Saltatu edukira

13. KAPITULUA

Erreinuaren berri-emaileek auzitegira jotzen dute

Erreinuaren berri-emaileek auzitegira jotzen dute

KAPITULUAREN IDEIA NAGUSIA

Jesusek aurresan zuen bezala, bere jarraitzaileen predikatze-lanak agintarien aurkaritza jasaten du

1, 2. a) Zer egin zuten erlijioburuek predikatze-lana eteteko, baina nola erantzun zuten apostoluek? b) Zergatik ez zioten apostoluek predikatzeari utzi?

 DUELA gutxi izan da K.o. 33. urteko Mendekoste eguna eta Jerusalemgo kristau kongregazioak aste gutxi batzuk besterik ez ditu. Satanasek argi ikusten du hau dela kristau kongregazioari eraso egiteko une egokia. Beraz, kongregazioa sendotu baino lehen suntsitu egin nahi du. Segituan, gertakariak manipulatzen ditu erlijioburuek predikatze-lana debekatu dezaten. Baina, apostoluek ausardiaz predikatzen jarraitzen dute eta gizon-emakume asko Jesusengan sinesten hasten dira (Eg 4:18, 33; 5:14).

«Apostoluak Biltzar Nagusitik pozik atera ziren, Jainkoak Jesusengatik sufritzeko duin aurkitu zituelako»

2 Haserre bizian, aurkariek berriz ere eraso egiten dute, oraingo honetan apostolu guztiak espetxeratuz. Baina, gauean zehar, Jehobaren aingeruak espetxeko ateak irekitzen ditu eta egunsentirako apostoluak berriz ere predikatzen ari dira. Berriro atxilotu eta agintarien aurrera eramaten dituzte ez predikatzeko agindua hautsi dutelako. Apostoluek, orduan, ausardiaz honakoa erantzuten dute: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena». Agintariak oso haserre daude eta apostoluak hil egin nahi dituzte. Baina momentu horretan, Gamalielek, oso estimatua den lege-maisuak, kontuz ibiltzeko esaten die honakoa aholkatuz: «Begira ongi zer egitera zoazten gizon hauekin. […] Ez zaiteztela sar gizon hauekin; doazela». Harritzekoa badirudi ere, agintariek aholkuari kasu egin eta apostoluei joaten uzten diete. Eta zer egiten dute gizon leial hauek? Kementsu «etengabe irakasten eta hots egiten» jarraitzen dute Jesusi buruzko berri onak (Eg 5:17-21, 27-42; Es 21:1, 30).

3, 4. a) Zer metodo erabili du aspalditik Satanasek Jainkoaren herriari eraso egiteko? b) Zer aztertuko dugu jarraian?

3 33. urteko epaiketa hartan jasan zuen kongregazio kristauak lehenengo aldiz agintarien aurkaritza, baina ez zen azkena izango (Eg 4:5-8; 16:20; 17:6, 7). Gaur egun, Satanasek benetako adorazioaren aurkariengan eragina izaten jarraitzen du agintariek predikatze-lana debekatu dezaten. Aurkariek Jainkoaren herria legea hainbat modutan hausteagatik salatu dute. Alde batetik, bazter-nahasleak garela esan dute. Gainera, agintearen aurka altxatzeaz ere salatu gaituzte eta kalez kaleko saltzaileak garela ere esan dute. Baina, egokia izan denean, auzitegietara jo dugu salaketa horiek faltsuak direla frogatzeko. Zein izan da emaitza? Zer eragin dute auzitegietan duela urte asko hartutako erabakiek zugan? Azter ditzagun adibide batzuk eta ikus dezagun nola lagundu duten «berri onak defendatzen eta legalki ezartzen» (Flp 1:7NWT).

4 Munduaren parte ez izateko eta Jainkoaren legeak obeditzeko daukagun eskubidea, baita predikatzeko dugun eskubidea ere, defendatu ditugu auzitegietan. Jarri dezagun orain arreta azken honetan.

Bazter-nahasleak ala Jainkoaren Erreinuaren defendatzaile leialak?

