Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. KAPITULUA

Familia zoriontsua izan

Familia zoriontsua izan

1, 2. Zer nahi du Jehobak familientzat?

JEHOBAK lehen ezkontza eratu zuen. Bibliaren arabera, lehen emakumea sortu zuen eta «gizonari eraman» zion. Adamek pozaren pozez esan zuen: «Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi!» (Hasiera 2:22, 23). Horrela Jainkoak Adam eta Eba ezkondu zituen. Gaur egun ere, Jainkoak bikote bat elkarrekin bizitzen hasi aurretik legearen arabera ezkontzea nahi du.

2 Jainkoaren nahia ezkonduek bizitza zoriontsua izatea da. Tamalez, askok ez dute inoiz familia zoriontsurik eduki. Hala ere, Bibliak printzipio ugari ematen ditu familia⁠-⁠kide guztiek elkarbizitza atsegina izan dezaten (Lukas 11:28). Gainera, Jehobaren eta Jesusen ezaugarri politak irakasten dizkigu. Hauek imitatuz gero, familia⁠-⁠kide guztiak zoriontsu izango dira elkarrekin (Efesoarrei 5:1, 2).

JAINKOAREN AHOLKUAK SENARRENTZAT

3, 4. a) Nola jokatu beharko luke senarrak emaztearekin? b) Zergatik da garrantzitsua senar⁠-⁠emazteek elkarri barkatzea?

3 Bibliak senar onak emaztearekin maitasunez eta errespetuz jokatu behar duela dio. Mesedez irakurri Efesoarrei 5:25-29. Senarrak goxoa izan behar du beti emaztearekin. Babestu eta zaindu egingo du eta ez dio inolako kalterik eragingo.

4 Baina zer egin behar du senarrak emazteak zerbaitetan huts egiten badu? Honakoa egiten jarraitu behar du: «Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar» (Kolosarrei 3:19). Gogoan izan zuek ere akatsak egiten dituzuela. Eta Jainkoak zuei barkatzea nahi baduzue, zuek zuen emazteei barkatu behar diezue (Mateo 6:12, 14, 15). Senar⁠-⁠emazteak elkarri barkatzeko prest egoteak ezkon⁠-⁠bizitza zoriontsua izaten lagunduko die.

5. Zergatik tratatu behar du begirune handiz senarrak emaztea?

5 Senarrak emaztea begirune handiz tratatzea espero du Jehobak. Senarrak emaztearen behar fisiko eta emozionalak zeintzuk diren ondo pentsatu behar du. Garrantzi handia du honek. Senarrak ez badu emaztearekin ondo jokatzen, agian Jehobak ez ditu bere otoitzak entzun nahi izango (1 Pedro 3:7, 12). Jehobak ez ditu gizonak emakumeak baino nahiago; maitasuna dioten gizaki guztiak dira baliotsuak berarentzat.

6. Zer esan nahi du senarra eta emaztea bat izateak?

6 Jesusek senar⁠-⁠emazteei buruz honakoa esan zuen: «Aurrerantzean ez dira bi, bat baino» (Mateo 19:6). Leialak dira bata bestearekin (Esaera Zaharrak 5:15-21; Hebrearrei 13:4). Sexu beharrei dagokienean, senar⁠-⁠emazteak ez dira berekoiak eta bata bestearen beharrez arduratu behar dute (1 Korintoarrei 7:3-5). Bibliak dio: «Senarrek ere beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak. [...] Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du». Beraz, senarrak emaztea zaindu eta maitatu behar du. Emazteak gehien nahi duena senarra berarekin goxoa eta maitekorra izatea da (Efesoarrei 5:28, 29).

JAINKOAREN AHOLKUAK EMAZTEENTZAT

7. Zergatik behar du familiak familiaburua?

7 Familia guztiek behar dute familiaburu bat, elkarlanean aritzeko gida ematen duen norbait. Bibliak 1 Korintoarrei 11:3⁠an dio «gizon ororen buru Kristo dela, emakumearen buru gizona, eta Kristoren buru Jainkoa».

