Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. KAPITULUA

Errespeta dezagun bizia

Errespeta dezagun bizia

1. Nork eman digu bizia?

JEHOBA «Jainko bizia» da (Jeremias 10:10). Gure Sortzailea da eta bizia eman digu. Bibliak dio: «Zeuk baitzenituen gauza guztiak egin eta, zuk nahi izan duzulako, baitira sortu eta dira oraindik» (Apokalipsia 4:11). Hala da, Jehobak guk bizia izatea nahi zuen. Bizia bere opari ederra da (Irakurri 36. Salmoa 10 [36:9, NW ]).

2. Nola izan dezakegu bizitza zoriontsu eta oparoa?

2 Jehobak bizirik egoteko beharrezkoa den guztia eman digu, janaria eta ura adibidez (Eginak 17:28). Are gehiago, guk bizitzaz gozatzea nahi du (Eginak 14:15-17). Bizitza zoriontsu eta oparoa izateko Jainkoaren legeak obeditu behar ditugu (Isaias 48:17, 18).

ZER IKUSPUNTU DU JAINKOAK BIZIARI BURUZ?

3. Zer egin zuen Jehobak Kainek Abel erail zuenean?

3 Jehobarentzat gure bizia eta besteena oso baliotsuak direla ikasten dugu Biblian. Aztertu dezagun Kaini, Adam eta Ebaren seme zaharrenari gertatutakoa. Bere anaia Abelekin sutan zenean, Jehobak bere haserrea menpean izateko gomendatu zion. Baina Kainek ez zion jaramonik egin eta amorruaren amorruz «anaiari eraso eta hil egin zuen» (Hasiera 4:3-8). Jehobak Kain zigortu zuen Abel erailtzeagatik (Hasiera 4:9-11). Haserre eta gorrotoa oso arriskutsuak dira, gupidagabeak izan eta indarkeria erabiltzera bultzatu gaitzaketelako. Horrelakoa den jendeak ez du betiko bizia jasoko (Irakurri 1 Joan 3:15). Jehoba gurekin pozik egoteko jende guztia maitatzen ikasi behar dugu (1 Joan 3:11, 12).

4. Zer erakutsi zuen Jehobak biziari buruz israeldarrei emandako agindu batekin?

4 Milaka urte ondoren, Jehobak bizia oso baliotsua dela erakutsi zuen Moisesi Hamar Aginduak eman zizkionean. Horietako lege batek zera dio: «Ez duzu erail behar» (Deuteronomioa 5:17NW ). Norbaitek besteren bat nahita hiltzen bazuen, honek ere hil egin beharko zuen.

5. Zer ikuspuntu du Jehobak abortuari buruz?

5 Zer ikuspuntu du Jainkoak abortuari buruz? Jehobarentzat jaio gabeko haur baten bizia ere oso baliotsua da. Israeldarrei eman zien Legearen arabera, norbaitek ama zauritu eta ondorioz barrenean zeraman haurra hiltzen bazen, pertsona horrek hil egin beharko zuen (Irakurri Irteera 21:22, oharra, 23; 127. Salmoa 3). Honek abortua gaizki dagoela argi erakusten du (Ikusi 28. oharra).

6, 7. Nola erakusten diogu Jehobari guretzat bizia baliotsua dela?

6 Gure bizia eta besteena oso baliotsuak direla erakutsi nahi diogu Jehobari. Nola? Inoren bizia arriskuan ipini dezakeen edozer gauza baztertuz. Beraz, ez gara mozkortzen, ez dugu tabakoa edota marihuana erretzen, ezta drogak hartzen ere. Zergatik? Kaltetu eta hil egin gaitzaketelako.

7 Jainkoak bizia eta gorputza eman dizkigunez, berak nahi bezala erabili behar ditugu. Beraz, ondo zaindu behar dugu gure gorputza. Kontrakoa egiten badugu, Jainkoaren aurrean ez gara garbiak izango (Erromatarrei 6:19; 12:1; 2 Korintoarrei 7:1). Biziari errespeturik ez badiogu, ezingo dugu Jehoba gurtu, bera baita bizi emailea. Egia da ohitura txarrak eta bizioak uztea zaila izan daitekeela. Baina bizia estimatzen dugulako hauek uzten saiatzen bagara, Jehobak lagundu egingo gaitu.

