Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. KAPITULUA

Hurbildu otoitzean Jainkoarengana

Hurbildu otoitzean Jainkoarengana
  • Zergatik egin behar diogu otoitz Jainkoari?

  • Zer egin behar dugu Jainkoak entzun gaitzan?

  • Nola erantzuten ditu Jainkoak gure otoitzak?

«Zeru-lurren egilea» gure otoitzak entzuteko irrikan dago

1, 2. Zergatik da ohore handia otoitza? Zergatik jakin behar dugu Bibliak otoitzari buruz irakasten duena?

UNIBERTSOAREKIN alderatuta, lurra txiki-txikia da. Izan ere, Jehobarentzat, «zeru-lurren egilea», herrialdeak ontzi bateko ur-tanta txikiaren parekoak dira (115. Salmoa 15; Isaias 40:15). Hala ere, Bibliak horrela dio: «Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik, benetan dei egiten diotenengandik. Begirune diotenen nahia betetzen du, haien oihuak entzun eta salbatu egiten ditu» (145. Salmoa 18, 19). Pentsa ezazu honen esanahian! Sortzaile ahalguztiduna guregandik hurbil dago. Beraz, Jainkoari «benetan dei egiten» badiogu entzun egingo digu. Hori bai ohorea Jainkoarengana otoitzean hurbiltzea!

2 Zer egin behar dugu Jehobak gure otoitzak entzuteko? Berak onesten duen moduan otoitz egin behar diogu. Baina nola egin dezakegu hori, Bibliak otoitzari buruz irakasten duena ulertzen ez badugu? Behar-beharrezkoa da, beraz, Jehobak Bibliaren bidez gai honi buruz azaltzen duena jakitea, otoitzak Jainkoarengana hurbiltzen laguntzen baikaitu.

JEHOBARI OTOITZ EGITEKO ARRAZOI GARRANTZITSUAK

3. Zein da Jehobari otoitz egiteko arrazoi garrantzitsu bat?

3 Jehobari otoitz egiteko arrazoietariko bat, berak hala egiteko gonbidapena luzatzen digula da. Izan ere, Bibliak hori egitera bultzatzen gaitu: «Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez. Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez» (Filipoarrei 4:6, 7). Hau jakinda, bazterrean utziko al dugu unibertsoaren Agintari Gorenak eskaini digun aukera paregabe hau? Ez noski!

4. Nola estutzen du Jehobarekin dugun harremana berari maiz otoitz egiteak?

4 Otoitz egiteko beste arrazoi bat honakoa da: maiz otoitz egitea Jehobarekin dugun harremana sendotzeko era bat da. Lagun minek ez dute elkarrekin hitz egiten zerbaiten beharra dutenean soilik. Horren ordez, bata besteaz arduratzen dira. Eta beraien pentsamendu, arazo eta sentimenduez askatasunez hitz egiten dutenean, beraien arteko adiskidetasuna sendotu egiten da. Egoera honek Jainkoarekin dugun harremanarekin badu parekotasunik. Liburu honi esker, Jehoba, bere izaera eta bere asmoei buruz Bibliak irakasten duena ezagutu ahal izan duzu. Ikasitakoari esker, Jainkoak sentimenduak dituela eta pentsatzeko gaitasuna ere baduela ikusi ahal izan duzu. Eta otoitzak Jainkoari zure barren-barreneko sentimenduak adierazteko aukera ematen dizu. Horrela egiten duzun heinean, Jehobarengandik hurbilago egongo zara (Santiago 4:8).

ZER BALDINTZA BETE BEHAR DITUGU?

5. Zerk erakusten du Jehobak ez dituela otoitz guztiak entzuten?

5 Entzuten al ditu otoitz guztiak Jehobak? Azter dezagun israeldar errebeldeei Isaias profetaren bidez Jainkoak esandakoa: «Nahiz eta zuek eskariak ugaldu, ez dizuet entzuten, eskuak odolez beteak baitituzue» (Isaias 1:15). Beraz, ekintza batzuen ondorioz Jainkoak gure otoitzak ez entzutea gerta liteke. Hortaz, Jainkoak gure otoitzak entzutea nahi badugu, oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditugu.

6. Jainkoak gure otoitzak entzuteko, zein da oinarrizko baldintza bat? Nola bete dezakegu baldintza hori?

6 Oinarrizko baldintza bat fedea azaltzea da (Irakurri Markos 11:24). Paulo apostoluak hauxe idatzi zuen: «Izan ere, federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela» (Hebrearrei 11:6). Beraz, benetako fedea izatea Jainkoa existitzen dela eta otoitzak entzun eta erantzuten dituela sinestea baino gehiago da. Izan ere, fedea dugun edo ez gure ekintzen bidez azaltzen dugu. Gure bizimoduak argi eta garbi erakutsi behar du fedea dugula (Santiago 2:26).

