Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

33. PASARTEA

Rut eta Noemi

Rut eta Noemi

Behin, Israelen gosete bat gertatu zen eta Noemi izeneko israeldarra Moabera joan zen bizitzera senarra eta bi semeekin batera. Baina, han zeudela, Noemiren senarra hil egin zen. Bere semeak Rut eta Orpa izeneko emakume moabdarrekin ezkondu ziren. Tamalez, Noemiren semeak ere hil egin ziren.

Noemik Israelen gosetea amaitu zela entzun zuenean, etxera itzultzea erabaki zuen. Rut eta Orpa berarekin joan ziren, baina bidean zihoazela, Noemik esan zien: «Emazte onak izan zarete nire semeentzako eta errain bikainak niretzako. Beraz, zuek berriro ezkontzea nahi dut. Itzul zaitezte zuen etxeetara, Moabera». Emakumeek erantzun zioten: «Asko maite zaitugu! Ez zaitugu utzi nahi». Noemi, hala ere, joateko esan eta esan aritu zitzaien. Orpak, azkenik, etxera itzultzea erabaki zuen, baina Rut Noemirekin gelditu zen. Hortaz, Noemik esan zion: «Orpa bere herrira eta bere jainkoengana itzuli da. Itzuli berarekin eta joan zure amaren etxera». Baina Rutek erantzun zion: «Ez zaitut utziko. Zure herria nire herria izango da eta zure Jainkoa nire Jainkoa». Nola uste duzu sentituko zela Noemi hau entzutean?

Rut eta Noemi garagarra jasotzeko garaian iritsi ziren Israelera. Behin batean, Rut langileek jaso gabe uzten zituzten garagarburuak biltzera joan zen Booz izeneko gizonaren lurretara. Gizon hau Rahaben semea zen. Rut moabdarra zela jakin zuen, baita Noemirekin leial jokatuz bere ondoan gelditu zela ere. Horregatik, garagar gehiago apropos uzteko agindu zien bere langileei Rutek bildu zezan.

Arratsean, Noemik galdetu zion: «Noren lurretan ibili zara lanean?». Rutek erantzun: «Boozenetan». Noemik orduan: «Nire senarraren familiartekoa da. Segi han lanean beste emakumeekin. Salbu egongo zara bere lurretan».

Beraz, Rutek han jarraitu zuen lanean uzta garaia bukatu arte. Emakume bikaina eta langilea zela ikusi zuen Boozek. Garai hartan, gizon bat semerik gabe hiltzean, bere familiartekoren bat alargunarekin ezkontzen zen. Hortaz, Booz Rutekin ezkondu eta Obed izeneko semea izan zuten, Dabid erregearen aitona. Noemiren lagunek pozaren pozez esan zioten: «Lehenik, Jehobak Rut eman zizun, zurekin primeran jokatu duen erraina. Eta, orain, biloba duzu. Goratu dezagun Jehoba!».

«Badira [...] anaia baino lagun minagoak direnak» (Esaera Zaharrak 18:24).