Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. KAPITULUA

Zein da Jainkoaren asmoa lurrarentzat?

Zein da Jainkoaren asmoa lurrarentzat?
  • Zein da Jainkoaren asmoa gizakiontzat?

  • Zein desafio egin zitzaion Jainkoari?

  • Nolakoa izango da etorkizuneko bizitza lurrean?

1. Zein da Jainkoaren asmoa lurrarentzat?

JAINKOAK lurrarentzat duen asmoa zoragarria da: pertsona zoriontsu eta osasuntsuez beteta izatea. «Jainko Jaunak baratzea landatu zue[la] Edenen» eta «orotariko zuhaitzak sorrarazi zitue[la] lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak» dio Bibliak. Lehen gizon-emakumeak sortu ondoren, Adam eta Eba, Jainkoak ingurune eder hartan ezarri eta esan zien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Hasiera 1:28; 2:8, 9, 15). Beraz, Jainkoaren asmoa gizakiek umeak izatea, lur zabala paradisu bihurtzea eta animaliak zaintzea zen.

2. a) Nola dakigu Jainkoak lurrarentzat duen asmoa beteko dela? b) Nolako pertsonak biziko dira lurrean Bibliaren arabera eta zenbat denborarako?

2 Beteko ote da Jainkoaren asmoa, hau da, pertsonak lurrean, paradisu batean bizitzea? Zer uste duzu? «Hala esan dut» dio Jainkoak eta «hala egingo» (Isaias 46:9-11; 55:11). Jehobak zerbait egiteko asmoa badu, noski burutuko duela! Eta Biblian dio lurra «ez du[ela] hutsik egoteko sortu, bizileku izateko baizik» (Isaias 45:18). Nolako pertsonak nahi zuen Jainkoak lurrean bizitzea? Eta zenbat denborarako? Bibliak honela erantzuten du: «Herrialdearen jabe izango dira zintzoak, eta beti bertan biziko» (37. Salmoa 29; Apokalipsia 21:3, 4).

3. Zein egoera tamalgarri dago lurrean eta zein galdera sortzen dira?

3 Bistan dago hori ez dela oraindik gertatu. Pertsonak gaixotu eta hil egiten dira; beraien artean borrokatu eta elkar hiltzen dute. Zerbaitek huts egin zuen. Jainkoaren asmoa ez zen lurra gaur egun dagoen bezala izatea, ez horixe! Zer gertatu da? Zergatik ez da bete Jainkoaren asmoa? Erantzuna ez dugu aurkituko gizakiak idatzitako historia-liburuetan, arazoa zeruan hasi baitzen.

AURKARI BATEN HASIERA

4, 5. a) Nork hitz egin zion Ebari suge bat erabiliz? b) Nola da posible zintzoa eta jatorra izandako pertsona lapur bilakatzea?

4 Bibliako lehendabiziko liburuak Edengo baratzean agertu zen Jainkoaren aurkari bati buruz hitz egiten du. «Suge» deitzen zaio, baina ez zen animalia soila. Bibliako azkeneko liburuak bere nortasuna jakinarazten digu: «Deabru eta Satanas [...], mundu guztia engainatzen duena». «Antzinako sugea» ere deitzen dio (Hasiera 3:1; Apokalipsia 12:9). Aingeru boteretsu edo ikusi ezin dugun izaki espiritual honek, suge bat erabili zuen Ebari hitz egiteko. Nola? Txotxongilolari trebeak, bere ahotsa erabiliz, panpinak berak hitz egiten duela sinestarazten duen bezala. Dudarik gabe, izaki espiritual hau bertan egon zen Jainkoak lurra gizakientzako prestatu zuenean (Job 38:4, 7).

5 Jehobak sortutako guztia akatsgabea denez, nork sortu zuen «Deabrua», «Satanas»? Laburtuz, Jainkoaren seme espiritual boteretsu batek, bere kabuz, bere burua Deabru bilakatu zuen. Nola da posible? Behin zintzoa eta jatorra izandako pertsona, orain lapur bilakatu daiteke. Nolatan? Norbaitek desio txar bat bere bihotzean garatzen utzi eta horretan pentsatzen jarraitzen badu, desio hori oso indartsu bilakatu daiteke. Ondoren, aukera izanez gero, pentsatzen jarraitu duen desioa burutuko du (Irakurri Santiago 1:13-15).

