Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

22. PASARTEA

Itsaso Gorriko miraria

Itsaso Gorriko miraria

Israeldarrek Egipto utzi zutela entzun bezain pronto, faraoiak joaten uzteari buruzko iritzia aldatu zuen. Bere gudarosteari hau agindu zion: «Presta itzazue guda-gurdi guztiak eta joan gaitezen beraien atzetik! Ez genien alde egiten utzi behar». Beraz, faraoia eta bere gizonak israeldarren atzetik abiatu ziren.

Jehoba bere herria gidatzen ari zen. Horretarako, egunez laino bat erabiltzen zuen eta gauez sua. Itsaso Gorrira gidatu zituen eta kanpalekua bertan kokatzeko esan zien.

Ondoren, israeldarrek faraoia eta bere gudarostea beraien atzetik zihoazela ikusi zuten. Itsasoa eta Egiptoko gudarostearen artean harrapatuta zeuden. Hori ikusita, Moisesi oihukatu zioten: «Hil egingo gara! Egipton utzi behar gintuzun». Baina Moisesek erantzun zien: «Ez izan beldur. Itxaron eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen Jehobak». Moisesek Jehobarengan konfiantza handia izan zuen, ezta?

Jehobak kanpalekua jasotzeko esan zien israeldarrei eta, gau hartan, lainoa mugitu zuen egiptoarren eta israeldarren artean jarriz. Egiptoarren aldean iluntasuna zegoen, israeldarren aldean, berriz, argitasuna.

Jehobak eskua itsaso gainera luzatzeko agindu zion Moisesi. Orduan, Jehobak eragindako haize zakarrak jo zuen gau osoan. Itsasoa bitan banatu zen erdian bidea sortuz. Horrela, milioika israeldarrek lur lehorretik igaro zuten itsasoa, ezker-eskuin ur hormak zituztela.

Faraoiaren gudarostea israeldarren atzetik joan zen itsas hondo lehorretik. Baina Jehobak nahasmena sortu zuen haien artean. Gurdiei gurpilak erortzen hasi zitzaizkien. Soldaduak, orduan, oihuka hasi ziren: «Goazen hemendik! Jehoba ari da beraien alde borrokan».

Jehobak Moisesi esan zion: «Luzatu eskua itsaso gainera». Orduantxe, ur hormak egiptoarren gainera erori ziren. Faraoia eta bere gizon denak hil egin ziren. Ez zen bat bera ere salbatu!

Itsasoaren beste aldean, jende guztiak Jehoba goretsi zuen kanta hau abestuz: «Kantatu Jehobari, goraipatua izan baita; zaldiak eta zaldunak itsas hondora baititu bota». Abesten ari ziren bitartean, emakumeek dantzatu eta pandereta jo zuten. Oso pozik zeuden denak orain aske zirelako.

«Beraz, uste osoz esan dezakegu: Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?» (Hebrearrei 13:6).