Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. KAPITULUA

Jarraitu Jehobaren laguna izaten

Jarraitu Jehobaren laguna izaten

1, 2. Non aurkitu dezakegu babesa gaur egun?

IMAJINATU mendian zabiltzala. Bat⁠-⁠batean ilundu, tximistak zerua argitu eta trumoiaren burrunba entzuten duzu. Euria barra⁠-⁠barra botatzen hasi du. Babesteko lekuren baten bila hasten zara. A zer lasaitua toki lehor eta seguru bat aurkitzen duzunean!

2 Gaur egun antzeko egoeran gaude. Mundua gero eta okerrago dago. Non aurkituko ote dugu babesa? Salmogileak idatzi zuen: «Oi Jauna, zu ene babesleku eta gaztelu; ene Jainko, zuregan dut uste on!» (91. Salmoa 2). Jehobak arazoz jositako mundu honetan babesa ematen digu eta itxaropen zoragarria eskaintzen digu etorkizunerako.

3. Zer egin behar dugu Jehoba gure babesleku izateko?

3 Nola babestu gaitzake Jehobak? Edozein arazori aurre egiten lagunduz. Gainera, gu kaltetzen saiatu daitekeen inor baino boteretsuagoa da. Gauza txarren bat gertatzen bazaigu ere, ziur egon gaitezke Jehobak etorkizunean konponduko duela. Garai zailetan bere laguntza jasotzeko, Jehobaren lagunak izaten jarraitu behar dugu. Bibliak honakoa egiteko esaten digu: «Zaudete tinko Jainkoaren maitasunean» (Judas 21). Baina nola egin dezakegu hau?

ERAKUTSI JAINKOA MAITATZEN DUZULA

4, 5. Nola erakutsi digu Jehobak maitasuna?

4 Jehobaren lagunak izaten jarraitzeko, zenbat maite gaituen ulertu behar dugu. Pentsatu Jehobak gure alde egin duen guztian. Animalia eta landare ederrez betetako lurra, janari goxoa eta edateko ur garbia eman dizkigu. Bibliaren bidez, bere izena eta bere ezaugarri zoragarriak erakutsi dizkigu. Baina, batez ere, bere Seme maitea, Jesus, bere bizia gure alde emateko bidaliz azaldu zigun Jehobak maitasuna (Joan 3:16). Eskaintza honi esker etorkizunerako itxaropen zoragarria dugu.

5 Jehobak Erreinu Mesianikoa sortu du. Zeruko gobernu honek sufrimendu guztia kenduko du laster. Erreinuak lurra paradisu bihurtuko du eta guztiok bakean eta zoriontsu biziko gara betiko (37. Salmoa 29; Esaera Zaharrak 2:21). Jehobak beste modu batean ere azaldu digu bere maitasuna: bizimodurik onena izaten irakasten digu. Berari otoitz egitera ere gonbidatzen gaitu eta gure otoitzak entzuteko prest dago beti. Jehobak argi eta garbi erakutsi du guztioi digun maitasuna.

6. Nola erantzun beharko zenioke Jehobaren maitasunari?

6 Nola erantzun beharko zenioke Jehobaren maitasunari? Erakutsiozu esker ona zuregatik egin duen guztiarengatik. Zoritxarrez, gaur egun jende asko esker txarrekoa da. Jesus lurrean zegoenean ere horrelako jende asko zegoen. Jesusek hamar lepradun sendatu zituen batean, batek bakarrik eman zizkion eskerrak (Lukas 17:12-17). Gizon hura bezalakoak izan nahi dugu. Jehobari esker ona erakutsi nahi diogu beti.

7. Nola maitatu behar dugu Jehoba?

7 Jehoba maite dugula azaltzea ere beharrezkoa da. Jesusek Jehoba bihotz⁠-⁠bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz maitatzeko esan zien bere ikasleei (Irakurri Mateo 22:37). Zer esan nahi du honek?

8, 9. Nola erakutsiko diogu Jehobari gure maitasuna?

8 Nahikoa al da Jehoba maite dugula esatearekin? Ez. Jehoba bihotz⁠-⁠bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz maitatzen badugu, ekintzekin erakutsiko dugu (Mateo 7:16-20). Bibliak argi irakasten digu Jainkoa maitatzen badugu, bere aginduak beteko ditugula. Zaila al da hori egitea? Ez, Jehobaren «aginduak ez dira astunak» (Irakurri 1 Joan 5:3).

