Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. PASARTEA

Aurreneko hiru izurriak

Aurreneko hiru izurriak

Israeldarrak, esklaboak zirenez Egipton, lan gogorrak egitera behartzen zituzten. Jehobak faraoiarengana bidali zituen Moises eta Aaron mezu honekin: «Utziozu nire herriari basamortura joaten ni gurtu ahal izateko». Faraoiak harro-harro erantzun zien: «Berdin zait zer dioen Jehobak, ez diet joaten utziko israeldarrei». Orduan, faraoiak gogorrago lan egitera behartu zituen. Hau ikusirik, Jehobak faraoiari lezio bat irakatsiko zion. Ba al dakizu nola? Egipton hamar izurrite eraginez. Jehobak hau esan zion Moisesi: «Faraoiak ez dit entzuten. Goizean Nilo ibaian egongo da. Joan berarengana eta Nilo ibaiko ura odol bihurtuko dudala esaiozu nire herria joaten utzi ez duelako». Moises, esanekoa izanez, faraoiarengana joan zen. Aaronek ibaiko ura makilarekin jo zuela eta ibaia odol bihurtu zela ikusi zuen faraoiak. Urak usain txarra zuen, arrainak hil egin ziren eta Nilo ibaitik ezin zen edateko urik lortu. Hala ere, faraoiak ez zien israeldarrei joaten utzi.

Zazpi egun beranduago, Jehobak Moises berriro faraoiarengana bidali zuen honako mezuarekin: «Nire herria ez baduzu bidaltzen, Egipto igelez beteko dut». Baina faraoiak ez zien joaten utzi. Beraz, Aaronek bere makila altxatu eta igelak lur osoa estaltzen hasi ziren. Jendeak etxeetan, oheetan, baita ontzietan ere topatzen zituen, edonon zeuden! Faraoiak, orduan, eskaera bat egin zion Moisesi: Jehobari izurri hau gelditzeko erregutzea. Gainera, israeldarrei joaten utziko ziela hitz eman zion. Beraz, Jehobak izurria gelditu zuen eta egiptoarrek igelak pilatu egin zituzten. Ondorioz, usain txarrez bete zen lurralde osoa. Baina, berriro, faraoiak ez zien joaten utzi.

Ondoren, Jehobak hau esan zion Moisesi: «Jo dezala Aaronek lurra makilarekin eta hautsa eltxo bihurtuko da». Berehala, guztia eltxoz bete zen. Egiptoar batzuek ere faraoiari esan zioten: «Izurri hau Jainkoarengandik dator». Hala ere, faraoiak ez zien israeldarrei joaten utzi.

«Hara, nire esku ahaltsua erakutsiko diet behin betiko, eta ikasiko dute Jauna [Jehoba] naizela ni» (Jeremias 16:21).