Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Deabruek hildakoak bizirik dauden gezurra esaten dute

Deabruek hildakoak bizirik dauden gezurra esaten dute

Bibliaren arabera, Satanasek «mundu guztia engainatzen du» (Apokalipsia 12:9). Satanas eta bere deabruek ez dute guk Biblian, Jainkoaren Hitzean, sinesterik nahi. Hildakoak espirituen munduan bizi direla sinestarazi nahi diote jendeari. Ikusi dezagun nola egiten duten.

Erlijio faltsua

Gizakiak, animaliak, arrainak eta hegaztiak, guztiak arimak dira

Erlijio askok gizaki guztiok arima bat dugula irakasten dute. Horien ustez, gorputza hil ondoren, arima espirituen mundura joaten da. Gorputza hil egiten dela, baina arima ez dela hiltzen esaten dute. Are gehiago, arima hilezkorra dela baieztatzen dute.

Baina, Jainkoaren Hitzak ez du hori esaten. Bibliaren arabera, arima pertsona bera da; ez da barruan duen zerbait. Adibidez, Bibliak Adamen sorkuntza deskribatzen duenean, Jehobak lur-hautsez gizona moldatu zuela, sudur-zuloetan bizi-arnasa putz egin ziola eta gizona «arima bizi» bilakatu zela dio (Hasiera 2:7, Bible Saindua, Jean Duvoisin [Du]). Beraz, Jehobak Adami ez zion arima bat eman; Adam bera arima bat zen.

Animaliei ere «anima», hau da, arima deitzen zaie (Hasiera 1:20, 21, 30, Biblia, José Antonio Uriarte [Ur]).

Biblian «arima» hitzak pertsona bera esan nahi duenez, arimak hil daitezkeela ikasteak ez gaitu harritzen. Bibliak dio:

  • «Bekatura eroriko den arima, hura bera da hilen» (Ezekiel 18:4, Du, euskara batura egokituta).

  • «Ez zaretela beldur gorputza hiltzen dutenen, eta arima ezin hil dezaketenen: baina aitzitik zareten beldur arima eta gorputza Gehennan gal ahal ditzakenaren» (Mateo 10:28, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga, euskara batura egokituta).

Bibliak arima ez dela hilezkorra erakusten du

Beste aipu batzuen arabera, arima «kendua» edo suntsitua izan daiteke (Hasiera 17:14, Ur), baita «ezpataren ahoaz» hila ere (Josue 10:37, Du). Beraz, arima hil egiten da.

Biblia osoa irakurtzen baduzu ere, ez duzu inoiz aurkituko «arima hilezkorra» adierazpena. Giza arima ez da espiritu bat. Arima hilezkorraren irakaspena ez da biblia-irakaspena, baizik eta Satanasena eta bere deabruena. Eta Jehobak erlijioek esaten dituzten gezur guztiak gorrotatzen ditu (Esaera Zaharrak 6:16-19; 1 Timoteori 4:1, 2).

Mediumak

Deabruek hildakoen espirituak diren itxurak egiten dituzte

Jendea nahasteko Satanasek erabiltzen duen beste modu bat mediumak dira. Mediuma espirituengandik mezuak jaso ditzakeela esaten duen pertsona da. Pertsona askok, mediumek barne, mezu horiek hildakoen espirituak direla uste dute. Baina, Biblian ikusi dugun bezala, hori ezinezkoa da (Kohelet 9:5, 6, 10).

Norenak dira mezu horiek orduan? Deabruenak! Deabruek norbait bizirik dagoen bitartean aztertu dezakete. Hiltzen bada, badakite nola hitz egiten zuen, zer itxura zuen, zer egin zuen eta zer zekien. Beraz, erraza egiten zaie pertsona horren itxurak egitea (1 Samuel 28:3-19).

Istorio faltsuak

Satanasek hildakoei buruzko gezurrak zabaltzeko beste modu bat istorio faltsuak dira. Istorio horien erruz, jendeak askotan ez du Bibliak irakasten duena sinesten (2 Timoteori 4:4).

