Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. KAPITULUA

Errespeta dezagun bizitza!

Errespeta dezagun bizitza!
  • Zein ikuspuntu du Jainkoak bizitzari buruz?

  • Zein ikuspuntu du Jainkoak abortuari buruz?

  • Nola erakusten dugu bizitza errespetatzen dugula?

1. Nork sortu zituen bizidun guztiak?

JEREMIASEK honakoa esan zuen Jehobari buruz: «Egiazko Jainkoa da, Jainko bizia» (Jeremias 10:10). Honetaz gain, Jehoba bizidun guztien sortzailea da. Zeruko izakiek honakoa esan zioten: «Zeuk baitzenituen gauza guztiak egin eta, zuk nahi izan duzulako, baitira sortu eta dira oraindik» (Apokalipsia 4:11). Eta gorespen-kanta batean, Dabid erregeak hauxe esan zuen: «Zuregan da biziaren iturria» (36. Salmoa 10 [36:9NW]). Bizia, beraz, Jainkoaren oparia da.

2. Zer ematen digu Jehobak bizirik irauteko?

2 Gainera, Jehobari esker jarrai dezakegu bizirik (Eginak 17:28). Izan ere, berak ematen digu beharrezkoa den janaria, ura, haizea eta lurra bertan bizitzeko (Irakurri Eginak 14:15-17). Jehobak bizitzaz goza dezagun egin du hau guztia. Baina bizitzaz bete-betean gozatzeko, Jainkoaren legeak ezagutu eta jarraitu behar ditugu (Isaias 48:17, 18).

ERRESPETA DEZAGUN BIZITZA

3. Zer pentsatu zuen Jainkoak Abelen hilketari buruz?

3 Jainkoak bizitza errespeta dezagun nahi du, bai gurea eta baita besteena ere. Adam eta Ebaren garaian, beraien seme Kain biziki haserretu zen Abelekin, bere anaia gaztearekin. Jehobak, amorruak bekatu larri bat gauzatzera bultzatuko zuela ohartarazi zuen Kain. Baina Kainek ez zion jaramonik egin eta «anaiari eraso eta hil egin zuen» (Hasiera 4:3-8). Honen ondorioz, Jehobak bere anaia hiltzeagatik zigortu zuen Kain (Hasiera 4:9-11).

4. Nola azpimarratu zuen Jehobak bizitzari buruzko ikuspuntu egokia zein den?

4 Milaka urte igaro ondoren, Jehobak legeak eman zizkien israeldarrei bere onespena lortzeko. Lege horiek Moises profetaren bidez eman zirenez, Moisesen Legea deitzen zaie zenbaitetan. Moisesen Legean, hau esaten da: «Ez hil [“asasinatu”, NW] inor» (Deuteronomioa 5:17). Lege honek Jehobak gizakien bizia estimatzen duela eta pertsonek besteen bizitza balioetsi behar dutela irakatsi zien israeldarrei.

5. Zein ikuspuntu izan behar dugu abortuari buruz?

5 Zein ikuspuntu du Jainkoak jaio gabea den haurtxoari buruz? Moisesen Legearen arabera, ez zen amaren sabelean zegoen haurtxoaren heriotzarik eragin behar. Jehobarentzako bizitza horiek ere oso baliotsuak dira (Irakurri Irteera 21:22, oharra, 23; 127. Salmoa 3). Zer esan nahi du honek? Abortua gaizki dagoela.

6. Zergatik ez dugu lagun hurkoa gorrotatu behar?

6 Bizitza errespetatzeak lagun hurkoa errespetatzea ere esan nahi du. Bibliak honakoa dio: «Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez due[la]» (1 Joan 3:15). Beraz, betiko bizia eskuratu nahi badugu, ezinbestekoa da gure bihotzetik lagun hurkoari diogun gorrotoa errotik ateratzea, gorrotoak indarkeriari bidea ematen baitio (1 Joan 3:11, 12). Hortaz, elkar maitatzen ikastea behar-beharrezkoa dugu.

