Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

DOLUAN DAUDENENTZAKO LAGUNTZA

Zer espero dezaket?

Zer espero dezaket?

Aditu batzuek doluak etapa desberdinak dituela esaten dute. Hala ere, pertsona bakoitzak modu desberdinean bizitzen du. Esan nahi al du horrek pertsona batzuek tristura gutxiago sentitzen dutela edo beraien sentimenduak gordetzen dituztela? Ez, ez du horrela izan beharrik. Dolua onartzeak eta adierazteak eragin positiboak izan ditzake, baina ez dago dolua bizitzeko «modu zuzen» bakar bat. Gauza askok izan dezakete eragina honetan, esaterako, kulturak, izaerak, bizipenek eta pertsona hil zen moduak.

ZER ZAILTASUN IZAN DITZAKET?

Doluan daudenek, askotan, ez dakite zer zailtasuni egin beharko dieten aurre maite duten norbait hil ondoren. Hala ere, zenbait emozio eta zailtasun ohikoak izan daitezke. Aztertu ditzagun batzuk:

Emozioak kontrolatu ezin izatea. Normala da doluan dagoenak negar egitea, hildakoa faltan botatzea edota gorabehera emozionalak izatea. Batzuetan, gainera, oroitzapenek eta amets batzuek emozioak indartu ditzakete. Baina, lehen erreakzioa gertatutakoa sinetsi nahi ez izatea eta nahastuta egotea izan daiteke. Tinaren senarra, Timo, bat-batean hil zen, espero gabe. Nola erreakzionatu zuen gogoratzen du: «Shockean nengoen, negar egiteko gai ere ez nintzen. Nire atsekabea oso handia zen eta arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaidan. Ezin nuen gertatzen ari zena sinetsi».

Antsietatea, haserrea eta errudun sentimenduak. Ivanek honakoa dio: «Gure semea, Eric, 24 urte zituela hil zen. Bere heriotzaren ondoren, nire emaztea eta biok oso haserre geunden. Honek harritu egin gintuen, ez genuelako inoiz azkar haserretzen ginenik uste izan. Gainera, errudun sentitzen ginen, gure semearen alde gehiago egiteko aukerarik izan ote genuen galdetzen geniolako geure buruari». Alejandroren emaztea gaixotasun luze bat jasan ondoren hil zen. Berak ere errudun sentimenduak izan zituen: «Hasieran, Jainkoak hainbeste sufritzen uzten bazidan, pertsona gaiztoa nintzelako zela uste nuen. Gero, errudun sentitu nintzen gertatu zenaren kulpa Jainkoari botatzen niola ematen zuelako». Eta aurreko artikuluan aipatutako Kostasek honakoa dio: «Batzuetan Sofiarekin haserretzen nintzen hiltzeagatik. Gero, errudun sentitzen nintzen horrela pentsatzeagatik. Azken finean, ez zen bere errua».

Argi pentsatzeko zailtasuna. Momentu batzuetan, pentsamendu ilogiko edo okerrak eduki daitezke. Adibidez, doluan dauden batzuei hildakoa entzun, sentitu edota ikusi dezaketela iruditzen zaie. Gainera, kontzentratzea eta argi pentsatzea ere kosta ahal zaie. Tinak esaten du: «Batzuetan, beste norbaitekin hitz egiten ari nintzenean, nire burua beste leku batean zegoela konturatzen nintzen. Timoren heriotzaren inguruan gertatutako gauzei bueltak eta bueltak ematen nizkion. Ezin nintzen kontzentratu eta honek asko nahigabetzen ninduen».

Bakar-bakarrik egoteko nahia. Doluan dagoena beste pertsona batzuekin egotean, posible da deseroso sentitzea edota haserretzea. Honakoa dio Kostasek: «Ezkonduekin egoten nintzenean, lekuz kanpo sentitzen nintzen. Baina ezkongabeekin nengoenean ere berdin sentitzen nintzen». Ivanen emazteak, Yolandak, honakoa gogoratzen du: «Gure arazoekin konparatuz huskeriak ematen zuten arazoez kexatzen zirenekin egotea zaila zen guretzat. Gainera, beste batzuek beraien seme-alabei buruz hitz egiten ziguten, gauzak zein ondo joaten ari zitzaizkien kontatzen ziguten. Asko pozten nintzen beraiengatik, baina era berean, gauza hauek entzutea oso zaila egiten zitzaidan. Ulertzen genuen bizitzak aurrera egiten zuela, baina ez genuen ez pazientziarik, ezta indarrik ere honi aurre egiteko».

