Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

7. KAPITULUA

Hildakoak berpiztuko dira!

Hildakoak berpiztuko dira!

1-3. Zerk gaitu guztiok preso eta nola askatuko gaitu Jehobak?

IMAJINA ezazu egin ez duzun delitu batengatik bizitza osoa kartzelan pasa behar duzula. Ez duzu askatua izateko inongo aukerarik. Itxaropenik ez duzula dirudi. Ezin duzu ezer egin. Baina esperantza guztia galduta duzunean, norbaitek zu askatzeko boterea duela jakiten duzu eta, gainera, lagunduko dizula hitzematen dizu! Nola sentituko zinateke?

2 Heriotzak preso gaitu guztiok. Ezin dugu bere atzaparretatik ihes egiteko ezer egin. Baina Jehobak badu gu askatzeko boterea. Horregatik hitzeman du: «Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da» (1 Korintoarrei 15:26).

3 Imajinatu zer⁠-⁠nolako lasaitasuna izango duzun heriotzaz kezkatu beharrik izango ez duzunean! Baina Jehobak heriotza kentzea baino gehiago egingo du. Dagoeneko hilik daudenak bizira itzuliko ditu. Pentsa ezazu zer eragin izango duen honek zugan. Jehobak hildakoak berpiztuko direla dio (Isaias 26:19).

MAITE DUGUN NORBAITEN HERIOTZA

4. a) Zerk kontsolatu gaitzake senide edo lagun min bat hiltzean? b) Nortzuk ziren Jesusen adiskide min batzuk?

4 Senide edo lagun min bat hiltzean, samina eta dolua jasanezinak izan daitezke. Babesgabe sentitzen gara. Ezin dugu ezertxo ere egin maite dugun hori bizira itzultzeko. Baina Bibliak benetan kontsolatzen gaitu (Irakurri 2 Korintoarrei 1:3, 4). Jehoba eta Jesus hilda dauden gure senide eta lagunak bizira itzultzeko irrikan daude. Ikusi dezagun honen adibide bat. Jesus lurrean egon zenean, Lazaro eta honen arrebak, Marta eta Maria, bisitatu ohi zituen. Jesusek asko maite zituen. Bibliak «oso adiskide» zituela dio. Baina Lazaro hil egin zen (Joan 11:3-5).

5, 6. a) Zer egin zuen Jesusek Lazaroren senide eta lagunen dolua ikustean? b) Zergatik da kontsolagarria Jesusek heriotzaren aurrean zer sentitu zuen ikustea?

5 Jesus Marta eta Maria kontsolatzera joan zen. Martak Jesus zetorrela entzutean hiritik atera zen bere bila. Jesus ikusteak poztu egin zuen, baina esan zion: «Hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko». Jesus beranduegi etorri zela pentsatu zuen. Gero, Jesusek Maria ikusi zuen negarrez. Denak hain goibel ikustean, barruak zirrara egin eta hunkiturik negarrari eman zion (Joan 11:21, 33, 35). Maite dugun norbait hiltzean sentitzen den samin garratza sentitu zuen.

6 Jesus gu sentitzen garen bezala sentitu zela jakiteak kontsolatu egiten gaitu. Izan ere, Jesusek eta Jehobak heriotza gorroto dutela erakusten digu (Joan 14:9). Jehobak heriotza betiko kentzeko boterea du eta horixe egingo du laster.

«LAZARO, ZATOZ KANPORA!»

7, 8. Zergatik ez zuen Martak Lazaro zegoen leizetik harria kentzerik nahi, baina zer egin zuen Jesusek?

7 Jesus Lazaroren gorpua hilobiratu zuten leizera iritsi zenean, sarrera harri handi batez estalita zegoen. Jesusek esan zuen: «Kendu harria». Baina Martak ez zuen nahi. Lazaroren gorpuak ordurako lau egun zeramatzan han (Joan 11:39). Ez zekien Jesus bere nebaren alde zer egitera zihoan.