8. Nola erakutsi dezake emazteak senarrari begirunea diola?

8 Senar guztiek egiten dute huts. Baina emazteak senarraren erabakien alde egitea eta gogo onez elkarlanean aritzea familia osoaren mesederako da (1 Pedro 3:1-6). Bibliak dio: «Emazteak izan biezaio begirune senarrari» (Efesoarrei 5:33). Eta senarrak ez baditu emaztearen sinesmen berdinak? Emazteak begirunea erakusten jarraitu behar du. Bibliak dio: «Zuek ere, emazteok, izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen⁠-⁠mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan, zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia» (1 Pedro 3:1, 2). Emaztearen eredu onak bere fedea errespetatzen eta ulertzen lagunduko dio senarrari.

9. a) Zer egin behar du emazteak senarrarekin ados ez dagoenean? b) Zer aholku du Titori 2:4, 5⁠ak emazteentzat?

9 Zer egin dezake emazteak senarrarekin ados ez dagoenean? Bere iritzia errespetuz eman dezake. Adibidez, Abraham eta Sara ados ez zeuden batean, Sarak errespetuz adierazi zion bere iritzia. Orduan, Jehobak Abrahami esan zion: «Egiozu jaramon» (Hasiera 21:9-12). Senarrak Bibliaren arauen aurka ez dagoen erabakiren bat hartzen duenean, emazteak erabakiaren alde egitean errespetua azalduko dio (Eginak 5:29; Efesoarrei 5:24). Emazte onak familia zaintzen du (Irakurri Titori 2:4, 5). Senarrak eta seme⁠-⁠alabek beraien alde lanean dabilela ikusten dutenean, are gehiago maitatu eta errespetatuko dute (Esaera Zaharrak 31:10, 28).

Sara emazteentzat eredugarria da. Zergatik?

10. Zer dio Bibliak banatzeari eta dibortziatzeari buruz?

10 Batzuetan bikoteek segituan banatzea edo dibortziatzea erabakitzen dute. Hala ere, Bibliak dio: «Emaztea ez dadila banandu senarrarengandik [...] eta senarrak ez dezala zapuztu [utzi] emaztea» (1 Korintoarrei 7:10, 11). Egoera larri jakin batzuetan bikoteak banandu egin daitezke, baina hau ongi pentsatu beharreko erabakia da. Zer dio Bibliak dibortzioari buruz? Dibortziatzeko arrazoi bakarra «haragikeria» dela, hau da, senarra edo emazteak bere ezkontidea ez den batekin sexu harremanak izatea (Mateo 19:9, EB). *

JAINKOAREN AHOLKUAK GURASOENTZAT

Jesus familiako kide guztientzat da eredugarria

11. Zer behar dute seme⁠-⁠alabek gauza guztien gainetik?

11 Gurasook, ahal duzuen denbora gehiena pasa zuen seme⁠-⁠alabekin. Behar⁠-⁠beharrezkoak zarete beraientzat eta, gauza guztien gainetik, zuek Jehobari buruz irakastea behar dute (Deuteronomioa 6:4-9).

12. Zer egin behar dute gurasoek seme⁠-⁠alabak babesteko?

12 Satanasen mundua gero eta maltzurragoa da eta pertsona batzuk haurrei kalte egiten saiatzen dira, batzuetan sexu⁠-⁠abusuak ere eginez. Guraso batzuei zaila egiten zaie gai honi buruz hitz egitea. Baina gurasoek haurrak ohartarazi egin behar dituzte eta horrelako jendearengandik ihes egiten irakatsi behar diete. Gurasook, zuen seme⁠-⁠alabak babestu behar dituzue (1 Pedro 5:8). *

13. Nola irakatsi behar diete gurasoek seme⁠-⁠alabei?

13 Gurasook seme⁠-⁠alabei nola jokatu behar duten irakatsi behar diezue. Nola egin dezakezue hau? Seme⁠-⁠alabek heziketa jaso behar dute, baina zuzenketak ez du sekula gogorra edo bihozgabea izan behar (Jeremias 30:11). Beraz, ez eman inoiz diziplina haserre zaudenean. Ziur ez duzula zure hitzak mina eragiten duten «ezpata zorrotza» izatea nahiko (Esaera Zaharrak 12:18). Irakatsi esaneko zergatik izan behar duten ulertzen (Efesoarrei 6:4; Hebrearrei 12:9-11; ikusi 30. oharra).