Batzuek hildako pertsona batzuk berriro bizirik ikusi dituztela uste dute

Afrikako toki batzuetan, jendeak hildakoak berriz bizirik ikusi dituela esaten du askotan. Normalean, hildakoa bizi zen lekutik urrun ikusten dute. Galdetu zeure buruari: «Hildako pertsona batek heriotzatik itzultzeko boterea balu, arrazoizkoa izango al litzateke bere familia eta lagunengandik urrun itzultzea?».

Gainera, baliteke ikusitako pertsonak hildakoaren antza besterik ez izatea. Adibidez, bi Jehobaren lekuko landa-eremu batean predikatzen zeudela, adineko gizon batek orduak beraiei jarraitzen eman zituela konturatu ziren. Zergatik jarraitzen zien galdetu ziotenean, Lekukoetako bat hilda zegoen bere anaia bat zela uste zuela esan zien. Noski, oker zegoen. Baina ez zuen onartu oker zegoenik. Imajinatu zer kontatuko zien gizon horrek beranduago bere lagun eta bizilagunei!

Ikuskariak, ametsak eta ahotsak

Deabruek amets, ikuskari eta ahotsen bidez engainatzen dute

Agian gauza arraroak ikusi, entzun edo amestu dituzten pertsonak ezagutuko dituzu. Esperientzia hauek, askotan, jendea izutzen dute. Mendebaldeko Afrikan bizi zen Mareinek hilda zegoen bere amona deika entzuten zuen gau askotan. Izututa, Mareinek oihu egiten zuen auzokide guztiak esnatuz. Denborarekin, burua galdu zuen.

Baina, hildakoak benetan bizirik badaude, arrazoizkoa al da maite dituztenak izutzea? Ez, noski. Mezu kaltegarri horien iturria deabruak dira.

Baina, batzuetan, jendeak mezu lagungarri eta kontsolagarriak jasotzen ditu. Adibidez, Sierra Leonako Gbassay gaixo zegoen. Amets batean, hilda zegoen bere aita agertu zitzaion. Honek zuhaitz zehatz batera joateko, hosto bat hartzeko, urarekin nahasteko eta edateko esan zion. Hori egin arte, ezin zuen beste inorekin hitz egin. Aitak esandako egin zuenean, sendatu egin zen.

Beste emakume baten arabera, hildako bere senarra gau batean agertu zitzaion. Senarrak itxura ona zuela eta jantzi ederrak zituela esan zuen emazteak.

Mezu eta ikuskari horiek onak eta lagungarriak dirudite. Baina Jainkoarengandik ote datoz? Ez. Jehoba «egiaren Jaungoikoa» da (30. Salmoa 6 Ur [31:5, NWT]). Berak ez gintuzke inoiz engainatuko. Deabruek bakarrik egiten dute hori.

Baina, ba al daude deabru onak? Ez. Batzuetan lagungarriak direla iruditu arren, guztiak gaiztoak dira. Deabruak Ebarekin hitz egin zuenean, atsegina ematen zuen (Hasiera 3:1). Baina, zer gertatu zen Deabruari entzun eta berak esandakoa egin zuenean? Eba hil egin zela.

Satanasek Ebari ez zela hilko esan zion. Ebak sinetsi egin zion. Baina, azkenean, hil egin zen

Badakizu batzuetan pertsona gaiztoak atseginak izan daitezkeela engainatu nahi dituztenekin. Atsotitz batek dioen bezala: «Kalean uso, etxean otso». Eta Jainkoaren Hitzak «Satanasek berak argizko aingeru-itxurak» hartzen dituela esaten du (2 Korintoarrei 11:14).

Dagoeneko Jainkoak ez ditu ametsak, ikuskariak, ezta ahotsak ere, erabiltzen jendearekin hitz egiteko. Bibliaren bidez irakasten digu eta bere gidari esker gizakia «guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest» (2 Timoteori 3:17).

Beraz, Jehobak maite gaituenez, Deabruaren trikimailuez ohartarazten digu. Badaki deabruak etsai arriskutsuak direla.