7. Zeintzuk dira bizitzari errespeturik erakusten ez dioten jokabide batzuk?

7 Zer esan dezakegu gure bizitza errespetatzeari buruz? Jendeak, orokorrean, ez du hil nahi, baina batzuek beraien bizia arriskuan jartzen dute ondo pasatzearren. Esate baterako, tabakoa edo marihuana erre eta beste droga batzuk ere hartzen dituzte denbora pasa bezala. Substantzia horiek gorputzari kalte egiten diote eta askotan heriotza ere eragiten dute. Era honetara bizia arriskuan jartzen duten pertsonek ez dute beraien bizitza sakratutzat jotzen. Jainkoarentzat jokabide horiek zikinak dira (Irakurri Erromatarrei 6:19; 12:1; 2 Korintoarrei 7:1). Jainkoaren onespena lortzeko, jokabide horiek baztertu egin behar ditugu, nahiz eta hori egitea oso zaila izan. Baina, noski, Jehobak behar dugun laguntza eman diezaguke. Gure bizitza berak emandako opari baliotsua denez, opari hau zaintzeko egiten ditugun ahaleginak benetan estimatzen ditu.

8. Zergatik eman behar diogu arreta segurtasunari?

8 Bizitza errespetatzen badugu, segurtasunari arreta emango diogu. Ez gara arduragabeak izango eta ez dugu ondo pasatzearren edo zirrara sentitzearren bizia arriskuan jarriko. Arduragabe gidatzea eta bortitz edo arriskutsuak diren kirolak baztertu egingo ditugu (11. Salmoa 5). Jainkoaren Legeak honakoa agintzen zien israeldarrei: «Etxe berria eraikitzen baduzue, babesa [horma txikia] jarriko diozue etxe gainari inguruan; bestela, handik norbait erori eta hilez gero, heriotzaren erantzule egingo zenukete etxea» (Deuteronomioa 22:8). Lege honen baitan dagoen printzipioaren arabera, zure etxeko eskailerak egoera onean izan behar dituzu, inor, estropezu egiteagatik, erori eta larri mindu ez dadin. Autorik baduzu, ziurta ezazu erabiltzeko egoera onean dagoela. Beraz, ez utzi zure etxea edo kotxea zuretzat edo gainerakoentzat arriskutsuak izaten.

9. Bizitza errespetatzen badugu, nola jokatuko dugu animaliekin?

9 Zein da Sortzailearen ikuspuntua animalien bizitzari buruz? Berarentzat, gizakiona bezala, sakratua da. Baina janaria eta arropa lortzeko edo gizakien bizitza babesteko animaliak hiltzen uzten du Jainkoak (Hasiera 3:21; 9:3; Irteera 21:28). Hala ere, animaliekin bihozgabe jokatzea edo kirol moduan hauek hiltzea gaizki dago eta honela jokatzeak bizitzaren santutasuna ez dugula balioesten erakusten du (Esaera Zaharrak 12:10).

ERRESPETA DEZAGUN ODOLA

10. Nola erakutsi du Jehobak bizia eta odolaren arteko lotura?

10 Kainek bere anaia Abel hil ondoren, Jehobak honakoa esan zion: «Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak» (Hasiera 4:10). Abelen odola aipatzean, Abelen biziaz ari zen hitz egiten Jainkoa. Kainek Abeli bizia kendu zion eta ondorioz, zigortua izan behar zuen. Beste era batean esanda, Abelen odola lurretik Jehobari justizia oihuka ari zen. Hala ere, bizia eta odolaren arteko lotura, Noeren garaiko uholdearen ondoren argiago ikusi zen. Uholdea gertatu aurretik, gizakiek fruta, barazki, zereal eta fruitu lehorrak soilik jaten zituzten. Baina ondoren aldaketa bat izan zen. Jehobak honakoa esan zien Noe eta bere semeei: «Bizi eta mugitzen den guztitik jan dezakezue; lehenago landareak bezala, den-dena ematen dizuet». Halere, debeku hau jarri zien: «Baina ez duzue haragia odolarekin jango, odolean baitago bizia» (Hasiera 1:29; 9:3, 4). Argi eta garbi dago: Jehobak izakien bizia eta beraien odola estu lotzen ditu.