7. a) Zergatik azaldu behar dugu errespetua Jehobari otoitz egitean? b) Nola erakuts dezakegu apaltasuna eta zintzotasuna Jehobari otoitz egitean?

7 Jehobak berarengana otoitzean hurbiltzen direnak apaltasun eta zintzotasunez egitea eskatzen du. Ba al dugu arrazoirik Jehobari apaltasunez hitz egiteko? Zer uste duzu zuk? Errege edo gobernuburu bati hitz egiteko aukera izatean errespetuz egin ohi da, agintari hauen kargu garrantzitsua dela eta. Ez al zaizu iruditzen Jehobari gerturatzean errespetu handiagoa zor diogula? (138. Salmoa 6). Azken batean, «Jainko ahalguztiduna» da (Apokalipsia 16:7). Jainkoari otoitz egiteko erak, bera gure gainetik dagoela apaltasunez aitortzen dugula azaldu behar du. Apaltasun horrek bihotz-bihotzez otoitz egitera bultzatuko gaitu, ohitura hutsez eta hitz berberak errepikatuz egiten diren otoitzak baztertuz (Mateo 6:7, 8).

8. Nola jokatu dezakegu otoitzean eskatzen dugunaren arabera?

8 Otoitzean eskatzen dugunaren arabera jokatzea da Jehobak guri entzuteko beste baldintza bat. Gure esku dagoen guztia egitea espero du Jehobak eskatu duguna lortzearren. Esate baterako, «emaguzu gaur egun honetako ogia» eskatzen badiogu, bete dezakegun edozein lanetan gogor jardun behar dugu (Mateo 6:11; 2 Tesalonikarrei 3:10). Edo ahuleziaren bati aurre egiteko laguntza otoitzean eskatuz gero, horretara zuzentzen gaituzten egoerak baztertu behar ditugu (Kolosarrei 3:5). Oinarrizko baldintza hauetaz gain, otoitzari buruzko beste galdera batzuk ere badaude. Azter ditzagun.

OTOITZARI BURUZKO GALDEREN ERANTZUNAK

9. Nori egin behar diogu otoitz eta noren izenean?

9 Nori egin behar diogu otoitz? Jesusek bere ikasleei otoitzak «gure Aita zerukoa[ri]» zuzentzeko irakatsi zien (Mateo 6:9). Gure otoitzak, hortaz, Jehobari bakarrik zuzendu behar dizkiogu. Hala ere, Jehobak bere Seme bakarrak duen kargua aintzat hartzea nahi du. Izan ere, Jesus gu bekatu eta heriotzatik askatzeko, bere bizitza erreskate modura eskaintzera etorri zen lurrera, 5. kapituluan aztertu genuen bezala (Joan 3:16; Erromatarrei 5:12). Bera da hautatutako Apaiz Nagusia eta Epailea (Joan 5:22; Hebrearrei 6:20). Hori dela eta, gure eskakizunak Jesusen bidez egiteko erakusten digu Bibliak. Jesusek berak honakoa esan zuen: «Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik» (Joan 14:6). Beraz, Jainkoak gure otoitzak entzun ditzan, Jehobari bakarrik egin behar diogu otoitz bere Semearen izenean.

10. Zergatik ez da gorputz-jarrera zehatzik behar otoitz egitean?

10 Gorputz-jarrera berezia izan behar al dugu otoitz egiterakoan? Ez. Jehobak ez du esku- edo gorputz-jarrera zehatzik eskatzen. Izan ere, Bibliak gorputz-jarrera ugarietan otoitz egin dezakegula irakasten du, hauen artean: eserita, buru-makurturik, belaunikaturik edo zutik (1 Kronikak 17:16; Nehemias 8:6; Daniel 6:10). Otoitz egitean garrantzitsuena ez da gorputz-jarrera berezia izatea, baizik eta bihotz-jarrera egokia izatea. Beraz, eguneroko jardueretan edo estualdietan, isilean otoitz egin dezakegu edonon gaudela ere. Nahiz eta gure inguruan daudenak otoitz egin dugunik ez ohartu, Jehobak gure otoitzak entzuten ditu (Nehemias 2:1-6).

