Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. KAPITULUA

Nor da Jesu Kristo?

Nor da Jesu Kristo?

1, 2. a) Benetan ezagutzen al duzu izenez bakarrik ezagutzen duzun pertsona ospetsu bat? Azaldu. b) Zer uste du jendeak Jesusi buruz?

JENDE ospetsu asko dago munduan. Batzuk izenez ezagutuko dituzu. Baina norbaiten izena jakiteak ez du esan nahi ongi ezagutzen duzunik. Ziurrenik ez duzu bere bizitza zehatz⁠-⁠mehatz ezagutzen, ezta benetan nolakoa den ere.

2 Lurrean duela 2.000 urte inguru bizi izan zen arren, Jesu Kristori buruz zerbait entzungo zenuen. Baina jende gehienak ez daki nolakoa zen. Batzuek gizon on bat zela esaten dute, beste batzuek profeta bat izan zela eta beste batzuek Jainkoa dela pentsatzen dute. Zer uste duzu zuk? (Ikusi 12. oharra).

3. Zergatik da garrantzitsua Jehoba eta Jesu Kristo ezagutzea?

3 Garrantzitsua da Jesusi buruzko egia jakitea. Zergatik? Bibliak dio: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean» (Joan 17:3). Bai, Jehoba eta Jesusi buruzko egia baldin badakizu, paradisu bihurtutako lurrean bizi ahal izango zara betiko (Joan 14:6). Gainera, Jesus ezagutzeak lagundu egingo zaitu. Izan ere, bizitzeko eta bestekin jokatzeko eredurik onena jarri du (Joan 13:34, 35). Lehenengo kapituluan Jainkoari buruzko egia ikasi genuen. Orain Bibliak Jesusi buruz irakasten duena aztertuko dugu.

MESIAS AURKITU DUGU!

4. Zer esanahi dute «Mesias» eta «Kristo» hitzek?

4 Jesus jaio baino urte asko lehenago, Jehobak Mesias edo Kristo lurrera bidaliko zuela promestu zuen Biblian. «Mesias» hitza hebrearretik dator eta kargu berezi baterako Jainkoak izendatutako norbaiti ematen zaion izena da. «Kristo» hitza, berriz, grekotik dator eta esanahi bera du. Mesiasek kargu berezi bat izango zuen eta Jainkoaren promesa guztiak beteko zituen. Jesusek gaur egun ere lagundu zaitzake. Baina Jesus jaio baino lehenago, jende askok galdera hau zuen: «Nor izango ote da Mesias hori?».

5. Zer pentsatzen zuten Jesusi buruz bere jarraitzaileek?

5 Jesusen jarraitzaileek ez zuten zalantzarik izan Jesus promestutako Mesias zela pentsatzeko (Joan 1:41). Adibidez, Simon Pedrok Jesusi esan zion: «Zu Mesias zara» (Mateo 16:16). Nola egon gaitezke ziur Jesus Mesias dela?

6. Nola laguntzen dio Jehobak jende zintzoari Mesias nor den jakiten?

6 Jesus jaio baino urte asko lehenago, Jainkoaren profetek Mesias nor zen jakiten lagunduko zuten xehetasun asko idatzi zituzten. Nola lagunduko zuten profezia hauek? Imajina ezazu ezagutzen ez duzun norbaiten bila joan behar duzula autobus geltoki handi batera. Norbaitek pertsona horren deskribapen zehatza ematen badizu, aurkitu ahal izango duzu. Modu berean, Jehobak profetak erabili zituen Mesiasek zer egingo zuen eta zer gertatuko zitzaion adierazteko. Profezia horien betetzeak Jesus Mesias dela jakiten laguntzen dio jende zintzoari.

