Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. PASARTEA

Jehobak ez zuen Jose ahaztu

Jehobak ez zuen Jose ahaztu

Jose kartzelan zegoen bitartean, faraoiak, Egiptoko erregeak, inork azaldu ezin zizkion ametsak izan zituen. Zerbitzari batek Josek ametsak azaldu ahal izango zizkiola esan zion. Beraz, faraoiak segituan agindu zuen Jose bere aurrera ekartzeko.

Faraoiak galdetu zion: «Azaldu al ditzakezu nire ametsak?». Josek erantzun zion: «Zazpi urtetan janari ugari izango da Egipton, ondorengo zazpi urteetan, berriz, gose handia. Aukera ezazu jakinduria handia duen norbait janaria biltzeko. Honela, jendea ez da gosez hilko». Faraoiak orduan: «Zu aukeratzen zaitut! Egiptoko lurraldean gizonik boteretsuena izango zara, neu bakarrik izango nauzu gainetik». Nola jakin zuen Josek faraoiaren ametsen esanahia? Jehobak lagundu ziolako.

Hurrengo zazpi urteetan Josek janaria bildu zuen. Ondoren, lur osoan gosetea izan zen berak esan bezala. Toki guztietako jendea etorri zen Joserengana janaria erosteko asmoz. Bere aitak, Jakobek, Egipton janaria zegoela entzun zuen eta bere semeetako hamar bidali zituen janaria erostera.

Jakoben semeak Joserengana joan ziren. Honek berehala ezagutu zituen, baina anaiak ez ziren konturatu bera zela. Orduan, anaiaren aurrean makurtu ziren, Josek gaztetan amestu zuen bezala. Oraindik gorrotoz beteak zeuden jakin nahi zuen Josek. Beraz, hau esan zien: «Zuek espioiak zarete. Gure herriaren ahuleziak topatu nahi dituzue». Beraiek erantzun: «Ez! Kanaango 12 anaia gara. Anaietako bat hilda dago eta gazteena aitarekin geratu da». Josek orduan: «Ekar ezazue anaia gazteena eta orduan sinetsiko zaituztet». Beraz, etxera itzuli ziren aitarengana.

Janari gabe gelditu zirenean, semeak Egiptora bidali zituen berriro Jakobek. Oraingo honetan Benjamin, anaia gazteena, beraiekin eraman zuten. Anaiak probatzeko, Josek bere zilarrezko edalontzia Benjaminen zakuan sartu zuen eta anaiak hau lapurtzeaz salatu zituen. Joseren zerbitzariek edalontzia Benjaminen zakuan aurkitzean, anaiak zur eta lur gelditu ziren. Benjaminen ordez beraiek zigortzeko erregutu zioten Joseri.

Josek bazekien orain anaiek jarrera aldatu zutela. Beraz, sentimenduei ezin eutsirik, negarrari eman zion esanez: «Ni zuen anaia naiz, Jose. Bizirik al da oraindik aita?». Anaiak zeharo harrituta zeuden. Josek esan zien: «Ez zaitezte gaizki sentitu egindakoarengatik. Jainkoak zuen biziak salbatzeko bidali ninduen hona. Orain, joan bizkor eta ekarri ezazue aita».

Anaiak etxera bueltatu ziren aitari albiste onak kontatzera eta Egiptora eraman zuten. Horrenbeste urte pasa ondoren, Jose eta bere aita elkarrekin zeuden berriz.

«Baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko zeuen hutsegiteak zeruko Aitak» (Mateo 6:15).