6. Nola bilakatu zen Satanas Deabru Jainkoaren seme espiritual boteretsu bat?

6 Hori da Satanas Deabruari gertatu zitzaiona. Antza, Jainkoak Adam eta Ebari umeak izateko eta lurra ondorengoez betetzeko esan ziela entzun zuen (Hasiera 1:27, 28). «Zergatik gurtu behar dute Jainkoa gizaki guzti hauek? Gurtu nazatela ni!» pentsatu zuen Satanasek ziur aski. Beraz, desio txarra garatu zen bere bihotzean. Azkenik, Ebari iruzur egiteko prestatu zen Jainkoari buruz gezurrak esanez (Irakurri Hasiera 3:1-5). Honela, «Deabru» bilakatu zen, «iraintzaile» esan nahi duena; era berean, «Satanas» ere bilakatu zen, «aurkari» esan nahi duena.

7. a) Zergatik hil ziren Adam eta Eba? b) Zergatik zahartu eta hiltzen dira Adamen ondorengo guztiak?

7 Adam eta Ebak Jainkoaren esana ez egitea lortu zuen Deabruak, gezur eta trikimailuz baliatuz (Hasiera 2:17; 3:6). Ondorioz, Jehobak esandakoa bete zen; denborarekin hil egin ziren (Hasiera 3:17-19). Adam akastun, inperfektu bilakatu zenez, bere ondorengoek bekatua heredatu zuten (Irakurri Erromatarrei 5:12). Gertatutakoa ulertzeko adibide bat ikus dezakegu. Opilak egin nahi baditugu eta moldeak konkadura badu, nola aterako dira opilak labetik? Opil bakoitzak moldeak duen konkadura edo akats berbera izango du. Era berean, gizaki bakoitzak Adamek zuen «konkadura» edo akats berbera heredatu du. Horregatik zahartu eta hiltzen dira gizakiak (Erromatarrei 3:23).

8, 9. a) Zein desafio egin zuen Satanasek? b) Zergatik ez zituen Jainkoak orduantxe hil errebeldeak?

8 Deabruak Adam eta Ebak Jainkoaren aurka bekatu egitea lortu zuenean, matxinada baten buru bihurtu zen. Jehobari desafio egin zion, bere agintzeko modua zalantzan jarriz. Hau aditzera ematen ari zen: «Jainkoa agintari gaiztoa da. Gezurretan ibiltzen da eta gauza onak ezkutatzen dizkie bere agindupean daudenei. Gizakiek ez dute Jainkoa behar agintari bezala. Beraien kabuz aukera dezakete zer den ona eta zer txarra. Eta hobeto egongo dira nire agindupean». Nola erantzungo zion Jainkoak desafio iraingarri horri? Batzuen ustetan, errebeldeak orduantxe hiltzea izango zen konponbidea. Baina erantzungo ote zen horrela Satanasen desafioa? Frogatuko ote zen Jainkoaren agintzeko modua zuzena dela?

9 Jehobaren zuzentasun akatsgabeak ez zion utzi errebeldeak orduantxe hiltzen. Denbora behar zela erabaki zuen Jehobak. Zertarako? Satanasen desafioari erabateko erantzuna emateko eta gezurti hutsa dela frogatzeko. Beraz, Jainkoak honakoa erabaki zuen: gizakiak, tarte batean, Deabruaren eraginpean utzi eta beraien erara goberna zitezela. Zergatik hartu zuen Jehobak erabaki hori? Eta zergatik utzi du hain denbora luzea igarotzen arazoak konpondu artean? Gai hau liburu honetako 11. kapituluan jorratuko da. Halere, hausnartu dezagun honetan: Satanasek ez zuen ezer onik egin Adam eta Ebaren alde. Hortaz, ba al zuten arrazoirik berataz fidatzeko? Bestalde, Jehobak zuten guztia eman zien. Ba al zuten arrazoirik gezurti bihozgabea zela pentsatzeko? Zuk zer egingo zenukeen?