5. Zergatik atxilotzen zituzten Jainkoaren Erreinuaren mezulariak 1930⁠eko hamarkadaren amaieran eta zer erabaki zuten erakundean aurrea eramaten zuten anaiek?

5 1935. urte inguruan, Estatu Batuetan agintari batzuek Jehobaren lekukoak predikatzeko baimen edo lizentziak lortzera behartu nahi zituzten. Baina gure anai-arrebek ez zituzten lizentzia horiek atera. Zergatik? Jesusek predikatzeko agindu zigulako eta agintariek ez dutelako predikatu dezakegun edo ez esateko eskubiderik (Mk 13:10). Ondorioz, ehunka berri-emaile atxilotu zituzten. Beraz, erakundean aurrea eramaten zutenek auzitegietara joatea erabaki zuten. Agintari horiek egin zutena legez kanpokoa zela frogatu nahi zuten. Orduan, 1938⁠an, etorkizunean eragina izango zuen zerbait gertatu zen. Ikus dezagun.

6, 7. Zer gertatu zitzaien Cantwelltarrei?

6 1938⁠ko apirilaren 26⁠an, Cantwell familia New Haven herrira joan zen predikatzera. Guztiak aitzindari bereziak ziren, Newton eta Esther senar-emazteak eta hauen hiru semeak, Henry, Russell eta Jesse. Astearte goiz hartan egun bat baino gehiago kanpoan igarotzeko prest zeuden. Zergatik? Ordurako hainbat alditan atxilotu zituztelako eta bazekitelako berriz ere gertatu zitekeela. Hala ere, honek ez zituen desanimatu eta Erreinuaren mezua zabaltzeko desira zuten. New Haven herrira bi kotxetan joan ziren. Bat Newtonek gidatzen zuen eta biblia-argitalpenak eta gramofonoak zeramatzan. Beste kotxea 22 urteko Henryk gidatzen zuen. Espero bezala, laster polizia agertu eta gelditzeko esan zien.

7 Lehenengo, 18 urteko Russell atxilotu zuten eta, gero, Newton eta Esther. 16 urteko Jessek urrunetik bere gurasoak eta anaia komisaldegira nola eramaten zituzten ikusi zuen. Henry herriko beste aldean predikatzen ari zenez, Jesse gaztea bakarrik gelditu zen. Hala eta guztiz, gramofonoa hartu eta predikatzen jarraitu zuen. Katolikoak ziren bi gizonek Rutherford anaiaren «Etsaiak» izeneko hitzaldia jartzen utzi zioten. Baina hitzaldia entzuten zuten heinean, haserre bizian jarri eta Jesse jipoitu nahi izan zuten. Lasaitasuna galdu gabe, Jesse joan egin zen. Baina, azkenean, hau ere atxilotu egin zuten. Poliziak ez zion Cantwell arrebari salaketarik jarri, baina bere senar eta semeei bai. Hala ere, egun hartan bertan fiantzapeko askatasunean utzi zituzten.

8. Zergatik jo zuen auzitegiak bazter-nahasle izateagatik erruduntzat Jesse Cantwell?

8 Hilabete batzuk beranduago, 1938⁠ko irailean Cantwell familiaren kasua New Havengo epaitegian epaitu zen. Newton, Russell eta Jesse lizentziarik gabe dohaintzak eskatzeagatik erruduntzat jo zituzten. Jesse bazter-nahasle izateagatik erruduntzat jo zuten nahiz eta Connecticut-eko Auzitegi Gorenean apelazioak egin. Zergatik? Bi gizon katolikoek entzun zuten hitzaldiak beraien erlijioa iraindu eta haserrarazi egin zituela esan zutelako auzian. Epaitegien erantzunaren ostean, gure erakundean aurrea eramaten zuten anaiek Estatu Batuetako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuten, hau baita herrialdeko autoritate juridiko gorena.

9, 10. a) Zer epai eman zuen Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Cantwelltarren kasuan? b) Nola laguntzen gaitu oraindik erabaki horrek?

