Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. KAPITULUA

Otoitza: ohore paregabea

Otoitza: ohore paregabea

«Zeru⁠-⁠lurren egileak» gure otoitzak entzun nahi ditu (115. Salmoa 15).

1, 2. a) Zergatik uste duzu otoitza opari paregabea dela? b) Zergatik da garrantzitsua Bibliak otoitzari buruz esaten duena jakitea?

LURRA oso txikia da unibertsoarekin konparatuta. Lurrari begiratzen dionean, Jehobarentzat herrialde guztietako gizaki guztiak ontzi bateko ur tanta ttipi bat bezalakoak dira (115. Salmoa 15; Isaias 40:15). Nahiz eta unibertsoaren aldean gu ñimiñoak izan, 145. Salmoa 18, 19⁠ak dio: «Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik, benetan dei egiten diotenengandik. Begirune diotenen nahia betetzen du, haien oihuak entzun eta salbatu egiten ditu». Ez al da ohore paregabea? Jehobak, Sortzaile Ahalguztidunak, guregandik hurbil egon nahi du eta gure otoitzak entzun nahi ditu. Otoitza ohore handia da, Jehobak gutako bakoitzari eman dion opari bikaina, bai horixe.

2 Baina Jehobak gure otoitzak entzuteko, berak onartzen duen moduan hitz egin behar diogu. Nola egin dezakegu hori? Ikus dezagun Bibliak zer dioen.

ZERGATIK DA OTOITZA GARRANTZITSUA?

3. Zergatik egin behar zenioke otoitz Jehobari?

3 Jehobak zuk otoitzean berarekin hitz egitea nahi du. Nola dakigu hau? Mesedez, irakurri Filipoarrei 4:6, 7. Pentsatu gonbidapen polit horretan. Unibertsoaren Agintaria zutaz benetan arduratzen da eta zure sentimendu eta kezkak berari kontatzea nahi du.

4. Nola sendotuko du Jehobarekin duzun adiskidetasuna otoitz egiteko ohitura izateak?

4 Otoitzak Jehobarekin adiskidetasun estua izaten laguntzen digu. Lagunek pentsamendu, kezka eta sentimenduei buruz elkarrekin hitz egiteko ohitura dutenean, adiskidetasuna estutu egiten da. Antzekoa gertatzen da Jehobari otoitz egitean. Bibliaren bidez, bere pentsamendu eta sentimenduak adierazi dizkizu, baita etorkizunean zer egingo duen ere. Jehobari sentimendurik sakonenak azaltzeko aukera izango duzu berarekin hitz egiteko ohitura baduzu. Hau egin ahala, Jehobarekin duzun adiskidetasuna gero eta sendoagoa izango da (Santiago 4:8).

ZER EGIN BEHAR DUGU JAINKOAK ENTZUN GAITZAN?

5. Nola dakigu Jehobak ez dituela otoitz guztiak entzuten?

5 Entzuten al ditu Jehobak otoitz guztiak? Ez. Isaias profetaren garaian, Jehobak israeldarrei esan zien: «Nahiz eta zuek eskariak ugaldu, ez dizuet entzuten, eskuak odolez beteak baitituzue» (Isaias 1:15). Beraz, ez bagara erne ibiltzen, agian Jehobak gorroto dituen gauzak egingo ditugu. Hau gertatuz gero, Jehobak ez ditu gure otoitzak entzun nahiko.

6. a) Zergatik da fedea hain garrantzitsua? b) Nola erakutsi dezakezu fedea duzula?

6 Jehobak gure otoitzak entzutea nahi badugu, berarengan fedea izan behar dugu (Markos 11:24). Paulo apostoluak azaldu zuen: «Federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela» (Hebrearrei 11:6). Baina ez da nahikoa fedea dugula esatea. Jehoba egunero obedituz frogatu behar dugu berarengan fedea dugula (Irakurri Santiago 2:26).

7. a) Zergatik egin behar dugu otoitz errespetuz eta apaltasunez? b) Nola erakutsi dezakegu otoitzak zintzotasunez egiten ditugula?

7 Jehobari errespetuz eta apaltasunez egin behar diogu otoitz. Zergatik? Errege edo agintariren baten aurrean errespetu handiz hitz egingo genuke. Jehoba Jainko Ahalguztiduna denez, ez al genioke askoz ere errespetu eta apaltasun handiagoz hitz egingo? (138. Salmoa 6; Apokalipsia 16:7). Gainera, zintzotasunez egin behar genioke otoitz, bihotz⁠-⁠bihotzetik, behin eta berriz hitz berberak errepikatu gabe (Mateo 6:7, 8).

8. Zer gehiago egin behar dugu zerbaiti buruz otoitz egitean?

8 Azkenik, zerbaiti buruz otoitz egiten dugunean, ahal dugun guztia egin behar dugu eskatzen dugunaren arabera jokatzeko. Demagun Jehobari eguneroko beharrak asetzeko eskatzen diogula. Baina, lan egiteko gai izanda alferrak bagara, ezin dugu Jehobak gauza guztiak ematea espero. Gogor egin behar dugu lan burutu dezakegun edozein lanpostu onartuz (Mateo 6:11; 2 Tesalonikarrei 3:10). Edo gaizki dagoen zerbait ez egiteko laguntza eskatzen badiogu Jehobari, oker horretara zuzendu gaitzakeen edozer egoeratik urrundu behar dugu (Kolosarrei 3:5). Aztertu ditzagun orain otoitzari buruzko ohiko galdera batzuk.