11. Noeren garaitik hasita, odolaren zein erabilera debekatu zuen Jainkoak?

11 Odola jaten ez dugunean, hau errespetatzen dugula erakusten dugu. Jehobak israeldarrei emandako Legean, honakoa agindu zien: «Jangai den piztia edo hegaztia ehizatzen badu israeldarrak [...] odolustu egingo du eta odola lurrez estaliko [...]. Horregatik agindu die Jaunak israeldarrei inolako izakiren odolik ez jateko» (Lebitarrena 17:13, 14). Jainkoak Noeri agindu zion lehendabiziko aldiz animalien odolik ez jateko. 800 urte geroago, agindu hori oraindik indarrean zegoen. Beraz, Jehobaren ikuspuntua argia zen: bere zerbitzariek animalien haragia jan zezaketen, baina ez beraien odola; lurrera isuri behar zuten. Honek animaliaren bizitza Jainkoarengana itzultzen zela irudikatzen zuen.

12. Gaur egun indarrean dagoen odolari buruzko zein agindu eman zen espiritu santuaren bidez?

12 Kristauek ere antzeko agindua bete behar dute. Lehenengo mendean, Jesusen jarraitzaileen artean aurre hartu zuten apostolu eta beste kristau batzuk elkarrekin bildu ziren. Bilera hartan, kristau guztiek honako aginduak bete behar zituztela erabaki zuten: «Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik: ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak» (Eginak 15:28, 29; 21:25). Beraz, ez dugu odolik jan behar. Jainkoarentzat agindu hori betetzea idolatria edo lizunkeria baztertzea bezain garrantzitsua da.

Medikuak alkohola edatea debekatzen badizu, sartuko al zenuke zainetatik?

13. Ba al dute zerikusirik odol-transfusioek odolik ez hartzeko aginduarekin? Adierazi ezazu adibide batekin.

13 Ba al dute zerikusirik agindu honekin odol-transfusioek? Bai. Pentsa ezazu honetan: medikuak alkohola edatea debekatzen badizu, zer esan nahi dizu agindu horrekin? Alkoholik ezin duzula edan. Eta zainetatik sartuko al zenuke? Ez horixe! Era berean, odolik ez jateko aginduak, gure gorputzean beste edozein modutan ere odolik ez sartzea esan nahi du. Hortaz, agindu hau jarraituz, ez dugu utziko inork odol-transfusiorik egin diezagun.

14, 15. Sendagileak kristauari odol-transfusioa egin behar zaiola esango balu, zer egingo du kristauak? Zergatik?

14 Zer gertatzen da kristau bat oso larri badago edota hil edo biziko ebakuntza behar badu? Baliteke sendagileak odol-transfusioa egitea beharrezkoa dela esatea, kristaua hil ez dadin. Noski, honek ez du hil nahi; izan ere, bizitza Jainkoak emandako opari baliotsutzat du. Horregatik, odola desegoki erabiltzen ez duten beste sendabide mota batzuk onartuko ditu, eskuragarri dituen sendabide eta osasun-zerbitzuez baliatuz.

15 Hautsiko al luke kristauak Jainkoaren legea gehixeago bizitzearren? Jesusek hau esan zuen: «Bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du» (Mateo 16:25). Ez dugu hil nahi, baina gure bizia salbatzearren Jainkoaren legea hautsiz gero, betiko bizia galtzeko arriskuan izan gaitezke. Zuhurrak izan gaitezen, beraz, eta Jainkoaren lege zuzenetan uste osoa izan dezagun. Edozein arrazoi dela ere hiltzen bagara, bizitza eman digunak berpizkundean gutaz oroitu eta egin digun opari baliotsua, bizitza, berriz ere emango digula ziur egon gaitezke (Joan 5:28, 29; Hebrearrei 11:6).