10. Nola egin dezakezu Jehobaren alde, Satanasen desafioari erantzunez?

10 Galdera hauetan hausnartzea ona da, guztiok antzeko erabakiei aurre egin behar diegu eta. Jehobaren alde egin eta honela Satanasen desafioari erantzuna emateko aukera duzu. Jehoba zure agintaritzat aukera dezakezu eta Deabrua gezurti hutsa dela erakusten lagundu (73. Salmoa 28; irakurri Esaera Zaharrak 27:11). Tamalez, milioika pertsonen artean apur batzuek soilik egiten dute aukera hori. Honek hurrengo galdera garrantzitsua sortarazten du: irakasten al du benetan Bibliak Satanas dela munduaren agintaria?

NOR DA MUNDU HONETAKO BENETAKO AGINTARIA?

Nolatan eskainiko zizkion Satanasek Jesusi munduko gobernu guztiak bereak izan ez balira?

11, 12. a) Nola erakusten du Jesusi egindako tentazioak Satanas mundu honetako agintaria dela? b) Zerk gehiagok frogatzen du Satanas mundu honetako agintaria dela?

11 Jesusek ez zuen inoiz dudan jarri Satanas zenik mundu honetako agintaria. Behin Deabruak, mirariren bat erabiliz, Jesusi «munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean» erakutsi zizkion. Eta hauxe hitz eman zion: «Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu» (Mateo 4:8, 9; Lukas 4:5, 6). Pentsa ezazu honetan. Aukera hori benetako tentazioa izango ote zen Jesusentzat, Satanas erreinu guzti horien agintaria ez balitz? Jesusek ez zuen ukatu erreinu guzti horiek Satanasenak zirenik. Izan ere, horrela izan ez balitz, Jesusek ziurtasun osoz agerian utziko zukeen.

12 Jehoba, Jainko ahalguztiduna da, unibertso harrigarriaren Sortzailea (Apokalipsia 4:11). Halere, Biblian ez dago inon idatzia Jehoba edo Jesus mundu honetako agintariak direnik. Izan ere, Jesusek zehazki esan zuen Deabrua «mundu honetako buruzagia» dela (Joan 12:31; 14:30; 16:11). Horrez gain, Bibliak Satanas aurkariari buruz «mundu honetako jainkoa» dela dio (2 Korintoarrei 4:3, 4). Eta Joan apostoluak berari buruz hitz egitean, honakoa idatzi zuen: «Mundu osoa Gaiztoaren esku dago» (1 Joan 5:19).

SATANASEN MUNDUAREN AMAIERA

13. Zergatik behar da mundu berri bat?

13 Urteak pasa ahala, mundua geroz eta arriskutsuagoa da. Borrokan dauden armadez, politikari ustelez, erlijio-buru itxurazalez eta gaizkile bihozgabez josita dago. Munduaren egoerak ez du atzera bueltarik. Jainkoak mundu gaiztoa suntsituko duen garaia hurbil dela erakusten du Bibliak. Harmagedon gerraren bidez lortuko du hau eta zuzena izango den mundu berri bati bidea emango dio (Apokalipsia 16:14-16).

14. Nor aukeratu zuen Jainkoak bere Erreinuko Errege izateko eta nola iragarri zuen Bibliak hau?

14 Jehobak Jesu Kristo aukeratu zuen zerutik aginduko duen bere Erreinu edo gobernuaren Errege izateko. Duela asko, Bibliak honakoa iragarri zuen: «Haur bat jaio zaigu, Jainkoak seme bat eman digu. Beroni ezarri zaio aginpidea, eta honela deitzen diote: [...] “Errege bake-emaile”» (Isaias 9:5, 6 [9:6, 7NW]). Jesusek gobernu honi buruz otoitz egiten irakatsi zien bere jarraitzaileei. Honela esan zuen: «Etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:10). Liburu honetan aurrerago ikusiko dugun bezala, Jainkoaren Erreinuak laster mundu honetako gobernu guztiak suntsituko ditu eta beraien ordez aginduko du (Irakurri Daniel 2:44). Orduan, Jainkoaren Erreinuak lurra paradisu bilakatuko du.

MUNDU BERRIA HURBIL DAGO!

15. Zer da «lur berria»?

15 Bibliak hau ziurtatzen digu: «Gu, ordea, agindutako zeru-lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da» (2 Pedro 3:13; Isaias 65:17). Bibliak zenbaitetan, «lurra» edo «munduaz» hitz egiterakoan, lurrean bizi diren pertsonez hitz egiten du (Hasiera 11:1). Beraz, «lur berri» zuzena Jainkoaren onespena duten pertsonez osaturiko gizartea da.

