Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. KAPITULUA

Jar zaitez benetako gurtzaren alde

Jar zaitez benetako gurtzaren alde
  • Zer irakasten du Bibliak irudien erabilerari buruz?

  • Zein da kristauen ikuspuntua erlijio-jaiei buruz?

  • Nola azal ditzakezu zure sinesmenak besteak mindu gabe?

1, 2. Zer galdetu behar zenioke zeure buruari erlijio faltsua utzi ondoren? Zergatik uste duzu hau egitea garrantzitsua dela?

IMAJINATU ezazu hurrengoa. Norbait isilpean hondakin toxikoak isurtzen aritu da zu bizi zaren inguruan. Zure auzoa kutsaturik dago eta auzokide guztion bizitza arriskuan. Hau jakinda, zer egingo duzu? Bertan gelditu? Ez al duzu handik ihes egingo? Ziur baietz! Baina nahiz eta hau egin, galdera kezkagarri bati aurre egin beharko diozu: «Kutsatu ote nahiz?».

2 Antzekoa gertatzen da erlijio faltsuarekin. Gurtza hau irakaskuntza eta jarduera zikinekin kutsatua dagoela irakasten du Bibliak (2 Korintoarrei 6:17). Hau dela eta, guztiz garrantzizkoa da zu erlijio faltsuaren mundu-inperiotik, «Babilonia handi[tik]» irtetea (Apokalipsia 18:2, 4). Egin al duzu hau? Hala bada, zoriondu egin nahi zaitugu. Baina erlijio faltsua uztea edo uko-agiria idaztea baino zerbait gehiago ere egin behar duzu. Honakoa galdetu behar zenioke zeure buruari: «Ba al dago erlijio faltsuaren hondarrik nire bizian?». Azter ditzagun adibide batzuk.

IRUDIAK ETA ARBASOEN GURTZA

3. a) Zer irakasten du Bibliak irudiei buruz? Zergatik da zaila askorentzat Jainkoaren ikuspuntua onartzea? b) Zer egin behar zenuke gurtza faltsuarekin lotura duen edozein gauzarekin?

3 Batzuek irudi, gurutze edo aldareak dituzte urtetan etxean. Ba al dituzu zuk? Horrela bada, Jainkoari ikus daiteken zerbait erabili gabe otoitz egitea arraroa dela edo zuzena ez dela senti dezakezu. Gainera, gauza horiei atxikia ere senti zaitezke. Baina Jainkoak bakarrik esan dezake bera nola gurtu behar dugun. Eta zer irakasten du Bibliak? Jainkoak ez duela irudirik erabiltzerik nahi (Irakurri Irteera 20:4, 5; 115. Salmoa 4-8; Isaias 42:8; 1 Joan 5:21). Beraz, benetako gurtzaren alde ipintzeko, gurtza faltsuarekin lotura duten gauza guztiez libratu behar duzu. Ikus itzazu hauek Jehobak ikusten dituen bezala: higuingarriak (Deuteronomioa 27:15).

4. a) Nola dakigu arbasoen gurtza alferrikakoa dela? b) Zergatik debekatu zien Jehobak deabruekin zerikusia duen edozein praktika bere zerbitzariei?

4 Arbasoak gurtzea ere ohikoa da erlijio faltsu askotan. Bibliak agertzen duen egia ikasi aurretik, hildakoak ikus ezin den munduan bizi direla eta bizidunak lagundu edo kaltetu ditzaketela sinesten zuten batzuek. Agian, zuk zeuk ahalegin handiak egiten zenituen zure arbasoak lasaitzeko. Baina, liburuko 6. kapituluan ikasi bezala, hildakoak ez daude inon ere bizirik. Beraz, beraiekin harremanetan jartzea alferrikakoa da. Hasiera batean maite dugun hildakoren baten mezua dirudienak, berez deabruen mezua da. Hori dela eta, Jehobak hildakoekin hitz egiten saiatzea edo deabruekin zerikusia duen beste edozein praktika debekatu zien israeldarrei (Irakurri Deuteronomioa 18:10-12).

5. Zer egin dezakezu zuk orain arte zenuen erlijioan irudiak erabiltzen badira?

5 Orain arte izan duzun erlijioan irudiak erabiltzen badira gurtzeko edo arbasoak gurtzen badira, zer egin dezakezu? Irakurri itzazu Jainkoaren ikuspuntua azaltzen duten biblia-pasarteak eta egin gogoeta hauetan. Erakuts iezaiozu egunero Jehobari otoitzean benetako gurtzaren alde egiteko duzun desioa. Honetaz gain, berak duen pentsaera berdina izaten laguntzeko eska iezaiozu (Isaias 55:9).