16. Zer egiteko erabakia hartu dute Jainkoaren zerbitzariek odolari buruz?

16 Gaur egungo Jainkoaren zerbitzari leialek tinko jarraitzen dute odolari buruz emandako Jehobaren gida. Beraz, ez dute odolik jaten, ezta sendabide bezala onartzen ere. * Ziur daude odolaren Sortzaileak beraientzat hoberena zer den badakiela. Hala uste al duzu zuk ere?

ODOLAREN ERABILERA EGOKI BAKARRA

17. Zein zen Jehobak onesten zuen odolaren erabilera bakarra antzinako israeldarren garaian?

17 Moisesen Legeak odolaren erabilera egokia zein zen azpimarratu zuen. Israeldarrei gurtzan honakoa egitea agindu zien Jehobak: «Odolean dago, hain zuzen, izakiaren bizia. Jaunak odola eman dizue, aldarean isuri eta zeuen bekatuen barkamen-ohikunea [-eskaintza] egiteko. Izan ere, biziarekin duen zerikusiagatik lortzen du odolak bekatuen barkamena» (Lebitarrena 17:11). Nola lor zezaketen bekatuen barkamena israeldarrek? Animalia bat eskainiz eta bere odola elkarketa-etxolako aldarean isuriz. Geroago, Jainkoaren tenpluan egiten zen hori. Beraz, eskaintzak era horretara egitea zen odolaren erabilera egoki bakarra.

18. Zein onura eta bedeinkapen izan ditzakegu Jesusek isuritako odolari esker?

18 Benetako kristauak ez daude Moisesen Legepean. Beraz, ez dute animalien eskaintzarik egiten, ezta beraien odolik aldarean isurtzen ere (Hebrearrei 10:1). Halere, antzinako israeldarren garaian odola aldarean isurtzeak, Jesu Kristoren eskaintza baliotsua irudikatu zuen. Izan ere, 5. kapituluan aztertutakoaren arabera, Jesusek bizia eman zuen bere odola guregatik isuriz. Ondoren, zerura igo zen eta, behin betiko, berak isuritako odolaren balioa eskaini zion bere Aitari, Jainkoari (Hebrearrei 9:11, 12). Horri esker, gure bekatuen barkamenerako oinarria ezarri zuen eta betiko bizia lortzeko bidea ere ireki zigun (Mateo 20:28; Joan 3:16). Ez al zen guztiz garrantzitsua izan odolaren erabilera hau? Bai noski! (1 Pedro 1:18, 19). Izan ere, salbatzeko era bakarra Jesusek isuritako odolaren balioan fedea izatea da.

Nola erakutsi dezakegu bizitza eta odola errespetatzen ditugula?

19. Zer egin dezakegu gizakion odoletik garbi gaudela esan ahal izateko?

19 Jainkoak maitasunez opari baliotsua eman digu: bizitza. Ez al genioke esker ona azaldu behar? Eta zer egitera bultzatzen gaitu esker onak? Besteei, Jesu Kristoren eskaintzan fedea izateari esker, betiko bizia lortu dezaketela esatera. Jainkoarentzat bezala gizaki ororen bizitza guretzat ere baliotsua denez, gogo onez eta irrikaz hitz egingo dugu besteekin (Irakurri Ezekiel 3:17-21). Eginbehar hori arduratsu betez gero, Paulok esan zuena esan ahalko dugu: «Argi eta garbi diotsuet gaur ez dudala neure gain hartzen inori gerta dakiokeenaren erantzukizunik [“garbi nagoela denen odoletik”, oharra]. Zeren ez baitiot inoiz uko egin Jainkoaren asmoa oso-osorik zuei adierazteari» (Eginak 20:26, 27). Jainkoari eta bere asmoei buruz hitz egitea, odola eta bizitza errespetatzen dugula erakusteko modurik onena da.

^ § 16 Odol-transfusioak ordezkatzen dituzten aukera desberdinak ikusteko, jo ezazu Alternativas a las transfusiones. Serie documental edo Des alternatives à la transfusion — Documentaires DVDra, Jehobaren lekukoek argitaratua.