Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. KAPITULUA

Erreskatea: Jainkoaren oparirik bikainena

Erreskatea: Jainkoaren oparirik bikainena

1, 2. a) Zerk egiten du zuretzat opari bat baliotsu izatea? b) Zergatik da erreskatea Jainkoaren oparirik bikainena?

ZEIN izan da inoiz jaso duzun oparirik onena? Opariak ez du zertan garesti izan behar zuretzat baliotsua izateko. Gustuko baduzu edo behar duzun zerbait bada, asko eskertzen duzu.

2 Jainkoak emandako opari guztietatik, bada bat beste guztien gainetik behar duguna. Jainkoak gizakioi eginiko oparirik bikainena da. Jehobak bere Semea, Jesu Kristo, guk betiko bizia eskuratzeko bidali zuela ikusiko dugu kapitulu honetan (Irakurri Mateo 20:28). Jesus lurrera erreskate moduan bidaltzean, Jehobak benetan maite gaituela frogatu zuen.

ZER DA ERRESKATEA?

3. Zergatik hiltzen dira gizakiak?

3 Erreskatea Jehobak gizadia bekatu eta heriotzatik askatzeko erabiltzen duen bidea da (Efesoarrei 1:7). Erreskatea beharrezkoa zergatik den ulertzeko, orain dela milaka urte Edengo baratzean gertatutakoa jakin behar dugu. Gure lehen gurasoek, Adam eta Ebak, bekatu egin zuten. Bekatu egin zutenez, hil egin ziren. Gu ere hil egiten gara Adam eta Ebarengandik bekatua jaso dugulako (Ikusi 9. oharra).

4. Nor zen Adam eta nolako bizitza zuen?

4 Jehobak lehen gizona, Adam, sortu zuenean, oso baliotsua zen zerbait eman zion: bizi perfektua. Gorputz eta adimen perfektuak zituen. Ez zen inoiz gaixotuko, ez zahartuko, ezta hilko ere. Jehobak sortu zuenez, berarentzat aita baten modukoa zen (Lukas 3:23, 38). Jehobak berarekin hitz egiteko ohitura zuen. Argi azaldu zion berarengandik espero zuena eta eginkizun bikaina eman zion (Hasiera 1:28-30; 2:16, 17).

5. Zer esan nahi du Adam Jainkoaren irudira sortua izateak?

5 Jainkoak Adam bere «irudira» sortu zuen (Hasiera 1:27). Zer esan nahi du honek? Bere ezaugarriekin sortu zuela, hauen artean, maitasuna, jakinduria, justizia eta boterea. Aukeratzeko askatasuna ere eman zion. Adam ez zen robota. Gauzak zuzen edo oker egitea aukeratu zezakeen. Adamek Jainkoa obeditzea aukeratu izan balu, paradisuan betiko bizi ahal izango zen.

6. a) Zer galdu zuen Adamek Jainkoa desobeditzean? b) Zer eragin du horrek gugan?

6 Adamek larrutik ordaindu zuen Jainkoa desobeditzea. Heriotzara kondenatua izan zen eta Jehobarekin zeukan adiskidetasun estua, bere bizi perfektua eta paradisua galdu zituen (Hasiera 3:17-19). Adam eta Ebak Jainkoa desobeditzea aukeratu zuten eta betiko bizitzeko itxaropena galdu zuten. Adamek egin zuenaren bidez «sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon⁠-⁠emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu» (Erromatarrei 5:12). Adamek bekatu egitean bere burua eta gu guztiok «bekatuari saldu» gintuen. Ondorioz, bekatu eta heriotzaren menpe gaude (Erromatarrei 7:14). Ba ote da guretzat itxaropenik? Bai, Jehobak erreskate bat eman zuen.

7, 8. Zer da erreskate bat?

7 Zer da erreskate bat? Biblian erreskateak bi esanahi nagusi ditu. Lehena, norbait askatzeko edo zerbait berreskuratzeko ematen den ordaina. Bigarrena, zerbaiten balioa ordaintzen duen prezioa.

8 Adamek bekatu egin eta heriotza ekarri zigun. Ez zegoen kalte izugarri hori ordaindu ahal izango zuen gizakirik. Baina Jehobak bekatu eta heriotzatik libratzeko bidea ireki zuen. Ikusi dezagun zer den erreskate hau eta nola laguntzen gaituen.

