Bibliak bizitzak aldatzen ditu
NOLA lortu zuen Jainkoarengan interesik izan gabe eta lan on batez gozatzen zuen emakume gazte batek biziaren benetako zentzua aurkitzea? Zer ikasi zuen heriotzari buruz gizon gazte katoliko batek bere bizitza aldatzea erabakitzeko? Zer ikasi zuen Jainkoari buruz bizitzarekin dezepzionatuta zegoen gizon gazte batek kristau bihurtzea erabakitzeko? Irakurri ezazu pertsona hauek esateko dutena.
«Aspalditik galdetzen nion neure buruari: “Zergatik gaude hemen?”» (ROSALIND JOHN)
JAIOTZE-URTEA: 1963
JATORRIZKO HERRIALDEA: BRITAINIA HANDIA
HISTORIA: LAN ON BATEZ GOZATZEN ZUEN
NIRE IRAGANA:
Croydonen jaio nintzen, Londreseko hegoaldean, eta bederatzi anai-arrebetako seigarrena nintzen. Nire gurasoak jatorriz Karibeko Saint Vincent uhartekoak ziren. Nire ama eliza metodista batera joaten zen. Baina nik ez nuen Jainkoari buruz ikasteko interesik. Hala ere, gauza berriak ikasteko jakinmin izugarria nuen. Nire eskolako oporrak etxe inguruko laku batean pasatzen nituen. Eta, bertan, liburutegiko liburu asko irakurtzen nituen.
Eskola utzi eta urte batzuetara, beharrean zeuden pertsonak lagundu nahi nituela erabaki nuen. Etxerik ez zutenak eta ezgaitasun fisikoak edo ikasteko zailtasunak zituztenak laguntzen hasi nintzen. Geroago, unibertsitatean osasunaren arloko ikasketak egin nituen. Amaitu ondoren, espero gabeko oso lanpostu onak jaso nituen eta nire bizitza luxuz betetzen hasi zen. Aholkulari bezala lan egiten nuenez, lan egiteko nire portatila eta Internet besterik ez nituen behar. Noizbehinka, beste herrialde batzuetara joaten nintzen gogokoen nuen hotelera aste batzuk pasatzera. Bertan, lan egiten nuen bitartean, inguruaz disfrutatu eta spa eta gimnasioa erabiltzen nituen osasuntsu mantentzeko. Nire bizitza zoragarria zelan pentsatzen nuen. Baina, bizitza zaila zutenengatik arduratuta jarraitzen nuen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Aspalditik galdetzen nion neure buruari: «Zergatik gaude hemen? Zein da biziaren zentzua?». Baina ez nituen inoiz Biblian erantzunak bilatu. 1999an Margaret, nire ahizparen bisita jaso nuen. Garai hartarako, Jehobaren lekuko zen eta berarekin etorri zen lagunak nigan interes pertsonala erakutsi zuen. Ez dakit zergatik, baina nire ahizparen lagunarekin Biblia ikastaro bat hastea onartu nuen. Hala ere, oso lanpetuta nengoenez, oso astiro egiten nuen aurrera.
2002ko udan, Ingalaterrako hego-mendebaldera joan nintzen bizitzera. Bertan, unibertsitatean ikasten jarraitu nuen, oraindik ere ezagutza gehiago izateko. Aldi berean, bilera aretora sarritan joaten hasi nintzen nire seme gaztearekin. Nahiz eta unibertsitatean ikasteaz gozatzen nuen, nire Biblia ikastaroak bizitzako arazoak eta hauek nola konpondu daitezkeen hobeto ulertzen lagundu zidan. Mateo 6:24ak dioena egia dela konturatu nintzen: Ezin dugu bi nagusiren morroi izan. Jainkoa eta aberastasunen artean erabaki behar dugu. Nire bizitzan garrantzitsuena zer den erabaki behar nuela konturatu nintzen.
Aurreko urtean, Lekuko batzuen etxean Biblia aztertzeko elkartzen zen talde batekin bildu ohi nintzen. Bertan, Sortzailea gutaz zenbat arduratzen den azaltzen duen liburu bat aztertu genuen. Honi esker, gizakien arazoen konponbidea gure Sortzaileak, Jehobak bakarrik duela ikusi nuen. Bestalde, unibertsitatean biziaren zentzua Sortzailearengan sinestearekin bat ez zetorrela irakasten zidaten. Horrek asko haserretu ninduen. Bi hilabete geroago, unibertsitatea uztea eta denbora hori Jainkoarengana gehiago hurbiltzeko erabiltzea erabaki nuen.