LEHENENGO KRISTAUEK EZ ZITUZTEN EGUBERRIAK OSPATZEN

6, 7. a) Zer oroitzen dela esan ohi da Eguberrietan? Ospatzen al zituzten lehen mendeko Jesusen jarraitzaileek? b) Zerekin zeuden lotuak urtebetetze-ospakizunak Jesusen lehenengo jarraitzaileen garaian?

6 Ohiko diren hainbat festa ospatzen baditugu, erlijio faltsuak gure gurtza kutsatu dezake. Azter ditzagun Eguberriak adibidez. Eguberrietan Jesu Kristoren jaiotza oroitzen dela esan ohi da. Eta kristauak direla dioten erlijio gehienek Eguberriak ospatzen dituzte. Hala ere, ez dago inongo frogarik lehen mendeko Jesusen jarraitzaileek jai hau ospatzen zutela adierazten duenik. Los orígenes sagrados de las cosas profundas liburuak honakoa dio: «Jesu Kristoren jaiotzaren hurrengo bi mendeetan, inork ez zekien bera noiz jaio zen zehatz-mehatz, eta askori ez zion axolarik».

7 Ospatuko ote zuten Jesusen jarraitzaileek Jesusen urtebetetzea jakin izan balute jaiotza-egun zehatza zein izan zen? Ez. Zergatik? The World Book Encyclopediak esandakoaren arabera, lehenengo kristauek «inoren urtebetetzea ospatzea ohitura paganoa zela uste zuten» eta. Biblian Jehoba gurtzen ez zuten bi agintariren urtebetetze-ospakizuna bakarrik aipatzen da (Hasiera 40:20; Markos 6:21). Honetaz gain, urtebetetze-ospakizunak jainko paganoen ohorean egin ohi ziren. Adibidez, maiatzaren 24⁠an erromatarrek Diana jainkosaren urtebetetzea ospatzen zuten eta hurrengo egunean, Apolo Eguzki-jainkoarena. Beraz, urtebetetze-ospakizunak paganismoarekin lotuta daude eta ez kristautasunarekin.

8. Azaldu ezazu urtebetetze-ospakizun eta superstizioaren arteko lotura.

8 Ba al zuten beste arrazoirik lehenengo kristauek Jesusen urtebetetzea ez ospatzeko? Bai. Izan ere, Jesusen jarraitzaileek bazekiten urtebetetze-ospakizunak superstizioarekin lotuta zeudela. Adibidez, antzinako erromatar eta greziarrek gizaki bakoitzaren jaiotzan espiritu bat bertan egoten zela eta bizitza osoan zehar babesten zuela pentsatzen zuten. «Espiritu honek eta gizakia jaiotako egunean urteak betetzen zituen jainkoak erlazio misteriotsua zuten», dio The Lore of Birthdays (Urtebetetzeen ohitura) liburuak. Argi dago Jehobari ez zaiola atsegin Jesus superstizioarekin lotzen duen inolako ospakizunik (Isaias 65:11, 12). Orduan, zergatik ospatzen ditu horrenbeste jendek Eguberriak?

EGUBERRIEN JATORRIA

9. Zergatik aukeratu zen abenduaren 25⁠a Jesusen urtebetetze eguna ospatzeko?

9 Jesus lurrean bizi eta ehunka urte geroago hasi zen jendea abenduaren 25⁠ean bere jaiotza ospatzen. Baina hau ez zen Jesusen jaiotzaren eguna. * Orduan, zergatik aukeratu zen abenduaren 25⁠a? Geroago kristauak zirela aldarrikatu zuten pertsona batzuek, Jesusen jaiotza eta «erromatarrek “eguzki garaiezinaren urtebetetzea” ospatzeko egiten zuten festa paganoa aldi berean gertatzea nahi izan zute[lako]» (The New Encyclopædia Britannica). Neguan, eguzkiak ahulagoa zirudienean, paganoek errituak egiten zituzten eguzkia, beraien bero eta argi iturria, bere bidaia urrunetik itzul zedin. Eguzkiaren itzulera abenduaren 25⁠ean hasten zela uste zuten. Erlijio-buruek, paganoak kristau bihurtzeko ahaleginetan, ospakizuna beraiena egin eta «kristau» itxura eman nahi izan zioten. *

10. Zergatik ez zituzten Eguberriak ospatzen pertsona batzuek iraganean?

10 Eguberrien erro paganoa aski ezaguna da. Biblian jatorririk ez zutelako, Ingalaterran eta Amerikako kolonia batzuetan Eguberriak debekatuak izan ziren XVII. mendean. Eguberri egunean lanera joan gabe etxean gelditzen zen edonork isuna ordaindu behar izaten zuen. Laster, hala ere, ohitura zaharrak itzuli eta beste berri batzuk gehitu ziren. Eguberriak, berriz ere, festa herrikoi bihurtu ziren eta hala izaten jarraitzen dute lurralde askotan. Eguberriek erlijio faltsuarekin duten loturagatik, Jehobaren onespena izan nahi dutenek ez dituzte ez Eguberriak, ezta erro paganoa duten beste edozein festa ere ospatzen. *

IZANGO OTE DU GARRANTZIRIK JATORRIAK?