JAINKOAREN AHOLKUAK SEME⁠-⁠ALABENTZAT

14, 15. Zergatik obeditu behar diete seme⁠-⁠alabek gurasoei?

14 Jesusek beti obeditu zion bere Aitari, nahiz eta erraza ez izan (Lukas 22:42; Joan 8:28, 29). Haurrek gurasoei obeditzea ere espero du Jehobak (Efesoarrei 6:1-3).

15 Seme⁠-⁠alabok, gurasoei obeditzea zaila dela iruditu arren, gogora ezazue esaneko izanez gero, Jehoba eta zuen gurasoak zuekin pozik egongo direla (Esaera Zaharrak 1:8; 6:20; 23:22-25). *

Zerk lagunduko die gazteei Jainkoari leial izaten norbaitek gaizki dagoena egitera bultzatzen dituenean?

16. a) Nola saiatzen da Satanas gazteak gaizki dagoena egitera bultzatzen? b) Zergatik da garrantzitsua Jehoba maite duten lagunak aukeratzea?

16 Zure lagunak edota beste gazte batzuk erabili ditzake Deabruak zu gaizki dagoena egitera bultzatzeko. Presio honi aurre egitea oso zaila dela daki. Esaterako, Dina izeneko neskatxak, Jakoben alabak, Jehoba maite ez zuten lagunak zituen. Honek sekulako arazoak sortu zizkion berari eta bere familiari (Hasiera 34:1, 2). Zure lagunek ez badute Jainkoa maitatzen, Jehobak gorroto duen zerbait egitera bultzatu zaitzakete. Honek izugarrizko sufrimendua eragingo lizuke zuri, baita zure familiari eta Jainkoari ere (Esaera Zaharrak 17:21, 25). Horra hor zergatik den garrantzitsua Jehoba maite duten lagunak aukeratzea (1 Korintoarrei 15:33).

FAMILIA ZORIONTSUA IZAN

17. Zer erantzukizun du familiako kide bakoitzak?

17 Familia⁠-⁠kideek Jainkoak esaten duena egiten badute, arazo eta buruhauste askotatik libratuko dira. Beraz, senarra bazara, maita ezazu zure emaztea eta goxoa izan berarekin. Emaztea bazara, begirunea adierazi senarrari, bere erabakien alde jokatu eta Esaera Zaharrak 31:10-31 pasarteko emaztearen eredua imitatu. Guraso bazara, irakatsi seme⁠-⁠alabei Jainkoa maitatzen (Esaera Zaharrak 22:6). Aita bazara, familia ongi gidatu (1 Timoteori 3:4, 5; 5:8). Eta seme⁠-⁠alabok, gurasoen esaneko izan (Kolosarrei 3:20). Gogoratu familia⁠-⁠kide guztiek egiten dituztela akatsak. Beraz, izan apalak eta barkamena eskatu batak besteari. Argi dago Bibliak familia⁠-⁠kide guztientzat eskaintzen duela Jehobaren gida.

^ § 10 Informazio gehiago nahi baduzu, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako Iraun Jainkoaren maitasunean liburuko 26. oharrera.

^ § 12 Seme⁠-⁠alabak babesteko informazio gehiago nahi baduzu, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako Gazteen 10 galderen erantzunak liburuxkako 8. galderara eta Izan Jehobaren laguna: Babestu zure seme⁠-⁠alabak bideora.

^ § 15 Gurasoek Jainkoaren legeen aurka dagoen zerbait egiteko agintzen badiote, haurrak ez die obeditu behar (Eginak 5:29).