Pentsa ezazu zer⁠-⁠nolako poza izango zuten Lazaroren senide eta lagunek berpiztua izan zenean! (Joan 11:38-44)

8 Jesusek Lazarori deiadar egin zion: «Zatoz kanpora!». Marta eta Mariak ikusi zutena txundigarria izan zen: «Hildakoa hartzulotik irten zen. Esku⁠-⁠oinak oihal⁠-⁠zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen» (Joan 11:43, 44). Lazaro bizirik zegoen berriro! Bere senide eta lagunekin elkartu zen. Besarkatu, ukitu eta berarekin hitz egin ahal izan zuten. Zer⁠-⁠nolako miraria! Jesusek Lazaro berpiztu zuen.

«NESKATXA, ZURI DIOTSUT: JAIKI ZAITEZ»

9, 10. a) Nork eman zion Jesusi jendea berpizteko boterea? b) Zergatik dira berpizkundeari buruzko pasarteak hain baliotsuak?

9 Bere boterearen bidez berpizten ote zuen jendea Jesusek? Ez. Lazaro berpiztu baino lehen Jesusek Jehobari otoitz egin eta Jehobak Lazaro berpizteko boterea eman zion (Irakurri Joan 11:41, 42). Jesusek ez zuen Lazaro bakarrik berpiztu. Bibliak oso gaixo zegoen 12 urteko neskatxa bati buruz hitz egiten du. Bere aita, Jairo, etsita zegoen eta Jesusi alaba sendatzeko erregutu zion. Bere haur bakarra zen. Jesusekin hizketan ari zela gizon batzuk etorri eta esan zioten: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?». Baina Jesusek esan zion Jairori: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi, eta salbatuko da». Orduan Jairorekin batera honen etxera joan zen. Hara iristean, Jesusek jendea negarrez ikusi zuen. Esan zien: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago». Guraso haiek Jesus zertaz ari ote zen galdetuko zioten euren buruari. Jesusek denei kanpora ateratzeko eskatu eta neskatxa zegoen gelara sartu zituen gurasoak. Neskatxari eskutik goxo⁠-⁠goxo heldu eta esan zion: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez». Pentsa zer⁠-⁠nolako poza izango zuten guraso haiek alaba segituan altxa eta ibiltzen hasi zela ikustean! Jesusek beraien alaba berpiztu zuen (Markos 5:22-24, 35-42; Lukas 8:49-56). Handik aurrera, alaba kuttuna ikustean, Jehobak Jesusen bidez beraien alde egindakoa gogoratuko zuten. *

10 Jesusek berpiztu zituen pertsonak denborarekin hil egin ziren berriro. Alferrik berpiztu zituela esan nahi al du honek? Inola ere ez. Horrelako biblia⁠-⁠pasarteek benetako itxaropena ematen digute. Jehobak jendea berpiztu nahi du eta hala egingo du.

JEHOBAK HILDAKOAK BERPIZTUKO DITU

Pedro apostoluak Dorkas izeneko emakume kristaua berpiztu zuen (Eginak 9:36-42)

Eliasek alargun baten semea berpiztu zuen (1 Erregeak 17:17-24)

11. Zer irakasten digu Kohelet 9:5⁠ak Lazarori buruz?

11 Bibliak argi eta garbi dio: «Hilek [...] ez dakite ezer». Lazarori horixe gertatu zitzaion (Kohelet 9:5). Jesusek esan bezala, Lazaroren egoera lotan egotearen antzekoa izan zen (Joan 11:11). Hilik egon zen bitartean, Lazarok ez zekien ezer.

12. Zergatik gaude ziur Lazaroren berpizkundea benetakoa izan zela?

12 Jende askok ikusi ahal izan zuen Lazaroren berpizkundea. Jesusen etsaiek ere bazekiten mirari hura egin zuela. Lazaro bizirik zegoen eta honek berpizkunde hura benetakoa izan zela frogatu zuen (Joan 11:47). Gainera, jende asko joan zen Lazaro bisitatzera eta, ondorioz, Jesus Jainkoak bidali zuela sinesten hasi ziren. Jesusen etsaiei ez zitzaien hau gustatu eta Jesus eta Lazaro hiltzeko asmotan hasi ziren (Joan 11:53; 12:9-11).