8. Zer egingo dugu gure bizia edo besteena arriskuan ez jartzeko?

8 Bizia opari baliotsua dela ikasi dugu. Jehobak gure bizia edo besteena arriskuan ez jartzea espero du. Hau gure autoa, motoa edo beste edozein ibilgailu gidatzeko moduan erakusten dugu. Ez ditugu kirol arriskutsuak praktikatzen (11. Salmoa 5). Gure eskuetan dagoen guztia egiten dugu gure etxea segurua izateko. Jehobak israeldarrei horixe agindu zien: «Etxe berria eraikitzen baduzue, babesa [edo horma txikia] jarriko diozue etxe gainari inguruan; bestela, handik norbait erori eta hilez gero, heriotzaren erantzule egingo zenukete etxea» (Deuteronomioa 22:8).

9. Nola jokatu behar dugu animaliekin?

9 Animaliekin jokatzen dugun modua ere garrantzitsua da Jehobarentzat. Janaria edo arropa lortzeko animaliak hiltzen uzten digu eta animalia batek gure bizia arriskuan ipintzen badu, hiltzeko baimena ematen digu (Hasiera 3:21; 9:3; Irteera 21:28). Baina ezin ditugu krudelkeriaz tratatu, ezta ondo pasatzeko asmoarekin hil ere (Esaera Zaharrak 12:10).

BIZIA SANTUA DA

10. Nola dakigu odolak bizia irudikatzen duela?

10 Jehobarentzat odola santua da bizia irudikatzen duelako. Kainek Abel erail ondoren, Jehobak esan zion: «Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak» (Hasiera 4:10). Abelen odolak bere bizia irudikatzen zuenez, Jehobak Kain zigortu egin zuen bere anaia hiltzeagatik. Noeren garaiko uholdearen ondoren, Jehobak berriz ere odolak bizia irudikatzen duela adierazi zuen. Noe eta bere familiari animalien haragia jaten utzi zien: «Bizi eta mugitzen den guztitik jan dezakezue; lehenago landareak bezala, den⁠-⁠dena ematen dizuet». Hala ere, bazen jan ezin zuten zerbait: «Baina ez duzue haragia odolarekin jango, odolean baitago bizia» (Hasiera 1:29; 9:3, 4).

11. Odolari buruzko zer agindu eman zien Jainkoak israeldarrei?

11 Jehobak Noeri odola ez jateko esan eta 800 urte ingurura, bere herriari berriz ere agindu zion: «Jangai den piztia edo hegaztia ehizatzen badu israeldarrak nahiz etorkinak, odolustu egingo du eta odola lurrez estaliko» du. Orduan, «inolako izakiren odolik ez jateko» esan zien (Lebitarrena 17:13, 14). Odolak santua izaten jarraitzen zuela adierazi zion bere herriari. Haragia jan zezaketen; odola, ordea, ez. Animaliaren bat jateko hiltzen bazuten, odola lurrera isuri behar zuten.

12. Odolari buruzko zer ikuspuntu dute kristauek?

12 Jesus hil eta urte batzuetara, Jerusalemen zeuden apostolu eta arduradunak bildu egin ziren. Zertarako? Kristauek israeldarren zer lege obeditzen jarraitu behar zuten erabakitzeko (Irakurri Eginak 15:28, 29; 21:25). Jehobak odola oraindik balio handikoa eta santua zela ulertzen lagundu zien. Lehen kristau hauek ez zuten odolik jan, edan, ezta modu egokian odolustu gabeko haragirik jan behar. Hori egitea idoloak gurtzea edo sexu moralgabekerian parte hartzea bezain txarra izango litzateke. Eta gaur egun? Jehobarentzat odolak santua izaten jarraitzen du eta guretzat ere horrela izatea nahi du. Beraz, benetako kristauek ez dute odolik jaten, ezta edaten ere.

13. Zergatik ez dituzte kristauek odol⁠-⁠transfusioak onartzen?

13 Kristauek ez dutela odol⁠-⁠transfusiorik onartu behar esan nahi al du honek? Bai. Jehobak odolik ez jateko edo edateko agindu zigun. Mediku batek alkoholik ez edateko esango balizu, sartuko al zenuke xiringa baten bidez gorputzean? Ez, noski! Modu berean, odolik ez jateko edo edateko aginduak odol⁠-⁠transfusiorik ez dugula onartu behar esan nahi du (Ikusi 29. oharra).