NOLA EMAN ZUEN JEHOBAK ERRESKATEA?

9. Zer⁠-⁠nolako erreskatea ordaindu behar zen?

9 Gutako inork ezin du inola ere Adamek galdutako bizi perfektuaren erreskatea ordaindu. Zergatik? Guztiok inperfektuak garelako (49. Salmoa 8, 9 [49:7, 8, NW ]). Ordaindu behar zen erreskatea beste giza bizi perfektu bat zen. Bibliak dio Jesu Kristok «bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman» zuela (1 Timoteori 2:6). Jesusek eskainitako bizi perfektuak Adamek galdu zuenaren balio bera zuen.

10. Nola eman zuen Jehobak erreskatea?

10 Nola eman zuen Jehobak erreskatea? Bere Semerik maiteena, Jesus, lurrera bidaliz. Seme hau bere lehen sorkuntza zen (1 Joan 4:9, 10). Jesus bere Aita eta zeruko etxea uzteko prest egon zen (Joan 16:28). Jehobak Jesusen bizia zerutik Mariaren umetokira pasa eta Jesus gizaki perfektu jaio zen, bekaturik gabe (Lukas 1:35).

Jehobak bere Seme maitea erreskate moduan eskaini zuen gure alde

11. Nola izan daiteke gizon bakar bat gizaki guztien erreskatea?

11 Lehen gizon perfektuak, Adamek, Jehoba desobeditzean gizaki guztioi bizi perfektua galduarazi zigun. Egongo ote zen bizi perfektua itzultzeko gai izango zen beste gizonik? Bai (Irakurri Erromatarrei 5:19). Jesusek ez zuen inoiz bekaturik egin eta bere bizi perfektua erreskate moduan eskaini zuen (1 Korintoarrei 15:45). Bere bizi perfektuak Adamen ondorengo guztiak heriotzaren menpe egotetik askatu ahal izango zituen (1 Korintoarrei 15:21, 22).

12. Zergatik sufritu behar izan zuen hainbeste Jesusek?

12 Bibliak Jesusek zer⁠-⁠nolakoak pasa zituen azaltzen du. Errukigabe jipoitu zuten, habean iltzatua izan zen eta heriotza mingarri eta luzea jasanarazi zioten (Joan 19:1, 30; Eginak 10:39). Zergatik sufritu behar izan zuen hainbeste? Satanasek gizakiek proba latzak jasaten dituztenean Jainkoari leial izateari uzten diotela esan zuelako. Jesusek gizaki perfektu bat Jainkoari leial izan daitekeela frogatu zuen nahiz eta izugarrizko sufrimendua jasan. Pentsa ezazu zein harro sentituko zen Jehoba Jesusekin! (Esaera Zaharrak 27:11; ikusi 15. oharra).

13. Nola ordaindu zen erreskatea?

13 Nola ordaindu zen erreskatea? Jesusek bere biziaren balioa eman zion bere Aitari. Kristo ondorengo 33. urteko judutarren egutegiko Nisanaren 14⁠an, Jehobak Jesusen etsaiei bere Semea hiltzen utzi zien (Hebrearrei 10:10). Hiru egun pasa ondoren, Jehobak Jesus bizira ekarri zuen berriro, ez gizaki izateko, izaki espiritual izateko baizik. Beranduago, Jesus bere Aitarengana zerura itzultzean, bere giza bizi perfektuaren balioa aurkeztu zion erreskate gisa (Hebrearrei 9:24). Erreskatea ordaindua izan denez, bekatu eta heriotzaren menpe izatetik askatuak izateko aukera dugu (Irakurri Erromatarrei 3:23, 24).

NOLA LAGUNTZEN DIGU ERRESKATEAK?

14, 15. Zer egin behar dugu gure bekatuen barkamena lortzeko?

14 Jainkoaren oparirik bikainenak orain eta etorkizunean lagunduko gaitu. Ikusi dezagun nola.

15 Gure bekatuen barkamena lortu dezakegu. Zaila da denbora guztian zuzena dena egitea. Akatsak egiten ditugu, baita batzuetan okerreko gauzak esan ere. Nola lortu dezakegu barkamena? Benetan damutuz eta apal⁠-⁠apal Jehobari barkamena eskatuz. Orduan gure bekatuak barkatuko dituenaren konfiantza izan dezakegu (Kolosarrei 1:13, 14; 1 Joan 1:8, 9).