7. Zer bi profeziak erakusten dute Jesus Mesias dela?

7 Hona hauetako bi profezia. Lehena, Jesus jaio baino 700 urte lehenago, Mikeasek Mesias Belen izeneko herri txikian jaioko zela iragarri zuen (Mikeas 5:1 [5:2, NW ]). Eta hortxe jaio zen Jesus! (Mateo 2:1, 3-10). Bigarrena, Daniel profetak buruzagi sagaratua edo Mesias K.o. 29. urtean nor izango zen argi eta garbi jakin ahal izango zela aurresan zuen (Daniel 9:25). Hauek Mesias Jesus izan zela argitzen duten profezietako bi besterik ez dira (Ikusi 13. oharra).

Bataiatu zenean, Mesias edo Kristo bihurtu zen Jesus

8, 9. Zerk frogatu zuen Jesusen bataioan bera Mesias zela?

8 Jehobak oso argi adierazi zuen Jesus Mesias zela. Joan Bataiatzaileari Mesias nor izango zen jakinarazteko seinale bat emango ziola esan zion. Jesus bataiatzeko Jordan ibaira joan zenean, Joanek seinale hori honela ikusi zuen: «Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso⁠-⁠tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: “Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin”» (Mateo 3:16, 17). Joanek seinalea ikusi eta Jainkoaren hitzak entzutean Jesus Mesias zela jakin zuen (Joan 1:32-34). Egun horretan, Jehobak bere espiritua Jesusengan isuri ondoren, Jesus Mesias bihurtu zen. Bera izan zen Jainkoak Buruzagi eta Errege izateko aukeratu zuena (Isaias 55:4).

9 Bibliako profeziek, Jehobaren hitzek eta Jesusen bataioan emandako seinaleak Jesus Mesias dela frogatzen dute. Baina, nondik zetorren Jesus eta nolakoa zen? Ikusi dezagun Bibliak zer dioen.

NONDIK ETORRI ZEN JESUS?

10. Zer erakusten du Bibliak lurrera etorri baino lehenagoko Jesusen bizitzari buruz?

10 Jesus lurrera etorri baino lehen luzaroan zeruan bizi izan zela dio Bibliak. Mikeasek Mesiasi buruz esan zuen: «Aspaldikoa du jatorria» (Mikeas 5:1 [5:2, NW ]). Jesusek berak ere askotan esan zuen gizaki moduan jaio aurretik zeruan bizi izan zela (Irakurri Joan 3:13; 6:38, 62; 17:4, 5). Lurrera etorri baino lehen ere, Jesusek Jehobarekin harreman berezia zuen.

11. Zergatik da Jesus Jehobarentzat hain maitea?

11 Jesus oso maitea da Jehobarentzat. Zergatik? Jainkoak gauza eta izaki guztien aurretik sortu zuelako. Horregatik Jesusi «izaki guztietan lehen⁠-⁠sortua» deitzen zaio (Kolosarrei 1:15). * Jehobak Jesus hainbeste maitatzeko beste arrazoi bat honakoa dugu: Jehobak zuzenean sortu duen izaki bakarra da. Horregatik da «Seme bakarra» (Joan 3:16). Gainera, Jehobak Jesus soilik erabili zuen beste gauza guztiak sortzeko (Kolosarrei 1:16). Eta Jesusi bakarrik deitzen zaio «Hitza», Jehobak aingeruei eta gizakiei mezuak eta jarraibideak emateko erabili baitzuen (Joan 1:14).

12. Nola dakigu Jesus eta Jainkoa ez direla pertsona bera?

12 Batzuek Jesus Jainkoa dela uste dute. Baina hori ez da Bibliak irakasten duena. Bibliak Jesus sortua izan zela erakusten du. Honek Jesusek hasiera izan zuela esan nahi du. Baina Jehobak, gauza guztien Sortzaileak, ez du hasierarik (90. Salmoa 2). Jainkoaren Seme izanik, Jesusi ez zitzaion Jainkoa izaten saiatzea bururatu. Bibliak argi dio Aita Semea baino handiagoa dela (Irakurri Joan 14:28; 1 Korintoarrei 11:3). Jehoba da «Jainko ahalguztidun» bakarra (Apokalipsia 16:7). Bera da unibertsoan dagoen izakirik goren eta indartsuena (Ikusi 14. oharra).

