Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. KAPITULUA

Zer dio Bibliak aingeruei eta deabruei buruz?

Zer dio Bibliak aingeruei eta deabruei buruz?

1. Zergatik da beharrezkoa aingeruei buruz gehiago jakitea?

JEHOBAK bere familia ezagutu dezagun nahi du. Aingeruak Jainkoaren familiaren parte dira. Bibliak «Jaungoikoaren seme» deitzen die (Job 38:7, BJU). Zer egiten dute aingeruek? Nola lagundu zuten jendea iraganean? Lagundu al gaitzakete orain? (Ikusi 8. oharra).

2. Nork sortu zituen aingeruak eta zenbat sortu zituen?

2 Lehenik aingeruak nork sortu zituen jakin behar dugu. Kolosarrei 1:16⁠ak Jehobak Jesus sortu ondoren «zeru⁠-⁠lurretan diren gauza guztiak» egin zituela dio. Beraz, aingeruak ere sortu zituen. Baina, zenbat? Bibliaren arabera, milioika aingeru daude (103. Salmoa 20; Apokalipsia 5:11).

3. Zer esaten digu Job 38:4-7 pasarteak aingeruei buruz?

3 Jehobak aingeruak lurra egin aurretik sortu zituela irakasten du Bibliak. Nola sentitu ziren lurra ikusi zutenean? Job liburuak pozaren pozez zeudela esaten du. Elkarrekin Jehoba zerbitzatzen zuen familia osatzen zuten (Job 38:4-7).

AINGERUEK JAINKOAREN ZERBITZARIEI LAGUNTZEN DIETE

4. Nola dakigu aingeruak gizakiez arduratzen direla?

4 Aingeruak beti arduratu izan dira gizakiez, baita Jehobak lurra eta gizadiarentzat duen helburuaz ere (Esaera Zaharrak 8:30, 31; 1 Pedro 1:11, 12). Dudarik gabe, goibel sentiaraziko zituen Adam eta Ebaren matxinadak. Are tristeago sentituko dira orain gizaki gehienek Jehoba desobeditzen dutela ikustean. Baina asko pozten dira norbait damutu eta Jainkoarengana itzultzen denean (Lukas 15:10). Aingeruak asko arduratzen dira Jainkoaren zerbitzariez. Izan ere, Jehobak lurrean dituen zerbitzariak lagundu eta babesteko erabiltzen ditu (Hebrearrei 1:14). Hara adibide batzuk.

«Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera» (Daniel 6:22).

5. Nola lagundu zituzten aingeruek Jainkoaren zerbitzariak?

5 Jehobak bi aingeru bidali zituen Lot eta bere familiari Sodoma eta Gomorra hirien suntsipenetik ihes egiten laguntzeko (Hasiera 19:15, 16). Ehunka urte geroago, Daniel profeta lehoien zulora bota zuten, baina ez zioten kalterik egin. Zergatik? Danielek esan zuen: «Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera» (Daniel 6:23 [6:22, NW ]). Aurrerago, Jehobak aingeru bat bidali zuen Pedro apostolua kartzelatik askatzeko (Eginak 12:6-11). Aingeruek Jesusi ere lagundu zioten lurrean zegoenean. Horixe egin zuten bere bataioaren ondoren (Markos 1:13). Exekutatua izan baino lehentxeago ere, «zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez» (Lukas 22:43).

6. a) Nola dakigu gaur egun aingeruek jendeari laguntzen diotela? b) Zer galdera erantzungo ditugu jarraian?

6 Gaur egun aingeruak ez dira gizakion aurrean agertzen. Baina Jainkoak bere zerbitzariei laguntzeko aingeruak erabiltzen jarraitzen du. Bibliak dio: «Zaindari dago Jaunaren aingerua begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko» (34. Salmoa 8 [34:7, NW ]). Zergatik behar dugu babesa? Etsai boteretsuak ditugulako guri kalte egin nahian. Nortzuk dira? Nondik datoz? Nola saiatzen dira kalte egiten? Galdera hauek erantzuteko, ikus dezagun Adam eta Eba sortu eta gutxira gertatutakoa.

GURE ETSAI IKUSEZINAK

7. Zer egin du jendeak Satanasen engainuen ondorioz?

7 Aingeru bat Jainkoaren aurka matxinatu eta besteen gain agindu nahi izan zuela ikasi genuen 3. kapituluan. Bibliak Satanas Deabrua deitzen dio (Apokalipsia 12:9). Satanasek gizakiak ere Jainkoaren aurka matxinatzea nahi zuen. Eba engainatzeko gai izan zen eta harrezkero gizaki gehienak engainatu ditu. Hala ere, batzuk Jehobari leial izan ziren, hauen artean, Abel, Henok eta Noe (Hebrearrei 11:4, 5, 7).

8. a) Nola bihurtu ziren aingeru batzuk deabru? b) Zer egin zuten deabruek uholdean ez hiltzeko?

