Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. PASARTEA

Jakobek oinordetza jaso zuen

Jakobek oinordetza jaso zuen

Isaakek 40 urte zituen Rebekarekin ezkondu zenean. Izugarri maite zuen. Denborarekin, bi seme izan zituzten, bikiak.

Seme zaharrenak Esau izena zuen eta gazteenak, Jakob. Esauri kanpoan ibiltzea gustatzen zitzaion eta oso trebea zen animaliak ehizatzen. Jakobek, ordea, etxean egotea zuen gogoko.

Garai haietan, seme zaharrenari ematen zitzaion diru eta lurren gehiengoa aita hiltzean. Horri oinordetza deitzen zitzaion. Jehobak Abrahami egindako promesak zeuden Isaaken familiaren oinordetzaren barne. Esauri ez zitzaizkion gehiegi inporta promesa horiek, baina Jakobek bazekien oso garrantzitsuak zirela.

Behin, Esau neka-neka eginda itzuli zen egun osoa ehizan ibili ondoren. Jakob prestatzen ari zen janari goxoa usaindu eta esan zion: «Goseak hiltzear nago! Emadazu lapikoko gorri hori!». Jakobek erantzun zion: «Ongi da, baina lehendabizi, promestu zure oinordetza emango didazula». Esauk orduan: «Bost axola nire oinordetza! Hor duzu. Zerbait jatea besterik ez dut nahi». Zer iruditzen zaizu? Zentzuduna izan al zen Esau? Ez. Esauk oso baliotsua zen zerbait eman zuen platerkada bat dilisten truke.

Isaak zahartu zenean, seme zaharrenari bedeinkapena emateko garaia iritsi zen. Baina Rebekak Jakobi, seme gazteenari, bedeinkapen hori lortzen lagundu zion. Esau horretaz jabetu zenean, erabat haserretu eta bere anaia bikia hiltzea pentsatu zuen. Isaak eta Rebekak Jakob babestu nahi zutenez, hau esan zioten: «Joan zaitez amaren neba Labanengana eta bertan gelditu Esau lasaitu arte». Jakobek gurasoen aholkua entzun eta ihes egin zuen bizia salbatzeko.

«Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan? Eta zer eman dezake gizakiak, berriro bizia bereganatzeko?» (Markos 8:36, 37).