Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. KAPITULUA

Zer eragin dute guregan izaki espiritualek?

Zer eragin dute guregan izaki espiritualek?
  • Laguntzen al digute aingeruek?

  • Zer eragin dute espiritu gaiztoek gizakiengan?

  • Izan behar al gara espiritu gaiztoen beldur?

1. Zergatik da beharrezkoa aingeruei buruz ikastea?

PERTSONA bat ezagutu nahi badugu, bere familia ezagutzeak ere lagunduko digu. Era berean, Jehoba ezagutzeko zeruan duen familia ere ezagutzea beharrezkoa da. Biblian aingeruei «Jainkoaren seme» deitzen zaie (Hasiera 6:2). Zein eginkizun dute aingeruek Jainkoaren asmoan? Izan al dute eraginik gizakien historian? Ba al dute eraginik zure bizitzan? Eta hala bada, zein eragin dute?

2. Zein da aingeruen jatorria eta zenbat daude?

2 Biblian aingeruak ehunka aldiz aipatzen dira. Aingeruei buruz gehiago ikasteko, azter ditzagun horietako aipu batzuk. Zein da aingeruen jatorria? Kolosarrei 1:16⁠ak honakoa dio: «Beraren bidez [Jesu Kristo] sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak». Beraz, izaki espiritual guztiak, aingeru deituak, Jehobak sortu zituen banan-banan, bere Lehensemearen bidez. Zenbat aingeru daude? Bibliak ehunka milioi aingeru sortuak izan zirela adierazten du eta guztiak dira boteretsuak (103. Salmoa 20; Apokalipsia 5:11).

3. Zer azaltzen digu Job 38:4-7⁠ak aingeruei buruz?

3 Lurra sortua izan zenean «zerutar izaki guztiak poz-irrintzika ari zirela» azaltzen digu Bibliak (Job 38:4-7). Aingeruak, hortaz, gizakiak sortuak izan baino askoz ere lehenago existitzen ziren, are gehiago, lurra sortua izan baino lehenago. Biblia-pasarte honek aingeruek sentimenduak dituztela agertzen du, «poz-irrintzika ari zirela» esaten baitu. Ohartu al zara? «Zerutar izaki guztiak» poztu ziren. Garai hartan, aingeru guztiak ziren Jehoba elkarturik gurtzen zuen familiaren parte.

AINGERUEN LAGUNTZA ETA BABESA

4. Nola erakusten digu Bibliak aingeruak gizakiok egiten dugunaz arduratzen direla?

4 Lehenengo gizakiak nola izan ziren sortuak ikusi zutenetik, aingeruek gogo bizia erakutsi dute geroz eta ugariagoa den giza familian eta baita Jainkoaren asmoaren betetzean ere (Esaera Zaharrak 8:30, 31; 1 Pedro 1:11, 12). Denbora igaro ahala, gizakien gehiengoak beraien Sortzaile maitekorra zerbitzatzeari utzi ziola ikusi zuten aingeruek. Zer sentitu ote zuten hau ikustean? Dudarik gabe, tristatu egingo ziren. Bestalde, «berdin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin» gizakia, bakarra bada ere, Jehobarengana itzultzen denean (Lukas 15:10). Beraz, Jainkoa zerbitzatzen dutenen ongizateaz aingeruak asko arduratzen dira. Horregatik, ez da harritzekoa aingeruak gizaki leialak indartu eta babesteko Jehobak askotan erabili izana (Irakurri Hebrearrei 1:7, 14). Azter ditzagun adibide batzuk.

«Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera» (Daniel 6:23 [6:22, NW])

5. Nola babestu eta indartu zituzten aingeruek gizaki leialak?

5 Bi aingeruk Lot eta bere alabak Sodoma eta Gomorra hiri gaiztoetatik kanpora atera zituzten, hauen suntsiketatik bizirik irauteko (Hasiera 19:15, 16). Mende batzuk igaro ondoren, Daniel profeta lehoiez beteriko zulo batera jaurti zuten, baina onik aterata, honakoa esan zuen: «Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera» (Daniel 6:23 [6:22NW]). Lehenengo mendean, aingeru batek Pedro apostolua kartzelatik askatu zuen (Eginak 12:6-11). Honetaz gain, aingeruek adorea eman zioten Jesusi berri onak lurrean zabaltzen hasi zenean (Markos 1:13). Eta Jesus hil baino lehentxeago, aingeru bat azaldu zitzaion «kemen emanez» (Lukas 22:43). Nola uste duzu sentituko zela Jesus bere bizitzako une garrantzitsu horretan laguntza hori izatean? Indarberrituta, bai horixe!