13. Zergatik dio Bibliak Jesus «Jainko ikusezinaren irudi» dela?

13 Jehoba eta bere Semea, Jesus, estu⁠-⁠estu elkarlanean milioika urte aritu ziren zerua eta lurra sortu baino lehen. Imajina ezazu hainbeste denbora elkarrekin pasata elkar zenbat maitatzera iritsiko ziren! (Joan 3:35; 14:31). Jesusek hain ondo imitatu zituen bere aitaren ezaugarriak, non Bibliak «Jainko ikusezinaren irudi» dela esaten duen (Kolosarrei 1:15).

14. Nola izan zen posible Jehobaren Seme maitea gizaki gisa jaiotzea?

14 Jehobaren Seme maitea gogo onez zerua utziz lurrean jaio eta gizaki izateko prest egon zen. Nola izango zen hori posible? Mirari baten bidez, Jehobak bere Semearen bizia Maria izeneko neska birjinaren umetokian jarri zuen. Horrela, Jesusek ez zuen giza aitarik behar izan. Beraz, Mariak seme perfektua izan zuen eta Jesus izena jarri zion (Lukas 1:30-35).

NOLAKOA ZEN JESUS?

15. Nola ezagutu dezakezu Jehoba hobeto?

15 Asko ikasi dezakezu Jesus, bere bizitza eta ezaugarriei buruz Mateo, Markos, Lukas eta Joan biblia⁠-⁠liburuak irakurriz. Liburu hauei Ebanjelio izena ematen zaie. Jesus bere Aita bezalakoxea denez, irakurritakoak Jehoba hobeto ezagutzen lagunduko dizu. Horregatik esan ahal izan zuen Jesusek: «Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du» (Joan 14:9).

16. a) Zer irakatsi zuen Jesusek? b) Norenak ziren bere irakaspenak?

16 Jende askok Jesusi «Maisu» deitu zion (Joan 1:38; 13:13). Irakatsi zuen gauzarik garrantzitsuenetarikoa Jainkoaren Erreinuari buruzko berri ona izan zen. Zer da Erreinu hori? Jainkoaren gobernua da eta zerutik lur osoan aginduko du, Jainkoaren esaneko direnei bedeinkapen ugari ekarriz (Mateo 4:23). Jesusen irakaspen guztiak Jehobarengandik zetozen. Hau esan zuen: «Nire irakaspena ez dut neurea, bidali nauenarena baizik» (Joan 7:16). Jesusek bazekien Jehobarentzat oso garrantzitsua dela jendeak berri onak entzutea, hau da, Jainkoaren Erreinuak lurrean aginduko duela jakitea.

17. a) Non irakatsi zuen Jesusek? b) Zergatik ibili zen gogor lanean besteei irakasten?

17 Non irakatsi zuen Jesusek? Jendea zegoen edozein tokitan: baserri, hiri, herri, merkatu, tenplu, sinagoga eta jendearen etxeetan. Ez zen jendea berarengana etortzeko zain egoten. Askotan bera joaten zen haiengana (Markos 6:56; Lukas 19:5, 6). Gogor egin zuen lan eta denbora asko eman zuen jendeari irakasten. Zergatik? Jainkoaren nahia berak hori egitea zelako. Eta Jesus beti izan zen bere Aitaren esaneko (Joan 8:28, 29). Gainera, jendeaz errukitzen zelako predikatzen zuen (Irakurri Mateo 9:35, 36). Erlijioburuek Jainkoari eta Erreinuari buruzko egia ez zutela irakasten ikusten zuen Jesusek. Beraz, ahalik eta jende gehienari eman nahi izan zion aditzera berri ona.