11. Zergatik ospatzen dituzte pertsona batzuek festak? Baina zer da guretzat garrantzitsuena?

11 Nahiz eta batzuk ados egon Eguberriek jatorri paganoa dutela, ez dute uste hauek ospatzea gaizki dagoenik. Izan ere, jende askok ez du gurtza faltsuan pentsatzen festa hauek ospatzen dituenean. Familiak elkarrekin elkartzeko aukera politak ere izan ohi dira. Hala uste al duzu zuk? Horrela bada, familiari diozun maitasuna da, eta ez erlijio faltsuari diozuna, benetako gurtza jarraitzea oztopatu dezakeena. Izan ziur Jehobak, familiaren sortzaileak, zure ahaideekin harreman ona izan dezazula nahi duela (Efesoarrei 3:14, 15). Baina beraiekin duzun harremana Jainkoak onesten duen eran estutu behar duzu. Pablok guretzat garrantzitsuena zer izan behar duen idatzi zuen: «Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin» (Efesoarrei 5:10).

Jango al zenuke toki zikin batetik hartutako gozokia?

12. Azaldu adibide batekin zergatik baztertu behar ditugun jatorri zikina duten ohitura eta ospakizunak.

12 Agian honakoa pentsatuko duzu: «Baina gaur egun festa hauek ospatzeko ditugun arrazoiak, ez dira jatorrian ospatzeko zituzten arrazoi berdinak». Orduan, izango ote du garrantzirik jatorriak? Bai noski! Jar dezagun adibide bat. Gozoki bat ikusten baduzu toki zikin batean, lurretik hartu eta jango al zenuke? Ez horixe! Gozokia zikina dago. Gozoki hori bezala, festa batzuek desiragarriak dirudite, baina toki zikinetik hartuak izan dira. Benetako gurtzaren alde egiteko, Isaias profetak izan zuen ikuspuntu berbera izan behar dugu. Honakoa esan zien benetako adoratzaileei: «Ez ukitu ezer kutsaturik!» (Isaias 52:11).

IZAN ZUHURRA ZURE SINESMENAK BESTEEI AZALTZEAN

13. Zer erronka sortuko zaizkizu festa batzuetan parte ez hartzean?

13 Festa hauetan parterik ez hartzea aukeratzen baduzu, erronkak sortuko zaizkizu. Esate baterako, lankideek lanean ospatzen dituzten festa batzuetan zergatik ez duzun parterik hartzen galdetuko dizute. Eta zer egingo duzu eguberri-opari bat eskaintzen badizute? Gaizki al dago oparia onartzea? Eta nola jokatuko duzu zure ezkontideak zure sinesmen berberak ez baditu? Zer egin dezakezu festa horiek ez ospatzeagatik zure haurrek ona den zerbait galtzen ari direla senti ez dezaten?

14, 15. Zer egin dezakezu norbaitek festetan zoriontzen bazaitu edo opariren bat egin nahi badizu?

14 Zentzu ona behar da egoera bakoitzaren aurrean nola jokatu erabakitzeko. Festetan zoriontzeko ohitura badago zure eskualdean, agian eskerrak ematearekin nahikoa izango duzu. Baina egunero ikusten duzun norbaitek zoriontzen bazaitu, agian zerbait gehiago azaltzea ere aukera dezakezu. Egoera guzti hauetan ipini kontu handia hitz egiterakoan. Bibliak honakoa aholkatzen digu: «Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gatzduna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez» (Kolosarrei 4:6). Saiatu zaitez besteei begirune faltarik ez erakusten. Kontuz azaldu zure arrazoiak. Argi agertu opariak banatzea edo lagun eta familiarekin elkartzearen aurka ez zaudela, baina nahiago duzula guzti hau beste garai batean egitea.