Osasun arazoak. Apetitu, pisu eta lo egiteko arazoak izatea ohikoa da. Honakoa dio Aaronek bere aita hil eta hurrengo urtean zehar gertatutakoari buruz: «Lo egiteko arazoak nituen. Gauero, ordu berean esnatzen nintzen nire aitaren heriotzari buruz pentsatzen».

Alejandrok osasun arazo arraroak izaten hasi zela gogoratzen du. Berak dio: «Behin baino gehiagotan joan nintzen sendagilearengana eta ondo nengoela esaten zidan. Nire ondoeza doluaren ondorioa zela susmatzen hasi nintzen». Denborarekin, sintoma guztiak desagertu zitzaizkion. Hala ere, Alejandrok ondo egin zuen medikuarengana joatea erabakitzean. Doluak gure defentsak gutxitu, ditugun osasun arazoak okertu edo gaixotasun berriak sortu ditzake.

Beharrezko eginkizunak egiteko zailtasunak. Ivanek dio: «Eric hil ondoren, familiakideei eta lagunei abisatu behar izan genien. Baina beste batzuei ere esan behar izan genien, adibidez, bere laneko nagusiari eta bizi zen etxeko jabeari. Gainera, tramite legalez eta Eric-en objektu pertsonalez arduratu behar izan ginen. Guzti honek kontzentrazio handia eskatzen zuen, baina mentalki, fisikoki eta emozionalki oso nekaturik geunden».

Baina, batzuentzat, benetako zailtasuna gero etortzen da, hildakoak egiten zituen gauza guztiak egin behar dituztenean. Hori da Tinari gertatu zitzaiona. Berak esaten du: «Timo arduratzen zen bankuetara joateaz eta etxeko diru-kontuez. Baina orain nik egin behar nuen eta horrek gehiago estresatzen ninduen. Izango al nintzen gai gauza guzti horiek ondo egiteko?».

Zailtasun emozional, mental eta fisiko hauek ikusita, agian, doluari aurre egitea ezinezkoa dela eman dezake. Egia da doluak min handia sortu dezakeela, baina zailtasun hauek ezagutzeak doluari aurre egiten lagundu ahal digu. Gogoratu, gainera, guztiek ez dituztela zailtasun denak izaten. Are gehiago, sentimendu hauek izatea normala dela jakiteak kontsolatu gaitzake.

IZANGO AL NAIZ BERRIRO ZORIONTSU?

Zer espero dezakezu? Orain sentitzen duzun min handi horrek ez du betirako iraungo. Denborarekin, gutxitu egingo da. Horrek ez du esan nahi erabat «errekuperatuko» zarenik edota maite zenuen pertsona hori ahaztuko duzunik. Baina poliki-poliki min handi hori murrizten joango da, nahiz eta une zehatz batzuetan berriro agertu. Adibidez, espero gabe burura etortzen diren oroitzapen zehatz batzuekin azaleratu daiteke, edota data berezi batzuetan, esaterako, urteurrenetan. Hala ere, denboraldi bat pasa ondoren, askok oreka emozionala izatea lortzen dute eta eguneroko ekintzetan kontzentratu daitezke berriro. Hau lortzeko, oso inportantea da familiaren eta lagunen laguntza izatea eta norberak beharrezko pausoak ematea.

Zenbat iraun dezake doluak? Batzuen kasuan, unerik mingarrienek hilabete batzuk irauten dute. Beste askok urte bat edo bi behar izaten dituzte hobeto sentitzen hasteko. Eta beste batzuek denbora gehiago behar izaten dute. a «Nire kasuan», dio Alejandrok, «doluak hiru urte inguru iraun zituen».

Izan pazientzia zeure buruarekin. Egin egunean egunekoa eta zeure erritmoan. Eta gogoratu doluaren minak ez duela betirako iraungo. Baina, egin al dezakezu zerbait doluaren mina arintzeko edota hau gehiegi ez luzatzeko?

Maite duzun norbaiten heriotzak min handia sortzea normala da

a Batzuei doluak denbora luzean oso min sakona sortzen die eta horri dolu «konplikatua» edo «kronikoa» deitzen zaio. Pertsona hauek, agian, osasun mentalaren arloko profesional baten laguntza behar dute.