18. Jesusen zer ezaugarri duzu gustukoen?

18 Jesusek jendea maite zuen eta haietaz arduratzen zen. Atsegina zen eta erraza zen berarekin hitz egitea. Haurrak ere gustura zeuden berarekin (Markos 10:13-16). Jesus zuzena zen beti. Ustelkeria eta injustizia gorroto zituen (Mateo 21:12, 13). Emakumeek ez zituzten eskubide asko garai horretan. Ez zieten errespeturik erakusten. Baina Jesusek beti duintasunez eta errespetuz jokatu zuen beraiekin (Joan 4:9, 27). Jesus apal⁠-⁠apala zen. Adibidez, behin bere apostoluen oinak garbitu zituen. Hori etxeko zerbitzariek bete ohi zuten eginkizuna zen (Joan 13:2-5, 12-17).

Jesusek jendea zegoen edozein tokitan predikatzen zuen

19. Zer adibidek erakusten du Jesusek jendeak behar zuena bazekiela eta lagundu nahi ziela?

19 Jesusek bazekien jendeak zer behar zuen eta lagundu egin nahi izan zien. Argi eta garbi ikusi zen hau Jainkoaren boterea erabiliz jendea sendatu zuenean (Mateo 14:14). Adibidez, lepradun gizon bat Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Gizon honen oinaze eta sufrimenduek hunkitu egin zuten Jesus. Errukitu eta lagundu egin nahi izan zion. Orduan Jesusek eskua luzatu, gizona ukitu eta esan zion: «Nahi dut, izan zaitez garbi». Eta gizona sendatu egin zen! (Markos 1:40-42). Imajina al dezakezu nola sentitu ote zen gizon hura?

AITARI LEIAL IZAN ZITZAION

20, 21. Zergatik da Jesus Jainkoaren esaneko izatearen eredu bikainena?

20 Jesus Jainkoaren esaneko izatearen eredu bikainena da. Gertatzen zena edo etsaiek egiten zutena axola gabe, beti izan zen Aitari leial. Esaterako, ez zuen bekatu egin Satanasek tentatu zuenean (Mateo 4:1-11). Nahiz eta bere senide batzuek Mesias zela ez sinetsi eta «burutik egina zegoela» uste izan, Jainkoaren lana egiten segitu zuen (Markos 3:21). Etsaiengandik tratu krudela jaso zuenean ere, Jainkoari leial izaten jarraitu zuen eta ez zen kalte egiten saiatu (1 Pedro 2:21-23).

21 Heriotza bihozgabe eta mingarria jasan zuenean ere, bere Aitak agindutakoa egiten jarraitu zuen (Irakurri Hebrearrei 5:8). Pentsa ezazu zer⁠-⁠nolakoak jasan behar izango zituen hil zen egunean. Atxilotua izan zen, lekuko faltsuek biraoka ibiltzeaz salatu zuten, epaile ustelek kondenatu egin zuten, jendetzak barre egin zion eta soldaduek torturatu eta habean iltzatu zuten. Hiltzear zegoela, hau oihukatu zuen: «Betea da dena» (Joan 19:30). Hil eta hiru egunera, Jehobak zeruan bizitzeko berpiztu zuen (Efesoarrei 1:19-20). Aste batzuk pasa ondoren, Jesus zerura itzuli zenean, «Jainkoaren eskuinaldean eseri» eta Jehobak Errege egin arte itxaron zuen (Hebrearrei 10:12, 13).

22. Zer aukera dugu Jesus bere Aitari leial izatearen ondorioz?

22 Jesus bere Aitari leiala izatearen ondorioz, paradisu bilakatuko den lurrean betiko biziaz gozatzeko aukera dugu, Jehobak hasieratik nahi bezala. Jesusen heriotzak egiten du posible etorkizun zoragarri hori. Nola? Hurrengo kapituluan aztertuko dugu.

^ § 11 Jehoba Aita da Sortzailea delako (Isaias 64:7 [64:8, NW ]). Jesusi Jainkoaren Semea deitzen zaio Jehobak sortu baitu. Aingeruei eta Adam berari ere Jainkoaren seme deitzen zaie (Hasiera 6:2; Lukas 3:23, 38).