Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. KAPITULUA

Gurtu Jainkoa berak nahi duen moduan

Gurtu Jainkoa berak nahi duen moduan

1, 2. Zer galdetu behar diozu zeure buruari eta zergatik da garrantzitsua hori egitea?

JAINKOA gurtzen duela dioen jende asko dago. Baina, Biblia aztertu ahala, askok Jainkoak gorroto dituen gauzak irakatsi edo praktikatzen dituztela ikusi duzu (2 Korintoarrei 6:17). Horregatik agintzen digu Jehobak erlijio faltsutik, Babilonia Handitik, irteteko (Apokalipsia 18:2, 4). Zer egingo duzu zuk? Gutako bakoitzak erabaki bat hartu behar du. Galdetu zeure buruari: «Jainkoa berak nahi duen moduan gurtuko dut ala beti egin izan dudan moduan gurtzen jarraituko dut?».

2 Dagoeneko erlijio faltsua utzi edo honi uko egin badiozu, bikain. Baina barne⁠-⁠barnean agian erlijio faltsuaren praktika batzuk atsegin dituzu. Aztertu ditzagun horietako batzuk eta ikusi dezagun zergatik izan behar dugun Jehobak horiei buruz duen ikuspuntua.

IRUDIEN ERABILERA ETA HILDAKOEN GURTZA

3. a) Zergatik da batzuentzako zaila gurtzan irudiak ez erabiltzea? b) Zer dio Bibliak Jainkoa gurtzeko irudiak erabiltzeari buruz?

3 Askok urtetan irudiak eta aldareak erabili dituzte etxean Jainkoa gurtzeko. Zure kasua hori izan bada, agian arraroa egingo zaizu Jainkoa horiek gabe gurtzea. Baina gogora ezazu: Jehobak bera nola gurtu irakasten digu. Eta Bibliak argi dio Jehobak ez dituela irudiak nahi bere gurtzan (Irakurri Irteera 20:4, 5; 115. Salmoa 4-8; Isaias 42:8; 1 Joan 5:21).

4. a) Zergatik ez ditugu hildakoak gurtzen? b) Zergatik esan zion Jehobak bere herriari hildakoekin hitz egiten ez saiatzeko?

4 Batzuek denbora eta diru asko erabiltzen dute hildakoak pozten saiatzeko. Batzuetan ohore handia eman edota gurtu ere egiten dituzte. Baina dagoeneko aztertu dugu hildakoek ezin gaituztela ez lagundu, ez kaltetu. Ez dira beste toki batean bizi. Gainera, beraiekin harremanetan jartzea arriskutsua dela ikusi dugu. Izan ere, itxuran hildako senide batengandik jasotzen diren mezuak deabruengandik datoz. Hortaz, Jehobak hildakoekin hitz egiten ez saiatzeko eta deabrukeriatan ez aritzeko agindu zien israeldarrei (Deuteronomioa 18:10-12; ikusi 26. eta 31. oharrak).

5. Zerk lagundu zaitzake Jainkoa gurtzeko irudiak alde batera uzten eta hildakoen gurtza baztertzen?

5 Zerk lagundu zaitzake Jainkoa gurtzeko irudiak alde batera uzten eta hildakoen gurtza baztertzen? Biblia irakurri eta Jehobak gauza horiei buruz duen ikuspuntuan ongi pentsatu behar duzu. Jehobarentzat gauza horiek nazkagarriak dira (Deuteronomioa 27:15). Egin otoitz egunero Jehobari laguntza eske gauzak berak bezala ikusteko eta berak nahi duen bezala gurtzeko (Isaias 55:9). Ziur egon Jehobak behar duzun indarra emango dizula erlijio faltsuarekin zerikusia duen edozer ohitura baztertzeko.

EGUBERRIAK OSPATU BEHAR AL GENITUZKE?

6. Zergatik aukeratu zen abenduaren 25⁠a Jesusen jaiotza ospatzeko?

6 Eguberria mundu osoan zehar oso ezaguna den festa da eta jende gehienak Jesusen jaiotza ospatzen duela uste du. Baina Eguberriek erlijio faltsuarekin zerikusia dute. Entziklopedia baten arabera, sasi⁠-⁠jainkoak gurtzen zituzten erromatarrek abenduaren 25⁠ean ospatzen zuten eguzkiaren jaiotza. Eliza⁠-⁠buruek kristau ez zirenak kristau bihurtu nahi zituztenez, Jesusen jaiotza egun horretan ospatzea erabaki zuten nahiz eta ez zen abenduaren 25⁠ean jaio (Lukas 2:8-12). Jesusen jarraitzaileek ez zituzten Eguberriak ospatzen. Kontsulta⁠-⁠liburu baten arabera, Jesus jaio eta hurrengo 200 urteetan «inork ez zekien eta jende gutxiri axola zitzaion zehatz⁠-⁠mehatz noiz jaio zen» (Los orígenes sagrados de las cosas profundas). Eguberri festak Jesus lurrean bizi izan eta 300 bat urtera hasi ziren ospatzen.