14, 15. Nahiz eta kristauek bizia errespetatu, hausten al dute Jainkoaren legea bizitza luzatzeko? Azaldu erantzuna.

14 Eta mediku batek odol⁠-⁠transfusiorik ez badugu onartzen hil egingo garela esaten badigu? Norberak ikusi behar du odolari buruzko Jainkoaren legea obedituko duen ala ez. Kristauok Jainkoak emandako biziari begirune handia diogunez, beste tratamendu batzuk bilatzen ditugu. Baina ez dugu odol⁠-⁠transfusiorik onartuko, ezta gure odola transfusioak egiteko emango ere.

15 Osasuntsu egoten ahalegintzen gara. Baina odolak bizia irudikatzen duenez eta Jainkorentzat hain baliotsua denez, ez dugu odol⁠-⁠transfusiorik onartzen. Jehoba obeditzea gure bizitza luzatzea baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Jesusek esan zuen: «Bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du» (Mateo 16:25). Maite dugulako obeditzen dugu Jehoba. Berak ondo daki zer komeni zaigun. Ondorioz, guretzat ere bizia baliotsua eta santua da (Hebrearrei 11:6).

16. Zergatik obeditzen dute Jainkoa bere zerbitzariek?

16 Jainkoaren zerbitzari leialek ez dute odolari buruzko legea obeditzeko zalantzarik egiten. Ez dute odolik jan edo edaten, ezta osasun arrazoiengatik odolik onartzen ere. * Hala ere, beste tratamendu batzuk onartzen dituzte bizia salbatzeko. Ziur daude biziaren eta odolaren Sortzaileak beraientzat hoberena zer den ondo dakiela. Hala uste al duzu zuk ere?

ODOLA ETA BEKATUEN BARKAMENA

17. Zer zen israeldarrek odolarekin egin zezaketen gauza bakarra?

17 Moisesi emandako legean, Jehobak israeldarrei hau esan zien: «Odolean dago, hain zuzen, izakiaren bizia. Jaunak odola eman dizue, aldarean isuri eta zeuen bekatuen barkamen⁠-⁠ohikunea [barkamen⁠-⁠eskaintza] egiteko. Izan ere, biziarekin duen zerikusiagatik lortzen du odolak bekatuen barkamena» (Lebitarrena 17:11). Israeldarrek bekatu egitean Jehobari barkamena eskatzea posible zuten. Horretarako animalia bat eskaini eta apaizak honen odol pixka bat tenpluko aldarean isurtzea eskatu behar zuten. Hau zen israeldarrek odolarekin egin zezaketen gauza bakarra.

18. Zer egiten du posible Jesusen eskaintzak?

18 Jesus lurrean izan zenean, bekatuen barkamena lortzeko egiten ziren animalien eskaintzak bere biziarekin, edo odolarekin, ordezkatu zituen (Mateo 20:28; Hebrearrei 10:1). Jesusen odola animaliena baino askoz ere baliotsuagoa zen. Beraz, Jesusen odolean oinarrituta, Jehobak gizaki guztioi betiko bizitzeko aukera eman zigun (Joan 3:16; Hebrearrei 9:11, 12; 1 Pedro 1:18, 19).

Nola erakusten dugu bizia eta odola errespetatzen ditugula?

19. Zer egin behar dugu gizaki guztien odoletik garbi egoteko?

19 Jehobak bizia eman digu. Ez al gaude opari zoragarri honengatik eskertuta? Horregatik esan nahi diogu jende guztiari Jesusengan fedea izanez gero, betiko bizitzeko aukera duela. Jendea maite dugunez, ahal dugun guztia egingo dugu bizia eskuratzeko zer egin behar duten irakasteko (Ezekiel 3:17-21). Orduan, Paulo apostoluak esan zuen bezalaxe, denen odoletik garbi gaudela esan ahal izango dugu. Zergatik? Ez baitiogu «inoiz uko egin Jainkoaren asmoa oso⁠-⁠osorik» adierazteari (Eginak 20:26, 27, oharra). Jehobari buruz hitz egin eta berarentzat bizia oso baliotsua dela esan behar diogu jendeari. Horrela, bizia eta odola errespetatzen ditugula erakutsiko dugu, bai horixe.

^ § 16 Odol⁠-⁠transfusioei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako Iraun Jainkoaren maitasunean liburuko 92-94 orrialdeetara.