OTOITZARI BURUZKO OHIKO GALDERAK

9. a) Nori egin behar diogu otoitz? b) Zer irakasten digu Joan 16:23⁠ak otoitzari buruz?

9 Nori egin behar diogu otoitz? Jesusek bere jarraitzaileei gure zeruko Aitari otoitz egiten irakatsi zien (Mateo 6:9). Gainera esan zuen: «Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia eman egingo dizue» (Joan 16:23). Beraz, Jehobari Jesusen izenean bakarrik egin behar diogu otoitz. Zer esan nahi du Jesusen izenean otoitz egiteak? Errespetua agertu behar diogula Jehobak Jesusi eman dion kargu bereziari. Jesus gu bekatu eta heriotzatik askatzeko lurrera etorri zela ikasi dugu dagoeneko (Joan 3:16; Erromatarrei 5:12). Honetaz gain, Jehobak Jesus Apaiz Nagusi eta Epaile izateko izendatu du (Joan 5:22; Hebrearrei 6:20).

Nahi duzunean egin dezakezu otoitz

10. Gorputz⁠-⁠jarrera berezirik izan behar al dugu otoitzean? Azaldu.

10 Gorputz⁠-⁠jarrera berezirik izan behar al dugu otoitz egiterakoan? Ez, Jehobak ez digu otoitz egitean belauniko, eserita edo zutik egoteko eskatzen. Bibliaren arabera, errespetua agertzen duen edozein modutan egin dezakegu (1 Erregeak 8:22, 23; Nehemias 8:6; Daniel 6:11 [6:10, NW ]). Jehobarentzat garrantzitsuena ez da zer gorputz⁠-⁠jarrerarekin egiten diogun otoitz, gure bihotzeko jarrera baizik. Ozenki nahiz isilean egin dezakegu, eguneko edo gaueko edozein ordutan. Nahiz eta gure otoitza beste inork ez entzun, ziur egon Jehobak entzungo duela (Nehemias 2:1-6).

11. Zeintzuk dira otoitzean aipatu ditzakegun gauzetako batzuk?

11 Zer esan dezakegu otoitzean? Jehobarentzat onargarria den edozer gauza. Bibliak dio: «Ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula» (1 Joan 5:14). Egin al dezakegu otoitz geure gauzei buruz? Bai. Jehobari otoitz egitea lagun min batekin hitz egitearen antzekoa izan beharko litzateke. Pentsatu eta sentitzen duguna adierazi dezakegu (62. Salmoa 9 [62:8, NW ]). Espiritu santu boteretsua eskatu dezakegu zuzena dena egiten laguntzeko (Lukas 11:13). Erabaki onak hartzeko jakinduria eskatu dezakegu, baita arazoei aurre egiteko indarra ere (Santiago 1:5). Jehobari gure bekatuak barkatzeko eskatu behar genioke (Efesoarrei 1:3, 7). Besteen alde ere egin behar genuke otoitz, senide eta kongregazioko anai⁠-⁠arreben alde, esaterako (Eginak 12:5; Kolosarrei 4:12).

12. Zer izan behar da garrantzitsuena gure otoitzetan?

12 Zer izan behar da garrantzitsuena gure otoitzetan? Jehoba eta bere nahia. Gure alde egin duen guztia eskertu behar genioke bihotz⁠-⁠bihotzez (1 Kronikak 29:10-13). Jesusek bere jarraitzaileei otoitz egiten irakatsi zienean, otoitzean garrantzitsuena zer den erakutsi zuen (Irakurri Mateo 6:9-13). Zer aipatu zuen? Lehenengo Jainkoaren izena santutzeko eskatu behar dugula, hau da, begirunerik handienaz tratatua izan dadila. Ondoren, Jainkoaren Erreinua etortzeko eta Jehobaren nahia lur osoan egiteko eskatu behar dugula. Azkenik, gauza garrantzitsu hauei buruz otoitz egin ondoren, geure beharrak aipatu ditzakegula. Gure otoitzetan Jehoba eta bere nahiari lehentasuna emanez guretzat garrantzitsuena zer den erakusten dugu.

13. Zenbat iraun behar dute gure otoitzek?

13 Zenbat iraun behar dute gure otoitzek? Bibliak ez du esaten. Gure otoitzak motzak edo luzeak izan daitezke egoeraren arabera. Adibidez, otorduen aurretik otoitz labur bat egin dezakegu. Baina Jehobari eskerrak emateko edo gure kezkei buruz hitz egiteko otoitz luzeagoa egin dezakegu (1 Samuel 1:12, 15). Ez ditugu otoitz luzeak egin nahi besteak txunditzeko. Hau da Jesusen garaian batzuek egiten zutena (Lukas 20:46, 47). Honelako otoitzek ez dute Jehoba txunditzen. Jehobarentzat garrantzitsuena berari bihotzez otoitz egitea da.