7. Zergatik ez dituzte benetako kristauek Eguberriak ospatzen?

7 Jende askok daki Eguberria eta bere ohiturak, esaterako opariak eta jan⁠-⁠edanak egitea, kristauak ez diren erlijioetatik datozela. Adibidez, garai batean, Ingalaterran eta Ipar Ameriketako toki batzuetan, Eguberriak ospatzea debekatuta egon zen ez zutelako kristau jatorririk. Ospatzen zuen edonork zigorra jasotzen zuen. Baina, denborarekin, jendea Eguberriak ospatzen hasi zen berriro. Zergatik ez dituzte benetako kristauek Eguberriak ospatzen? Egiten duten guztian Jainkoaren atsegineko izan nahi dutelako.

URTEBETZEAK OSPATU BEHAR AL GENITUZKE?

8, 9. Zergatik ez zituzten lehen kristauek urtebetetzeak ospatzen?

8 Jende askok urtebetetzeak ospatzea atsegin du. Ospatu behar al lituzkete kristauek? Biblian aipatzen diren urtebetetze bakarrak Jehoba gurtzen ez zutenenak dira (Hasiera 40:20; Markos 6:21). Jainko faltsuei ohore emateko erabiltzen ziren. Horregatik, lehen kristauek «inoren urtebetetzea ospatzea ohitura paganoa zela uste zuten» (The World Book Encyclopedia).

9 Antzinako erromatar eta greziarren ustez, gizaki bakoitzaren jaioteguna jainko baten urtebetetzearen egun berean izaten zen. Jainko horrekin lotura zuen espiritu bat gizakiaren jaiotzan egoten zen. Horregatik bizitza osoan zehar babesa jasotzeko urtebetetzeak ospatu behar zituztela uste zuten.

10. Zergatik ez dituzte kristauek urtebetetzeak ospatzen?

10 Zure ustez, onartuko ote ditu Jehobak erlijio faltsuarekin lotutako ospakizunak? (Isaias 65:11, 12). Ez, noski. Horra hor zergatik ez ditugun erlijio faltsuarekin lotutako ospakizunak eta urtebetetzeak ospatzen.

AXOLA OTE DU?

11. a) Zergatik jarraitzen dute batzuek festak ospatzen? b) Zerk izan behako luke zuretzat garrantzitsuena?

11 Batzuek badakite Eguberriak eta beste ospakizun batzuk kristauak ez diren erlijioetatik datozela, baina hala ere ospatzen jarraitzen dute. Egun horiek familiarekin batera igarotzeko egun aproposak besterik ez direla uste dute. Zuk ere horrela pentsatzen al duzu? Familiarekin denbora igaro nahi izatea ondo dago. Jehobak familia sortu zuen eta guk senideekin harreman ona izatea nahi du (Efesoarrei 3:14, 15). Hala ere, Jehobarekin harreman ona edukitzea senideak erlijio faltsuaren ospakizunetan parte hartuz poztea baino garrantzitsuagoa da. Horregatik esan zuen Paulok: «Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin» (Efesoarrei 5:10).

12. Zer ospakizun mota baztertzen ditu Jehobak?

12 Askok honakoa diote: «Ospakizunaren jatorriak ez du axola». Baina Jehobak ez du berdin pentsatzen. Ez ditu erlijio faltsutik datozen ospakizunak onartzen, ezta aberria edo gizakiak goraipatzen dituztenak ere. Esaterako, egiptoarrek sasi⁠-⁠jainkoen aldeko ospakizun ugari zituzten. Israeldarrek Egiptotik ihes egin ondoren, ospakizun horietako bat kopiatu eta esan zuten: «Jai eginen dugu Jaunaren ohorez». Baina Jehobak zigortu egin zituen hori egiteagatik (Irteera 32:2-10). Isaias profetak esan bezala, ez genuke «kutsaturik» dagoen ezer ukitu behar (Irakurri Isaias 52:11).

ATSEGINA IZAN ZURE ERABAKIA AZALTZEAN

13. Zer galdera izan ditzakezu festa batzuk ospatzeari uztea erabakitzen duzunean?

13 Honelako festak ospatzeari uzten diozunean, seguruenik galdera asko izango dituzu. Adibidez: «Zer erantzun beharko nieke nire lankideei Eguberriak zergatik ez ditudan ospatzen galdetzen didatenean? Nola jokatu beharko nuke eguberri⁠-⁠opari bat ematen badidate? Zer egin beharko nuke nire ezkontideak berarekin ospakizunen batean parte hartzea nahi badu? Nola lagundu ditzaket nire seme⁠-⁠alabak festaren bat edo urtebetetzeak ez ospatzeagatik triste ez jartzen?».