Esaera Zaharrak 3:5, 6ak nire bizimodua aldatzera motibatu ninduen. Hor dio: «Izan bihotzez Jaunarengan konfiantza eta ez fio izan zeure adimenaz. Zeure jarduera guztietan, izan Jauna gogoan, eta berak eramango zaitu bide zuzenetik». Jainkoari buruz ikasi nuenak dirua edo lan on bat izateak baino zoriontsuago egin ninduen. Jehobak lurrarentzat duen helburuari eta Jesusek guregatik egindako sakrifizioari buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gogo handiagoa nuen nire bizia Sortzaileari eskaintzeko. 2003ko apirilean bataiatu nintzen eta, horren ondoren, pixkanaka nire bizimodua sinplifikatzen hasi nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Jehobarekin dudan adiskidetasuna beste edozer gauza baino baliotsuagoa da. Bera ezagutzeagatik benetako bakea eta poztasuna ditut. Jehoba maite duten lagunak izateak ere zoriontsu egiten nau.
Oraindik ere gauza barriak ikastea asko gustatzen zait eta oso zoriontsua naiz Biblian eta bileretan ikasten dudanarekin. Gainera, ikasi dudana besteei erakustea asko gustatzen zait. Hau, nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena bihurtu da jendea benetan lagundu dezakedalako. Honi esker, orain bizitza hobea eta etorkizunean mundu berri batean bizitzeko esperantza izaten laguntzen diot jendeari. 2008ko ekainetik aitzindaria naiz eta inoiz baino zoriontasun handiagoa sentitzen dut. Jehobari eskerrak ematen dizkiot biziari benetako zentzua aurkitu diodalako.
«Nire laguna galtzeak barruak astindu zizkidan» (ROMAN IRNESBERGER)
JAIOTZE-URTEA: 1973
JATORRIZKO HERRIALDEA: AUSTRIA
HISTORIA: JOKO ETA APUSTUEN ZALEA
NIRE IRAGANA:
Katolikoa zen familia batean hazi nintzen Braunau izeneko herri txikian, Austrian. Han bizi zen jendea aberatsa zen eta delitu gutxi zegoen.
Haurtzaroan gertatu zitzaidan gauza batek eragin handia izan zuen nigan. 1984an, 11 bat urte nituenean, lagun min batekin futbolean jokatzen aritu nintzen eta, arratsalde horretan bertan, kotxe istripu batean hil zen. Nire laguna galtzeak barruak astindu zizkidan. Istripuaren ondorengo urteetan, hil ondoren zer gertatzen zaigun pentsatzen nuen etengabe.
Eskola utzi nuenean, elektrikari lanetan hasi eta laster joko eta apustuen zale bihurtu nintzen. Eta, diru asko jokatzen nuen arren, ez nuen arazo ekonomikorik. Gainera, denbora asko pasatzen nuen kiroletan murgilduta, eta heavy metala eta punka maite nituen. Diskotekaz diskoteka eta festaz festa ibiltzen nintzen. Bizimodu moralgabea neraman eta beti plazeren bila nebilen arren ez nintzen zoriontsu.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
1995ean, adineko Lekuko batek nire atea jo eta liburu bat eskaini zidan. Bibliaren arabera hil ondoren zer gertatzen zen azaltzen zuen liburuak. Nire lagunaren heriotzak oraindik mintzen ninduenez, liburua hartu nuen. Ez nuen heriotzari buruzko kapitulua bakarrik irakurri, liburu osoa irakurri nuen!
