Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zergatik behar dugu esperantza?

Zergatik behar dugu esperantza?

Zergatik behar dugu esperantza?

IMAJINATU dezagun Danielek, aurreko artikuluan aipatutako mutikoak, esperantza galdu izan ez balu. Minbizia gaindituko ote zuen? Gaur bizirik egongo al litzateke? Esperantza irrikaz defendatzen dutenek ere, ezin dute baiezkorik eman; eta ideia hau garrantzitsua da. Ez diogu esperantzari neurrigabeko baliorik eman behar. Ez du dena sendatzen, ez da gaitz guztietarako balio duen sendagaia.

CBS News telebistak egindako elkarrizketa batean Nathan Cherney doktoreak aipatu zuenez, esperantzaren boterea esajeratzea arriskutsua izan daiteke gaixotasun larriak dituztenentzat. Honi buruz esan zuen: «Senar batzuek, euren emazteei meditatzeko ariketa gutxi egitea edota pentsaera negatiboegia izatea aurpegiratu diete. Pentsamolde horrek gauzak kontrolpean ditugunaren ilusioa sortzen du. Ondorioz, gaixoa hobetzen ez bada, badirudi berak ezin izan duela tumorea ondo kontrolatu. Baina hau pentsatzea ez da bidezkoa».

Egia esan, gaixotasun terminala duenak borroka gogor eta nekagarri bati aurre egiten dio. Ziur gaixoa maitatzen dutenek, ez dutela gainera errudun sentiarazi nahi. Orduan, esperantzak, ez du ezertarako balio?

Ez horixe! Lehen aipatutako doktorea, esaterako, zainketa paliatiboetan espezializaturik dago. Tratamendu hauek ez dira erabiltzen gaixotasunak sendatzeko edo bizia luzatzeko. Hauen helburua, gaixoaren egoera erosoagoa eta atseginagoa egitea da, bizirik dauden bitartean. Paliatiboetan lan egiten duten medikuek, gaixoak zoriontsuago egiten dituzten tratamenduetan benetan sinesten dute, baita oso larri daudenen kasuan ere. Esperantzak guzti hori eta gehiago lortu dezakeela adierazten duten froga asko daude.

Esperantzaren garrantzia

W. Gifford-Jones doktorearen arabera, «esperantza terapia boteretsua da». Berak gaixo terminalei ematen zaien laguntza emozionalari buruzko ikerketa batzuk berrikusi zituen. Badirudi, laguntza mota hau esperantza eta ikuspuntu positiboa mantentzeko baliagarria dela. 1989an egindako ikerketa batek, ondorengoa azaldu zuen: Laguntza emozionala jaso zuten gaixoek denbora gehiago iraun zutela bizirik. Hala ere, beranduago egindako beste ikerketen emaitzak ez dira hain argiak izan. Edonola ere, ikerketek hurrengoa baieztatu dute: Laguntza emozionala jasotzen duten gaixoek, jasotzen ez dutenek baino depresio eta sufrimendu gutxiago daukatela.

Aztertu dezagun beste ikerketa bat. Oraingo hau, pentsaera positiboak eta negatiboak arazo koronarioetan duten eraginei buruzkoa da. Horretarako, 1.300 gizonezko sakontasunez aztertu zituzten, pentsaera positiboa edo negatiboazuten jakiteko. Hurrengo hamar urteetan zehar, aztertutako gizonen ehuneko 12 baino gehiagok, kardiopatia motaren bat izan zutela ikusi zen. Hauetatik ia bikoitzak izaera ezkorra zuten. Laura Kubzansky-k (Harvardeko Osasun Publikoko fakultatearen osasun eta giza jokabideko irakasle laguntzaileak) aipatzen du: «Badaude pentsaera baikorra osasunerako ona dela adierazten duten frogak. Hala ere, hauen gehiengoek orain arte, ez dute pisu handirik izan. Baina ikerketa honi esker, bihotzeko gaitzen eremuan, ideia honen aldeko lehenengo froga fidagarri batzuk lortu ditugu».

Ikerketa batzuen arabera, osasun txarra dutela pentsatzen dutenak, beranduago sendatzen dira ebakuntza baten ondoren; kontrara, baikorrak direnak arin-arin. Gainera, pentsaera positiboa eta bizitza luzea izatea loturik daudela ikusi da. Beste ikerketa batek ondorengoa aztertu zuen: nola eragiten dieten adinekoei, zahartzaroari buruzko ikuspuntu positibo eta negatiboek . Adinekoek mezu laburrak jasotzen zituzten. Hauetan, zahartzaroa, jakinduria eta esperientzia handiagoa izatearekin lotzen zen. Horren ostean, sasoitsuago ibiltzen ziren. Are gehiago, honen ondorioz lortutako emaitzak eta 12 asteetan zehar kirola egitean lortutakoak, parekoak ziren!

