Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

20. PASARTEA

Hurrengo sei izurriak

Hurrengo sei izurriak

Moises eta Aaron faraoiarengana joan ziren Jainkoaren mezuarekin: «Nire herriari joaten uzten ez badiozu, ezpa-euliak bidaliko ditut». Ezpa-euliak jendeari zizta egiten dioten euli handiak dira. Milaka ezpa-euli egiptoarren etxeetan sartu ziren. Lurralde osoa ezpa-euliz bete zen. Baina Goxenen, israeldarrak bizi ziren tokian, ez zegoen bat bera ere. Laugarren izurri honetatik aurrera, izurriek egiptoarrei bakarrik egingo zieten kalte. Faraoiak, orduan, honakoa erregutu zien Moises eta Aaroni: «Eskatu, arren, Jehobari ezpa-euli hauek aldentzeko. Orduan utziko dizuet joaten». Baina Jehobak ezpa-euliak aldendu zituenean faraoiak iritzia aldatu zuen. Ikasiko al zuen behingoz faraoiak lezioa?

Jehobak esan zuen orduan: «Faraoiak nire herriari joaten uzten ez badio, egiptoarren animaliak gaixotu eta hil egingo dira». Hurrengo egunean, animaliak hiltzen hasi ziren. Baina israeldarrenak ez ziren hil. Hala ere, faraoiak burugogor jarraitu zuen eta ez zuen amore eman.

Ondoren, Jehobak faraoiarengana joateko eta errautsa zerurantz jaurtitzeko esan zion Moisesi. Errautsa hauts bihurtu zen airean zabalduz eta egiptoarren gainean erori zen. Errautsaren ondorioz, zauri mingarriz josi ziren egiptoarrak eta beraien animaliak. Hala ere, faraoiak ez zien israeldarrei joaten utzi.

Jehobak Moises bidali zuen faraoiarengana berriz ere: «Ez al duzu nire herria oraindik bidali nahi? Bihar egundoko kazkabarra eroraraziko dut». Hurrengo egunean, Jehobak kazkabarra, trumoia eta sua bidali zituen. Egipton inoiz gertatutako ekaitzik bortitzena izan zen hura. Zuhaitzak erori eta uzta guztiak galdu ziren Goxenekoak izan ezik. Faraoiak esan zuen: «Erregutu Jehobari kazkabarra gelditzeko! Atertzean, zoazte hemendik». Baina ekaitza gelditzean, faraoiak iritziz aldatu zuen.

Gero Moisesek esan zuen: «Hondatu ez diren landare denak jango dituzte larrapoteek». Intsektu hauek matxinsaltoen antzekoak dira. Milioika larrapotek landa eta zuhaitzetan gelditzen zen dena jan zuten. Faraoiak berriro Moisesi: «Erregutu Jehobari larrapoteak eramateko». Baina Jehobak larrapoteak eraman arren, burugogor jarraitu zuen.

Jehobak esan zion Moisesi: «Altxa eskua zerurantz». Zerua ilundu egin zen bat-batean. Hiru egunez egiptoarrek ezin izan zuten ezer ikusi. Israeldarrek soilik zuten argia beraien etxeetan.

Faraoiak Moisesi esan zion: «Zoazte zu eta zure herria. Baina animaliak hemen utzi behar dituzue». Moisesek erantzun zion: «Animaliak behar ditugu Jainkoari eskaintzeko». Faraoiak, haserre bizian, oihukatu zion: «Alde nire begi-bistatik! Berriro ikusten bazaitut, zureak egin du!».

«Orduan ikusiko duzue berriro zintzoaren eta gaiztoaren arteko aldea, Jauna zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen ez duenaren arteko aldea» (Malakias 3:18).