13. Nola egon gaitezke ziur Jehobak hildakoak berpiztuko dituela?

13 Hildako guztiak berpiztuak izango direla esan zuen Jesusek (Joan 5:28). Jehobak gogoan dituen guztiak bizira itzuliko dira. Baina Jehobak norbait berpiztu ahal izateko bere bizitzako xehetasun guztiak gogoratu behar ditu. Benetan gai al da hau egiteko? Beno, milioika eta milioika izar daude unibertsoan eta Bibliaren arabera Jehobak bakoitzaren izena daki (Irakurri Isaias 40:26). Izar bakoitzaren izena gogoratu badezake, erraz gogoratu ahal izango ditu berpiztuko duen gizaki bakoitzaren xehetasun guztiak. Are gehiago, Jehobak dena sortu zuenez, jendea berpizteko boterea duela dakigu.

14, 15. Zer irakasten digute Joben hitzek berpizkundeari buruz?

14 Job gizon leialak berpizkundean sinesten zuen. Honakoa galdetu zuen: «Baina hildako gizakia berpiztuko ote da?». Orduan Jehobari esan zion: «Zuk dei egin eta nik erantzun egingo nizuke, irrikan egongo zinateke zeuk egina nauzun honengatik». Hala da, Jobek bazekien Jehoba hildakoak berpizteko eguna noiz etorriko zain dagoela (Job 14:13-15).

15 Nola sentiarazten zaitu berpizkundeak? Agian zeure buruari honako galdera egingo diozu: «Zer gertatuko da hil diren nire senide eta lagunekin? Haiek ere berpiztuko ote dira?». Jehobak hildakoak benetan berpiztu nahi dituela jakitea kontsolagarria da. Aztertu dezagun Bibliaren arabera nortzuk izango diren berpiztuak eta non biziko diren.

HAREN AHOTSA ENTZUN ETA ATERAKO DIRA

16. Zer⁠-⁠nolako bizitza gozatuko dute lurrean berpiztuak izango direnek?

16 Iraganean berpiztuak izan zirenak lurrean beraien senide eta lagunekin berriro elkartu ziren. Baina etorkizunean gertatuko dena are hobea izango da. Lurrean berpiztuak izango direnek betiko bizitzeko eta berriz ez hiltzeko aukera izango dute. Gainera, mundu hori guztiz desberdina izango da. Ez da gerrarik, injustiziarik, ezta gaixotasunik ere izango.

17. Nortzuk izango dira berpiztuak?

17 Nortzuk izango dira berpiztuak? Jesusek hilobietan dauden «hildako guztiek haren ahotsa entzungo» dutela eta «hilobietatik aterako» direla esan zuen (Joan 5:28, 29). Eta Apokalipsia 20:13⁠ak dio: «Itsasoak bere baitan zeuzkan hilak itzuli zituen eta, orobat, Herioak eta Hildakoen Egoitzak». Hildakoen Egoitza gizakien gehiengoa heriotzan lo dagoen leku sinbolikoa da. Beraz, milioika pertsona berpiztuko dira. Paulo apostoluak berpizkundea «justuena nola injustuena» izango dela esan zuen (Eginak 24:15, TB). Zer esan nahi du honek?

Hildakoak paradisuan berpiztu eta beraien senide eta lagun maiteekin elkartuko dira

18. Nortzuk dira berpiztuak izango diren «justu» edo zuzenak?

18 «Justu» edo zuzenen artean, Jesus lurrera etorri baino lehenagoko Jehobaren zerbitzari leialak daude, esaterako, Noe, Abraham, Sara, Moises, Rut eta Ester. Hauek lurrean bizitzeko berpiztuak izango dira. Hebrearrei 11. kapituluan irakurri dezakezu gehiago hauei buruz. Eta zer gertatuko zaie gure garaian hil diren Jehobaren zerbitzari leialei? «Justuak» edo zuzenak dira, beraz, berpiztuak izango dira.

19. Nortzuk dira «injustu» edo zuzengabeak eta zer aukera emango die Jehobak?

19 «Injustu» edo zuzengabeen artean, Jehoba ezagutzeko aukera izan ez duten milioika pertsona daude. Hilik egon arren, Jehobak ez ditu ahaztu. Berpiztu egingo ditu eta berari buruz ikasteko eta bera zerbitzatzeko aukera izango dute.

