Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

26. PASARTEA

Hamabi espioiak

Hamabi espioiak

Israeldarrak Sinai menditik joan eta Parango desertua zeharkatu zuten Kadex izeneko tokiraino. Han, Jehobak esan zion Moisesi: «Bidali itzazu 12 gizon, tribu bakoitzeko bat, Kanaan, israeldarrei emango diedan lurraldea, ikertzeko». Beraz, Moisesek 12 gizon aukeratu eta esan zien: «Zoazte Kanaanera eta ikusi ereiteko ona ala txarra den lurra. Begiratu, gainera, biztanleak indartsuak ala ahulak diren eta dendetan ala hirietan bizi diren». 12 espioiak Kanaan aldera abiatu ziren, hauen artean, Josue eta Kaleb.

Lurraldea 40 egunez ikertu ondoren, espioiak itzuli egin ziren mahatsa, pikuak eta granadak zekartzatela. Txosten hau azaldu zuten: «Lurraldea ona da, baina hiriek harresi izugarriak dituzte eta hango jendea oso indartsua da». Orduan, Kalebek esan zuen: «Garaitu ditzakegu. Ea, goazen lehenbailehen!». Ba al dakizu zergatik esan zuen hau Kalebek? Josuek eta biak Jehobarengan konfiantza zutelako. Baina, beste hamar espioiek esan zuten: «Ez! Hango jende guztia ikaragarri handia da, erraldoiak dirudite! Haien aldean matxinsaltoak ematen dugu».

Israeldarrak adorerik gabe zeuden. Marmarrean hasi ziren batak besteari honakoa esanez: «Izendatu dezagun beste buruzagi bat eta itzuli gaitezen Egiptora. Zergatik joan behar genuke leku horretara eta han hil?». Josue eta Kalebek esan zuten: «Egin Jehobak agindutakoa eta ez izan beldurrik. Jehobak babestuko gaitu». Baina israeldarrek ez zieten kasurik egin. Kaleb eta Josue hiltzea ere pentsatu zuten!

Zer egin zuen Jehobak? Moisesi esan zion: «Israeldarren alde egin dudan guztia eta gero, ez didate obeditu. Beraz, basamortuan 40 urtez ibiliko dira denak hil arte. Josue, Kaleb eta israeldarren haurrak bakarrik biziko dira promestutako lurraldean».

«Zergatik zarete hain beldur, sinesmen gutxikook?» (Mateo 8:26).