9 1940⁠ko martxoaren 29⁠tik aurrera Auzitegi Goreneko presidentea zen Charles Evans Hughes-ek eta beste zortzi magistratuk Jehobaren lekukoen abokatua zen Hayden Covington anaiaren argudioak entzun zituzten. * Connecticut estatuko fiskalak Lekukoak bazter-nahasleak direla frogatzeko bere argudioak aurkeztu zituenean, epaile batek honakoa galdetu zion: «Ez al da egia Jesu Kristok zabaldu zuen mezua bere garaian gaizki ikusia zegoela?». Orduan, fiskalak erantzun zion: «Bai, hala da, eta ongi gogoratzen badut, Bibliak Jesusi mezu hau zabaltzeagatik gertatu zitzaiona ere aipatzen du». A zer-nolako hitz harrigarriak! Fiskalak, konturatu gabe, Lekukoak Jesusekin lotu zituen eta estatua Jesus kondenatu zutenekin. 1940⁠ko maiatzaren 20⁠an, Auzitegiak aho batez Lekukoen aldeko epaia eman zuen.

Hayden Covington (aurrean, erdian), Glen How (ezkerrean) eta beste batzuk garaipen legal baten ostean auzitegitik ateratzen

10 Zergatik izan zen garrantzitsua Auzitegiaren erabakia? Gobernuek ezin digutela gure erlijioa praktikatzeko dugun eskubidea kendu esan zuelako. Auzitegiak, gainera, Jesse ez zela bazter-nahaslea erabaki zuen. Ondorioz, epaile honek argi utzi zuen Jehobaren lekukoek ez dituztela bazterrak nahasten predikatzen dutenean. Zer-nolako garaipen legala Jainkoaren zerbitzarientzat! Nola jarraitzen digu laguntzen orduan hartutako erabakiak? Lekukoa den abokatu batek honakoa dio: «Erabaki honek Lekukooi gure bizilagunei itxaropen mezuaz hitz egiten uzten digu».

Agintearen aurka altxatzen garenak ala egiaren mezulariak?

Quebec-ek Jainkoari, Jesu Kristori eta askatasunari dien gorroto bizia Kanada osoko lotsa da (Ingelesez)

11. Zein kanpainari ekin zioten Kanadako anai-arrebek eta zergatik?

11 1940⁠ko hamarkadan, Kanadako Jehobaren lekukoek aurkaritza latza jasan zuten. Horregatik, 1946⁠an, gobernua erlijio askatasunaren eskubidea kentzen ari zela jakinarazteko, Kanadako anai-arrebek 16 eguneko kanpaina batean parte hartu zuten esku-orri berezi bat banatuz: Quebec-ek Jainkoari, Jesu Kristori eta askatasunari dien gorroto bizia Kanada osoko lotsa da (Ingelesez). Elizburuak, polizia eta beste batzuk Quebec-eko gure anai-arrebak pertsegitzeko eta erasotzeko erabiltzen ari ziren. Eta lau orrialdeko esku-orri honek horri buruzko xehetasunak erakusten zituen. «Jehobaren lekukoen legez kanpoko atxiloketak egoten jarraitzen dute», esaten zuen esku-orriak. «Montrealgo eremuan, 800 bat salaketa daude Jehobaren lekukoen aurka».

12. a) Nola erantzun zioten aurkariek esku-orriarekin egin zen kanpainari? b) Zertaz salatu zituzten anai-arrebak? (Ikusi oharra ere)

12 Maurice Duplessis Quebec-eko lehen ministroak, Villeneuve kardinal katolikoarekin elkarlanean, Lekukoen aurka «errukirik gabeko gerra» deklaratuz erantzun zion esku-orriari. Salaketa ofizialen kopurua berehala 800⁠etik 1.600⁠era bikoiztu zen. Aitzindaria zen arreba batek honakoa esan zuen: «Poliziak hainbestetan atxilotu gintuen, kontua galdu genuela». Esku-orria banatzen aurkitzen zituzten Lekukoak «gobernuaren aurka adierazpen faltsuak egitearen» krimenaz salatzen zituzten. *

