bidaiatzeko erabili nuen. Australia bitan motorrez egiteaz gain, mundu osotik bidaiatu nuen. Nire bizitzak paregabea zirudien.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Erretiratu aurretik ere, nire bizitza paregabeagatik Jainkoari nolabait eskertzeko beharra sentitzen nuen. Txikitatik ezagutzen nuen Eliza Anglikanora berriro joaten hasi nintzen, baina elizak ez zuen Biblia gehiegi irakasten. Gero, mormoiekin ikasten hasi nintzen. Baina interesa galdu nuen beraien irakaspenak ez zirelako Biblian oinarritzen.
Behin, Jehobaren lekukoek atea jo zuten. Segituan ikusi nuen beraien irakaspenak Biblian guztiz oinarrituta zeudela. Irakurri zidaten aipuetariko bat 1 Timoteori 2:3, 4 izan zen. Jainkoak «gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera [“ezaguera zehatza izatera”, NWT] hel daitezen nahi» duela dio aipu honek. Harrituta gelditu nintzen Lekukoek ez ziotelako Bibliaren ezaguerari bakarrik garrantzia ematen, Bibliaren ezaguera zehatza izateari baizik.
Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi eta ezaguera zehatz hori lortzen lagundu zidaten. Adibidez, Jainkoa eta Jesus bi izaki desberdin direla eta, beraz, ez direla trinitate misteriotsu baten parte ikasi nuen (Joan 14:28; 1 Korintoarrei 11:3). Doktrina ulertezin hura ulertzen saiatzen denbora asko galdu nuen. Egia askoz ere errazagoa dela konturatu nintzen.
Laster, Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi nintzen. Harrituta nengoen guztiak atseginak eta arau moral garbiko pertsonak zirelako. Perfektuak ziruditen. Beraien maitasun zintzoak egiazko erlijioa aurkitu nuela konbentzitu ninduen (Joan 13:35).
NIRE ONERAKO IZAN DA: Bataiatu eta gero, Diane izeneko emakume zoragarri bat ezagutu nuen. Jehobaren lekuko ziren familia batean hazi zen eta ezaugarri erakargarri asko zituen. Denborarekin, ezkondu egin ginen. Dianen adiskidetasuna eta laguntza Jehobaren bedeinkapenak izan dira.
Diane eta biok predikatzeko behar handiagoa zegoen toki batera joateko desioa genuen. 2010ean, Belizera (Erdialdeko Amerika) joan ginen. Bertan, Jainkoa maite zuten eta Biblia ezagutzeko irrikan zeudenei predikatu ahal izan genien.
Jainkoa eta bere Hitzaren egia ezagutzeak barneko bakea eman dit. Denbora osoz predikatzean, askori Biblia irakasteaz gozatu dut. Poza handia sentitzen dut Bibliak askoren bizitzak, nirea barne, aldatu dituela ikustean. Azkenean, nire bizitza zoragarriagatik Jainkoari eskertzeko modurik hoberena aurkitu dut.
«Oso atseginak izan ziren nirekin» | MAURÍCIO ARAÚJO
JAIOTZE-URTEA: 1967
JATORRIZKO HERRIALDEA: BRASIL
HISTORIA: BIZIMODU MORALGABEA
NIRE IRAGANA: Avaré-n, São Paulo estatuko herri txiki batean hazi nintzen. Bertan bizi ziren gehiengoak langile klaseko familiak ziren.
Aita ni jaio baino lehen hil egin zen. Txikitan, ama etxetik kanpo zegoenean, bere arropa janzten nuen. Emakumeen keinuak imitatzen hasi nintzen eta jendeak gay bezala ikusten hasi ninduen. Denborarekin, mutil gazte eta gizon helduekin sexua izaten hasi nintzen.
Nerabezaroko azken urteetara iritsi nintzenerako, taberna, klub eta elizetara ere joateko ohitura nuen nirekin sexu harremanak izan nahi zituzten gizon eta emakumeren bila. Inauterietan emakumez janzten nintzen eta sanba eskoletako desfileetan dantzatzen nuen. Oso ezaguna nintzen.
Nire lagunen artean gay-ak, prostitutak eta drogazaleak zeuden. Hauetariko batzuek cracka erretzera bultzatu ninduten eta laster drogen menpe erori nintzen. Batzuetan gau osoan zehar erretzen genuen. Beste batzuetan, egun osoa bakarrik eta erretzen pasatzen nuen. Asko argaldu nintzenean, HIES-a nuen zurrumurrua zabaldu zen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Garai hartan Jehobaren lekukoak ezagutu nituen. Oso atseginak izan ziren nirekin. Bibliako hurrengo hitzak irakurri zizkidaten: «Zeren Jaunaren [“Jehobaren”, NWT] izenari hots egiten dion guztia, salbatua izango da» (Erromatarrei 10:13, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta). Era honetara, Jehobaren izena erabiltzearen garrantziaz konturatu nintzen. Askotan, gau osoan zehar cracka erre eta gero, leihoak ireki, zerura begiratu eta Jehobari malkotan otoitz egiten nion laguntza eske.
Ama oso larrituta zegoen nire bizitza drogekin zeharo kaltetzen ari nintzelako. Beraz, drogak uztea erabaki nuen. Denbora gutxira, Lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzen. Beraiek Biblia aztertzeak drogak uzteko indarrak emango zizkidala ziurtatu ninduten; eta hala izan zen!
Biblia aztertzen nindoan heinean, nire bizimodua aldatu behar nuela konturatu nintzen. Bereziki praktika homosexualak baztertzea zaila izan zen niretzat, gogoratzen dudanetik, hauek nire bizitzaren parte izan zirelako. Lagundu zidan zerbait nire lagunak zirenak uztea, eta taberna eta klubetara ez joatea izan zen.
