Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. PASARTEA

Jainkoaren esaneko izan zen esklaboa

Jainkoaren esaneko izan zen esklaboa

Jose Jakoben seme gazteenetakoa zen. Aitak Jose maiteago zuela ikusi zuten bere anaia zaharrek. Nola sentitu zirela uste duzu? Jeloskor, ezta? Gero, Josek ez ohiko ametsak izan zituen eta anaiei hauei buruz hitz egin zien. Ametsen arabera, Joseren aurrean makurtuko ziren anaiak egunen batean. Are eta gehiago gorroto zuten Jose orain!

Behin batean, Joseren anaiak artaldea zaintzen ari ziren Sikem hiritik gertu. Jakobek Jose bidali zuen bere anaiak nola zeuden ikustera. Anaiek, Jose urrutira bazetorrela ikustean, elkarri esan zioten: «Badator ameslaria. Hil dezagun!». Heldu eta putzu sakon batera bota zuten. Baina, bere anaietako batek, Judak, esan zuen: «Ez ezazue hil! Saldu dezagun esklabo moduan». Beraz, Egiptora bidean zihoazen madiandar merkatari batzuei zilarrezko 20 txanponen truke saldu zieten Jose.

Ondoren, Joseren anaiek bere jantzia aker odoletan busti eta aitari bidali zioten honakoa esanez: «Ez al da hau zure semearen jantzia?». Beraz, Jakobek basapiztiaren batek hil zuela pentsatu zuen. Lur jota gelditu zen! Ez zegoen kontsolatuko zuen inor.

Behin Egipton, Potifar izeneko funtzionario garrantzitsu batek erosi zuen Jose esklabo izateko. Baina Jehoba berarekin zegoen. Jose bere lanean ona zela eta berarengan konfiantza izan zezakeela ikusi zuen Potifarrek. Denbora gutxian, berak zuen guztiaren arduradun izendatu zuen Jose.

Potifarren emazteak Jose oso ederra zela ikusi zuen. Egunero berarekin oheratzeko esan eta esan aritzen zitzaion. Nola erantzuten zion Josek? «Ez! Ez dago ondo. Nire nagusiak konfiantza du nigan eta zu bere emaztea zara. Zurekin oheratuz gero, bekatu egingo nuke Jainkoaren aurka!».

Egun batean, Potifarren emazteak Jose berarekin oheratzera behartzen saiatu zen. Arropetatik heldu zion baina Jose ihesi atera zen korrika. Potifar etxera iritsi zenean, Josek eraso egin ziola esan zion emazteak. Gezurra esaten ari zen. Potifar asko haserretu eta Jose kartzelaratu egin zuen. Baina Jehobak ez zuen Jose ahaztu.

«Behera zaitezte, bada, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumendean, bere garaian gora zaitzaten» (1 Pedro 5:6).