16. Zein opari baliotsu jasoko dute Jainkoaren onespena dutenek eta zer egin behar dugu hori jasotzeko?

16 Jesusen promesaren arabera, Jainkoaren onespena dutenek «betiko bizia» jasoko dute etortzear dagoen lur berrian (Markos 10:30). Ireki ezazu, mesedez, zure Biblia eta irakur itzazu Joan 3:16 eta Joan 17:3. Bertan, betiko bizia izateko zer egin behar dugun adierazi zuen Jesusek. Baldintza hauek betetzen dituztenek opari zoragarri hau jasoko dute Jainkoaren eskutik. Gainera, bedeinkapen ugari izango dituzte lurrean izango den paradisuan. Ikus ditzagun bedeinkapen hauek Biblia erabiliz.

17, 18. Zergatik gaude ziur benetako bakea eta babesa izango direla lur osoan?

17 Ez da gaiztakeria, gerra, delitu eta indarkeriarik izango. «Kito gaiztoa. [...] Apalak izango dira herrialdearen jabe» (37. Salmoa 10, 11). Bakea izango da, «mundu osoan guduak geldiarazi[ko]» dituelako Jainkoak (46. Salmoa 10 [46:9NW]; Isaias 2:4). Orduan, «lora bedi justizia, ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte», hau da, betiko! (72. Salmoa 7).

18 Jehoba gurtzen dutenak babesean biziko dira. Biblia idatzi zen garaiko Israeldarrak, Jainkoaren esana betetzen zutenean, babesean bizi ziren (Lebitarrena 25:18, 19). Bai zoragarria honelako babesaz gozatzea paradisuan! (Irakurri Isaias 32:18; Mikeas 4:4).

19. Nola dakigu janari ugari izango dela Jainkoak hitz emandako mundu berrian?

19 Ez da janari gabeziarik izango. «Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan», abestu zuen salmogileak (72. Salmoa 16). Jehobak bere jarraitzaile zintzoak bedeinkatuko ditu eta «lurrak bere fruitua» emango du (67. Salmoa 7 [67:6NW]).

20. Zergatik esan dezakegu ziurtasunez lur osoa paradisu bilakatuko dela?

20 Lur osoa paradisu bilakatuko da. Behin gizaki bekatariek hondaturiko lurraldeak zeuden tokian, etxe berri eta lorategi ederrak izango dira (Irakurri Isaias 65:21-24; Apokalipsia 11:18). Denbora igaro ahala, berritutako lur eremuak zabaltzen joango dira, mundu osoa Edengo baratzea bezain eder eta emankorra izan arte. Eta Jainkoak «eskua zabaldu eta bizidun oro onginahiz [maitasunez] asetzen» jarraituko du beti (145. Salmoa 16).

21. Zerk erakusten du gizaki eta animaliak bakean biziko direla?

21 Gizaki eta animaliak bakean biziko dira. Basapiztiek eta etxe-abereek elkarrekin jango dute. Haurtxoak ere ez dira orain arriskutsuak diren animalien beldur izango (Irakurri Isaias 11:6-9; 65:25).

22. Zer gertatuko da gaixotasunekin?

22 Ez da gaixotasunik izango. Jesus lurrean bizi zenean, sendaketa ugari egin zituen. Horiekin alderatuta, oraindik neurri handiagoan egingo ditu Jainkoaren Erreinuko Errege izanik zerutik agindutakoan (Mateo 9:35; Markos 1:40-42; Joan 5:5-9). Orduan, «inork ez du esango: “Gaixo nago”» (Isaias 33:24; 35:5, 6).

23. Zergatik poztuko du gure bihotza berpizkundeak?

23 Maite izan eta heriotzan galdu ditugunak berriz ere biziko dira, inoiz ez hiltzeko aukerarekin. Jainkoaren oroimenean dauden hildakoak, berpiztuak izango dira. Izan ere, «hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko» dira (Eginak 24:15; irakurri Joan 5:28, 29).

24. Lurrean paradisua izango dela jakin ondoren, nola sentitzen zara?

24 Jehoba, gure Sortzaileari buruz gehiago ikasi eta bera zerbitzatzea aukeratzen badugu, etorkizun zoragarria izango dugu aurrean! Era berean, ezinbestekoa dugu Jesu Kristori buruz ere ikastea, berari esker izango baitira bedeinkapen hauek lurrean.