Aldaketa horiek egitea ez zen batere erraza izan. Baina Jehoba nitaz arduratzen zela eta nire barne borrokak ulertzen zituela jakiteak asko kontsolatu ninduen (1 Joan 3:19, 20). 2002rako, praktika homosexualak guztiz baztertu nituen eta, urte hartan bertan, Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA: Ama zeharo harrituta geratu zen nik egindako aldaketak ikusteaz. Beraz, bera ere Biblia aztertzen hasi zen. Tamalez, garuneko infartu bat izan zuen. Hala ere, Jehobarengan eta Bibliarengan duen maitasuna handitzen jarraitu du.
Azken zortzi urte hauetan, denbora osoko zerbitzuan ibili naiz besteei Biblia irakasten. Onartu beharra dut, batzuetan, desio txarrak izaten ditudala. Baina, hauei aurre egitean Jehoba pozten dudala jakiteak indarrak ematen dizkit.
Neure buruarekin gustura nago Jehobarengana gerturatu naizelako eta bera pozten duen bizimodua eramaten dudalako. Orain bai esan dezakedala gizon zoriontsua naizela.
«Hondorik gabeko kupela nintzen» | LUKA ŠUC
JAIOTZE-URTEA: 1975
JATORRIZKO HERRIALDEA: ESLOVENIA
HISTORIA: ALKOHOLAZ ABUSATZEN ZUEN
NIRE IRAGANA: Ljubljana-n, Esloveniako hiriburuan jaio nintzen. Haurtzaro zoriontsua izan nuen lau urte bete nituen arte. Orduan, nire aita suizidatu egin zen. Zorigaitz honen ondoren, amak gogor lan egin behar izan zuen anaia eta biok aurrera ateratzeko.
Hamabost urterekin, amonarekin bizitzera joan nintzen. Asko gustatzen zitzaidan berarekin bizitzea, lagun gehienak auzo berean bizi zirelako. Gainera, amonarekin etxean baino askatasun gehiago nuen. Hamasei urterekin, aste bukaeretan edatera joaten zirenekin elkartzen hasi nintzen. Ile luzea utzi nuen, nire janzkera errebelde itxurakoa zen eta, denborarekin, erretzen hasi nintzen.
Hainbat droga mota probatu nituen arren, gehien erakartzen ninduenak edatea zen. Laster, ardo kopa gutxi batzuk edatetik botila oso bat baino gehiago edatera iritsi nintzen. Inor konturatu gabe mozkortzen nintzen eta horretan aditu bihurtu nintzen. Batzuetan, nire arnasaren usainagatik bakarrik konturatzen ziren edaten egon nintzela. Hala ere, inork ezin zuen imajinatu ere egin hainbat eta hainbat litro ardo edo garagardo vodkarekin nahastuta edaten nituenik!
Askotan, diskotekan gau osoa pasa eta gero, ni izaten nintzen lagunak tente mantentzen laguntzen nituena, nahiz eta beraiek baino bi aldiz gehiago edan. Behin, lagun bat hondorik gabeko kupela nintzela esaten entzun nuen. Honek asko mindu ninduen, Eslovenian mespretxuz esaten den esamolde hau asko edaten dutenak deskribatzeko erabiltzen delako.
Ondorioz, nire bizitzarekin egiten ari nintzenari buruz pentsatzen hasi nintzen. Ez nuela ezertarako balio uste nuen. Egiten nuen ezerk zentzurik ez zuela sentitzen nuen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Garai hartan, gelakide bat atseginagoa bihurtu zela konturatu nintzen. Zergatik aldatu zen jakin nahian, kafetegi batera gonbidatu nuen. Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zela esan zidan eta ikasitako gauza batzuk kontatu zizkidan. Hauek guztiz berriak ziren niretzat, erlijioarekin ez nuelako inongo loturarik. Lekukoen bileretara joaten eta beraiekin Biblia aztertzen hasi nintzen.
Biblian egia boteretsu asko ikasi nituen eta honek nire bizimodua aldatu nahi izatera bultzatu ninduen. Adibidez, orain «azken egunetan» bizi garela ikasi nuen (2 Timoteori 3:1-5). Gainera, Jainkoak pertsona gaiztoak lurretik ezabatuko dituela eta onei paradisuan betirako bizitzeko aukera emango diela ikasi nuen (37. Salmoa 29, NWT). Honek, egiten nituen gauza txar guztiak atzean uzteko indarrak eman zizkidan. Era horretara, pertsona on hauen artean egon ahal nuen.
Ikasten ari nintzenari buruz lagunekin hitz egiten hasi nintzenean, nitaz barre egin zuten. Honek benetako lagunak ez zirela ikusten lagundu zidan. Gainera, edariarekin nuen arazoa okerreko jendearekin egoteagatik zela konturatu nintzen. Aste osoan zehar, aste bukaera iristeko irrikan zeuden berriro ere mozkortzeko.
Adiskidetasun horiek baztertu eta Jehobaren lekukoen lagun egin nintzen. Lagun berriek asko animatu ninduten, Jainkoa maite zutelako eta bere arauen arabera bizitzen saiatzen zirelako. Denborarekin, edateari uzteko gai izan nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA: Asko eskertzen diot Jehobari ez dudalako alkoholaren beharrik zoriontsu izateko. Auskalo non egongo nintzatekeen aurreko bizimoduarekin jarraitu izan banu. Ziur nago orain askoz ere hobeto nagoela.
Azkeneko zazpi urteetan, Esloveniako Jehobaren lekukoen sukurtsalean zerbitzatzeko ohorea izan dut. Jehoba ezagutu eta zerbitzatzeak nire bizitzari zentzua eman dio.