8 Noeren garaian, aingeru batzuk Jainkoaren aurka altxatu eta zerua utzi zuten lurrean gizaki moduan bizitzeko. Zergatik? Emazteak izan nahi zituztela esaten du Bibliak (Irakurri Hasiera 6:2). Baina aingeruek hori egitea oker zegoen (Judas 6). Aingeru gaizto haiek bezala, garai hartako gizaki gehienak ustelak eta indarkeria zaleak egin ziren. Beraz, Jehobak gizaki gaizto haiek suntsitzea erabaki zuen, horretarako uholde baten bidez lur osoa urez estaliz. Baina bere zerbitzari leialak salbatu egin zituen (Hasiera 7:17, 23). Aingeru gaiztoak zerura itzuli ziren bizirik jarraitzeko. Aingeru gaizto hauei deabru deitzen die Bibliak. Satanas Deabruaren matxinadarekin bat egitea erabaki zuten eta hau beraien buruzagi bilakatu zen (Mateo 9:34).

9. a) Zer gertatu zitzaien deabruei zerura itzuli zirenean? b) Zer aztertuko dugu ondoren?

9 Errebeldeak zirenez, Jehobak ez zituen berriz deabruak bere familian onartu (2 Pedro 2:4). Deabruek ezin dituzte jadanik giza gorputzak izan, baina «mundu guztia engainatzen» jarraitzen dute (Apokalipsia 12:9; 1 Joan 5:19). Ikus dezagun nola engainatzen duten horrenbeste jende (Irakurri 2 Korintoarrei 2:11).

NOLA ENGAINATZEN DUTE DEABRUEK JENDEA?

10. Nola engainatzen dute deabruek jendea?

10 Deabruek modu askotan engainatzen dituzte gizakiak. Jendea zuzenean edo beste norbaiten bidez jartzen da deabruekin harremanetan, adibidez, ezkutuko botereak erabiltzen dituzten sendalari edo aztien bidez. Deabruekin harremanetan jartzeari espiritismo edo deabrukeria deitzen zaio. Baina Bibliak deabruekin harremana duen edozer gauzatik urruntzeko agintzen digu (Galaziarrei 5:19-21). Ehiztari batek animaliak harrapatzeko tranpak erabiltzen dituen bezala, deabruek trikimailuak erabiltzen dituzte jendea engainatu eta kontrolpean izateko (Ikusi 26. oharra).

11. Zer da igarpena eta zergatik baztertu behar dugu?

11 Trikimailuetako bat igarpena da. Zer da hau? Etorkizuna iragartzeko edo ezezaguna dena jakiteko ezkutuko botereak erabiltzea. Nola saiatzen dira batzuk igarpenak egiten? Izarrei begiratuz, seinale misteriotsuak bilatuz, tarot karten edo kristalezko bolaren bidez eta eskuen irakurketaren bidez. Ekintza hauek ez dutela kalterik egiten uste du jende askok, baina ez da hala. Oso arriskutsuak dira. Adibidez, Bibliaren arabera, deabruek eta igarleek elkarrekin egiten dute lan. Eginak 16:16-18 pasarteak deabru batek neskatxa bati «geroa igartzeko ahalmena» ematen ziola esaten du. Paulo apostoluak deabrua bota ondoren, neskatxak geroa igartzeko gaitasuna galdu zuen.

12. a) Zergatik da arriskutsua hildakoekin hitz egiten saiatzea? b) Zergatik ez dute kristauek deabruekin lotura duten ohiturekin inolako harremanik izan behar?

12 Deabruek beste trikimailu bat ere erabiltzen dute jendea engainatzeko. Hildakoekin hitz egin dezakegula sinestarazi nahi digute, hildakoak beste nonbait bizirik daudela eta kaltetu gaitzaketela pentsaraziz. Adibidez, heriotzan norbait galdu duenak hildakoekin hitz egin dezakeela esaten duen norbaitengana jo dezake. Honek hildakoaren xehetasunen bat esan edo bere ahotsa imitatu dezake. Baina, egiatan, deabruekin hitz egiten ari da (1 Samuel 28:3-19). Hileta⁠-⁠ohitura askoren oinarria hildakoek nonbait bizirik jarraitzen dutela da. Ohitura hauen artean, urteurrenak eta hildakoei eginiko festa eta eskaintzak egon daitezke. Kristauak horrelako ohiturei uko egitean, agian senide eta herrikideek kritikatu eta bere izen ona zikinduko dute, edota berarekin harremanik ez izatea erabakiko dute. Baina kristauek badakite hildakoak ez daudela inon bizirik. Inork ezin du beraiekin hitz egin eta hildakoek ezin digute lagundu edo kalterik egin (115. Salmoa 17). Beraz, argi ibili. Ez saiatu inoiz hildakoekin edo deabruekin hitz egiten eta ez izan inolako harremanik deabruekin lotutako ohiturekin (Irakurri Deuteronomioa 18:10, 11; Isaias 8:19).