13. Zein Lekuko izan ziren agintearen aurka altxatzeaz epaituak lehenengo aldiz eta zer erabaki hartu zuen auzitegiak?

13 1947⁠an, Aimé Boucher anaia eta bere bi alabak, 18 urteko Gisèle eta 11 urteko Lucille, gobernuaren aurka altxatzeagatik epaitu zituzten lehenengo Lekukoak izan ziren. Beraien baserri inguruan esku-orriak banatzen ibili ziren, baina ez ziren inondik inora ere bazter-nahasleak. Aita Quebec hiriaren hegoaldean zuen baserrian lan egiten zuen gizon apala zen eta noizean behin gurdian hirira bidaiatzen zuen. Hala ere, bere familiak esku-orriak aipatzen zituen abusuetako batzuk jasan behar izan zituen. Epaileak Lekukoak gorrotatzen zituenez, ez zien Bouchertarrei ezta hauen abokatuari ere errugabeak zirela frogatzen utzi. Horren ordez, fiskalaren adierazpena onartu zuen, hau da, esku-orriak gorrotoa bultzatzen zuela eta Bouchertarrak erruduntzat joak izan behar zutela. Epailearen iritzia, beste hitz batzuetan, honakoa zen: Egia esatea delitua da! Aimé eta Gisèle gobernuaren aurka altxatzeagatik kondenatuak izan ziren. Eta Lucille txikiak ere bi egun pasa zituen kartzelan. Anaiek Kanadako Auzitegi Gorenera jo zuten, herrialdeko autoritate juridiko nagusira, eta honek kasua onartu zuen.

14. Nola erantzun zuten Quebec-eko anai-arrebek pertsekuzioa jasan zuten urteetan?

14 Bien bitartean, Quebec-eko gure anai-arreba ausartek Erreinuaren mezua predikatzen jarraitu zuten pertsekuzio latza jasan arren, askotan emaitza harrigarriekin. 1946⁠ko kanpainaren ondorengo lau urteetan, Quebec-eko Lekukoen kopurua 300⁠etik 1.000⁠ra handitu zen! *

15, 16. a) Zer epai eman zuen Kanadako Auzitegi Gorenak Bouchertarren kasuan? b) Zer eragin izan zuen garaipen honek gure anai-arrebengan eta beste herritar batzuengan?

15 1950⁠eko ekainean, Kanadako Auzitegi Gorena osatzen zuten bederatzi epaileek Aimé Boucherren kasua entzun zuten. Sei hilabete beranduago, abenduaren 18⁠an, Auzitegiak Boucher anaia errugabea zela erabaki zuen. Zergatik? Lekukoen abokatua zen Glen How anaiak Auzitegiak defentsaren argudioarekin bat egin zuela esan zuen. Boucher anaiaren predikatze-lana ez zen delitu bat, ez zuelako inor biolentziara edo gobernuaren aurka altxatzera bultzatzen. Izan ere, esku-orriak «ez zuen jendea errebelatzera edo biolentziaz jokatzera bultzatzen». Beraz, legala zen. How anaiak honakoa ere gehitu zuen: «Jehobak garaipena eman zigula ikusi nuen argi eta garbi». *

16 Auzitegi Gorenaren erabakia garaipen izugarria izan zen Jainkoaren Erreinuarentzat. Izan ere, garaipen honi esker, Quebec-en Jehobaren lekukoen aurka zeuden beste 122 epaiketak bertan behera geratu ziren. Gainera, Kanadako eta beste herrialde batzuetako (Commonwealth-a) herritarrek gobernuaren ekintzei buruz zuten iritzia emateko askatasuna izango zuten hemendik aurrera. Are gehiago, garaipen honek Quebec-eko elizak eta gobernuak Jehobaren lekukoei eraso egiteko zuten boterea ahuldu zuen. *

Kalez kaleko saltzaileak ala Jainkoaren Erreinuaren berri-emaile sutsuak?

