Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

35. PASARTEA

Anak semea eskatu zion Jehobari

Anak semea eskatu zion Jehobari

Elkana izeneko israeldar batek bi emazte zituen, Ana eta Penina, baina Ana zuen maiteagoa. Penina denbora guztian Anari iseka egiten ibiltzen zen Anak haurrik ez zuelako eta berak, berriz, asko. Urtero, Elkanak bere familia Xiloko tabernakulura eramaten zuen Jehoba gurtzera. Behin, han zeuden bitartean, Ana oso triste zegoela ikusi zuen Elkanak. Orduan, esan zion: «Ez ezazu negarrik egin, Ana. Zurekin nago eta asko maite zaitut».

Geroago, Ana bakarrik joan zen otoitz egitera. Ezin izan zion negarrari eutsi Jehobari laguntzeko erregutzen zion bitartean. Hau promestu zion: «Jehoba, semea ematen badidazu, zeuri eskainiko dizut bizitza osoan zerbitzatu zaitzan».

Eli apaiz nagusiak Ana negar-zotinka ikusi zuenean, mozkortuta zegoela pentsatu zuen. Baina Anak esan zion: «Ez, ene jauna. Ez nago mozkortuta. Arazo larria dut eta Jehobarekin hortaz hitz egiten ari naiz». Elik, oker zegoela konturatuta, esan zion: «Jainkoak eman diezazula eskatzen diozuna». Beraz, Ana hobeto sentitu eta itzuli egin zen. Urtebete pasa baino lehen, semea izan zuen eta Samuel deitu zion. Imajina al dezakezu Anaren poztasuna?

Anak ez zuen ahaztu Jehobari egin zion promesa. Samueli bularra ematen utzi bezain laster, tabernakulura eraman zuen Jehoba zerbitzatzera. Eliri esan zion: «Haur hauxe eskatzen nuen otoitzean. Horregatik, Jehobari eskaintzen diot bizitza osorako». Elkana eta Anak urtero bisitatzen zuten Samuel eta besorik gabeko jantzia eramaten zioten. Jehobak beste hiru seme eta bi alaba eman zizkion Anari.

«Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue» (Mateo 7:7).