Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Sarrera

Sarrera

«Iparraldeko herrixka batean hazi nintzen», dio Sierra Leonako Dauda-k. «Behin, txikia nintzenean, nire familiak beste familia batekin lursail bati buruzko istilua izan zuen. Biek lursail berdinaren jabeak zirela esaten zuten. Istilua konpontzeko, azti bati deitu zioten. Berak, gizon bati ispilu bat eman eta oihal txuri batekin estali zuen. Laster, gizona dardarka eta izerditan hasi zen. Ispiluari begira zegoela, esan zuen: “Gizon zahar bat hurbiltzen ari dela ikusten dut. Zuriz jantzita doa, altua eta zaharra da. Ile txuria du eta pixka bat makurtuta ibiltzen da”.

Aitona deskribatzen ari zen! Orduan, erabat aztoratuta oihukatu zuen: “Esaten dudana ez baduzue sinesten, etorri zeuen begiekin ikustera!”. Noski, gutako inork ez zuen hori egiteko ausardia izan! Gero, aztiak gizona lasaitu zuen, kalabaza batean zeraman hostoz eta urez eginiko nahasketa magiko batekin zipriztinduz.

Ispiluaren gizonaren bitartez hitz eginez, “aitonak” lursaila gure familiarena zela esan zuen. Amonari lursail hori lasai lantzeko esan zion. Beste familiak epaila onartu zuen eta istilua konpondu zen».

Gertakari hauek ohikoak dira mendebaldeko Afrikan. Hemen, munduko beste toki askotan bezala, milioika lagunek hildakoak espirituen munduan daudela sinesten dute. Beraien ustez, handik lurrean bizi direnak ikusten dituzte eta euren bizitzetan eragin dezakete. Baina, egia al da? Bizirik al daude hil direnak? Hala ez bada, nortzuk dira hildakoen espiritu horiek? Galdera hauen erantzunak jakitea oso garrantzitsua da. Hil edo biziko kontua da.