17. Nola saiatzen dira gobernu batzuk gure predikatze-lana kontrolatzen?

17 Lehenengo kristauak bezala, Jehobaren zerbitzariok gaur egun «ez gabiltza salerosketan Jainkoaren mezuarekin» (Irakurri 2 Korintoarrei 2:17). Hala ere, agintari batzuk gure predikatze-lana lege komertzialen bidez kontrolatzen saiatzen dira. Ikus ditzagun Jehobaren lekukoak kalez kaleko saltzaileak edo erlijio ministroak garen aztertu zuten bi kasu judizial.

18, 19. Zer neurri hartu zuten Danimarkako agintariek predikatze-lana geldiarazteko?

18 Danimarka. 1932⁠ko urriaren 1⁠ean, kalez kale lizentziarik gabe argitalpenak saltzea debekatzen zuen lege bat jarri zen indarrean. Noski, gure anai-arrebek ez zuten lizentziarik atera. Hurrengo egunean, bost berri-emaile Roskilde izeneko herrian predikatzen aritu ziren. Baina predikatzez bukatu zutenean, ezin izan zuten August Lehmann anaia aurkitu. Argitalpenak litzentziarik gabe saltzeagatik atxilotua izan zen.

19 1932⁠ko abenduaren 19⁠an August Lehmann auzitara joan zen. Jendeari biblia-argitalpenak eskaintzen ibili zela, baina ez zela kalez kaleko saltzailea esan zuen. Auzitegia berarekin ados egon zen, eta honakoa esan zuen: «Akusatua […] bere burua ekonomikoki mantentzeko gai da, ez du etekin ekonomikorik jaso eta ez du jasotzea ere espero. Guztiz kontrakoa, jarduera honek galerak ekarri dizkio». Auzitegia Lekukoen alde jarri zen eta Lehmann-en jarduera ez zela negozio bat erabaki zuen. Baina Jainkoaren herriaren aurkariek herrialde osoan gure predikatze-lana gelditu nahi zuten (Is 10:1). Fiskalak herrialdeko Auzitegi Goreneraino jo zuen. Zer egin zuten gure anai-arrebek?

20. Zer erabaki hartu zuen Danimarkako Auzitegi Gorenak eta nola erantzun zuten gure anai-arrrebek?

20 Epaiketaren aurreko astean, Danimarkako Lekukoek are gehiago predikatu zuten. 1933⁠ko urriaren 3⁠an, Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren berri eman zuen. Lehenengo auzitegiarekin bat egin zuen August Lehmann-ek ez zuela legerik hautsi erabakiz. Beraz, Lekukoek askatasunez predikatzen jarraitu zezaketen. Garaipen legal horregatik Jehobari beraien esker ona adierazteko, anai-arrebek predikatze-lanean zuten parte-hartzea areagotu zuten. Auzitegiaren erabaki horretatik aurrera, Danimarkako Lekukoek predikatze-lana gobernuaren oztoporik gabe egin ahal izan dute.

Danimarkako Lekuko ausartak 1930⁠eko hamarkadan

21, 22. Zein izan zen Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren epaia Murdock anaiaren kasuan?

21 Estatu Batuak. 1940⁠ko otsailaren 25⁠ean, Robert Murdock aitzindaria eta beste zazpi Lekuko atxilotuak izan ziren Pennsylvania-ko Jeannette herrian predikatzen ari ziren bitartean. Argitalpenak eskaintzeko lizentzia ez erosteagatik erruduntzat hartu zituzten. Estatu Batuetako Auzitegi Gorenera apelatu zuten eta Auzitegiak kasua aztertzea onartu zuen.

22 1943⁠ko maiatzaren 3⁠an, Auzitegi Gorenak Lekukoen aldeko erabakiaren berri eman zuen. Auzitegiaren arabera, norbaiti erlijio-argitalpenak banatzeko lizentzia eskatzea legez kanpokoa zen. Gainera, udalaren legea baliogabetu zuen. Auzitegiaren arabera, hiriak ezin zuen jendeari pentsatzen zuena argitaratzea eta erlijioa praktikatzea eragozten zion legerik egin. Auzitegiaren gehiengoaren iritzia adieraztean, William O. Douglas epaileak Jehobaren lekukoek argitalpenak banatzeaz gain, predikatu ere egiten dutela esan zuen Gainera, Lekukoek egiten dutena elizetako jarduerak bezain inportantea dela adierazi zuen.