16. Zer egin behar dugu kontzientzia ona izateko?

16 Kontzientzia ona izan dezakegu. Gure kontzientziak egin dugun zerbait gaizki dagoela esaten digunean, errudun sentitzen gara, agian ezertarako ez dugula balio eta gurekin ez dagoela ezer egiterik pentsatuz. Baina ez eman amore. Jehobari bere barkamena erregutzen badiogu, ziur egon gaitezke entzun eta barkatuko digula (Hebrearrei 9:13, 14). Jehobak gure arazo eta ahuleziak berari kontatzea nahi du (Hebrearrei 4:14-16). Ondorioz, Jehobaren aurrean kontzientzia lasai izan dezakegu.

17. Zer bedeinkapen dira posible Jesusen heriotzari esker?

17 Betiko bizitzeko itxaropena dugu. «Bekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak ematen digun dohaina, berriz, betiereko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez eman zaiguna» (Erromatarrei 6:23). Jesus gure alde hil zenez, betiko bizitza eta osasun perfektua izan ditzakegu (Apokalipsia 21:3, 4). Baina zer egin behar dugu bedeinkapen horiek jasotzeko?

ESKERTU ERRESKATEA

18. Nola dakigu Jehobak maite gaituela?

18 Pentsa ezazu nola hunkitzen zaituen norbaitek opari polit bat emateak. Erreskatea jaso dezakegun oparirik bikainena da eta Jehobari bihotzez eskertu beharko genioke. Joan 3:16⁠aren arabera, «Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion». Hala da, Jehobak biziki maite gaitu eta horregatik eman zuen Jesus, bere Seme kuttuna, gure alde. Eta Jesusek ere gu maite gaituela dakigu, gure alde hiltzeko prest egon baitzen (Joan 15:13). Erreskatearen opariari esker Jehobak eta Jesusek maite gaituztela dakigu (Galaziarrei 2:20).

Jehobari buruz gehiago ikastean, bere laguna izango zara eta gehiago maitatuko duzu

19, 20. a) Nola izan zaitezke Jehobaren lagun? b) Zer egin behar duzu Jesusen eskaintza eskertzen duzula erakusteko?

19 Jainkoak hainbeste maite gaituela jakinda, zuk ere maitatu nahiko duzu. Baina norbait maitatzeko eta bere laguna izateko, lehenengo ezagutu egin behar dugu. Joan 17:3⁠ak Jehoba ezagutu dezakegula dio. Hau egin ahala, berari diozun maitasuna areagotuko da, berari atsegin zaiona egin nahiko duzu eta bere adiskide izatera iritsiko zara. Beraz, segi Jehobari buruz gehiago ikasten Biblia aztertuz (1 Joan 5:3).

20 Jesusen eskaintza eskertu. Semearengan sinesten duenak, hau da, fedea duenak betiko bizia duela dio Bibliak (Joan 3:36). Zer esan nahi du fedea edukitzeak? Jesusek irakatsi ziguna egitea (Joan 13:15). Beraz, Jesusengan sinesten dugula esatea ez da nahikoa. Erreskatean fedea dugula erakusteko gure ekintzekin frogatu behar dugu. Santiago 2:26⁠ak fedeari buruz dio: «Egintzarik ez badu, hila dago».

21, 22. a) Zergatik izan behar gara Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapenean urtero? b) Zer aztertuko dugu 6. eta 7. kapituluetan?

21 Jesusen heriotzaren oroitzapenean izan. Hil aurreko gauean, Jesusek bere heriotza oroitu behar dugula irakatsi zuen. Urtero egiten dugu eta Oroitzapena edo «Jaunaren afaria» deitzen diogu (1 Korintoarrei 11:20; Mateo 26:26-28). Jesusek bere bizi perfektua erreskate moduan eskaini zuela gogoratu dezagun nahi du. Hau esan zuen: «Egizue hau nire oroigarri» (Irakurri Lukas 22:19). Oroitzapenean izatean Jehobak eta Jesusek gure alde duten maitasuna eta erreskatea gogoan dituzula erakusten duzu (Ikusi 16. oharra).

22 Erreskatea jaso dezakegun oparirik bikainena da (2 Korintoarrei 9:14, 15). Opari bikain horrek hildako milioika pertsonari lagunduko dio. Nola da hori posible? Erantzuna 6. eta 7. kapituluetan aztertuko dugu.