Irakurri nuenak heriotzari buruz nituen galderak erantzun zituen. Baina hori baino gehiago ikasi nuen. Katolikoa nintzenez, niretzat Jesus Jainkoarengan nuen fedea baino garrantzitsuagoa zen. Hala ere, Bibliaren azterketa sakonari esker, Jesusen Aitarekin, Jehobarekin, adiskidetasun estua izatea lortu nuen. Jehoba ez dela urruna eta hotza jakiteak asko harritu ninduen, baita guk bera ezagutzea nahi duela jakiteak ere (Mateo 7:7-11). Honetaz gain, Jehobak sentimenduak dituela eta bere hitzari eusten diola ere ikasi nuen. Horrek Biblia profezietan jakinmina piztu zidan eta nola bete diren aztertzera eraman ninduen. Aurkitu nuenak Jainkoarengan nuen fedea sendotu zuen.
Laster konturatu nintzen Jehobaren lekukoak zirela jendeari Biblia ulertzen lagundu nahi zieten bakarrak. Lekukoen argitalpenetan agertzen ziren Biblia bertsetak nire Biblia katolikoan begiratzen nituen. Zenbat eta gehiago ikertu, orduen eta gehiago konturatzen nintzen egia aurkitu nuela.
Biblia aztertzen nuen heinean, Jehobak nik bere legeak obeditzea espero zuela ikasi nuen. Efesoarrei 4:22-24 pasartea irakurri nuenean, lehengo biziarekin bat egiten zuen «izaera zaharra» erantzi behar nuela konturatu nintzen. Horren ordez, Jainkoaren irudira sortua dagoen «izaera berria» jantzi behar nuen. Beraz, bizimodu moralgabea izateari utzi nion. Gainera, jokoa eta apustuak uzteko beharra ere ikusi nuen. Izan ere, ohitura horiek materialismoa eta diru gosea bultzatzen dute (1 Korintoarrei 6:9, 10). Banekien aldaketa horiek egin ahal izateko, lehengo lagunak utzi eta Jainkoa poztu nahi zuten lagun berriak egin behar nituela.
Aldaketa horiek egitea ez zen erraza izan. Bilera aretora joaten hasi nintzen eta bertako kongregazioan lagun berriak egin nituen. Gainera, neure kabuz Biblia aztertzen jarraitu nuen. Gauza hauek egiteak entzuten nuen musika, bizitzan nuen helburua eta janzteko modua aldatzen lagundu zidan. 1995ean Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Orain dirua ez da lehen bezain garrantzitsua niretzat. Gainera, lehen oso azkar haserretzen nintzen, baina orain lasaiagoa naiz eta ez naiz etorkizunari buruz hainbeste kezkatzen.
Mundu osoan Jehoba zerbitzatzen duen taldearen parte izatea asko gustatzen zait. Talde honen artean, arazoak izan arren Jainkoa leialki zerbitzatzen duten pertsonak daude. Orain nire desirak asetzen ibili beharrean, denbora eta indarra Jehoba adoratzeko eta besteen alde gauza onak egiteko erabiltzen ditut, eta horrek asko pozten nau.
«Azkenik nire bizitzak zentzua du» (IAN KING)
JAIOTZE-URTEA: 1963
JATORRIZKO HERRIALDEA: INGALATERRA
HISTORIA: BIZITZAREKIN DEZEPZIONATUTA ZEGOEN
NIRE IRAGANA:
Ingalaterran jaio nintzen eta, zazpi bat urte nituenean, Australiara joan ginen bizitzera, Queenslandeko Gold Coastera. Nire familia aberatsa ez zen arren, beti izan genuen behar genuena.
Ezer falta ez zitzaidan arren, ez nintzen benetan zoriontsu. Bizitzarekin dezepzionatuta negoen. Nire aitak asko edaten zuen. Horregatik eta ama tratatzen zuen moduagatik ez nuen benetan maite. Baina beranduago Malaysian soldadu izatean bizi izan zuena jakin nuenean, horrelakoa zergatik zen ulertzen hasi nintzen.
Institutuan parrandetan asko edaten hasi nintzen. 16 urterekin, eskola utzi eta itsas armadan sartu nintzen. Drogak probatzen eta tabakoa erretzen hasi nintzen. Gainera, alkoholari nion menpekotasuna geroz eta handiagoa zen. Asteburuetan bakarrik egitetik, egunero parrandan ibiltzera pasa nintzen.
20 urte inguru nituenean, Jainkoa benetan existitzen zen zalantzan jartzen hasi nintzen. «Jainkoa benetan existitzen bada», pentsatzen nuen, «zergatik uzten du sufrimendua eta heriotza izaten?». Olerkiak ere idazten nituen Jainkoari munduko gaiztakeriaren errua botaz.