14. Zenbateko maiztasunarekin egin behar dugu otoitz eta zer irakasten digu honek Jehobari buruz?

14 Zenbateko maiztasunarekin egin behar dugu otoitz? Jehobak guk berarekin hitz egiteko ohitura izatea nahi du. Bibliak otoitzean «iraupentsu» izateko eta «aspertu gabe» eta «gau eta egun» aritzeko esaten du (Erromatarrei 12:12; 1 Tesalonikarrei 5:17; 1 Timoteori 5:5). Jehoba beti dago prest guri entzuteko. Egunero eskertu dezakegu bere maitasuna eta eskuzabaltasuna. Bere gida, indarra eta kontsolamendua ere eskatu ditzakegu. Jehobari otoitz egitea benetan estimatzen badugu, ahal dugun guztietan egingo dugu.

15. Zergatik esan behar dugu «amen» otoitzaren bukaeran?

15 Zergatik esan behar dugu «amen» otoitzaren bukaeran? «Amen» hitzak «ziurtasunez» edo «hala izan bedi» esan nahi du. Otoitzean esan duguna benetan sinesten dugula, hau da, zintzo esaten dugula adierazteko modua da (41. Salmoa 14 [41:13, NW ]). Bibliaren arabera, jendaurrean egiten diren otoitzen amaieran «amen» ozenki edo isilean esatea egokia da. Horrela, esan denarekin ados gaudela erakusten dugu (1 Kronikak 16:36; 1 Korintoarrei 14:16).

NOLA ERANTZUTEN DITU JAINKOAK GURE OTOITZAK?

16. Erantzuten al ditu Jehobak gure otoitzak? Azaldu.

16 Erantzuten al ditu Jehobak gure otoitzak? Bibliaren arabera, «otoitzak entzuten» ditu eta «erantzun» egiten du (65. Salmoa 3 [65:2, NW ]; Isaias 30:19). Beraz, Jehobak milioika gizakiren otoitz zintzoak entzun eta modu askotan erantzuten ditu.

17. Nola erabiltzen ditu Jehobak aingeruak eta lurrean dituen zerbitzariak gure otoitzak erantzuteko?

17 Jehobak aingeruak eta lurrean dituen zerbitzariak erabiltzen ditu gure otoitzak erantzuteko (Hebrearrei 1:13, 14). Askotan gertatu izan da norbaitek Jainkoari Biblia ulertzeko laguntza eskatu eta, handik gutxira, Jehobaren lekukoen bisita jasotzea. Honek argi azaltzen du aingeruek berri onak zabaltzeko lanean parte hartzen dutela eta Lekukoak bihotz oneko jendearengana zuzentzen dituztela (Irakurri Apokalipsia 14:6). Gainera, gutariko askok arazo edo behar bati buruz Jehobari otoitz egin diogunean, kongregazioko anaia edo arreba batek behar izan dugun laguntza eman digu (Esaera Zaharrak 12:25; Santiago 2:16).

Jehobak kongregazioko anai⁠-⁠arrebak erabili ditzake gure otoitzak erantzuteko

18. Nola erabiltzen ditu Jehobak bere espiritu santua eta Biblia gure otoitzak erantzuteko?

18 Jehobak bere espiritu santua ere erabiltzen du gure otoitzak erantzuteko. Arazoren bati aurre egiteko laguntza eskatzen diogunean, bere espiritu santua erabili dezake gida eta indarra emateko (2 Korintoarrei 4:7). Gainera, Biblia erabiltzen du otoitzak erantzun eta erabaki onak hartzen laguntzeko. Biblia irakurtzen dugunean, lagundu gaitzaketen aipuak aurkitu ditzakegu. Honetaz gain, bileran norbaitek egiten duen iruzkina edo arduradun batek irakurtzen duen biblia⁠-⁠aipua izan daiteke Jehobak gure otoitzak erantzuteko erabiltzen duen modua (Efesoarrei 4:11, 12).

19. Zergatik izan dezakegu Jehobak otoitzen bat erantzun ez digunaren irudipena?

19 Iruditu al zaizu inoiz Jehobak ez dituela zure otoitzak oraindik erantzun? Gogoratu badakiela noiz eta nola erantzun. Ondo daki zer behar dugun. Agian otoitz egiten segi beharko dugu denbora batez. Horrela, esandakoa guretzako benetan garrantzitsua dela eta fedea dugula adieraziko diogu (Lukas 11:5-10). Batzuetan espero ez dugun moduan erantzuten ditu otoitzak. Adibidez, egoera zail bati buruz otoitz egin ondoren, egoerari aurre egiteko indarra eman dezake arazoa kendu ordez (Irakurri Isaias 40:28, 29).

20. Zergatik egin behar diogu otoitz Jehobari sarri?

20 Ohore paregabea da Jehobari otoitz egin ahal izatea! Ziur gaude entzungo digula (145. Salmoa 18). Jehobari bihotzez zenbat eta gehiago otoitz egin, orduan eta estuagoa izango da dugun adiskidetasuna.