Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. PASARTEA

Moisesek Jehoba gurtzea aukeratu zuen

Moisesek Jehoba gurtzea aukeratu zuen

Egipton bizi zirela, Jakoben familiartekoei israeldarrak deitu zitzaien. Jakob eta Jose hil ondoren faraoi berria hasi zen agintzen. Israeldarrak beraiek baino indartsuagoak bihurtuko zirenaren beldur zenez, esklabo egin zituen adreiluak eta soro-lan gogorrak egitera behartuz. Baina zenbat eta zanpatuago egon, orduan eta ugariago egin ziren israeldarrak. Faraoiak hau gustuko ez zuenez, israeldarren mutiko jaioberri guztiak hiltzeko agindua eman zuen. Imajina al dezakezu israeldarrek izango zuten beldurra?

Jokebed izeneko emakume israeldarrak seme eder bat izan zuen. Mutikotxoa babestu nahian, saski batean jarri eta Nilo ibaiertzeko kainaberen artean utzi zuen. Haurraren arreba, Miriam, inguruan gelditu zen gertatzen zena ikusteko.

Faraoiaren alaba ibaira joan zen bainatzera eta saskia ikusi zuen. Barruan negarrez zegoen mutiltxoa ikusi zuenean errukitu egin zen. Beraz, Miriamek honakoa galdetu zion: «Nahi al duzu haurrari bularra emango dion emakume baten bila joatea?». Faraoiaren alabak baietz esatean Miriam amaren bila joan zen. Orduan, faraoiaren alabak amari esan zion: «Hartzazu haurra eta hazi, eta neuk ordainduko dizut».

Haurra hazi zenean, Jokebedek faraoiaren alabarengana eraman zuen. Honek semetzat hartu eta Moises deitu zion. Moises printze moduan hazi zenez, nahi zuen guztia izan zezakeen. Baina inoiz ez zuen Jehoba ahaztu. Berak bazekien ez zela egiptoarra, israeldarra baizik. Ondorioz, Jehoba zerbitzatzea aukeratu zuen.

40 urte zituela, bere herriari laguntzea erabaki zuen Moisesek. Behin, egiptoar bat ikusi zuen israeldar esklabo bat jotzen. Moisesek horren gogor jo zuen egiptoarra, hil egin zuela. Gero, gorputza hondarpean ezkutatu zuen. Gertatutakoa jakitean, faraoia Moises hiltzen saiatu zen. Baina Moises ihesi joan zen Madiango lurraldera. Bertan, Jehobak zaindu zuen.

«Fedeari esker, Moisesek, [...] uko egin zion faraoiaren alabaren seme-izenari; nahiago izan zuen Jainkoaren herriarekin batera tratu txarrak jasan» (Hebrearrei 11:24, 25).