Saltatu edukira

Moraltasunak behera egin duen garaia

Moraltasunak behera egin duen garaia

Moraltasunak behera egin duen garaia

NOIZ esango zenuke moraltasuna modu larrian behera egiten hasi zela? Zure bizitzan zehar ala zu baino zaharragoak diren senide edo lagunen garaian? Batzuen ustez, 1914⁠an Lehen Mundu Gerrak eztanda egin zuenean, inoiz gertatu ez zen moraltasunaren beherakada hasi zen. Robert Wohl historia irakasleak The Generation of 1914 (1914⁠ko belaunaldia) bere liburuan honakoa idatzi zuen: «Gerratik bizirik atera zirenek beti pentsatu izan zuten 1914⁠ko abuztuan mundu bat bukatu eta beste bat hasi zela».

«Leku guztietan gainbehera zihoazen gizartearen jokabide arauak erabat suntsituta gelditu ziren», dio Norman Cantor historialariak. «Politikariek eta generalek beraien kargu zituzten milioika pertsonak sakrifikatzera eramaten diren animaliak bezala tratatzen bazituzten, zer balore etiko edo erlijio-printzipiok galaraziko zuen gizakiek elkarrekin basapiztien krudeltasunarekin jokatzea? […] Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) sortu zuen sarraskiak giza biziari balioa guztiz kendu zion ».

The Outline of History (Historiaren zirriborroa) obra sakonean, H. G. Wells historialari ingelesak eboluzioaren teoria onartu zenean «benetako moralgabekeria» etorri zela esan zuen. Zergatik? Batzuen ustez, gizakia maila gorenago batean dagoen animalia bat besterik ez da. Wells eboluzionista zen eta 1920⁠an idatzi zuen: «Erabakia izan zen gizakia animalia soziala dela, ehiza-txakur basatia bezalakoa […], beraz beraientzat zuzena zirudien giza taldeko txakur handiek besteak beldurtzea eta menderatzea».

Cantorrek esan zuen bezala, Lehen Mundu Gerrak dudarik gabe jendearen moraltasunaren zentzuan eragin suntsitzailea izan zuen. Honakoa azaldu zuen: «Belaunaldi zaharragoen iritziek, esaterako, politika, janzkera eta sexu moraltasunari buruzkoek, ez zuten inolako baliorik». Elizek ere moralgabekeria zabaltzen lagundu zuten eboluzioaren teoria onartuz eta jendea gerrara joatera animatuz. Frank Crozier general britainiarrak honakoa idatzi zuen: «Eliza kristauak gure jarrera gupidagabeen sortzailerik onenak dira, eta ondo baliatu gara horietaz».

Printzipio moralak baztertzen dira

Lehen Mundu Gerraren ondorengo hamarkadan, 1920⁠ko hamarkada zoroa ere deitua, aurreko moraltasuna eta printzipioak alde batera utzi ziren eta guztia zen onargarria. Frederick Lewis Allen historialariak ondorengoa esan zuen: «Gerra ondorengo hurrengo hamar urteak, “giza lege txarren hamarkada” izenarekin egingo da ezaguna agian. […] Aurreko gizartearekin batera, aberastasuna ekarri zuten eta biziari zentzua ematen zioten baloreak joan ziren, eta zaila zen balore berriak aurkitzea».

30⁠eko hamarkadako Depresio Handiak jende asko pobrezia izugarrian murgildu zuen. Hamarkada honen amaierarako, oraindik suntsitzaileagoa izango zen gerra batean sartu zen mundua: Bigarren Mundu Gerra. Laster, nazioak arma beldurgarriak egiten hasi ziren. Horrek krisi ekonomikotik ateratzen lagundu zuen. Baina, era berean, ordurarte imajinaezina zen sufrimendu eta izuaz josi zuen mundua. Gerraren amaierarako, ehunka hiri suntsituta gelditu ziren, horien artean bonba atomikoz erraustutako Japoniako bi hiri! Milioika pertsona kontzentrazio eremu krudeletan hil egin zituzten. Guztira, gerrak 50 milioi gizon, emakume eta haurri bizia kendu zien.

Bigarren Mundu Gerrako egoera latzean zehar, jendeak betiko printzipio moralak baztertu eta nahi zuen jokabidea izaten hasi zen. Love, Sex and War—Changing Values, 1939-45 (Maitasuna, sexua eta gerra: Balore aldaketa, 1939-45) liburuak honakoa esan zuen: «Gerra-tokian dena baimenduta zegoen bezala, bazirudien sexu-jokabidean ere dena baimenduta zegoela. […] Gerra garaiko larritasun eta urduritasunak laster printzipio moralak desegin zituen. Etxe askotan biziak, gerra-tokietan bezala, motza eta baliogabea zirudien».

Hiltzeko arrisku etengabeak jendearengan maitasun-harremanak izateko desira sortu zuen, nahiz eta epe motzekoak izan. Etxekoandre britaniar batek honela justifikatu zuen garai hartako sexu-jokabidea: «Ez ginen moralgabeak, gerran geunden, besterik gabe». Soldadu amerikar batek honakoa onartu zuen: «Jende gehienarentzat moralgabeak ginen. Baina, gazteak ginen eta edozein momentutan hil gintezkeen».

Gerratik bizirik atera ziren askok sufritzen jarraitu zuten ikusi zituzten gauza ikaragarriengatik. Oraindik ere, askori, garai hartan haurrak zirenei ere, gerran gertatutakoa burura etortzen zaie, berriz gertatzen ari dela sentituz. Beste askok fedea galdu zuten eta ez zuten argi zer zegoen ondo eta zer gaizki. Ondorioz, egoeraren arabera dena onargarria izan zitekeela pentsatzen hasi zen gizartea.