23. Zergatik dira garrantzitsuak guretzako 1943⁠an lortutako garaipen legalak?

23 Auzitegi Gorenaren erabaki hau Jainkoaren herriarentzat izugarrizko garaipen legala izan zen. Argi utzi zuen kristauak garelako predikatzen dugula, ez saltzaileak garelako. 1943⁠ko egun ahaztezin hartan, Jehobaren lekukoek 13 kasutatik 12 irabazi zituzten Auzitegi Gorenaren aurrean, Murdock kasua barne. Erabaki hau oso garrantzitsua izan zen. Eta gaur egun ere jendeak ezin dugula predikatu esaten duenean laguntzen jarraitzen digu.

«Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena»

24. Nola erantzuten dugu gobernuren batek gure predikatze-lana debekatzen duenean?

24 Jehobaren lekukook asko eskertzen dugu gobernuek Erreinuaren mezua askatasunez predikatzeko eskubide legala ematen digutenean. Baina, gobernuren batek gure predikatze lana debekatzen duenean, guk gure metodoak egokitu eta gure lana ahal dugun moduan egiten jarraitzen dugu. Apostoluek esan zutena egiten dugu: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eg 5:29; Mt 28:19, 20). Aldi berean, auzitegietara jotzen dugu gure jarduerak baimendu ditzaten. Aztertu ditzagun bi adibide.

25, 26. Nikaraguako zer gertakarik zuzendu zuten Auzitegi Gorenean epaiketa izatera eta zer emaitza izan zuen?

25 Nikaragua. 1952⁠ko azaroaren 19⁠an, misiolaria eta sukurtsalaren arduraduna zen Donovan Munsterman Managuako inmigrazio departamentura joan zen. Departamentuko buru zen Arnoldo García kapitainaren aurrean aurkezteko agindu zioten. Nikaraguako Jehobaren lekukoek «beraien doktrinak predikatzen eta beraien erlijio jarduerak zabaltzen jarraitzea debekatuta zutela» esan zion kapitainak. Arrazoia galdetzean, Lekukoek ez zutela predikatzeko gobernuaren baimenik eta, gainera, komunistak izateaz salatu zituztela esan zion. Nortzuk ziren salatariak? Klero katolikoa.

Nikaraguako anai-arrebak debekuan zehar

26 Munsterman anaiak, berehala, Gobernu eta Erlijioen Ministeriora eta Anastasio Somoza García presidentearengana jo zuen, baina ez zioten lagundu. Beraz, anai-arrebek metodoak egokitu zituzten. Bilera-aretoak itxi zituzten, talde txikietan elkartzen hasi ziren, kalean predikatzeari utzi zioten, baina Erreinuaren mezua predikatzen jarraitu zuten. Aldi berean, Auzitegi Gorenaren aurrean debekua kentzeko eskaera bat aurkeztu zuten. Egunkarietan debekuari eta eskariari buruz asko hitz egin zen. Beraz, Auzitegi Gorenak kasua entzutea onartu zuen. Zer emaitza izan zuen? 1953⁠ko ekainaren 19⁠an, Auzitegi Gorenak aho bateko erabakiaren berri eman zuen. Debekuak konstituzioak babesten zituen adierazpen, kontzientzia eta sinesmenak adierazteko eskubideak hausten zituela esan zuen, Lekukoen alde erabakiz. Gainera, gobernuak Lekukoei debekuaren aurretik bezala elkartzen eta predikatzen utzi behar ziela aditzera eman zuen.

27. Zergatik harritu zituen Auzitegi Gorenaren erabakiak Nikaraguako herritarrak eta zer ulertu zuten garaipen honekin anai-arrebek?

27 Nikaraguarrak zur eta lur gelditu ziren Auzitegi Gorenak Lekukoen alde egin zuela jakitean. Zergatik? Ordurarte, kleroaren eragina oso handia zen eta Auzitegiak elizarekin liskarrak izatea saihesten zuen. Gainera, gobernuko funtzionarioek botere handia zuten eta Auzitegiak gutxitan egiten zuen beraien erabakien aurka. Gauzak horrela, gure anai-arrebak ziur zeuden garaipen hura beraien Erregearen babesa jaso eta predikatzen jarraitu zutelako lortu zutela (Eg 1:8).