20. Nortzuk ez dira berpiztuko?

20 Hildako guztiak berpiztuak izango direla esan nahi al du honek? Ez. Jesusek «Gehenna» izeneko toki sinbolikoan daudenak ez direla bizira itzuliko esan zuen. Gehenna «infernu» itzuli izan da askotan (Lukas 12:5). Nork erabakitzen du norbait berpiztua izango den ala ez? Jehoba da Epaile Gorena, beraz, berea da azken erabakia. Baina Jesusi ere «bizien eta hildakoen epaile» izateko aginpidea eman dio (Eginak 10:42). Nortzuk ez dira berpiztuko? Gaiztoak eta aldaketarik egin nahi ez dutenak (Ikusi 19. oharra).

ZERUAN BIZITZEKO BERPIZKUNDEA

21, 22. a) Zer⁠-⁠nolako gorputza izango dute zeruan berpiztuak izango direnek? b) Nor izan zen Jehobak zeruan berpiztu zuen lehena?

21 Bibliak zeruan biziko diren gizaki batzuei buruz ere hitz egiten du. Zeruan bizitzeko berpiztua denak ezin du giza gorputzarekin bizira itzuli, espirituzko gorputzarekin baizik.

22 Jesus berpizkunde mota hau jaso zuen lehena izan zen (Joan 3:13). Jesus hil eta handik hiru egunera, Jehobak berpiztu egin zuen (16. Salmoa 10; Eginak 13:34, 35). Jesus ez zen giza gorputz batekin berpiztu. Paulo apostoluak «haragizko» gorputzean hil eta «espirituzko» gorputzarekin piztu zela esan zuen (1 Korintoarrei 15:44). Jainkoak izaki espiritual boteretsu gisa berpiztu zuen! (1 Korintoarrei 15:3-6). Baina, Bibliaren arabera, Jesus ez zen honelako berpizkundea jasoko zuen bakarra izango.

23, 24. Nor da Jesusek aipatutako artaldetxoa eta zenbat lagunez osatuta dago?

23 Hil baino zertxobait lehenago, Jesusek hau esan zien bere jarraitzaile leialei: «Zuentzat tokia prestatzera noa» (Joan 14:2). Bere jarraitzaileetako batzuk berarekin batera zeruan biziko zirela esan nahi du honek. Zenbat? Jesusek kopuru txikia izango zela esan zuen, «artaldetxo» bat (Lukas 12:32). Joan apostoluak zenbaki zehatza esan zuen Jesus zeruko «Sion mendiaren gainean zutik, eta harekin batera ehun eta berrogeita lau mila lagun» ikusi zituenean (Apokalipsia 14:1).

24 Noiz berpiztuko dira 144.000 kristauak? Bibliaren arabera, Jesu Kristo zeruan agintzen hasi ondoren (1 Korintoarrei 15:23). Garai horretan bizi gara orain eta dagoeneko 144.000 horien gehiengoa zeruan bizitzeko berpiztu da. Oraindik lurrean geratzen direnak hiltzean bat⁠-⁠batean berpiztuko dira zeruan. Hala ere, jende gehiena lurrean izango den paradisuan izango da berpiztua.

25. Zer aztertuko dugu hurrengo kapituluan?

25 Laster, Jehobak heriotzatik askatuko ditu gizaki guztiak eta heriotza ez da gehiago izango! (Irakurri Isaias 25:8). Baina zer egingo dute zerura doazenek? Bibliak Jesusekin batera zeruko erreinu batean gobernatuko dutela dio. Hurrengo kapituluan gobernu horri buruz gauza gehiago ikasiko ditugu.

^ § 9 Beste pasarte batzuetan Bibliak beste berpizkunde batzuez hitz egiten du: gazte eta zahar, gizon eta emakume nahiz israeldar eta atzerritarrena. Honako pasarteetan topa ditzakezu: 1 Erregeak 17:17-24; 2 Erregeak 4:32-37; 13:20, 21; Mateo 28:5-7; Lukas 7:11-17; 8:40-56; Eginak 9:36-42; 20:7-12.