23 urterekin itsas armada utzi nuen. Ondoren, lan desberdinak izan nituen eta atzerrian ibili nintzen urte betez. Baina, honek guztiak ez ninduen hobeto sentiarazten. Ez nuen helburuak jartzeko edo ezer lortzeko desirarik. Ez nuen nire bizitzarekin ezer egiteko gogorik. Etxe bat erostea, lan on bat lortzea eta karrera bat izatea huskeria zen niretzat. Alkohola edatea eta musika entzutean zen nire «kontsolamendu» bakarra.
Bizitzaren zentzua ulertzeko desira izan nuen momentu zehatza ondo gogoratzen dut. Polonian nengoen Auschwitzeko kontzentrazio eremu beldurgarria bisitatzen. Ordurako, leku hartan gertatutako gauza ikaragarriak irakurriak nituen. Baina bertara iristean eta eremuaren tamaina izugarria ikustean, oso gaizki sentitu nintzen. Ez nuen ulertzen nolatan izan daitezkeen gizakiak hain krudelak besteekin. Eremuan zehar nindoala, malkotan, neure buruari galdetzen nion: «Zergatik?».
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
1993an atzerritik itzultzean, Biblia irakurtzen hasi nintzen erantzun bila. Handik gutxira, bi lekukok nire atea jo zuten. Inguruko estadio batean izango zen biltzar batera gonbidatu ninduten eta joatea erabaki nuen.
Hilabete batzuk lehenago, estadio berean egon nintzen partidu bat ikusten. Baina biltzarrean ikusitakoa zeharo desberdina zen. Lekukoak atseginak ziren eta ondo jantzita zeuden; beraien seme alabak ere ondo portatzen ziren. Eta zur eta lur utzi ninduen bazkal orduan gertatutakoak! Ehunka Lekuko zelaian eseri ziren bazkaltzeko; baina, eserlekuetara itzultzean, ez zen zaborrik ikusten zelaian botata. Guztiaren gainetik, jendea zoriontsu eta bakean zegoela zirudien eta nik hori nahi nuen. Ez dut egun hartako hitzaldi bat bera ere gogoratzen, baina ezin dut ahaztu Lekukoek izan zuten jokabidea.
Arrats hartan, nire lehengusuaz oroitu nintzen. Berak Biblia irakurtzen zuen eta erlijio desberdinak aztertu zituen. Urte batzuk lehenago Jesusek esandakoa aipatu zidan, benetako erlijioa bere egintzetatik antzemango zela (Mateo 7:15-20). Lekukoak desberdinak zergatik ziren ulertzen saiatu behar nuela konturatu nintzen. Nire bizitzan lehen aldi zoriontsu izateko esperantza zegoela sentitu nuen.
Hurrengo astean biltzarrera gonbidatu ninduten bi Lekukoak bueltatu ziren. Biblia ikastaro bat eskaini zidaten eta nik onartu egin nuen. Gainera, beraiekin bileretara joaten hasi nintzen.
Biblia aztertzen nuen heinean, Jainkoari buruz nuen ikuspuntua guztiz aldatu zen. Gaiztakeriaren eta sufrimenduaren erruduna ez dela eta jendeak gauza txarrak egiten dituenean minduta sentitzen dela ikasi nuen (Hasiera 6:6; 78. Salmoa 40, 41). Jehoba ez mintzeko ahal nuen guztia egitea erabaki nuen. Poztu egin nahi nuen (Esaera Zaharrak 27:11). Gehiegi edateari eta tabakoa erretzeari utzi nion, baita bizimodu moralgabea izateari ere. 1994ko martxoan bataiatu nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Orain benetan zoriontsua naiz. Ez dut alkoholik behar nire arazoak konpontzeko. Horren ordez, nire kezkak Jehobaren eskuetan uzten ikasi dut (55. Salmoa 23 [55:22,NWT]).
Hamar urte daramatzat Karen izeneko arreba eder batekin ezkonduta eta Nella izeneko alabaorde zoragarri bat dut. Hirurok asko disfrutatzen dugu predikatzen, besteei Jainkoari buruzko egia irakasten. Azkenik nire bizitzak zentzua du.