Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. GALDERA

Nola hasi zen bizia?

Nola hasi zen bizia?

Txikia zinenean, harritu al zenituen zure gurasoak haurrak nondik datozen galdetuz? Horrela bada, zer erantzun zizuten? Zure adinaren eta beraien izaeraren arabera, agian ez entzunarena egin zuten edo, lotsatuta, erantzun azkar bat eman zizuten. Edo, beharbada, asmatutako ipuin bat kontatu zizuten eta, azkenean, gezurra zela konturatu zinen. Noski, heldutasunera eta ezkon-bizitzara egoki prestatuta iristeko, haur batek denborarekin ugalketaren prozesu harrigarriaz ikasi behar du.

Guraso batzuk haurrak nondik datozen azaltzean deseroso sentitzen diren bezala, zientzialari batzuek ere ez dute hitz egin nahi garrantzi handiagoa duen galdera bati buruz: Nondik etorri zen bizia? Galdera honen erantzun sinesgarria izateak pertsona batek biziari buruz duen ikuspuntuan eragin handia izan dezake. Beraz, nola hasi zen bizia?

Ernaldutako giza-obulua 800 bat aldiz handituta

Zer esaten dute zientzialari askok? Bizia duela milioika urte marea arteko putzu baten ertzean edo ozeano sakonean hasi zela esango dizute batzuek. Horrelako lekuren batean konposatu kimikoak halabeharrez bata bestearekin akoplatu eta burbuilen antzeko estrukturak eratu zituztela, molekula konplexuak sortu zituztela eta ugaltzen hasi zirela uste dute. Beraien tesiaren arabera, lurreko bizi-mota guztiak, ustekabean, jatorrizko zelula «sinple» hauetako batetik edo gehiagotik sortu ziren.

Eboluzioaren alde dauden goi-mailako beste zientzialari batzuk ez daude honekin ados. Jatorrizko zelulak edo horien osagai nagusiak behintzat, espaziotik etorri zirela espekulatzen dute. Zergatik? Zientzialariek ezin izan dutelako frogatu bizia molekula bizigabeetatik agertu daitekeenik. 2008⁠an Alexandre Meinesz Biologiako irakasleak zailtasun hori azpimarratu zuen. Honen arabera, «azkenengo 50 urteetan zopa molekular sinple batetik lurrean bizia ustekabean agertu zen hipotesia frogatzen duen ebidentzia enpirikorik ez dago. Eta ez dago ondorio horretara zuzentzen gaituen zientzia-ezagueran egindako aurrerapenik».1

Zer erakusten dute frogek? Haurrak nondik datozen galderaren erantzuna ongi dokumentatuta dago eta ez du eztabaidarik sortzen. Bizia aurretik existitzen den bizitik dator beti. Hala ere, posible ote da antzina-antzina oinarrizko lege hau hautsi izana? Posible izan ote zen bizia ustekabean materia bizigabetik agertzea? Zer probabilitate dago horrelakorik gertatzeko?

Zelula batek bizirauteko, elkarrekin lan egiten duten hiru molekula konplexu behar dira gutxienez: DNA (azido desoxirribonukleikoa), RNA (azido erribonukleikoa) eta proteinak. Gaur egun, zientzialari gutxik onartuko lukete zelula bizi oso bat bizirik ez duen konposatu kimikoen nahasketa batetik ustekabean agertu izana. Baina zein da RNA edo proteinak ustekabean sortzeko probabilitatea? *

Stanley Miller, 1953

1953⁠an egindako esperimentu baten ondorioz, zientzialari askok bizia ustekabean agertu zela uste dute. Urte horretan, Stanley L. Millerrek aminoazidoak, hau da, proteinen oinarrizko blokeak, lortu zituen. Nola? Lurreko atmosfera primitiboa simulatzen zuen gasen nahasketa batean elektrizitatea deskargatuz. Beranduago, meteorito batean ere aminoazidoak aurkitu ziren. Esan nahi al dute aurkikuntza hauek biziaren osagai nagusiak erraz sortu zirela halabeharrrez?

Robert Shapirok, New York-eko Unibertsitateko Kimika irakasle emerituak, honakoa dio: «Idazle batzuek biziaren osagai guztiak meteoritoetan daudela eta Millerren esperimentuaren antzekoen bidez erraz eratu daitezkeela uste izan dute. Baina hori ez da hala».2 *

Azter dezagun RNA molekula. Nukleotido izeneko molekula txikiagoz osatuta dago. Nukleotidoak eta aminoazidoak ez dira berdinak. Lehenengoak zertxobait konplexuagoak dira. Shapiroren arabera, «inoiz ez da nukleotidorik aurkitu deskarga elektrikoen esperimentuen produktuen artean, ezta meteoritoen ikerketetan ere».3 Gainera, bere kabuz ugaltzeko gaitasuna duen RNAren molekula bat bloke kimikoen putzu batean halabeharrez elkartzeko probabilitatea oso txikia dela dio. «Hain da txikia, non ikusi daitekeen unibertsoko edozein lekutan behin gertatuko balitz ere, aparteko zoria izango litzateke».4

RNA (1) proteinen (2) sintesirako beharrezkoa da, baina proteinak RNAren ekoizpenerako beharrezkoak dira. Nola sortu liteke halabeharrez horietako molekula bat? Eta biak? Erribosomak (3) 2. atalean aztertuko dira.

