Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

29. PASARTEA

Jehobak Josue aukeratu zuen

Jehobak Josue aukeratu zuen

Moises bere biziaren bukaeran zegoen Israelgo nazioa urtetan gidatu eta gero. Jehobak honakoa esan zion: «Zuk ez dituzu israeldarrak promestutako lurraldera sarraraziko. Baina lurraldea ikusten utziko dizut». Moisesek, orduan, herria zainduko zuen buruzagi berria izendatzeko eskatu zion Jehobari. Jehobak esan zion: «Joan zaitez Josuerengana eta esaiozu bera aukeratu dudala».

Moisesek herriarekin hitz egin zuen. Laster hilko zela eta Jehobak Josue aukeratu zuela herria promestutako lurraldera gidatzeko esan zien. Ondoren, Moisesek Josueri esan zion: «Ez izan beldur. Jehobak lagunduko dizu». Geroxeago, Moises Nebo mendi gailurrera igo zen. Han, Jehobak Abraham, Isaak eta Jakobi promestutako lurraldea erakutsi zion. Azkenik, Moises 120 urterekin hil zen.

Jehobak Josueri esan zion: «Igaro ezazu Jordan ibaia eta joan zaitez Kanaanera. Moises lagundu nuen bezalaxe lagunduko zaitut zu ere. Irakurri ezazu nire Legea egunero. Ez ikaratu. Izan ausarta. Zoaz eta egizu agindu dizudana».

Josuek bi espioi bidali zituen Jeriko hirira. Han gertatutakoaz gehiago ikasiko dugu hurrengo kontakizunean. Itzuli zirenean, Kanaanera joateko une egokia zela esan zuten. Beraz, Josuek kanpalekua jasotzeko esan zion herriari hurrengo egunean. Ondoren, itun-kutxa zeramaten apaizak herriaren aurretik bidali zituen Jordan ibaira. Ibaia gainezka zetorren. Baina apaizen oinak ura ukitu bezain pronto, goitik zetozen urak gelditu eta ibaia lehortu zen! Apaizak ibaiaren erdiraino joan ziren eta, han zeuden bitartean, Israelgo nazio osoak igaro zuen ibaia. Ez al duzu uste mirari honek Jehobak Itsaso Gorrian egin zuena gogoraraziko ziela?

Azkenik, hainbeste urte pasa eta gero, israeldarrak promestutako lurraldean zeuden! Etxeak eta hiriak eraiki ahal izango zituzten. Soroak, mahastiak eta baratzeak lantzeko aukera ere izango zuten. Jateko eta edateko horrenbeste gauza on zegoen promestutako lurraldean, esne eta ezti ugari zuen lurraldea deitu zitzaiola.

«Jaunak gidatuko zaitu beti, basamorturik gorrienean ere asebeteko» (Isaias 58:11).