13. Zer egiteko gai izan da garai batean deabruen beldur zen jende asko?

13 Deabruek jendea engainatzeaz gain beldurtu ere egiten dute. Satanas eta deabruek badakite «denbora gutxirako» daudela lurrean Jainkoak bertatik kendu bitartean. Beraz, inoiz baino gupidagabe eta basatiagoak dira (Apokalipsia 12:12, 17). Hala ere, garai batean deabruen beldur ziren milaka lagunek dagoeneko ez diete ikararik. Nola libratu dira deabruen beldur izatetik?

AURRE EGIN DEABRUEI

14. Nola libratu gaitezke deabruengandik antzinako kristauen antzera?

14 Bibliak deabruei aurre egin eta beraiengandik libratzeko moduaz hitz egiten digu. Adibidez, Efesoko zenbait lagun deabruekin harremanetan jartzen ziren kristau egin aurretik. Nola libratu ziren deabruengandik? Bibliak dio: «Aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten» (Eginak 19:19). Kristau izan nahi zutenez, magia⁠-⁠liburu guztiak suntsitu zituzten. Honen antzeko ekintzak beharrezkoak dira orain ere. Jehoba zerbitzatu nahi duenak deabruekin zerikusia duen edozer gauza bota behar du. Gauza hauen artean, liburuak, aldizkariak, horoskopoak, filmak, musika eta jokoak daude. Gainera, magia, deabruak eta ezkutuko gauzak erakargarriak direla edo kalterik egiten ez dutela pentsarazten duen guztia bota behar dugu. Hauetaz gain, zorigaitzetik babesteko erabiltzen diren gauzez ere libratu behar dugu (1 Korintoarrei 10:21).

15. Zer gehiago behar dugu Satanas eta deabruei aurre egiteko?

15 Efesoarrek magia⁠-⁠liburuak suntsitu eta urte batzuetara, Paulo apostoluak oraindik «goiko espiritu gaiztoen aurkako» borroka zutela idatzi zuen (Efesoarrei 6:12). Liburuak erre zituzten arren, deabruek oraindik ere kalte egin nahi zieten. Beraz, zer gehiago egin behar zuten? Paulok esan zien: «Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko» (Efesoarrei 6:16). Ezkutu edo babeskiak soldadua gerran babesten zuen bezala, fedeak babestu egin gaitzake. Jehobak babestuko gaituela ziur bagaude, Satanas eta deabruei aurre egiteko gai izango gara (Mateo 17:20).

16. Nola sendotu dezakegu Jehobarengan dugun fedea?

16 Nola sendotu dezakegu Jehobarengan dugun fedea? Biblia egunero irakurriz. Gainera, bere babesa izateko, berarengan konfiantza izaten ikasi behar dugu. Satanas eta deabruek ezingo digute kalterik egin Jehobarengan konfiantza osoa badugu (1 Joan 5:5).

17. Zer gehiago egin behar dugu deabruengandik babesteko?

17 Zer gehiago egin behar zuten Efesoko kristauek? Deabrukeriaz jositako hirian bizi ziren. Beraz, Paulok esan zien: «Egin otoitz eta eskariak etengabe» (Efesoarrei 6:18). Jehobari etengabe eskatu behar zioten babesa. Gu ere deabrukeriaz betetako munduan bizi gara. Hortaz, Jehobari babesteko eskatu behar diogu eta otoitz egitean bere izena erabili behar dugu (Irakurri Esaera Zaharrak 18:10). Satanasengandik libratzeko eskatzen jarraitzen badugu, Jehobak gure otoitzak erantzungo ditu (145. Salmoa 19; Mateo 6:13).

18, 19. a) Nola irabazi dezakegu Satanas eta deabruen aurka dugun borroka? b) Zer galdera erantzungo da hurrengo kapituluan?

18 Deabrukeriarekin zerikusia duen guztiaz libratu eta Jehobaren babesean konfiantza badugu, Satanas eta deabruei aurre egin ahal izango diegu. Ez diegu beldurrik izan behar (Irakurri Santiago 4:7, 8). Jehoba deabruak baino askoz ere boteretsuagoa da. Noeren garaian zigortu egin zituen eta etorkizunean suntsitu egingo ditu (Judas 6). Gogoratu, ez gaude bakarrik gure borrokan. Jehobak bere aingeruen bidez babesten gaitu (2 Erregeak 6:15-17). Ziur egon gaitezke Jehobaren laguntzarekin Satanas eta deabruen aurka dugun borroka irabazi dezakegula (1 Pedro 5:6, 7; 2 Pedro 2:9).

19 Baina, Satanas eta deabruek hainbeste sufrimendu eragiten badute, zergatik ez ditu Jainkoak oraindik suntsitu? Ikusi dezagun hurrengo kapituluan.