11. Zer eska dezakegu otoitzean?

11 Zer eska dezakegu otoitzean? Bibliak hurrengoa azaltzen du: «Bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, [Jehobak] entzun egiten digu» (1 Joan 5:14). Jainkoaren nahiarekin bat datorren edozer gauza eska dezakegu. Eta gure kezkengatik otoitz egitea nahi ote du Jehobak? Bai noski! Jehobari otoitz egitea lagun min batekin hitz egitearekin parekatu daiteke. Askatasunez hitz egin diezaiokegu, izan ere Bibliak honako gonbidapena luzatzen digu: «Zabaldu hari zeuen bihotza!» (62. Salmoa 9 [62:8NW]). Espiritu santua eskatzea ere egokia da, honek zuzena dena egiten lagunduko baitigu (Lukas 11:13). Honetaz gain, erabaki zuhurrak hartzeko gida ere eska diezaiokegu, baita arazoei aurre egiteko indarra ere (Santiago 1:5). Bekatu egitean, berriz, barkamena eskatu behar diogu, Jesusen eskaintza oinarritzat hartuz (Efesoarrei 1:3, 7). Eta noski, geure kezkak soilik ez ditugu aipatu behar. Gure otoitzetan beste pertsona batzuen alde ere eskatu behar dugu, esaterako, senitartekoen eta baita anai-arreba kristauen alde ere (Eginak 12:5; Kolosarrei 4:12).

12. Nola ematen diegu lehentasuna gure Aitarekin lotura duten gaiei gure otoitzetan?

12 Jehobarekin lotura duten gaiei eman behar diegu lehentasuna gure otoitzetan. Izan ere, arrazoi ugari dauzkagu bihotz-bihotzez Jainkoari ohore emateko eta berak emandako gauza on guztiak eskertzeko (1 Kronikak 29:10-13). Jesusek Mateo 6:9-13⁠an idatzita dagoen otoitza eredu gisa ezarri zuen (Irakurri). Bertan, Jainkoaren izena santu izan dadila, hau da, sakratu den zerbait bezala erabili behar dela irakatsi zuen. Eta zer gehiago eskatu zuen? Jainkoaren Erreinua etor dadila eta bere nahia zeruan betetzen den bezala lurrean ere bete dadila. Jehobarekin lotura duten gai garrantzitsu hauei buruz otoitz egin ondoren hitz egin zuen Jesusek bere gauzei buruz. Gure otoitzetan Jainkoari lehentasuna ematen diogunean, gure ongizatea ez dela gehien kezkatzen gaituena erakusten dugu.

13. Zer erakusten du Bibliak otoitzen luzerari buruz?

13 Zenbat iraun behar dute gure otoitzek? Biblian jendaurrean edo bakarka egiten diren otoitzen luzera ez da mugatzen. Izan ere, luzera desberdinetako otoitzak egin daitezke; hauen artean, otordu baten aurretik egiten diren otoitz laburrak edo Jehobari gure barrenean duguna azaltzeko bakarka egiten ditugun otoitz luzeak (1 Samuel 1:12, 15). Hala ere, nabarmentzeko otoitz luzeak egiten zituzten pertsona santujaleak gaitzetsi zituen Jesusek (Lukas 20:46, 47). Tankera horretako otoitzek ez diote Jehobari bihotza ukitzen. Izan ere, garrantzitsuena guk bihotz-bihotzetik otoitz egitea da. Otoitzen luzera, beraz, behar eta egoeren araberakoa izan daiteke.

Zure otoitzak edozein egoeratan entzun ditzake Jainkoak

14. Zer esan nahi du Bibliak «etengabe» otoitz egitera bultzatzen gaituenean? Zerk ematen digu poztasuna?

14 Zenbatero egin behar dugu otoitz? «Iraupentsu otoitzean» aritzera eta «etengabe» eta «aspertu gabe» otoitz egitera bultzatzen gaitu Bibliak (Lukas 18:1; Erromatarrei 12:12; 1 Tesalonikarrei 5:17). Adierazpen hauek ez dute esan nahi Jehobari denbora guztian otoitz egin behar diogunik. Baina Bibliak otoitz egiteko ohitura izatera bultzatzen gaitu, Jehobari berak gure alde egindako gauza on guztiengatik eskertuz, baita gida, kontsolamendu eta adorea eskatuz ere. Ez al da pozgarria Jehobak gure otoitzen iraupenari eta maiztasunari mugarik jartzen ez diola jakitea? Benetan estimatzen badugu otoitz egiteko dugun ohorea, gure Aitari otoitz egiteko aukera ugari aurkituko ditugu.