6. a) Nola babesten dituzte aingeruek Jainkoa zerbitzatzen duten pertsonak? b) Zein galdera aztertuko ditugu?

6 Gaur egun aingeruak ez dira Jainkoa zerbitzatzen dutenen aurrean agertzen. Nahiz eta hauek ezin ditugun ikusi, pertsona leialak babesten jarraitzen dute. Zer gauzetatik babesten dituzte? Batez ere Jehobarekin duten harremana arriskuan jartzen duten gauzetatik. Bibliak hala adierazten du: «Zaindari dago Jaunaren aingerua begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko» (34. Salmoa 8 [34:7NW]). Zergatik dira kontsolagarriak hitz horiek? Izaki espiritual gaiztoak gu suntsitzeko prest baitaude! Nortzuk dira? Zein da beraien jatorria? Nola saiatzen dira gu kaltetzen? Hori jakiteko, azter dezagun gizakien historiaren hasieran gertatu zena.

GURE ETSAIAK DIREN IZAKI ESPIRITUALAK

7. Zer lortu zuen Satanasek Eba engainatu ondoren?

7 Liburu honetako 3. kapituluan aztertutakoaren arabera, aingeru batek besteen gain agintzeko desioa garatu zuen eta, honela, Jainkoaren aurka jarri zen. Geroago, aingeru honi Satanas Deabrua izenarekin ezagutu zitzaion (Apokalipsia 12:9). Zer lortu zuen Satanasek Eba engainatu ondoren? Hurrengo 1.600 urteetan gizakien gehiengoa Jainkoarengandik aldentzea lortu zuen. Denboraldi horretan, pertsona gutxi batzuk izan ziren leialak, esaterako, Abel, Henok eta Noe (Hebrearrei 11:4, 5, 7).

8. a) Nola bihurtu ziren deabru aingeru batzuk? b) Noeren garaiko uholdetik bizirik irauteko, zer egin behar izan zuten deabruek?

8 Noe bizi izan zen garaian, aingeru batzuk Jehobaren aurka matxinatu ziren. Jehobaren familian zuten txokoa utzi eta lurrera jaitsi ziren. Bertan, hezur-haragizko gorputzak hartu zituzten. Zergatik? Hasiera 6:2⁠ak erantzuten digu: «Jainkoaren semeek, gizakien alabak ederrak zirela ikusirik, haien artetik hautatu eta emaztetzat hartu zituzten». Aingeru horiek gizakiak okerbidera zuzentzen hasi ziren, baina Jainkoak ez zuen utzi hori luzaroan gertatu zedin. Uholde unibertsala ekarriz, gaiztoekin akabatu zuen eta bere zerbitzari leialak bakarrik babestu zituen Jehobak (Hasiera 7:17, 23). Beraz, aingeru errebelde edo deabruek, euren hezur-haragizko gorputzak utzi eta, izaki espiritual moduan, zerura itzuli behar izan zuten bizirik irauteko. Deabruaren alde jarri ziren eta, honela, Satanas «deabruen buruzagi» bihurtu zen (Mateo 9:34).

9. a) Zer gertatu zitzaien deabruei zerura itzultzean? b) Zer aztertuko dugu orain deabruei buruz?

9 Leialak izan ez ziren aingeruak zerura itzuli ziren. Baina Jehobak ez zien utzi bere familiaren parte berriz ere izaten, Satanasi utzi ez zion bezala (2 Pedro 2:4). Gaur egun hezur-haragizko gorputzik ezin dituzte eduki, baina, halere, deabruek gizakien gain eragin txarra izaten jarraitzen dute. Izan ere, Satanas bere deabruen laguntzarekin, «mundu guztia engainatzen» ari da (Apokalipsia 12:9; 1 Joan 5:19). Nola? Trikimailu desberdinak erabiliz (Irakurri 2 Korintoarrei 2:11). Azter ditzagun horietariko batzuk.

NOLA ENGAINATZEN DUTE DEABRUEK?

10. Zein motatako ‹‹amuzkiak›› erabiltzen dituzte espiritu gaiztoek pertsonak beraien kontrolpean edukitzeko?

10 Sorginkeria, aztikeria, astrologia, etorkizuna iragartzea, hildakoei informazio bila jotzea eta antzeko praktikak dute deabruekin lotura. Pertsona bat bera, zuzenean edo medium bat erabiliz, jarri daiteke deabruekin harremanetan. Eta zer irakasten digu Bibliak guzti honi buruz? Praktika hauekin zerikusia duen guztia txarra dela eta, beraz, alde batera uzteko ohartarazten digu (Galaziarrei 5:19-21). Pentsa ezazu honetan: arrantzaleek janari edo amuzki desberdinak ipintzen dituzte amuan mota desberdinetako arrainak harrapatzeko. Era berean, espiritu gaiztoek deabruekin lotuta dauden praktika desberdinak erabiltzen dituzte era guztietako pertsonak beraien kontrolpean edukitzeko.