Azter ditzagun orain proteina molekulak. Aminoazidoak (50⁠etik hainbat milara) ordena oso zehatz batean elkartuz osatzen dira hauek. Zelula «sinple» baten batez besteko proteina funtzionalak 200 aminoazido ditu eta zelula horietan ere milaka proteina mota desberdin daude. Noizbait lurrean halabeharrez 100 aminoazido besterik ez dituen proteina bat sortzeko probabilitatea mila bilioietan (1015) batekoa izango litzateke.

Laborategian molekula konplexuak sortzeak zientzialari baten trebetasuna eskatzen badu, agertu ahal izango lirateke halabeharrez zelula batean dauden molekulak, hauek askoz ere konplexuagoak badira?

Eboluzioan sinesten duen Hubert P. Yockey ikerlaria harago doa. Honakoa dio: «Ezinezkoa da bizia “proteinak lehenengo” eredua jarraituz sortu izana».5 Proteinak sortzeko, RNA beharrezkoa da. Baina RNA sortzeko proteinak ere behar dira. Demagun proteina eta RNA molekulak denbora eta leku berean halabeharrez agertu zirela, nahiz eta hau oso aukera txikia izan. Zer probabilitate dago bere kabuz ugaltzeko eta bizitzeko gaitasuna duen bizi-mota bat sortzeko elkarlanean aritu izana? «Hau halabeharrez gertatzeko probabilitateak (RNA eta proteinen ausazko konbinaketa ematea) zeharo txikia dirudi», dio Carol Cleland doktoreak *, NASAko Astrobiologia Institutuko kideak. «Hala ere», gehitzen du, «jatorrizko baldintza naturaletan proteinen eta RNAren produkzio independentea ulertuko balitz, dirudienez ikerlarien gehiengoak elkarlanaren enigma nolabait bere kabuz konponduko litzatekela onartuko luke». Biziaren oinarrizko bloke hauen halabeharrezko jatorriari buruzko egungo teoriei buruz honakoa dio: «Teoria horietako batek ere ez digu hori nola gertatu zen adierazten duen azalpen sinesgarririk eman».6

Bizirik ez duen robot bat sortzeko eta programatzeko izate adimentsu bat behar bada, zer beharko litzateke bizirik dagoen zelula bat sortzeko? Eta gizaki bat sortzeko?

Zergatik dira garrantzitsuak gauza hauek? Pentsa ezazu zer erronka duten bizia ustekabean agertu zela sinesten duten ikertzaileek. Zelula bizietan ere agertzen diren aminoazido batzuk aurkitu dituzte meteorito batean. Beraien laborategietan, kontu handiz pentsatutako eta zuzendutako esperimentuen bidez, molekula konplexuagoak sintetizatu dituzte. Eta epe luzera, zelula «sinple» bat eratzeko behar diren elementuak ekoizteko itxaropena dute. Beraien egoera robot bat egiten duen ingeniari batenarekin konparatu dezakegu. Lehenengo, naturako elementuak altzairu, plastiko, silikona eta kable bihurtzen ditu. Gero, robota egiten du. Azkenik, robota bere buruaren kopiak egiteko programatzen du. Zer frogatuko du hau guztia eginez? Gehienez ere, izate adimentsu batek makina harrigarri bat sortzeko gaitasuna duela.

Era berean, zientzialariek egunen batean zelula bat eratuko balute, lorpen txundigarria izango litzateke. Baina frogatuko al lukete zelula hori halabeharrez agertu litekeela? Ez al lukete kontrakoa frogatuko?

Zer uste duzu? Orain arteko froga zientifiko guztien arabera, bizia existitzen den bizitik dator. Bizia duen zelula «sinple» bat halabeharrez bizirik ez duten konposatu kimikoetatik agertu zela sinesteak fede itsua eskatzen du.

Froga hauek guztiak ikusi ondoren, fede itsu hori erakusteko prest al zaude? Galdera hori erantzun aurretik, azter ezazu sakonago zelularen egitura. Honek, zientzialari batzuek biziaren jatorriari buruz esaten dituzten teoriek oinarri sendoa duten edo, guraso batzuek haurrak nondik datozen azaltzeko esaten dituzten ipuinak bezala, fantasiazkoak diren ikusten lagunduko dizu.

^ DNA ustekabean sortzeko probabilitatea 3. atalean aztertuko da: «Nondik etorri ziren argibideak?».

^ Shapiro irakasleak ez du sinesten bizia sortua izan zenik. Bere ustez, halabeharrez sortu zen oraindik ulertzen ez ditugun prozesuen bidez. 2009⁠an, Manchester-eko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek beraien laborategian nukleotidoak sortu zituztela esan zuten. Hala ere, Shapirok honakoa dio: «RNAren mundurako ibilbidea modu onargarrian azaltzeko [beraien errezetak] ez du inola ere nire irizpidea asetzen».

^ Cleland doktoreak ez du bizia sortua izan zenik sinesten. Oraindik erabat ulertzen ez ditugun prozesuen bidez halabeharrez agertu zela sinesten du.