15. Zergatik esan behar genuke «amen» bakarka eta jendaurrean egiten diren otoitzetan?

15 Zergatik esan behar dugu «amen» otoitza amaitzean? «Amen» hitzak «ziurtasunez» edo «hala izan bedi» esan nahi du. Biblian bakarkako eta jendaurreko otoitzak «amen» hitzarekin amaitzea egokia dela erakusten duten adibideak daude (1 Kronikak 16:36; 41. Salmoa 14 [41:13NW]). Gure otoitzen amaieran «amen» esatean, adierazpenak zintzotasunez esan ditugula erakusten dugu. Eta jendaurrean egiten den otoitz baten amaieran «amen» isilean edo ozenki esandakoan, otoitzean adierazitakoarekin ados gaudela aditzera ematen dugu (1 Korintoarrei 14:16).

NOLA ERANTZUTEN DITU JEHOBAK GURE OTOITZAK?

16. Zertaz egon gaitezke ziur otoitzari buruz?

16 Erantzuten ote ditu benetan Jehobak otoitzak? Bai noski! «Otoitzak entzuten ditu[enak]» milioika gizakiren otoitz zintzoak erantzuten dituela ziur egoteko baditugu arrazoi sendoak (65. Salmoa 3 [65:2NW]). Izan ere, Jehobak gure otoitzak era desberdinetan erantzun ditzake.

17. Zergatik dakigu Jainkoak aingeruak eta lurrean dituen zerbitzariak erabiltzen dituela otoitzak erantzuteko?

17 Jehobak, bere aingeruak eta lurrean dituen zerbitzari leialak erabiltzen ditu otoitzak erantzuteko (Hebrearrei 1:14). Pertsona askok, munduan zehar, Jainkoari Biblia ulertzeko laguntza eskatu izan diote. Otoitz egin ondoren, Jehobaren zerbitzari baten bisita laster jaso dute. Gertakari hauek, argi eta garbi erakusten dute aingeruak direla Jainkoaren Erreinuaren berri onen zabaltze-lana zuzentzen ari direnak (Apokalipsia 14:6). Eta nola erantzuten dizkigu otoitzak Jehobak laguntzaren beharrean gaudenean? Kristau bat gu laguntzera bultzatu dezake (Esaera Zaharrak 12:25; Santiago 2:16).

Gure otoitzak erantzuteko kristau bat gu laguntzera bultzatu dezake Jehobak

18. Nola erabiltzen ditu Jehobak bere espiritu santua eta Biblia bere zerbitzarien otoitzak erantzuteko?

18 Jehobak bere espiritu santua eta Biblia ere erabiltzen ditu bere zerbitzarien otoitzak erantzuteko. Arazoei aurre egiteko laguntza otoitzean eskatzen diogunean, gida eta indarra eman diezazkiguke bere espiritu santuaren bidez (2 Korintoarrei 4:7). Gida bila egiten ditugun otoitzak Bibliaren bidez erantzuten ditu askotan Jehobak, erabaki zuhurrak hartzeko laguntza emanez. Eta non aurki ditzakegu lagun gaitzaketen biblia-txatalak? Norberaren biblia-azterketa egiten dugunean eta liburu hau bezalako biblia-argitalpenetan. Bestalde, kristau-bilera batean aipatutakoak edota arduradun batek emandako aholkuak biblia-printzipioren bat gogorarazi diezaguke (Efesoarrei 4:11, 12).

19. Zer gogoratu behar dugu gure otoitzek erantzunik ez dutela badirudi?

19 Iruditzen al zaizu Jehoba zure otoitzak erantzuten berandutzen ari dela? Horrela bada, ez pentsa erantzuteko gai ez denik. Alderantziz, gogoratu bere nahiaren arabera eta berak finkatutako garaian erantzuten dituela otoitzak. Izan ere, guk geuk baino hobeto daki gure beharrak zein diren eta hauek nola ase. Askotan, Bibliak dioen bezala, eskatzen, bilatzen eta atea jotzen jarrai dezagun uzten du Jehobak (Lukas 11:5-10). Otoitz egiteari eutsiz gero, Jainkoari gure desioa bizi-bizia dela eta benetako fedea dugula erakutsiko diogu. Honetaz gain, Jehobak guretzat agerikoa ez den moduan erantzun ditzake otoitzak. Esate baterako, arazo zehatz bat konpondu beharrean, horri aurre egiteko indarra emanez erantzun dezake otoitza (Irakurri Isaias 12:2).

20. Zergatik izan behar dugu otoitz egiteko ohitura?

20 Unibertsoaren Sortzailea, berak onesten duen eran otoitz egiten diotenengandik hurbil dago. Ez al da hau eskertzekoa? (Irakurri 145. Salmoa 18). Jehobari otoitz egitea ohore handia denez, izan dezagun hau egiteko ohitura. Hori eginez gero, otoitzak entzuten dituenarengandik geroz eta hurbilago izateko aukera zoragarria izango dugu.