Badirudi esperantza eta pentsaera positiboa izatea osasunerako lagungarriak direla. Baina, zergatik? Beharbada, medikuntzak eta zientziak gizakion adimena eta gorputza ez dituztelako oraindik behar bezala ulertzen. Horregatik, ezin dute erabateko erantzunik eman. Hala ere, gai hau ikertzen duten adituek, ezagueran eta bere esperientzian oinarrituriko ikuspuntuak adierazteko gai dira. Esaterako, neurologiako irakasle batek aipatzen du: «Poza eta esperantza sentitzea oso atsegina da. Egoera honetan, oso estres gutxi sufritzen dugu eta oso lagungarria da gorputzarentzat. Osasuntsu egoteko, hau ere egiten saiatu gaitezke».

Ideia hau doktore, psikologo eta zientzialari batzuentzat harrigarria izan daiteke. Baina Biblia aztertzen dutenentzat ez da berria. Duela ia 3.000 urte Salomon errege jakintsuak, Jainkoak inspiratuta, hurrengoa idatzi zuen: «Bihotz alaiak osasuna ekarri, bihotz tristeak hezurrak ihartu» (Esaera Zaharrak 17:22). Hitz hauetan azaltzen den oreka, nabarmena da. Ez du esaten pozak gaitz guztiak sendatzen dituenik, baizik eta «osasuna ekarri» egiten duela.

Beraz, arrazoitsua da galdetzea: «Esperantza sendagai bat balitz, zein medikuk ez luke errezetatuko?». Are gehiago, esperantza osasunerako lagungarria izateaz gain, beste eremuetan emaitza onak ere sortzen ditu.

Positibo eta negatiboak izatearen eragina gure bizitzan

Ikerlariek diotenez, baikorrak direnek emaitza on ugari izaten dituzte. Eskolan, lanean, baita kirolean ere emaitza hobeak lortzen dituzte. Adibidez, atletismoko emakumeen talde batekin ikerketa bat egin zen. Alde batetik, entrenatzaileek emakumeen gaitasun atletikoak aztertu zituzten. Bestetik, emakumeen esperantza maila ere sakonki aztertu zuten. Azkenean, emakumeen emaitzak zeintzuk izango ziren jakiteko neurririk onena, ez zen entrenatzaileek proposatutakoa izan. Euren esperantza mailak eragin handiagoa izan zuen. Zergatik du esperantzak hain eragin nabarmena?

Baikor izatearen aurkakoa, hau da, ezkor izatea aztertzeak, asko irakatsi digu. 1960. hamarkadan egin ziren hainbat esperimentutan, animaliekin loturiko ezusteko informazioa ikusi zen. Ondorioz, ikertzaileek esaera berri bat asmatu zuten: «Ikasitako etsipena». Gizakiek antzeko gaitzak edo sindromea sufritu dezaketela ere ikusi zuten. Adibidez, pertsona batzuei atseginak ez ziren zarata batzuk entzunarazi zieten. Hauek gelditzeko, botoi batzuk ordena zehatz batetan sakatu behar zituzten. Hori egiten zutenean, zarata gelditzen zen.

Proba bera, bigarren talde batekin errepikatu zen. Baina, botoiak sakatzean ez zen ezer gertatzen. Logikoa denez, bigarren taldeko askok etsituta amaitu zuten, eta ondoren egin zizkieten beste probetan ez zeuden ezer egiteko prest. Ziur zeuden ezerk ez zuela egoera aldatuko. Hala ere, bigarren taldeko pertsona baikorrak ez ziren etsipenean erori.

Martin Seligman doktoreak hauetako esperimentu batzuk diseinatzen lagundu zuen. Ondorioz, pentsaera positiboa eta negatiboa ikertzen hasi zen. Bereziki, etsipenean erortzen diren pertsonen pentsamoldean sakondu zuen. Bere ustez, jarrera negatibo hauek bizitzaren ekintza asko zailtzen edota eragozten dituzte. Seligman-ek pentsaera negatiboa eta honen emaitzak, hitz hauekin laburtu zituen: «25 urteetan egindako azterketek, ondorengoaz konbentzitu naute: Pertsona ezkorrek, ezbeharrak euren erruagatik gertatzen direla, betirako iraungo dutela eta egiten duten guztian eragina izango dutela sinesten dute. Guk ere, modu berean pentsatzeko ohitura izan dezakegu. Baina hau egiten badugu, pentsamolde hau ez dutenek baino ezbehar gehiago sufrituko ditugu».

Lehen esan dugun bezala, ikuspuntu hauek berriak izan daitezke zenbait pertsonentzat. Baina Biblia aztertzen dutenentzat, ezagunak dira. Esaera zahar batek dio: «Larrialdian adorea galdu baduzu, larri zabiltza indarrez!» (Esaera Zaharrak 24:10). Adorerik edo animorik ez izateak, gauzak egiteko indarra kenduko digula argi adierazten du Bibliak. Orduan, zer egin dezakegu ezkortasunari aurre egiteko, eta baikortasuna eta esperantza handiagoak izateko?

[Irudia]

Esperantza oso lagungarria izan daiteke.