15 Eta zer egingo duzu norbaitek oparia egin nahi badizu? Egoera zein den, hala jokatu dezakezu. Agian oparia egiten dizunak honakoa esango dizu: «Badakit festa hau ez duzula ospatzen. Baina, hala ere, hau oparitu nahi dizut». Egoera honetan, oparia onartzea ez dela festan parte hartzea erabaki dezakezu. Noski, oparia egiten dizunak zure sinesmenak ez baditu ezagutzen, festa zergatik ez duzun ospatzen azaldu diezaiokezu. Era honetara errazago ulertuko du zergatik onartzen diozun oparia, baina ez diozun zuk beste bat egiten momentu horretan. Bestalde, oparia jasotzeagatik zure printzipioak hautsiko dituzula azaltzeko asmoarekin egiten badizute, zentzuzkoena oparirik ez onartzea da.

IZAN ZUHURRA ZURE SINESMENAK AHAIDEEI AZALTZEAN

16. Nola ibil zaitezke tentuz ospakizunekin lotura duten gauzekin?

16 Eta zer egingo duzu zure familia-kideek zure sinesmen berberak ez badituzte? Berriz ere, tentuz ibili. Ez duzu zertan eztabaida bat sortu behar zure ahaideek ospatzen dituzten festa bakoitzagatik. Hori egin beharrean, errespeta ezazu beraien ikuspuntua, haiek zurea errespetatzea nahi duzun bezala (Irakurri Mateo 7:12). Baztertu ezazu festa hauetan parte hartzera bultzatuko zaituen edozein ekintza. Izan zentzuduna festarekin lotuta ez dauden gauzekin. Noski, joka ezazu beti zure kontzientzia garbia utziko duen eran (Irakurri 1 Timoteori 1:18, 19).

17. Nola lagun ditzakezu zure haurrak ona den zerbait galtzen ari direla senti ez dezaten, beste batzuk festak ospatzen ari direla ikusten dutenean?

17 Zer egin dezakezu Biblian oinarrituak ez dauden festak ez ospatzeagatik zure haurrek ona den zerbait galtzen ari direla senti ez dezaten? Beste urte sasoietan egiten duzunak horrela senti ez daitezen lagunduko dizu. Guraso batzuek beste garai batzuetan egiten dizkiete opariak beraien haurrei. Eta ba al dakizu zeintzuk diren izan ditzaketen oparirik onenetarikoak? Zure denbora eta arreta maitekorra.

BENETAKO GURTZA JARRAI EZAZU

Benetako gurtza jarraitzeak guztiz zoriontsu egingo zaitu

18. Nola lagunduko dizu benetako gurtzaren alde ipintzen kristau bileretara joateak?

18 Jainkoaren onespena izateko, gurtza faltsua baztertu eta benetako gurtzaren alde ipini behar duzu. Zer gehiago egin dezakezu hau lortzeko? Honakoa dio Bibliak: «Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan» (Hebrearrei 10:24, 25). Kristauen bilerak, Jainkoak onesten duen eran gurtzeko une zoriontsuak izango dira zuretzako (22. Salmoa 23 [22:22NW]; 122. Salmoa 1). Izan ere, kristau leialak «elkar adoretzeko» momentu ezin hobeak dira bilera hauek (Erromatarrei 1:12).

19. Zergatik da garrantzitsua besteei Biblian ikasi duzunaz hitz egitea?

19 Ba al dago beste erarik benetako gurtzaren alde ipintzeko? Bai. Besteei Jehobaren lekukoekin Biblian ikasi duzunaz hitz egitea. Jende asko intziri eta negar egiten dago munduan zehar ikusten duen gaiztakeriagatik. Ezagutzen al duzu honela sentitzen den inor? Hala bada, zergatik ez diozu Bibliari esker duzun itxaropenari buruz hitz egiten? Beraz, ez utzi benetako kristauekin batzeari eta Biblian dauden egia zoragarriei buruz besteei hitz egiteari. Era honetara, itzaltzen joango zaizu gurtza faltsuko ohiturak jarraitzeko desira. Benetako gurtzaren alde ipintzen bazara, izan ziur guztiz zoriontsu izango zarela eta bedeinkapen ugari ere jasoko dituzula (Malakias 3:10).

^ § 9 Jo eranskinaren «Abenduan jaio ote zen Jesus?» artikulura.

^ § 9 Saturnalia jaiek ere zerikusia izan zuten abenduaren 25⁠a aukeratzeko. Nekazaritzaren jainko erromatarraren ohorean egiten zen festa hau eta abenduaren 17⁠tik 24⁠ra bitartean ospatzen zen. Bazkari oparoak, parrandak eta opariak elkarri egiten zizkioten Saturnalia jaietan.

^ § 10 Benetako kristauen beste festa herrikoi batzuei buruzko ikuspuntua ezagutzeko, jo ezazu eranskinaren «Ospatu behar al ditugu jaiak?» artikulura.