14, 15. Zer egin dezakezu norbaitek festak zoriondu edo opari bat ematen badizu?

14 Egoera bakoitzean zer esan eta zer egin erabakitzeko zentzuduna izatea garrantzitsua da. Adibidez, norbaitek «eguberri on» esaten badizu, ez duzu isilik geratu beharrik. Agian «eskerrik asko» esatea nahikoa izan daiteke. Baina egoera jakin batean norbaitek gehiago jakin nahi duela ikusten baduzu, zergatik ez duzun ospatzen azaldu dezakezu. Hala ere, beti modu atseginean, kontu handiarekin eta begirunea adieraziz jokatu. Bibliak dio: «Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gatzduna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez» (Kolosarrei 4:6). Nahiz eta besteekin denbora igarotzea eta opariak egitea gustatu, ospakizun hauetan ez egitea erabaki duzula azaldu dezakezu.

15 Zer egin behar zenuke norbaitek opari bat emanez gero? Bibliak ez du arau⁠-⁠zerrendarik, baina kontzientzia ona izateko esaten digu (1 Timoteori 1:18, 19). Agian oparia eman dizunak ez daki festa hori ez duzula ospatzen. Edo, beharbada, honakoa esan dezake: «Badakit ez duzula ospatzen, baina hala ere hau eman nahi nizuke». Bi kasuetan zuk erabaki behar duzu oparia onartuko duzun ala ez, baina kontzientzia ona mantentzen duzula ziurtatu. Ez dugu Jehobarekin dugun harremana kaltetu dezakeen ezer egin nahi.

ZU ETA ZURE FAMILIA

Jehoba zerbitzatzen dutenak zoriontsuak dira

16. Zer egin behar zenuke zure familiak Jainkoak atsegin ez duen festa ospatzea nahi badu?

16 Zer egin behar zenuke zure familiak Jainkoak atsegin ez duen festaren bat ospatu nahi badu? Ez hasi tirabiraka. Gogoan eduki nahi dutena erabakitzeko eskubidea dutela. Atsegina izan eta beraien erabakia errespetatu, beraiek zurea errespetatzea nahi duzun bezala (Irakurri Mateo 7:12). Baina festa garaia elkarrekin pasatzeko eskatzen badizute, zer egin behar zenuke? Ezer egin baino lehen, eskatu Jehobari otoitzean erabaki egokia hartzen laguntzeko. Pentsatu egoeran eta horri buruzko informazioa bilatu. Gogoratu, Jehoba poztu nahi dugu beti.

17. Nola lagundu ditzakezu seme⁠-⁠alabak besteek Jainkoak atsegin ez dituen festak ospatzen dituztela ikustean inbidia ez sentitzen?

17 Nola lagundu ditzakezu seme⁠-⁠alabak besteek Jainkoak atsegin ez dituen festak ospatzen dituztela ikusten dutenean? Noizean behin berezia den zerbait antolatu dezakezu beraientzat, agian oparitxoren bat ere emanez. Gogoratu zure seme⁠-⁠alabek jaso dezaketen oparirik hoberena zure denbora eta maitasuna dela.

GURTU JAINKOA BERAK NAHI DUEN MODUAN

18. Zergatik joan behar gara Jehobaren lekukoen bileretara?

18 Jehoba pozik egoteko, erlijio faltsuaz gain, honekin loturiko ohitura eta ospakizunak utzi behar ditugu. Baina benetako gurtza praktikan ere ipini behar dugu. Nola? Jehobaren lekukoen bileretara joateko ohitura izanez, besteak beste (Irakurri Hebrearrei 10:24, 25). Bilerak benetako gurtzaren atal garrantzitsuak dira (22. Salmoa 23 [22:22, NW ]; 122. Salmoa 1). Biltzean elkar animatu dezakegu (Erromatarrei 1:12).

19. Zergatik da garrantzitsua ikasi dituzun Bibliako egiak besteekin partekatzea?

19 Benetako gurtzaren alde jartzeko beste modu bat Biblian ikasi duzuna besteei kontatzea da. Lurrean gertatzen diren gauza txarrak ikustean jende asko goibel dago. Agian horrela sentitzen den norbait ezagutuko duzu. Esaiozu etorkizunerako duzun itxaropen zoragarria. Jehobaren lekukoen bileretara joan eta Bibliako egiei buruz besteekin hitz egin ahala, ez duzu erlijio faltsuaren eta bere ohituren parte izan nahiko. Jehoba modu egokian gurtzea erabakitzen baduzu, ziur egon zoriontsu izango zarela eta zure ahaleginak eskuzabaltasunez bedeinkatuko dituela (Malakias 3:10).