BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU
«Egia nire kabuz ezagutzea nahi zuten»
-
JAIOTZE-URTEA: 1982
-
JATORRIZKO HERRIALDEA: DOMINIKAR ERREPUBLIKA
-
HISTORIA: MORMOI ERLIJIOAN HEZIA
NIRE IRAGANA
Santo Domingon jaio nintzen, Dominikar Errepublikan, eta lau anai-arrebetatik gazteena naiz. Nire gurasoek heziketa ona jaso zuten eta gu giro onean heztea nahi zuten, jende jator eta zintzoz inguratuta. Ni jaio baino lau urte lehenago mormoi misiolari batzuk ezagutu zituzten. Beraien janzkera txukunak eta edukazio onak txunditu egin zituzten. Handik gutxira, nire familia Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizakoak egin zen. Dominikar Errepublikan Mormoien Elizakoak egin ziren lehenengotarikoak izan ginen gu.
Hazten nindoala, elizako kideekin denbora pasatzea gustuko nuen. Mormoien Elizarentzat familia eta arau moralak oso garrantzitsuak dira eta hori ere gustatzen zitzaidan. Mormoi izateaz harro nengoen. Beraz, misiolari izateko helburua jarri nuen.
18 urte nituenean, Estatu Batuetara joan ginen bizitzera ni unibertsitate on batera joan ahal izateko. Urtebete geroago, Jehobaren Lekukoak diren nire osaba-izebak Floridara etorri ziren gu bisitatzera. Beraiekin batera biblia-biltzar batera joatera gonbidatu gintuzten. Biltzarrean zegoen jende guztiak biblia-aipuak bilatu eta oharrak hartzen zituela ikusi nuen eta horrek harritu egin ninduen. Beraz, boligrafo eta papera eskatu eta gauza bera egiten hasi nintzen.
Misiolari izan nahi nuenez, biltzarra eta gero nire osaba-izebek Biblia hobeto ezagutzen lagundu ahal zidatela esan zidaten. Ideia ona iruditu zitzaidan, Mormonen Liburua Biblia baino hobeto ezagutzen nuelako.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN
Telefonoz Biblia aztertzen genuenean, nire osaba-izebek beti esaten zidaten nire sinesmenak Bibliak irakasten duenarekin konparatzeko. Egia nire kabuz ezagutzea nahi zuten.
Mormoien sinesmen asko egiatzat nituen, baina ez nekien Bibliak irakasten duenarekin bat zetozen edo ez. Nire izebak mormoien irakaspenei buruz hitz egiten zuen Lekukoek argitaratutako aldizkari bat bidali zidan. * Erabat harritu ninduen mormoien sinesmen asko ez nituela ezagutzen ikusteak. Beraz, mormoien webgune ofizialera jo nuen aldizkariak zioena egia edo gezurra zen jakiteko eta, bai, egia zen. Eta Utah-ko mormoien museoak bisitatu nituenean, hori horrela zen froga gehiago aurkitu nituen.
Mormonen Liburua eta Biblia ez zirela kontrajartzen uste izan nuen beti. Baina Biblia kontu handiz irakurtzen hasi nintzenean, mormoien irakaspenen eta Bibliak esaten duenaren artean desberdintasun handiak daudela konturatu nintzen. Adibidez, Bibliak Ezekiel 18:4an arima hil egiten dela dio. Baina Mormonen Liburuak Alma 42:9an arimak ezin duela inoiz hil esaten du.
Irakaspenen arteko desberdintasunez gain, mormoien ideia abertzaleek nahastu egiten ninduten. Adibidez, mormoien arabera, Edengo lorategia Estatu Batuetan zegoen, Missouriko Jackson-go konderrian hain zuzen ere. Gainera, etorkizunean Jainkoak lurra Estatu Batuetako gobernuaren bidez aginduko duela irakasten dute elizako profetek.
Hori gertatuko balitz, nire jaioterriarekin eta beste herrialdeekin zer gertatuko litzatekeen galdetzen nion neure buruari. Arrats batean, misiolari izateko prestatzen ari zen mormoi gazte batek deitu zidan eta gaia atera nion. Zuzenean galdetu nion: «Zure herrialdea beste batekin gerran egongo balitz, borroka egingo al zenuke herrialde horretako mormoien aurka?». Zur eta lur gelditu nintzen baietz esan zidanean! Nire erlijioaren irakaspenak sakonago aztertzen jarraitu nuen eta elizako buruekin ere hitz egin nuen. Nire galderen erantzunak bere garaian argituko diren misterioak zirela esan zidaten.
Beraien azalpenak dezepzionatu egin ninduen. Orduan, misiolari zergatik izan nahi nuen galdetu nion neure buruari. Alde batetik, jendeari lagundu nahi nion eta, bestetik, misiolari izateak dakarren ospeak ere erakartzen ninduen. Baina ez nekien gehiegirik Jainkoari buruz. Nahiz eta iraganean biblia-pasarteak askotan irakurri nituen, inoiz ez nion merezi zuen garrantzirik eman. Jainkoak lurrarentzat eta gizakiarentzat duen helburuari buruz ez nekien ezertxo ere.
NIRE ONERAKO IZAN DA
Jehobaren lekukoekin Biblia aztertu nuenean, besteak beste, honakoa ikasi nuen: zein den Jainkoaren izena, zer gertatzen den hiltzen garenean eta zein den Jesusen eginkizuna Jainkoaren helburuaren betetzean. Azkenik liburu zoragarri hau ezagutzen hasi nintzen eta besteei ikasten ari nintzen egiei buruz hitz egiteaz gozatzen nuen. Beti jakin izan nuen Jainkoa existitzen dela. Baina, orain, otoitz egiten nionean, nire lagun minarekin hitz egiten nuen. 2004ko uztailaren 12an, Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen eta, sei hilabete beranduago, denbora osoko berri-emaile egin nintzen.
Bost urtez Jehobaren lekukoen Brooklyneko egoitza nagusian lan egiten aritu nintzen. Mundu osoko milioika laguni laguntzen dioten Biblia eta biblia-argitalpenak egiteaz gozatu nuen eta, orain, besteei Jainkoa ezagutzen laguntzeaz disfrutatzen jarraitzen dut.
^ § 12 1995eko azaroaren 8ko Réveillez-vous ! edo ¡Despertad! aldizkaria, Jehobaren lekukoek argitaratuta.