Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. PASARTEA

Jakob eta Esauk bakeak egin zituzten

Jakob eta Esauk bakeak egin zituzten

Jehobak promesa bat egin zion Jakobi: Abraham eta Isaakekin egin zuen bezala, bera ere babestuko zuela. Jakob Haran izeneko lekura joan zen bizitzera. Bertan, ezkondu, familia handia izan eta asko aberastu zen.

Denborarekin, Jehobak hau esan zion Jakobi: «Itzuli zaitez zure sorterrira». Orduan, Jakob eta bere familiak bidaia luzea hasi zuten. Bidean zeudela, Jakoben zerbitzariak etorri eta esan zioten: «Esau zure anaia 400 gizonekin batera dator!». Bera eta bere familiari min egitera ote zetozen? Horren beldur zen Jakob. Hortaz, Jehobari otoitz egin zion: «Libra nazazu, arren, nire anaiaren eskutik». Hurrengo egunean, Jakobek Esauri ardi, ahuntz, gamelu eta asto ugari bidali zizkion opari moduan.

Gau hartan, bakarrik zegoela, aingeru bat ikusi zuen Jakobek. Aingerua berarekin borrokan hasi zen. Goizeraino egon ziren borrokan! Nahiz eta min hartu, Jakobek ez zuen amore eman. Aingeruak esan zion: «Utzidazu joaten». Baina Jakobek erantzun zion: «Ez dizut utziko bedeinka nazazun arte».

Aingeruak, azkenean, Jakob bedeinkatu zuen. Orain bazekien Jakobek Esauren eskutik libratuko zuela Jehobak.

Goiz hartan, Jakobek urrutira begiratzean, Esau eta 400 gizonak ikusi zituen. Jakob bere familiaren aurretik joan eta bere anaiaren aurrean zazpi aldiz makurtu zen. Esau lasterka joan zen Jakobengana eta besarkatu egin zuen. Bi anaiak, orduan, negarrez hasi eta bakeak egin zituzten. Zer uste duzu zuk? Zer pentsatu ote zuen Jehobak Jakobek egoera hura konpondu zuen moduaz?

Beranduago, Esau etxera itzuli eta Jakobek bidaia jarraitu zuen. 12 seme izan zituen Jakobek. Beraien izenak hauek izan ziren: Ruben, Simeon, Lebi, Juda, Dan, Neftali, Gad, Aser, Isakar, Zabulon, Jose eta Benjamin. Jehobak Jakoben seme bat, Jose, bere herria salbatzeko erabili zuen. Ba al dakizu nola? Ikus dezagun.

«Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete» (Mateo 5:44, 45).