9 Jehobaren esaneko garenean, zoriontsu bizi gara (Isaias 48:17, 18). Baina nola jarraitu dezakegu Jehobaren adiskide izaten? Ikus dezagun.

JEHOBAREKIN DUZUN ADISKIDETASUNA ESTUTZEN JARRAITU

10. Zergatik jarraitu behar duzu Jehobari buruz ikasten?

10 Nola iritsi zara Jehobaren lagun izatera? Biblia aztertuz. Horrela Jehoba hobeto ezagutu eta adiskidetasuna garatu duzu berarekin. Bizi⁠-⁠bizirik mantendu nahi duzun sua bezalakoa da adiskidetasun hau. Suak ez itzaltzeko egurra behar duen moduan, zuk ere Jehobari buruz ikasten jarraitu behar duzu zuen arteko adiskidetasuna estutzeko (Esaera Zaharrak 2:1-5).

Suak ez itzaltzeko egurra behar duen moduan, Jehobari diogun maitasuna ez itzaltzeko berari buruz ikasten jarraitu behar dugu

11. Zer eragin izango dute zugan Bibliako irakaspenek?

11 Biblia aztertzen jarraitzen duzun heinean, hunkituko zaituzten gauza gehiago ikasiko dituzu. Behin Jesusek biblia⁠-⁠profeziak azaldu zizkien bere bi ikasleri. Hara nola sentitu ziren: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?» (Lukas 24:32).

12, 13. a) Zer gertatu dakioke Jainkoari diogun maitasunari? b) Nola mantendu dezakegu bizirik Jehobari diogun maitasuna?

12 Jesusen ikasleei bihotza ukitu zien Liburu Santuek esaten zutena ulertzeak. Zuk ere gogo bizi hori sentituko zenuen Biblia ulertzen hasi zinenean. Honek Jehoba ezagutzen eta maitatzen lagundu zizun. Noski, ez duzu maitasun hori hozterik nahiko (Mateo 24:12).

13 Jainkoaren laguna izatera iritsi bazara, gogor saiatu behar duzu berarekin duzun adiskidetasuna estu mantentzen. Horretarako, berari eta Jesusi buruz ikasten jarraitu behar duzu. Pentsatu ikasten ari zaren horretan eta bizitzan praktikan jartzeko moduan (Joan 17:3). Biblia irakurtzean edo aztertzean, galdetu honakoa zeure buruari: «Zer irakasten dit Jehobari buruz? Nola laguntzen dit Jehoba gehiago maitatzen?» (143. Salmoa 5).

14. Nola mantentzen du otoitzak Jehobari diogun maitasuna sendo?

14 Lagun min bat baduzu, seguruenik berarekin hitz egiteko ohitura izango duzu. Hau egiteak elkarrekin duzuen adiskidetasuna estu mantentzen du. Era berean, Jehobari otoitz egiteko ohitura izateak berari diogun maitasuna sendo mantentzen lagunduko digu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:17). Otoitza gure zeruko Aitak eman digun opari paregabea da. Bihotz⁠-⁠bihotzetik hitz egin behar diogu beti (62. Salmoa 9 [62:8, NW ]). Ez ditugu buruz ikasitako otoitzak esan behar, benetan sentitzen duguna baizik. Biblia aztertzen eta bihotzez otoitz egiten jarraitzen badugu, Jehobari diogun maitasunak sendo jarraituko du, dudarik gabe.

HITZ EGIN BESTEEKIN JEHOBARI BURUZ

15, 16. Zer iritzi duzu predikatze⁠-⁠lanari buruz?

15 Jehobaren lagunak izaten jarraitu nahi badugu, jendearekin Bibliatik ikasi dugunaz hitz egin behar dugu. Besteekin Jehobari buruz hitz egitea ohore izugarria da. Gainera, Jesusek benetako kristau guztiei eman dien erantzukizuna da. Guztiok zabaldu behar ditugu Jainkoaren Erreinuaren berri onak. Hasi al zara dagoeneko hori egiten? (Mateo 24:14; 28:19, 20).

16 Paulo apostoluarentzat predikatze⁠-⁠lana oso preziatua zen. Horregatik deitu zion «altxor baliotsu» (2 Korintoarrei 4:7). Jendearekin Jehobari eta bere helburuari buruz hitz egitea da egin dezakezun lanik garrantzitsuena. Jehobari ematen diozun zerbitzuaren parte da eta asko estimatzen du bere alde egiten duzun guztia (Hebrearrei 6:10). Predikatze⁠-⁠lanari esker, jendeari Jehobaren laguna izaten laguntzen diozu eta Jehobarekin duzun adiskidetasuna ere estutzen duzu. Gainera, lan honi esker betiko bizitzeko aukera izan dezakegu guztiok (Irakurri 1 Korintoarrei 15:58). Ba ote dago horrenbesteko poza eman dezakeen beste lanik?