28, 29. Nola aldatu zen Zaireko egoera 1980⁠ko hamarkadaren erdialdean?

28 Zaire. 1980⁠ko hamarkadaren erdialdean, 35.000 bat Lekuko zeuden Zairen, orain Kongoko Errepublika Demokratikoa dena. Erreinuaren lana etengabe handitzen ari zenez, sukurtsala eraikin berriak egiten ari zen. 1985⁠eko abenduan, hiriburuan, Kinshasa-n, nazioarteko biltzar bat ospatu zen eta herrialde askotako 32.000 delegatuk hiriko estadioa bete zuten. Baina, orduan, Jehobaren zerbitzarien egoera aldatzen hasi zen. Zer gertatu zen?

29 Garai hartan, Marcel Filteau anaia misiolariaren zen Zairen. Quebec-eko anaia honek, aurretik Duplessis-en erregimenaren pertsekuzioa jasan zuen. Honela azaltzen du Zairen gertatutakoa: «1986⁠ko martxoaren 12⁠an, aurrea eramaten zuten anaiek, Zaireko Jehobaren lekukoen erakundea legez kanpokoa zela esaten zuen eskutitz bat jaso zuten». Debekua herrialdeko presidenteak sinatzen zuen, Mobutu Sese Sekok.

30. Zer erabaki zaili egin behar zion aurre sukurtsal-batzordeak eta zer egin zuen?

30 Hurrengo egunean, nazioko irratiak honako berri eman zuen: «Zairen ez ditugu sekula Jehobaren lekukoak berriro entzungo». Berehala, persekuzioa hasi zen. Bilera-aretoak suntsitu zituzten eta gure anai-arrebei lapurtu zieten. Gainera, atxilotu, kartzelaratu eta jo egin zituzten. Lekukoak ziren haurrak ere espetxera eraman zituzten. 1988⁠ko urriaren 12⁠an, gobernuak gure erakundearen ondasunak bereganatu zituen. Guardia Zibilak sukurtsala hartu zuen. Ardura zeramaten anaiek, Mobutu presidentearengana jo zuten, baina ez zuten erantzunik jaso. Momentu horretan, sukurtsal-batzordeak erabaki zail bat hartu behar zuen: Auzitegi Gorenera jotzea edo itxarotea. Timothy Holmes, une horretan misiolaria eta herrialdeko sukurtsal-batzordearen koordinatzailea zen, eta honakoa gogoratzen du: «Jehobarengana jakinduria eta gida eske jo genuen». Otoitz egin eta egoerari buruz hitz egin ondoren, ez zela auzitegietara jotzeko une egokia erabaki zuen batzordeak. Horren ordez, anaiartea zaintzean eta predikatze-lanak jarraitzeko moduak aurkitzean jarri zuten arreta.

«Auzi garai horretan, Jehobak gauzak nola aldatu ditzakeen ikusi genuen»

31, 32. Zer erabaki txundigarri hartu zuen Zaireko Auzitegi Gorenak eta zer eragin izan zuen anai-arrebengan?

31 Hainbat urte pasa ondoren, Lekukoen aurkako presioa lasaitu eta giza eskubideei herrialdean zitzaien errespetua handitu zen. Orduan, sukurtsal-batzordeak Auzitegi Gorenera jotzeko momentua iritsi zela ikusi zuen. Harritzekoa bada ere, Auzitegia kasua entzuteko ados egon zen. 1993⁠ko urtarrilaren 8⁠an, presidenteak debekua ezarri eta ia zazpi urtera, gobernuak Lekukoen aurka egindakoa legez kanpokoa zela erabaki eta debekua kendu zuen Auzitegiak. Pentsa ezazu zer esan nahi zuen horrek! Euren biziak arriskuan jarriz, epaileek herrialdeko presidentearen erabakia ezeztatu zuten. Holmes anaiak dio: «Auzi garai horretan, Jehobak gauzak nola aldatu ditzakeen ikusi genuen» (Dn 2:21). Garaipen horrek gure anai-arreben fedea sendotu zuen. Argi ikusi zuten Jesus Erregeak bere herriari noiz eta nola jardun behar zuen erakutsi ziola.