11. Zer da igarpena eta zergatik baztertu behar genuke?

11 Deabruek erabiltzen duten amuzki mota bat igarpena da. Zer da igarpena? Etorkizunean zer gertatuko den edo ezezaguna dena jakiteko egiten den saiakera. Astrologia, tarot kartak, kristalezko bola, eskuko arrastoen irakurketa eta ametsetan agerkari nahiz zeinu misteriotsuak bilatzea dira igarpen mota batzuk. Nahiz eta pertsona askok praktika hauek ez direla kaltegarriak uste duten, igarleak eta espiritu gaiztoak elkarlanean ari direla erakusten du Bibliak. Adibidez, Eginak 16:16-18⁠ak neskato bati «geroa igartzeko ahalmena ematen zio[la] espiritu batek» adierazten du. Baina neskatoak, bere barruan zeukan espiritu gaiztoa kanporatua izan zenean, ahalmen hau galdu zuen.

Deabruek modu desberdinak erabiltzen dituzte pertsonak engainatzeko

12. Zergatik da arriskutsua hildakoekin harremanetan jartzen saiatzea?

12 Zein beste amuzki erabiltzen dute deabruek pertsonak engainatzeko? Hildakoekin harremanetan jartzera bultzatzea. Maite duten norbait hil zaielako tristaturik daudenek, hildakoen egoerari buruz ideia okerrak dituzte askotan. Espiritu gaizto batek, hildakoari buruz gutxik ezagutzen duten informazioa eman edo hildakoaren ahotsa dirudienarekin hitz egin dezake. Honen ondorioz, pertsona askok hildakoak bizirik daudela eta beraiekin harremanetan jartzeak bihozmina arinduko diela uste dute. Baina kontsolamendu hori benetakoa ez izateaz gain, oso arriskutsua da. Zergatik? Deabruak baitira hildakoaren ahotsa imitatu eta igarleari hildakoari buruzko informazioa ematen dietenak (1 Samuel 28:3-19). Gainera, pertsona batek, hil ondoren, existitzeari uzten dio 6. kapituluan aztertu genuen bezala (115. Salmoa 17). Beraz, espiritu gaiztoek «hildakoei deika» dabiltzanak engainatu egiten dituzte. Horren ondorioz, pertsona hauek Jainkoaren nahiaren aurka jokatzen dute (Irakurri Deuteronomioa 18:10, 11; Isaias 8:19). Hortaz, kontuz ibili eta deabruek erabiltzen duten amuzki arriskutsu honetatik aldendu zaitez.

13. Zer lortu dute behin deabruen beldur izan ziren pertsonek?

13 Espiritu gaiztoek pertsonak engainatzeaz gain, beldurtu egiten dituzte. Gaur egun, Satanas eta bere deabruek badakite «denbora gutxi» gelditzen zaiela beraien jokabide gaiztoarekin jarraitzeko eta, beraz, inoiz baino maltzurragoak dira (Apokalipsia 12:12, 17). Hala ere, behin espiritu gaiztoen beldur izan ziren milaka pertsonek, orain beldur horretatik askatzea lortu dute. Nola lortu dute hori? Zer egin dezake deabruekin lotuta dauden praktikekin zerikusia duen pertsona batek?

AURRE EGIN ESPIRITU GAIZTOEI

14. Efesoar kristauen eredua jarraituz, nola aska gaitezke espiritu gaiztoengandik?

14 Bibliak espiritu gaiztoei nola aurre egin eta beraiengandik nola askatu ere adierazten digu. Azter dezagun Efeson bizi ziren lehenengo mendeko kristauen eredua. Horietako batzuk deabruekin lotura zuten praktiketan aritzen ziren kristau bilakatu aurretik. Praktika hauetatik askatzea erabaki zutenean, zer egin zuten? Bibliak erantzuten digu: «Aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten» (Eginak 19:19). Beraien aztikeria-liburuak suntsitu zituzten. Honela, kristau berri horiek eredu ezin hobea ezarri zieten espiritu gaiztoei aurre egin nahi dietenei. Gaur egun ere, Jehoba zerbitzatu nahi dutenek deabruekin lotura duen guztia suntsitu behar dute. Zerk bultza gaitzake deabruekin lotura duten praktiketara? Praktika hauek erakargarriak eta zirraragarriak direla sinestarazten diguten liburu, aldizkari, film, poster edo musikak. Gauza guzti hauetaz gain, ustez guri babesteko ahalmen berezia duten objektuez ere libratu behar dugu (1 Korintoarrei 10:21).