17. Zergatik da premia handikoa predikatze⁠-⁠lana?

17 Predikatze⁠-⁠lana premia handikoa da. Honakoa dio Bibliak: «Hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean» (2 Timoteori 4:2). Jendeak Jainkoaren Erreinuari buruz entzun behar du. Bibliak dio: «Gainean da Jaunaren egun handia! Gainean da, berehala dator!». Amaiera «berandu gabe» iritsiko da (Sofonias 1:14; Habakuk 2:3). Hemendik oso gutxira, Jehobak Satanasen mundu gaiztoa suntsituko du. Hau gertatu aurretik, jendea ohartarazi behar dugu Jehoba zerbitzatzea aukeratu dezan.

18. Zergatik elkartu behar dugu benetako kristauok Jehoba gurtzeko?

18 Jehobak benetako kristauok bera gurtzeko elkartu gaitezen nahi du. Bibliak dio: «Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan» (Hebrearrei 10:24, 25). Ahal dugun guztia egin behar dugu bilera guztietan egoteko. Izan ere, bileretan elkar adoretu eta indartzen dugu.

19. Zerk lagunduko digu anai⁠-⁠arrebak maitatzen?

19 Bileretan Jehoba gurtzen lagunduko dizuten lagun onak aurkituko dituzu. Bertan jatorri eta izaera askotako anai⁠-⁠arrebak ezagutuko dituzu. Hauek, zuk bezala, Jehoba gurtzeko ahal duten guztia egiten dute. Beraiek ere inperfektuak dira eta akatsak egiten dituzte. Horrelakorik gertatzean, barkatzeko prest egon (Irakurri Kolosarrei 3:13). Ipini arreta beti anai⁠-⁠arreben ezaugarri ederretan. Hau egiteak beraiek maitatzen eta Jehobarekin adiskidetasuna mantentzen lagunduko dizu.

«EGIAZKO BIZIA»

20, 21. Zer da «egiazko bizia»?

20 Jehobak bere lagun guztiek bizitzarik hoberena izatea nahi du. Bibliaren arabera, etorkizunean izango dugun bizitzak ez du zerikusirik izango orain dugunarekin.

Jehobak bere lagunak paradisu eder batean bizitzea nahi du. Eta zuk? Nahi al duzu?

21 Etorkizunean ez gara 70 edo 80 urte soilik biziko; «betiko bizia» izango dugu. Osasun perfektua, bakea eta zoriona izango ditugu paradisu eder batean. Bibliak «egiazko bizia» deitzen dio honi. Jehobak «egiazko bizi» hau emango digula promesten digu. Baina eskuratu nahi badugu, ahal dugun guztia egin behar dugu orain (1 Timoteori 6:12, 19).

22. a) Zer egin behar dugu «egiazko bizia» eskuratzeko? b) Zergatik ezin dugu gure ahaleginei esker «egiazko bizia» lortu?

22 Zer egin behar dugu «egiazko bizia eskuratu» nahi badugu? Bibliak dio: «Egin dezatela ongia; izan daitezela egintza onetan aberats» (1 Timoteori 6:18). Bibliatik ikasten duguna praktikan jarri behar dugula esan nahi du honek. Hala ere, «egiazko bizia» ez dugu gure ahaleginei esker lortuko. Ez dugu betiko bizitzarik merezi. Jehobak bere zerbitzari leialei ematen dien doako oparia da, «Jainkoak egiten digun dohaina» (Erromatarrei 5:15). Gure zeruko Aitak bene⁠-⁠benetan egin nahi die opari hau bere zerbitzari leialei.

23. Zergatik hartu behar dituzu erabaki zuzenak orain?

23 Galdetu zeure buruari: «Berak nahi duen bezala gurtzen ari al naiz Jainkoa?». Aldaketak egin behar dituzula ikusten baduzu, egin itzazu berehala. Jehobarengan konfiantza dugunean eta bere esana betetzeko ahal dugun guztia egiten dugunean, Jehoba gure babesleku izango da. Satanasen mundu gaizto honen azken egunetan bere zerbitzari leialak babesean izango ditu. Gero, gu paradisuan betiko bizitzeko promesa beteko du. Erabaki zuzenak hartzen badituzu orain, «egiazko bizia» eduki ahal izango duzu, bai horixe!