Kongoko Errepublika Demokratikoko Lekukoak Jehoba adoratzeko askatasuna dutelako pozik daude

32 Debekua kendu zutenean, sukurtsalak misiolarien etorrera antolatu, eraikin berriak egin eta atzerritik biblia-argitalpenak ekarri ahal izan zituen. * Zer-nolako poza sentitzen duten mundu osoko Jainkoaren zerbitzariek Jehobak bere herria nola babesten duen ikusten dutenean! (Is 52:10).

Jehoba dut neure alde

33. Zer erakusten digu kasu hauen berrikuspen labur honek?

33 Auzi hauen berrikuspenak Jesusek bere hitzari eutsi diola erakusten digu: «Neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango» (Irakurri Lukas 21:12-15). Batzuetan, Jehobak epaile eta abokatuak erabili ditu bere herria babesteko, bere garaian Gamaliel erabili zuen bezala. Jehobak gure aurkarien armak erabilezin bihurtu ditu (Irakurri Isaias 54:17). Oposizioak ezin du Jainkoaren lana gelditu.

34. Zergatik dira hain azpimarragarriak gure garaipen legalak eta zer frogatzen dute? (Ikusi « Auzitegi Gorenetako garaipenek Erreinuaren predikatze-lana bultzatzen dute» taula)

34 Zergatik dira gure garaipen legalak hain azpimarragarriak? Pentsatu honetan: Jehobaren lekukoak ez gara ospetsuak edo eragin handikoak. Ez dugu hauteskundeetan botorik ematen edo kanpaina politikoen alde egiten eta ez gara politikariengan eragina izaten saiatzen. Gainera, Auzitegi Gorenetara eramaten gaituztenean, normalean «eskolagabe eta arruntak» garela pentsatzen dute (Eg 4:13). Beraz, giza ikuspuntutik, auzitegiek arrazoi gutxi izango lituzkete guri laguntzeko eta kontra ditugun politikari eta erlijioburu boteretsuen aurka joateko. Hala ere, auzitegiek behin eta berriz egin dute gure alde! Garaipen legalek Jainkoaren aurrean eta Jesu Kristorekin batera gabiltzala frogatzen dute (2 Ko 2:17). Horregatik, Paulo apostoluarekin bat egiten dugu Jehobari buruz honakoa esatea: «Jauna dut neure alde, ez naiz beldur» (Heb 13:6).

^ § 9 Hayden Covington anaiak Lekukoak 43 aldiz defendatu zituen Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren aurrean. Covington anaia 1978⁠an hil zen. Bere emazteak, Dorothy-k, leialki zerbitzatu zuen Jehoba 2015⁠ean hil zen arte 92 urterekin.

^ § 12 Anai-arrebek 1606⁠ko lege bat hautsi zutela esan zuen gobernuak. Lege horren arabera, inork ezin zuen esan gobernuaren aurka gorrotoa bultzatu zezakeen ezer, ezta hau egia bazen ere.

^ § 14 1950⁠ean, Quebec-en denbora osoko 164 zerbitzari zeuden, hauen artean Galaadeko 63 graduatu. Hauek gustura onartu zuten beraien eginkizuna nahiz eta oposizio latza jasan beharko zutela jakin.

^ § 15 Glen How anaia abokatu ausarta izan zen. 1943⁠tik 2003⁠ra, Jehobaren lekukoak defendatu zituen ehunka kasutan auzitegietan Kanadan eta beste herrialde batzuetan.

^ § 16 Denborarekin, Guardia Zibila sukurtsaletik joan egin zen. Hala ere, sukurtsal berri bat eraiki zen beste toki batean.

^ § 32 Denborarekin, Guardia Zibila sukurtsaletik joan egin zen. Hala ere, sukurtsal berri bat eraiki zen beste toki batean.