15. Zer egin behar dugu espiritu gaiztoei aurre egiteko?

15 Efesoko kristauek beraien aztikeria-liburuak suntsitu eta urte batzuk igaro ondoren, Paulo apostoluak honakoa idatzi zien: «Gure borroka [...] goiko espiritu gaiztoen aurkakoa» da (Efesoarrei 6:12). Deabruek ez zuten amore eman eta kristauak beraien menpean izateko saiakerak egiten jarraitu zuten. Beraz, zer gehiago egin beharko zuten kristau horiek? Paulok honakoa esan zien: «Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren [Satanasen] suzko geziak oro itzali ahal izateko» (Efesoarrei 6:16). Zenbat eta sendoagoa izan gure babeskia edo fedea, orduan eta hobeto egingo diegu aurre espiritu gaiztoei (Mateo 17:20).

16. Nola sendotu dezakegu gure fedea?

16 Nola sendotu dezakegu gure fedea? Biblia aztertuz. Horma bat iraunkorra izateko, bere oinarriak ere hala izan behar du. Era berean, gure fedea iraunkorra izateko, bere oinarriak ere sendoa izan behar du. Baina zein da oinarri hau? Bibliako irakaskuntzen ezaguera zehatza. Hortaz, Biblia egunero irakurri eta aztertuz gero, gure fedea sendotuko da. Horma sendo baten antzera, gure fedeak espiritu gaiztoen eraginetik babestuko gaitu (1 Joan 5:5).

17. Zer gehiago egin behar dugu espiritu gaiztoei aurre egiteko?

17 Zer gehiago egin behar zuten Efesoko kristauek? Deabruekin lotura zuten praktikez jositako hirian bizi zirenez, babes handiagoa behar zuten. Beraz, Paulok honakoa gomendatu zien: «Egin otoitz eta eskariak etengabe» (Efesoarrei 6:18). Gu ere deabruekin lotura duten praktikez jositako munduan bizi gara. Hortaz, espiritu gaiztoei aurre egiteko, ezinbestekoa da Jehobari bihotz-bihotzez otoitz egitea gu babes gaitzan. Eta noski, Jehobaren izena gure otoitzetan erabili behar dugu (Irakurri Esaera Zaharrak 18:10). Beraz, Jainkoari Satanasengandik, hau da, «gaiztoarengandik» gorde gaitzala otoitzean eskatzen jarraitu behar dugu (Mateo 6:13). Egon ziur Jehobak erregu horiek erantzungo dizkigula (145. Salmoa 19).

18, 19. a) Zergatik gaude ziur espiritu gaiztoen aurkako borrokan garaile izango garela? b) Zein galdera erantzungo da hurrengo kapituluan?

18 Egia da espiritu gaiztoak arriskutsuak direla. Baina Deabruari aurre egin eta Jainkoarengana bere nahia betez hurbiltzen bagara, ez dugu zertan beraien beldur izan behar (Irakurri Santiago 4:7, 8). Espiritu gaiztoen boterea mugatua da. Izan ere, Noe bizi izan zen garaian zigortuak izan ziren eta etorkizunean suntsituak izango dira (Judas 6). Kontuan izan, gainera, Jehobaren aingeru boteretsuen babesa dugula (2 Erregeak 6:15-17). Guk espiritu gaiztoen aurka dugun borrokan garaile irtetea biziki desio dute. Aingeru zintzoak «Eutsi goiari!» esango baligute bezala daude guri adore ematen. Egon gaitezen, beraz, Jehoba eta bere aingeru leialengandik gertu. Baztertu ditzagun deabruekin lotura duten praktika guztiak eta Biblian agertzen diren aholkuak jarrai ditzagun (1 Pedro 5:6, 7; 2 Pedro 2:9). Hori eginez gero, espiritu gaiztoen aurkako borrokan garaile izango gara, dudarik gabe!

19 Zergatik utzi du Jainkoak espiritu gaiztoak eta gizakioi hainbeste sufriarazten gaituen gaiztakeria izaten? Galdera hori hurrengo kapituluan erantzungo da.