Gizarte-arau berriak

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gizakiaren sexu-jokabideari buruzko ikerketak argitaratu ziren. Horietariko bat, 40⁠ko hamarkadan Estatu Batuetan egindako Kinsey txostena izan zen, 800 orrialde baino gehiagokoa. Txosten hura argitaratu aurretik, jendeak normalean ez zuen sexuari buruz hitz egiten. Baina, txostenaren ondorioz, sexuaz askatasunez hitz egiten hasi zen. Nahiz eta txostenean datu asko handituta egon, argi utzi zuen gerra ondoren moraltasunaren beherakada izugarria gertatu zela.

Denbora batez, moraltasuna errespetatzen zuen itxurak gordetzen saiatu zen jendea. Adibidez, irratian, zineman eta telebistan eduki moralgabeak zentsuratzen zituzten. Baina horrek ez zuen asko iraun. Estatu Batuetako hezkuntza idazkaria izandako William Bennett-ek honakoa esan zuen: «1960⁠ko hamarkadan gure herrialdea “zibilizazio faltara” abiatu zen ziztu bizian». Beste herrialde askok ere gauza bera egin zuten. Zergatik bizkortu zen 60⁠ko hamarkadan moraltasunaren beherakada?

Hamarkada horretan, emakumearen askatasunaren mugimendua eta sexu-iraultza bere «moraltasun berriarekin» ia aldi berean sortu ziren. Gainera, haurrak ez izateko pastilla eraginkorrak egiten hasi ziren. Horrek, sexu-harremanak haurdun gelditzeko arriskurik gabe izatea posible egin zuen. Beraz, arrunt bilakatu zen sexu-harremanak ezkondu gabe izatea.

Aldi berean, prentsa, zinema eta telebista beraien moraltasun kodea lasaitzen hasi ziren. Estatu Batuetako Nazio-segurtasun Kontseiluaren zuzendari izandako Zbigniew Brzezinski-k, telebistan ikusten ziren baloreei buruz honakoa esan zuen: «Argi eta garbi, norberaren plazerra bilatzera bultzatzen dute, biolentzia eta krudelkeria ohiko bihurtu dute eta promiskuitatea sustatzen dute».

1970⁠eko hamarkadarako, bideo erreproduzitzaileek indarra hartu zuten. Beraz, jende askok pelikula moralgabeak ikusi zitzakeen etxeko pribatutasunean, zinema-areto batean jendearen aurrean ikusiko ez lituzkeenak. Eta, orain, Interneten bidez, pornografiarik zikinena ordenagailua duen edonork ikusi dezake edonon.

Honen ondorio beldurgarriak ikusten ditugu gaur egun. Estatu Batuetako espetxe bateko arduradunak honakoa esan zuen ez dela denbora asko: «Duela 10 urte, espetxera sartzen ziren gazteekin ondo eta gaizki zegoenari buruz hitz egin nezakeen. Baina, orain sartzen diren gazteek ez dute ideiarik ere zertaz hitz egiten ari naizen».

Non aurkitu dezakegu gida?

Ezin dugu munduko elizetara jo moraltasunari buruzko gida bila. Jesusen eta lehen mendeko kristauen printzipioak jarraitu beharrean, elizak mundu gaizto honen parte egin dira. Idazle batek honakoa galdetu zuen: «Zer gerratan ez du alderdi bakoitzak esan Jainkoa bere alde dagoenik?». New York hiriko apaiz batek, Jainkoaren arau-moralak betetzeari buruz hitz egitean, elizako kide izateko baldintzak «autobus batera igotzeko baldintzak baino malguagoak» direla esan zuen.

Argi dago mundu hau aldatzeko zerbait egin behar dela. Baina, zer aldatu behar da? Nork egin dezake? Eta, nola egingo du?

[Iruzkina]

«Lehen Mundu Gerrak (1914-18) sortu zuen sarraskiak giza biziari guztiz kendu zion balioa»

[Taula]

BERTUTEAK ETA BALOREAK

Lehen «bertute» hitzak esanahi bakarra zuen. Pertsona bertutetsua zintzoa, leiala, garbia eta ohoretsua zen. Baina, orain «bertute» hitza «balore» hitzarekin aldatu da. Hala ere, bi hitz horiek ez dira baliokideak. Horixe azaltzen du Gertrude Himmelfarb historialariak The De-Moralization of Society (Gizartearen moralaren galtzea) bere liburuan: «Bertuteei buruz ezin daiteke esan, baloreei buruz esan daitekeen bezala, […] norberak bereak aukeratzeko eskubidea duenik».

Historialari honen arabera, baloreak «sinesmenak, iritziak, jarrerak, sentimenduak, ohiturak, onartutako jokaerak, hobespenak, aurreiritziak edo berezitasunak izan daitezke; azken finean, pertsona, talde edo gizarte batek, momentu jakin batean, arrazoiren batengatik, balioesten duen edozer gauza». Gaur egungo gizarte aske honetan, jendeak bere baloreak aukeratzeko eskubidea duela uste du, supermerkatuan janaria aukeratzen duen bezala. Baina, hau horrela denean, zer gertzen da benetako bertute eta moraltasunarekin?

[Irudia]

Entretenimendu moralgabea geroz eta eskuragarriago dago