Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

11. PASARTEA

Fede proba

Fede proba

Abrahamek Jehoba maitatzen eta bere promesa guztietan konfiantza izaten irakatsi zion bere seme Isaaki. Baina Isaakek 25 bat urte zituenean, Jehobak oso zaila zen zerbait egiteko eskatu zion Abrahami. Ba al dakizu zer zen?

Jainkoak hau esan zion Abrahami: «Hartu ezazu, mesedez, zure seme bakarra eta eskaini ezazu erre-oparitzat mendian, Moria izeneko lurraldean». Abrahamek ez zekien zergatik eskatu ote zion Jehobak hori egiteko. Hala ere, esandakoa egin zuen.

Biharamun goizean, Abraham Moria lurralderantz abiatu zen Isaak eta bi zerbitzarirekin batera. Hiru egunen buru, mendiak urrutira ikusi zituzten. Abrahamek bertan itxaroteko esan zien zerbitzariei, Isaak eta biak erre-oparia eskaintzera joan bitartean. Isaaki eskaintza egiteko egurra eman zion eta berak labana hartu zuen. Isaakek bere aitari galdetu zion: «Non da eskainiko dugun animalia?». Abrahamek erantzun zion: «Jehobak emango digu, seme».

Azkenik, mendira iritsi zirenean, aldare bat eraiki zuten. Ondoren, Abrahamek Isaak esku eta hanketatik lotu eta aldarean jarri zuen.

Abrahamek labana hartu zuen eskutan. Momentu hartan bertan, Jehobaren aingeruak zerutik deitu zion: «Abraham! Ez egin minik mutilari! Orain badakit Jainkoarengan fedea duzula, zure semea eskaintzeko prest egon baitzara». Orduan, Abrahamek ahari bat ikusi zuen sasi artean adarretatik kateatuta. Bizkor-bizkor Isaak askatu eta, bere ordez, aharia eskaini zuen.

Handik aurrera, Jainkoak adiskide deitu zion Abrahami. Ba al dakizu zergatik? Abrahamek Jehobak eskatutako guztia bete zuelako, nahiz eta eskatutakoaren arrazoia ez ulertu.

Jehobak aurretik promestutakoa errepikatu zion Abrahami: «Bedeinkatu egingo zaitut eta zure ondorengoak ugari egingo ditut». Badakizu zer esan nahi zuen honek? Jehobak jende on guztia Abrahamen familiaren bidez bedeinkatuko zuela.

«Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan» (Joan 3:16).